Dispatching Laguntzaile Teknikoa.
Bizkaia
Eginkizuna
Kontrol Zentraleko Postutik zerbitzu iraunkorreko hornidura eta saneamendu prozesua kontrolatzea, eta horretarako beharrezko eragiketak egitea sistemetan, bere esleipenen gorabeherak konponduz eta gainerakoak beste sailetara bideratuz. Hori guztia ezarritako prozedurekin eta hierarkia maila goragokoa duten nagusien jarraibideekin bat eginez, beren kargura dauden instalakuntzen funtzionamendua zuzena izan dadin eta eskuragarri dauden baliabideak optimizatu daitezen.
Funtzio nagusiak
1. Denbora errealean kontrol zentrotik monitorizatutako hornidura edo saneamendu sareko urrutiko instalakuntzak berrikustea eta kudeatzea, egiaztatuz parametro nagusien garapena eta horietan jardunez, sistemaren funtzionamendua zuzena eta orekatua izan dadin.
2. Sarearen jokaera arautzen duten parametroetan kontrol eta eragiketa aginduak ezartzea, funtzionamendua etengabe hobetzen joateko.
3. Sistemako alarmak identifikatzea eta kudeatzea eta kontrol postutik konpontzea.
4. Gorabeherak erregistratzea eta kudeatzea, ezarritako prozedurekin bat eginez.
5. Kategoria profesionalarekin bat datozen kabineteko lanak egitea, datuak erabiltzearekin eta eraldatzearekin eta hala dagokionean datuak hedatzearekin zerikusia dutenak.
6. Lanpostuko langile berriei prestakuntza ematea.
7. Esleitzen zaizkion gainerako lanak, bere talde profesionalari dagozkionak.
Beharrezko titulazioa: Goi mailako teknikaria (Bigarren mailako Lanbide Heziketa):
a) Elektrizitatea eta elektronika edo
b) Fabrikazio mekanikoa, espezialitate hauetan: Eraikuntza metalikoak; mekanizatu bidezko produkziokoak edo
c) Ekoizpenerako mantentzea eta zerbitzuak, espezialitate hauetan: Fluxu instalakuntzen, instalakuntza termikoen eta mantenu instalakuntzen proiektuen garapena; ekipamendu industriala mantentzea; eraikuntzetako instalakuntzen muntatzea eta prozesua edo
d) Ibilgailu autopropultsatuen mantentzea automobilgintza espezialitatean edo
e) Ingurumen kimika espezialitateko kimikoa edo
f) Informatika.
1. hizkuntza eskakizunarekin (ez derrigorrezkoa)
a) Europar Batasuneko edozein estatu kidetako nazionalitatea izatea edo, bestela, Europar Batasunak sinatutako eta Estatu Espainolak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan etorri askea aplikatzekoa zaion estatu bateko nazionalitatea izatea.
Era berean, Europar Batasuneko estatu kideetako nazionalen ezkontideek ere parte hartu ahal izango dute, betiere zuzenbidez banatuta ez badaude. Horrez gain, euren ondorengoek eta euren ezkontideen ondorengoek ere parte hartu ahal izango dute, betiere ezkontideak zuzenbidez banatuta ez badaude, ondorengoak hogeita bat (21) urtetik beherakoak badira edo ondorengoak beren lepotik bizi eta 21 urtetik gorakoak badira.
Halaber, aurreko paragrafoetan aipatu ez diren atzerritarrek ere parte hartu ahal izango dute, betiere legezko egoitza Espainiako Estatuan baldin badute.
b) Deitutako plazari esleitutako zereginak betetzeko gaitasun funtzionala izatea. Gaitasun hori bere garaian egiaztatu beharko da agiri bidez, lan kontratua sinatu aurretik epaimahaiak onartutako izangaiei zenbait proba eta osasun azterketa egin ondoren. Osasun azterketa hori Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak adierazitako zerbitzuetan egingo da.
