Esperientziak: Green Proiekt

Green Proiekt
- Helbidea: María Díaz de Haro 68, 2. solairua, 4. modulua - 10. bulegoa
- Herria: 48920 Portugalete (Bizkaia)
- Telefonoa: 635200385
- Posta elektronikoa: greenpro@greenproiekt.es
- Webgunea: http://greenproiekt.es
Galderen indizea:
- Zerk bultzatu zintuen zure enpresa sortzera?
- Zure ingurunearen laguntzarik izan zenuen?
- Zein izan ziren zure lehenengo zalantzak maila pertsonalean zein profesionalean?
- Zure bezeroen zein beharrizan betetzen duzu?
- Beharrezkoa da norberak aukeratzen duen sektorean lan-esperientziarik izatea negozio bat abiarazteko orduan?
- Eta berariazko prestakuntzarik behar da? Uste duzu etengabeko prestakuntza beharrezkoa dela edozein enpresatarako?
- Uste duzu zure negozioan berrikuntza eta sormena beharrezkoak direla?
- Zure ustez, zein da zeure buruaren nagusia izateko abantaila nagusia?
- Zein izan dira ekiteko orduan izan dituzun oztopo nagusiak?
- Uste duzu krisialdiak onak direla negozioak abiarazteko?
- Zer da arrakasta zuretzat?
- Zein aholku emango zenieke ekitea pentsatzen ari diren pertsonei?
- Porrot egingo bazenu, berriro ekingo zenuke?
Hasiera
1. Zerk bultzatu zintuen zure enpresa sortzera?
Publizitateko nahiz harreman publikoetako lizentziatura 2012an amaitu ondoren eta lan-merkatuak gazteen kontratazioaren inguruan agertzen zuen geldotasuna ikusita, gure prestakuntza osatu zuen ikastaro bat egin genuen. Egoerak hobera egiten ez zuela ikusita, gure publizitate agentzia propioa sortzeko ideia bururatu zitzaigun.
2. Zure ingurunearen laguntzarik izan zenuen?
Hasieran lagunak zein senideak nahiko harrituta geratu ziren gure erabakiarekin. Izan ere, gure adinarekin ekitea ez da ohikoena, baina, denborak aurrera egiten zuen eta gure inplikazioa ikusten zuten heinean, haien laguntza osoa izan dugu beti.
3. Zein izan ziren zure lehenengo zalantzak maila pertsonalean zein profesionalean?
Gazteak izanda eta esperientziarik ez izanda, beti zalantzak daude, ez baitakigu negozio baten arduraduna izateak dakartzan beharrizan guztiei erantzuteko gai izango garen, are gehiago zenbait lanetarako ohituta ez gaudela kontuan hartuta, adibidez, merkataritza-jarduerak edo zerga-betekizunak. Dena den, denborak aurrera egin ahala, ahalegina eta arduraldia izanda gai horiek guztiak ikasteko eta edozein lan gauzatzeko gai zarela konturatzen zara.
Enpresa
4. Zure bezeroen zein beharrizan betetzen duzu?
Edozein publizitate agentziak negozio bati eskain diezazkiokeen beharrizanak betetzen ditugu, baina modu ekologiko batean eta tratu esklusiboa eta pertsonalizatua eskainita. Modu ekologikoan gauzatutako diseinu grafikoko mota guztietako zerbitzuak eskaintzen ditugu, tinta naturalekin eta prozesatze kimikorik gabe paper birziklatuetan inprimatuz. Halaber, web diseinuko eta online posizionamenduko zerbitzuak eskaintzen ditugu. Amaitzeko, gerrilla marketineko zerbitzu berri bat daukagu, ingurumenarekin modu iraunkorrean egiten dena (Green Street Marketing).
5. Beharrezkoa da norberak aukeratzen duen sektorean lan-esperientziarik izatea negozio bat abiarazteko orduan?
Alde batetik bai eta beste aldetik ez. Uste dugu zure sektorea ondo ezagutu behar duzula, baina ez duzu zertan horretan lan egin aurretik. Lana, ilusioa eta gogoa dituen edozein negozio aurrera egiteko gai da.
6. Eta berariazko prestakuntzarik behar da? Uste duzu etengabeko prestakuntza beharrezkoa dela edozein enpresatarako?
Bai berariazko prestakuntza bai etengabeko prestakuntza beharrezkoak dira. Berariazko prestakuntzak ondo hasteko balio du eta etengabeko prestakuntzak, berriz, zaharkituta ez geratzeko.
7. Uste duzu zure negozioan berrikuntza eta sormena beharrezkoak direla?
Bai. Gure kasuan bai berrikuntza bai sormena ezinbestekoak dira, etengabe bilakatzen den arlo baten barnean baikaude.
Abantailak eta desabantailak
8. Zure ustez, zein da zeure buruaren nagusia izateko abantaila nagusia?
Gauzak gure estilora egin ahal izateko askatasuna, eta proiektu propio bat aurrera atera ahal izateak ematen duen gogobetetasun pertsonala.
9. Zein izan dira ekiteko orduan izan dituzun oztopo nagusiak?
Egia esan, ez dugu oztoporik aurkitu gure bidean, nahiko tematiak baikara eta ideiak oso argi baititugu. Beharbada arazo garrantzitsua honako hau izan da: enpresa berri bat sortzeko orduan dauden lege oztopoak eta esku artean ditugun baliabide ekonomiko urriak.
Ondorioak
10. Uste duzu krisialdiak onak direla negozioak abiarazteko?
Bai. Izan ere, garai hauetan merkatuak lehen egingarriak ez ziren aukera batzuk onartzen ditu, nahiz eta horrek esan nahi duen zailagoa dela bezeroak lortzea. Bideragarritasun analisi baten barnean, zure proiektuan erabat sinesten baduzu, edozein garai da ona, beti daudelako aukerak: merkatua etengabe mugitzen da.
11. Zer da arrakasta zuretzat?
Guretzat arrakasta gure proiektua aurrera eraman ahal izatea izango litzateke. Aldi berean, lan bat egiten dugunean, bai guk bai bezeroak gogobeteta geratu behar dugu.
12. Zein aholku emango zenieke ekitea pentsatzen ari diren pertsonei?
Lehenik eta behin, ez dugu ekitearen beldur izan behar. Ondoren, Bizkaitik sakabanatuta dauden zentroei buruzko informazioa jasotzea aholkatzen dugu, horiek proiektua abiarazten laguntzen baitute. Eta, amaitzeko, ideia behar bezala baloratzea eta aurretik lehiakideei, balizko bezeroei, hasierako inbertsioari eta abarri buruzko azterlan zehatza egitea gomendatzen dugu.
13. Porrot egingo bazenu, berriro ekingo zenuke?
Bai, jakina. Beti daude aurrera eraman daitezkeen negozio-ideia berriak. Gainera, beti esan da, arrakasta lortu baino lehen, porrot egin behar dela.