Hasiera: Bizkaia Zubia
Helmuga: Azkorriko hondartza
Getxoz txakurrarekin gozatzea proposatzen dizuegu, marinel-kutsu handiko ibilaldi bat eginez. Gizateriaren ondare izendatutako Bizkaia Zubia izango da gure abiapuntu. Zubi garraiatzaile horrek 1893az geroztik lotzen ditu Ibaizabalen bi aldeak. Eta bertatik abiatuta, itsasertzeko ibilaldi ederra dago Areetako kaian zehar. Euskal burgeseriaren eraikin handi eta ederrak alboan dituzuela iritsiko zarete Ereagako hondartzaraino. Bainuko denboraldiaz kanpo bazaudete, zure txakurrak lasterkaldi ederrak egiteko aukera izango du itsasertzetik.
Getxoko hondartzetan txakurrarekin sartzeko araudia. Ereagako hondartzan, zure txakurrarekin goza dezakezu denboralditik kanpo, arratsaldeko 18:00etatik goizeko 11:00etara. Txakurrak lotu gabe ibil daitezke, baina beren arduradunen kontrolpean betiere. Udalerriko beste bi hondartzetan ere bat datoz politika horrekin, hain zuzen ere, Areetako hondartzan eta Arrigunaga hondartzan. Portu Zaharrean hondartza txiki bat dago, eta txakurrek urte osoan dute bertara sartzeko aukera. Azkorri hondartzan, aldiz, txakurrei urte osoan debekatzen zaie sartzea, fauna eta floraren berezitasuna dela-eta babestutako gunea delako.
Txakurrarekin hondartzan tarte batez jolastu ondoren, aurrera jarraituko dugu gure bidean, eta, pixka bat aurrerago, beste garai bateko arrantzale-herri txiki batean bageunde bezala sentituko gara: Algortako Portu Zaharrean gaude. Algortarren eta inguruetako herrietako jendearen topagunea da eguraldi ona dagoenean, udan bereziki.
Gosetuta bazaudete, txibierroak edo arrain freskoa dituzue eskura inguruko dog-friendly jatetxeetan edo terrazetan, dela eremu honetan, dela Getxoko Algorta auzoan, eskailera eta kale estu harriztatuetan barrena bertaratu ondoren.
Oraindik indartsu, txakurrarekin Getxon aurrera jarraitu nahi duzuenok, Usategiko Behatokian barrena egin dezakezue aurrera, Arrigunagako hondartzaraino iristeko, eta handik, Galeako labarretan zehar Azkorriraino, Getxoko azken hondartzaraino, Aixerrota miretsi ondoren.
NOLA IRITSI GETXORA TXAKURRAREKIN GARRAIO PUBLIKOAN
Metro Bilbaok zenbait geltoki dauzka Getxon, baina 8 kilorainoko txakurrak onartze dituzte soilik. Getxora garraio publikoan txakur handiagoekin joan nahi baduzu, Renfe Aldirietako trena hartzea gomendatzen dizugu (txakur bat bidaiari bakoitzeko, tamaina-mugarik gabe baina muturrekoa jarrita), Portugaleten gelditzea eta Bizkaia Zubia zeharkatzea, dog friendly esperientzia aparta bizitzeko.
IBILALDI LABURRA: BIZKAIA ZUBIA – PORTU ZAHARRA
Denbora, gutxi gorabehera: ordubete. Bizkaia Zubitik Getxoko Portu Zaharrera (joaneko bidea soilik).
Plan ederra da itsasertzean ibilaldi lasaia egiteko, Bilbo Handia eta aparteko inguru hori ezagutzeko.
IBILALDI LUZEA: BIZKAIA ZUBIA – AZKORRI HONDARTZA
Denbora, gutxi gorabehera: 3 ordu (joaneko bidea soilik).
Plan ederra da itsasertzeko bideak pauso arinez egitea gustatzen zaienentzat. Ezinbestekoa da kirol-oinetakoak eramatea!