Hautaketa prozesuak dirauen bitartean, epaimahaiari beharrezkoa iruditzen bazaio, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari eskatu ahal izango dio elbarrientzako txandan lehiatzen diren izangaiei probak eta osasun azterketak egiteko. Horrela, bada, deialdiko lanpostuetan egin ohi diren jarduerak betetzeko gai diren egiaztatu ahal izango da, hautaketa prozesua amaitu arte itxaron beharrean.
c) 16 urte izan beharko dituzte eta ezin izango dute erretiratzeko arauzko adin arrunta eduki (65 urte). Txanda itxiko (txandaka) plazetarako deialdietan, beharrezkoa izango da 18 urte beteta izatea, Langileen Estatutuaren 6.2. artikuluarekin bat etorriz.
d) Kasuan kasuko plazarako eskatutako titulazioa edukitzea edo titulua jasotzeko eskubideak ordainduta izatea. Atzerriko titulazioen kasuan, homologazioa ziurtatzen duen agiria eduki beharko da.
Goi mailako unibertsitate titulazioa betekizun gisa dauzkaten deialdien kasuan (lizentziatura, arkitektura edo ingeniaritza), gradu titulazioa izateak, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 9. eta 10. artikuluetan araututako unibertsitate masterrarekin, kasu bakoitzean kasuan kasuko plazarako legedi aplikagarriak ezarritako titulazioarekin baliokidetasuna izango du. Erdi mailako unibertsitate titulazioa betekizun gisa dauzkaten deialdien kasuan (unibertsitate diplomatura, arkitektura teknikoa edo ingeniaritza teknikoa), urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 9. artikuluetan araututako gradu titulua izateak kasu bakoitzean kasuan kasuko plazarako legedi aplikagarriak ezarritako titulazioarekin baliokidetasuna izango du. Hartara, Goi mailako Hezkuntzarako Kualifikazioen Espainiako Esparru (GMHKEE) eta Kualifikazioen Europako Esparru (KEE) barruan ezarritako baliokidetasun mailak erabiliko dira.
e) Diziplina espediente bidez inolako Administrazio Publikoren zerbitzuetatik edo Autonomia Erkidegoetako organo konstituzional edo estatutarioetatik baztertuta ez egotea, ezta ebazpen judizial bidez lan edo kargu publikoetarako desgaikuntza absolutua edo berezia izatea ere, antzeko zereginak betetzeko aldendu edo desgaitu egin badute.
Atzerritarra izanez gero, desgaituta edo antzeko egoeran ez egotea, eta bere Estatuan lan publikoa antzeko egoeran lortzea eragotziko liokeen diziplina zigorra edo parekoa ez izatea.
f) Ezin izango dira ezintasunagatiko edo bateraezintasunagatiko legezko auziren baten menpe egon, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunei buruzko indarreko arautegian ezarritakoa kontuan hartuta. Hala ere, ez du inolako eraginik izango arautegiak berak aukeratzeko emandako eskubidean.
g) Kasuan kasuko eranskinetan hautaketa prozesu bakoitzerako zehaztutako gainerako beste betekizun guztiak bete beharko dituzte.
h) Minusbaliotasuna duten pertsonei gordetako plazetara aurkezten direnek izaera hori onarturik izan beharko dute, betiere %33koa edo hortik gorakoa izango den ezgaitasun mailarekin; izaera hori Administrazioaren organo eskudunak onartu beharko du (foru aldundien organo eskuduna, Imserso, edo baliokidea).
3.2. Deialdian parte hartu nahi dutenek aurreko baldintza guztiak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean bertan. Era berean, hautaketa prozesuak dirauen bitartean eta kontratatuak izan arte, baldintza horiei guztiei eutsi beharko diete.
Onartuak izateko eta hautaketa prozesuan parte hartzeko, izangaiek eskaeran beharrezko betekizun guztiak betetzen dituztela adierazi besterik ez dute. Nolanahi ere, prozedurako fase zehatz batean horiek guztiak egiaztatzeko eskatuko zaie.
3.3. Hautaketa prozesuan parte hartzea borondatezkoa izango da, eta esan nahiko du izangaiek agindu dakizkiekeen froga psikoteknikoak edota identitatea egiaztatzekoak egiteko prest daudela, eta froga horien emaitzak ere baloraziorako faktore gisa baliatzeari onirizten diotela, oinarri arau hauetan aurreikusitako guztiaren arabera.
