Hasiera: Garaio, Landa, Gasteiz Helmuga:

Txakurrari uretan ibiltzea gustatzen bazaio, nahitaez egin behar diozu bisita urtegiari. Hemen pista bat eskaintzen dizugu, Uribarri-Ganboako urtegiaz txakurrarekin goza dezazun.

 

Aisiaguneak

Bi aisiagune daude: Landako Parke Probintziala eta Garaio.

 

Lehena urtegiaren ipar-ekialdean dago, eta lorategi-eremu zabala dauka, merendero, mahai eta hondartza barruko taberna bat eta guzti. Garaio parkea, izen bereko herri abandonatuaren ondoan dago, eta 116 hektareako penintsula txiki bat osatzen du, urtegian barneratzen dena Zadorra ibaiaren bokalearen parean. Seinaleztatutako bideak eta behatokiak dauzka guneak, baita aparkaleku eta errepideen barne-sare bat ere, sarbide eroso bat ahalbidetzeko aproposa. Biak ere aukera egokiak dira Uribarri-Ganboako urtegian txakurrarekin egun lasai bat emateko.

 

Bandera urdina duten hondartzak

2019ko udaran, Arabak Euskadiko 5 bandera urdinetatik 3 dauzka.

- Garaio Iparraldea

- Garaio Hegoaldea

- Landa

 

Etxe-abereek edo animalia etxekotuek guztiz debekatuta dute uretan edo “bainu-eremuan” sartzea, bainu-eremu hori ur-laminak eta aldameneko legar-esparruak osatzen dutelarik. Parkeko gainerako guneetan, animaliak betiere uhalaz lotuta ibiliko dira. Parke probintzialaz kanpo dagoen urtegiaren zatian, baina, urteko edozein garaitan har dezakezue bainua txakurrarekin.

 

Ibilbide berdea

Uribarri-Ganboako urtegira txakurrarekin egindako bisita hori osatzeko, ordea, ibilaldi luze bat egin beharko duzue. Eta, hankak mugitzeko, urtegiaren inguruko 45 km-ko ibilbidea aukera ezin hobea da. Oinez nahiz bizikletan egiteko 2 ibilbide daude, bata 13 km-koa eta bestea 32 km-koa. Ibilbidea ur ertzetik dabil, tartean zurezko pasabideak, aisialdirako eta bainua hartzeko eremuak... Familia osoarentzako plan bikaina!

 

Gogoan izan ibilbide horretan debekatuta dagoela txakurrak lotu gabe ibiltzea, alde batetik basa-fauna kalte dezaketelako, eta bestetik gainerako erabiltzaileei traba eragin diezaieketelako.