Hasiera: Campuzano plaza
Helmuga: Zazpikaleak
Bilbon txikiteoan aritzeko lekurik ezagunenak, xarma handiena duten horiek, ikusiko ditugu ibilbide honetan. Hiri bizi, plural eta abegitsuak bisitaria liluratuko du, seguru asko. Abia gaitezen, bada, Bilboko erdigunetik; Campuzano plazan, Garcia Rivero kalean eta Estraunza karrikako inguruetan poteak hartzeko ohitura oso errotuta dago. Handik oso hurbil, Poza Lizentziatuaren kaleak Areiltza Doktorearen zumarkalearekin bat egiten duen lekuan, jende gaztea biltzen da parrandarako gogoz. Diputazio kalean (Kale Nagusiaren erdian) eta Zabalguneko merkataritzagune berrian bestelako giroa dago.
Oinezkoentzako gune hauetako tabernetan, kalitate handiko pintxo berritzaileak topa ditzakegu. Izan ere, txikiteoan aritzea eta pintxoak jatea oso lotuta dauden bi ohitura dira. Euskal sukaldaritzaren benetako altxorra dira pintxoak; taberna askotako barretan, harro erakusten dituzte pintxo bikainak, etxeko espezialitateak eta sormen-lanak tartean, eta tentaldian erortzea oso erraza izaten da. Albia lorategiaren inguruan, Ledesma eta Arbieto kaleak ere oinezkoentzat prestatuta daude, eta hemen iluntzeetan biltzeko ohitura du jendeak. Handik gertu, Iparragirre kalea eta Ajuriagerra, haren zeharkakoa, ohiko biltoki dira honezkero bilbotarren artean, batik bat, "Guggenheim efektua"ri esker. Ibilbidea Zazpikaleetan amaituko dugu.
Tabernaz taberna txikiteoan aritzeko ohitura aspaldikoa da hiriko alde zaharrean. Bertan, Plaza Barriko giro ezin hobea nabarmentzen da; 64 arkuz osatutako arkupe dotoreak inguratzen du enparantza eta han dauden tabernetako terrazak jendez lepo betetzen dira, bereziki asteburuetan. Handik hurbil, Txakur kalearen inguru Andra Marian ere, pintxo taberna asko aurkituko ditugu. Horietako batzuk, gainera, Michelin ostalaritza lokalen gida ospetsuan ageri dira.