3.4. Oinarri hauetan jasotako hautaketa prozesura aurkezteak esan nahi du izangaiek baimena ematen dutela eskabidean ageri diren datu pertsonalak erabiltzeko (izen-abizenak, NAN eta prestakuntza maila), aldizkari ofizialetan, iragarki tauletan, webgunean eta, oro har, hautaketa prozesuaren emaitza partzialak edo behin betikoak jakinarazteko erabiltzen den edozein bideren bitartez argitaratzeko. Halaber, izangaiek datuak erabiltzeko baimena ematen dute, HAEEk edo erakunde eskudunak euskararen hizkuntza eskakizuna edo beste hizkuntzaren baten ezagutza maila egiaztatu dezan, eta, oro har, hautaketa prozesuari dagozkion ariketak epaimahaiak, erakundeak edo enpresak agintzen dionak moduan prestatu eta burutzeko direla baieztatzeko.
Hautaketa prozesuak publizitate printzipioan araututa daude. Ondorioz, izangaiaren eskabiderik ez da onartuko baldin eta ez badu bere datuak lagatzea onesten aurreko paragrafoan adierazitako edukiaz eta helburuetarako.
Izangaiek adierazi beharko dute euren datuak (izen-abizenak, NAN, helbidea, telefonoa eta prestakuntza maila) sektore publikoko beste erakunde batzuei lagatzeko eragozpenen bat duten. Lagapen horren helburu bakarra da erakunde horiek lan eskaintzak legez ezarritako moduan egitea. Datuak lagatzea ez dutela nahi berariaz adierazi ezean, izangaiek horretarako baimena ematen dutela ulertuko da.
Izangaiek emandako datuak datu pertsonalak gordetzeko fitxategi batean sartuko dira, eta horren helburua izango da pertsonal finkoa eta aldi baterako pertsonala kudeatzea.
Fitxategiaren arduraduna da Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa; eta interesdunak datuak ikusi, zuzendu eta ezabatu ahalko ditu, baita datuen tratamendua mugatu edo horri uko egin ere. Gainera, interesdunak baliatu ahalko du datuon eramangarritasun-eskubidea.
Horretarako, idazki bat bidali beharko du helbide honetara: Done Bikendi kalea, 8, Albia I eraikina, 48001-Bilbo.
3.5. Izangaiek deialdi zehatz bakoitzeko txanda bakarrean parte hartu ahalko dute, txanda askean edo minusbaliotasuna duten pertsonen txandan, eta halaxe adieraziko dute eskaeran, betiere 1.2. oinarriaren bigarren paragrafoan ezarritakoari kalterik egin gabe.
Nahi den aukera berariaz agertu ezean edo deialdi bererako baliozkotasunez egindako aukera bat baino gehiago egonez gero edo izangaiak txanda murritzerako baldintzak bete ezean, eskaera txanda askerako aurkeztu dela ulertu beharko da ofizioz.
Ezgaitasun intelektuala egiaztatzen duten pertsonek betetzeko moduko plazak jasotzen dituzten deialdi zehatzetan, plaza lortzeko beharrezkoa izango da txanda horretako izangaiek inguruabar hori zehaztea.
4.2. Eskaeraren baldintzak:
a) Eskaera telematikoak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira; eredu hori www.consorciodeaguas.eus webgunearen bidez eskuratu ahalko da.
Eskaerok helbide elektroniko horretan ezarritako prozedura elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira.
Eskabidearekin batera eskaneatutako Nortasun Agiri Nazionala (NAN) edo baliokidea (atzerritarra izanez gero) aurkeztu beharko da.
Alegatutako baldintzak eta merituak betetzen direla adierazteko, zerrenda eta identifikazio bat egin beharko dira hautaketa prozesuan parte hartzeko eskatzen den eskaera orrian. Gauzak horrela, eskaerarekin batera ez da aurkeztu behar baldintza eta meritu horien egiaztagiririk; izan ere, partaidetza baldintzak nahiz alegatutako merituak egiaztatu beharko dira horretarako eskatuak izan diren unean, betiere oinarrietan ezarritakoaren arabera.
