Hasiera: Funikularraren plaza
Helmuga: La Salve Zubia
Deskargatu etapa hau
Funikularraren plazatik abiatuko gara, Matiko auzoan, Bilboko Udaletik eta Zazpikaleetatik oso hurbil eta Zubizuritik urrats gutxi batzuetara.
Arriskutsuak ez diren txakurrek, Artxandako funikularreko azken bagoian egin dezakete bidaia, betiere lotuta eta muturrekoa jarrita badoaz.
Alpeetako trenetan espezializatutako enpresa suitzar batek hartu zuen bere gain kremailera-tren honen proiektua, eta 1915ean inauguratu zen. 15 minutuko maiztasuna du, eta 770 metro egiten ditu, gutxi gorabehera, 3 minutu eskasean. Esperientzia ederra haur eta helduentzat.
Behin goian zaudetela, hurbildu lehenbailehen begiratokira (orain dela gutxi birgaitu dute), Bilboko metropoliaren aparteko bista batez gozatzeko. Eguna argia bada, itsasoa ikusteko aukera ere izango duzue. Handik goitik hiriko gune esanguratsuenak lokalizatu ondoren, gure benetako erronkari helduko diogu, hau da, txakurrarekin Artxandan barrena paseatzeari.
20 minutuko ibilaldia egin ondoren, Artxandako Merenderoan barrena Pikotamendira iritsiko gara, Botxora begira dagoen mendi-hegalera: edertasun natural oparoko asiagunea da gaur egun, bidezidor-sare txiki batez, mahaiez, harrizko bankuez eta iturriez hornitua.
Bertan eser zaitezkete pixka batean, lasaitasunaz gozatzera, aire garbia arnastera, eta bistak eta beste familia eta bikote batzuen poza mirestera. Haiek ere, zuek bezala aire zabaleko planen zaleak izanik, paraje zoragarri honetara bisita egitea erabaki dute, hiriaren zalapartatik hain gertu, eta, aldi berean, hain urrun.
Erdigunera itzultzeko, legarrezko pista batean barrena egingo dugu behera, eta jarraian bidezidor bat hartuko dugu, Abaro errekaren ezkerrean. Azkenik, La Salve zubiraino daraman pistara iritsiko gara, eta, minutu gutxi batzuetan, igogailuan edo eskaileretatik, Campo Volantín pasealekuraino.
Zerbait errazagoa nahi baduzu, behatokiaren ondoko eremuetan barrena ibil zaitezke txakurrarekin, Artxandaz gozatzeko, eta itzultzeko, berriz, funikularra erabil dezakezu.
Artxandako behatokitik gertuko berdeguneetan, txakurrek uhalaz lotuta paseatu behar dute.
Denbora, gutxi gorabehera: 1,5 ordu funikularrean igo eta Pikotamenditik jaisten bagara, Campo Volantín pasealekuraino. Ordubete gutxi gorabehera, Funikularrean igo eta jaisten bagara, inguruneaz eta bistez presarik gabe gozatuz, argazki bat ateraz...