Hasiera: Andoain Helmuga: Leitzaran

Plazaolako burdinolan (Berastegi) lortutako burdina garraiatzeko, txoko hori eta Andoain lotzen zituen trena eraiki zuen Leizaran konpainiak XX. mendearen hasieran. Tren batek Andoaineraino eramaten zuen burdina, eta, bertan, Iparraldeko trenbidera aldatzen zuten, ondoren Pasaiara garraiatzeko. 1914. urtean bidaiariak (baserritarrak, meatzariak eta ikazkinak, besteak beste) eramaten eta Gipuzkoako hiriburua eta Iruña lotzen hasi zen. 1953ko uholdeak eta beste garraiobideen lehia gogorra zirela medio, 1958. urtean trenbidea erabiltzeari utzi zioten.

Trenbide zaharra Leitzarango Haranean barrena eramango gaituen baso-pista da gaur egun. Beste era batera esanda, Plazaolako Bide Berdeak naturaz gozatzeko aukera bikaina eskainiko digu. Andoaingo RENFEko tren-geltokitik abiatuta helduko gara gure ibilbidearen hasierara. Lehendabiziko tunela zeharkatu eta 2 kilometrora Goiko-errota izeneko errotarekin egingo dugu topo. Horren ostean Auzokalte zubia gurutzatuko dugu Oteita tunelera iristeko. GI-3091 errepideak Andoainetik zuzenean eramaten gaitu Oteitaraino; beraz, toki hori ere oso egokia da ibilbideari hasiera emateko. Gune horretatik aurrera, ibilgailuen sarrera baimenduta dagoela kontuan hartu beharko dugu. Eskuinera begiratuz gero, Olaberri baserriaren hondarrak ikusi ahal izango ditugu; izen bereko burdinolaren aztarna bakarrak dira horiek.

Presaburu Andoaingo azken baserriaren ondotik igarotakoan, hiru zentral hidroelektriko aurkituko ditugu: Olaberri, Bertxin eta Leizaran. Horren ondoren, tunel bat zeharkatu eta aldapan behera jaitsiko gara Bertxingo zelaietara iristeko. Sorgin-bide edo Bertxingo "bixera" izeneko bidexka igaroko dugu. Tunel bat inguratu beharko dugu Inturia baserria eta presa eder bat ikusi ahal izateko.

Pare bat kilometro gehiago egindakoan Ollokira helduko gara. Besteak beste, meatzarien garaiko tren-geltokia, zentral hidroelektrikoa eta egur-orea egiteko lantegiaren hondarrak aurkituko ditugu bertan. 

Tunel gehiago zeharkatu beharko ditugu Ameraunera iristeko. Izen bereko burdinolaren hondarrak ikus ditzakegu, eta, akueduktu eder bat ere aurkituko dugu bidean. Bizpahiru tunel eta zubi atzean utzita Plazaolako zentral elektrikoarekin eta baserriarekin egingo dugu topo. Bizkotx meategi gunea eta Plazaolako tren-geltokia oso gertu daude.

Ez ezazu galdu ibilbide honetan