Halaber, hala nahi dutenentzat, Partzuergoak erregistro bulego osagarria prestatuko du, Albia II eraikinean kokatuko dena; bertan, hala nahiago duten pertsonen esku jarriko dira ordenagailuak eta eskaera betetzeko beharrezko bestelako baliabide teknikoak, eta interesdunei aholkuak eta laguntza emango zaie eskaera zuzen eta egoki bete dezaten.
b) Aukera gisa, eskaera paperean aurkeztu nahi duten izangaiei zuzenduta, oinarri hauei eskaera eredu bat erantsi zaie; eredu hori oinarri hauetan ezarritakoaren arabera bete eta 4.3. atalean adierazitako tokietan aurkeztu beharko da.
c) Eskaeraren atal guztiak bete beharko dira. Eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute, eskariak aurkezteko epearen amaiera eguna kontuan hartuta beti.
Horretarako, eskabidearen dagokion atalean, izangaiek hauxe adierazi beharko dute:
— Eskatutako datu pertsonalak.
— Zein deialditan parte hartu nahi duen.
— Zein txandatan parte hartu nahi duen: txanda askean (a) edo minusbaliotasunen bat duten pertsonentzako txandan (b), betiere deialdian ezarritakoari jarraiki. Izangaiek txanda bakarrean parte hartu ahalko dute deialdi bakoitzeko,
1.2. oinarritan ezarritakoari kalterik egin gabe.
— Elbarritasunak dituzten pertsonek adierazi egin beharko dute hori eskabidean, baita proba egiteko beraien ustez zein egokitzapen tekniko behar dituzten ere.
— Ariketak zein hizkuntza ofizialetan egin nahi dituzten, euskaraz edo gaztelaniaz.
Edonola ere, gaitasun psikologikoak ebaluatzeko probak jatorrian diseinatu diren hizkuntzan egingo dira.
— Parte hartzeko betekizun gisa zein titulazio aurkezten duten.
— Euskarazko hizkuntza eskakizun ziurtatua.
— Lehiaketa faserako alegatu diren merituak: 11. oinarrian aurreikusitakoaren arabera zehaztu beharko dira. Meritu horiek geroago egiaztatu beharko dira,
11. oinarrian ezarritako forman eta epean. Parte hartzeko eskabidean alegatutako merituak baino ez dira baloratuko.
4.3. Aurkezteko tokia: Eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira www.consorciodeaguas.eus webgunearen bidez.
Aukera gisa, paperezko formatua erabiliz gero, eskabideak modu presentzialean aurkeztu ahalko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluak ezarritakoari jarraikiz, helbide honetan: Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Done Bikendi kalea 8, Albia II, beheko solairua, 48001-Bilbao.
II -A)
Ezagutza orokorren gai zerrenda
1. gaia: Hornidura prozesua. Tratamenduaren ohiko prozesua definitzea. Instalazioaren elementuak eta beren zeregina deskribatzea. Alderdi teknikoen definizio orokorra. Eragiketa nagusiak.
2. gaia: Saneamenduaren prozesua. Tratamenduaren ohiko prozesua definitzea. Instalazioaren elementuak eta beren zeregina deskribatzea. Alderdi teknikoen definizio orokorra. Eragiketa nagusiak.
3. gaia: Laneko arriskuen prebentzioa: 31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Lan arriskuen prebentzioari buruzkoa, eta 39/97 ED Prebentzio Zerbitzuen Araudia.
4. gaia: 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen erabileraren normalizazioari buruzko oinarrizkoa.
5. gaia: 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi duena: Enplegatu publikoen eskubideak eta betebeharrak. Jokabide kodea. Diziplina araubidea.
6. gaia: Generoaren arloko politikak: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirakoa. Eusko Legebiltzarraren 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerakoa.
7. gaia: Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa (I): Eratzea eta osatzen duten erakundeak. Partzuergoaren helburuak eta eskumenak. Nortasun eta gaitasun juridikoa. Tarifak. Administrazio ahalmenak.
8. gaia: Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa (II): Partzuergoaren zuzendaritza-organoak eta eskudantziak. Funtzionamendua. Araubide ekonomikoa.
9. gaia: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena.
10. gaia: Ingurumen Kudeaketako Sistema: Kontzeptuak. Ingurumen Kudeaketako Sistemaren betekizun nabarmenak. Ingurumen Kudeaketako Sistema mantentzea. Ziurtagiriak.
11. gaia: Kalitatearen kudeaketa sistemak: Kontzeptuak. Ohiko dokumentazioa kalitatea kudeatzeko sistemetan. Kalitatearen Kudeaketa Sistema mantentzea. Ziurtagiriak.
12. gaia: Ofimatika: Word, Excel eta Access.
B) Ezagutza berezien gai zerrenda
1. atala.—Plubiometria, hidrologia eta baliabide hidrikoak
1. gaia: Euri urak. Aldagai hidrologikoak: ezaugarriak eta irudikapena. Ekaitz hidrogramak aztertzea: kontzentrazio denbora, itzultzeko aldia. Metodo arrazionala.
2. gaia: Baliabide hidrikoak. Gainazaleko eta lur azpiko urak biltzea. Urtegiak biltzea. Azaleko uren ezaugarriak. Ibaiak eta errekastoak biltzea: biltzeko obra motak. Lur azpiko urak: prospekzioak eta zundaketak. Urtegiak: ur emariak arautzea eta urtegi baten bermea.
2. atala.— Hidraulika
3. gaia: Hodiak, xafla libreetan eta presioan. Definizioa. Fluxu araubideak. Karga galerak eta garraiatzeko edukiera. Presiozko hodien ezaugarriak. Karga galerak: Printzipioak, formulak eta kalkuluak.
4. gaia: Fluxuen estatika eta dinamika. Bernuilliren teorema: printzipioak, formulak eta kalkuluak. Guztizko energia lerroak eta piezametrikoak marruskadura duten sistema hidraulikoetan: karga galeraren interpretazioa.
3. Atala.— Instalazio hidraulikoak
5. gaia: Gainezkabideak. Kontzeptua. Eginkizunak. Motak. Instalazioaren elementuak. Gainezkabidearen diseinua. Eragiketa metodoa.
6. gaia: Ponpaketak. Kontzeptua. Eginkizunak. Motak. Instalazioaren elementuak. Ponpaketa baten diseinua. Eragiketa metodoa horniduran eta saneamenduan.
7. gaia: Ekaitz tangak. Kontzeptua. Eginkizunak. Motak. Instalazioaren elementuak. Tanga baten diseinua. Eragiketa metodoa.
8. gaia: Sifoiak. Kontzeptua. Eginkizunak. Motak. Instalazioaren elementuak. Gainezkabidearen diseinua. Eragiketa metodoa.
9. gaia: Urtegiak. Kontzeptua. Segurtasun kontzeptuak. Urtegi motak. Presa txikiak. Gainezkabideak.
10. gaia: Zentral hidroelektrikoak. Kontzeptua. Eginkizunak. Motak. Instalazioaren elementuak.
11. gaia: Erregulatze eta banaketa biltegiak. Biltegien helburua. Kokalekua. Motak eta sailkapena. Erregulatze, kontrol eta segurtasuneko gailuak eta ekipamenduak.
12. gaia: Edateko Uren Tratamendutegiak (EUT). EUT baten helburua. EUT baten sarreran eta irteeran kalitatea kontrolatzeko parametro nagusiak. Gizakiek kontsumitzeko uraren ezaugarri nagusiak.
4. atala.— Sistema hidraulikoen kontrola eta maniobrak
13. gaia: Saneamendu sistema baten kontrol funtzioak. Hondakin Uren Araztegi bat (HUA) kontrolatzeko oinarrizko funtzioak, biak ere txikiak. Kolektore sare baten funtzionamendua. Funtzionamendu estrategiak.
14. gaia: Balbulak eta mekanismoak. Mozketa balbulak. Ur emaria erregulatzeko balbulak. Presioa murrizteko balbulak: motak. Gainpresiozko balbulak. Gainabiadurazko balbulak. Mailaketa balbulak. Flotagailu balbulak.
15. gaia: Instrumentazioa. Mailaketa neurriak: motak, ezaugarriak, abantailak eta desabantailak, erabilpena. Elementu mekanikoen kokapen kontrola. Manometroak. Presostatoak. Eragingailuak.
16. gaia: Emariaren neurketa. Kontadoreak eta emari neurgailuak xafla librean eta presioan. Neurri zuzena eta zeharkakoa. Definizioa, ezaugarriak eta erabilpena. Bakoitzaren abantailak eta desabantailak.
5. atala.— Kontrol zentroak eta sistemak eta komunikazioak
17. gaia: Lanak kudeatzea kontroleko zentro batean. Kontrola, tokikoa eta urrutikoa. Langile baten zereginak. Alarmak ezagutzea. Matxurak diagnostikatzea. Ustiapen eta mantentze langileak kudeatzea. Gorabeherak kudeatzea eta ustiapen protokoloak.
18. gaia: Kontrol zentroko komunikazioak. Kontrol Zentraleko Postuaren (KZP) eta estazio periferikoen arteko komunikazio sareak: motak, komunikazio protokoloak, ezaugarriak. Matxurak kudeatzea.
19. gaia: Kontrol sistemak eta datuak denbora errealean eskuratzeko sistemak (Scada). Xedea eta zereginak. Elementuak. Wonderware plataforma: arkitektura, ezaugarriak, alarmak eta ekimenak kudeatzea, datuak kudeatzea, aldagaiak kontrolatzea, bistaratzea. Kontsultak eta informeak. Videowall.
6. atala.— Automatismo industrialak
20. gaia: Automata programagarri industrialak. Oinarrizko kontzeptuak. Programazioa. Osaera. Sareen konfigurazioa. Seinale motak.
21. gaia: Indar, kontrol eta argiteria koadroak. Erabilpena eta babesa. Elementuak eta osagaiak. Eginkizunak. Berrarmatzea. Motorrak kontrolatzeko koadroa (CCM) erabiltzea.
7. atala.— Informatika
22. gaia: Ofimatika. Word: Kontzeptu orokorrak, edizioa, formatua, testu blokeekin lana, txantiloiak, agirien fusioa, etab. Excel: Kontzeptu orokorrak, gelaxkak, barrutiak, funtzioak, taulak, grafikoak. Access: Kontzeptu orokorrak, edizioa, diseinua eta taulak sortzea, kontsulta indexazioa antolatzea, galdetegiak eta txostenak. Power point: Kontzeptu orokorrak, edizioa, formatua, testu blokeekin lana, txantiloiak, etab.
8. atala.— Arriskuen prebentzioa
23. gaia: Datuak ikusteko pantailak. Ebaluazioa eta datuak ikusteko pantailak dituzten ekipamenduei lotutako arriskuak prebenitzea.
24. gaia: Konfinatutako espazioei buruzko araudia. Definizioak. Kategoriak. EC-en dauden arriskuak. Konfinatutako espazioetan dauden lanetarako sarrera baimena. Lan segururako jarraibideak. Babes ekipamenduak.
9. atala.— Bestelako ezagutzak
25. gaia: Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren saneamendu eta arazketa zerbitzuaren ordenantza arautzailea. II., III. eta VI. kapituluak. Saneamendu autonomoa erabiltzea.
26. gaia: Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren hornidura zerbitzuaren ordenantza arautzailea. II. eta III. kapituluak.
27. gaia: Jabari publiko hidraulikoaren araubidea. Euria dagoenean saneamendu sistemek gainezka egitea. Gainezka egiten duten lekuen inbentarioa. Gainezka egiteak kontrolatzeko neurriak. Jariatze urak kudeatzeko instalakuntzak diseinatzeko arau teknikoak.
28. gaia: Bainatzeko uren zuzentaraua. Helburua eta aplikazio eremua. Bainatzeko uraren kalitatea egiaztatzea. Bainatzeko urak sailkatzea. Bainatzeko uren profilak. Jendeari informazioa ematea kudeatzea.
29. gaia: Otsailaren 7ko 140/2003 Errege Dekretua, gizakiek kontsumitzeko uraren kalitateari buruzkoa. Erantzukizunak. Gizakiek kontsumitzeko uraren kalitateari buruzko irizpideak. Giza kontsumorako uraren kalitatearen gaineko kontrola.
30. gaia: Urei buruzko legea. Jabari publiko hidraulikoa. Ur emakidak. Erabiltzaileen erkidegoak. Plangintza hidrologikoa. Interes orokorreko obra hidraulikoak.