Elena Pérez Barredo Lan eta GS sailburuordeari elkarrizketa

'Zure funtzioa argi badaukazu, ustekabeko mehatxuen aurrean ere baliabideak antolatzen jakingo duzu arriskuak saihesteko'

Elena Pérez Barredo oraintsu heldu da Osalaneko Kontseilu Nagusiko lehendakaritzara, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuorde gisa eta Jon Azkue Manterolaren ordez.

Bilbon jaioa eta Zuzenbidean eta Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna (EHU), Elena Pérez Kudeaketa Prozesal eta Administratiboaren Kidegoko funtzionarioa da. Gainera, Juan Carlos Erregea Unibertsitateko Genero eta Berdintasun Politiketako masterra da, eta EHUko Finantzetako unibertsitate-espezialista.

Justizia Saileko arduraduna izan da Langile Komisioetan, eta erantzukizun politikoko hainbat lanpostu bete ditu Erandion, zinegotzi eta alkateorde gisa, bai eta Eusko Jaurlaritzan ere, non Administrazio Publikoko sailburuordea, Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendaria eta Funtzio Publikoko zuzendaria izan den.

Kontseiluko lehendakaria izendatu izana une kritikoan gertatu da, bai osasunaren ikuspuntutik, bai pandemiak euskal enpresa-sarean dituen ondorioei dagokienez ere. Nola egingo diozu aurre erantzukizun berri horri?

Lehen ere beste erantzukizun batzuei aurre egin diedan moduan, lanarekin, lanarekin eta lan gehiagorekin. Baina lan egiteko oinarri on batekin, Lourdes Iscarrek eraginkortasunez zuzentzen duenarekin, hain zuzen ere. Eta egin nahi dugunari eta, batez ere, norekin egin nahi dugunari buruzko ideia argi batekin. Prest nator Osalaneko langileei entzuteko, haiek baitira prebentzioaren arloan gehien dakitenak, bai eta Kontseiluan dauden gizarte-erakundeei entzuteko ere. Laneko arriskuen prebentzioak guztion kontua izan behar duelako. Eta denek lan egin behar dute lan istripuen eta lanbide gaixotasunen gaitz honi aurre egiteko.

Zeintzuk dira zure helburu nagusiak erantzunkizun berri honetan?

Jon Azkuek nire aurrekoak esan bezala, lanetik nekatuago, baina joan zinen bezala itzuli behar zara. Eta hori izango litzateke nire helburu nagusia: pertsona guztiak lanetik osasuntsu eta ondo itzultzea.

Horregatik, langile guztiei, autonomoak barne, prebentzioaren kultura helerazi nahi diegu. Beharrezkoa da jakitea LAPak zertarako balio duen, ekartzen dituen onurak ikusteko. Langileen osasuna hobetzea guztion betebeharra eta eskubidea da, eta hori lan-baldintza seguruekin eta osasungarriekin lortzen da.

Osalanen eginkizuna beti izan da osasuna lan-ingurunean babestea, eta, orain, laneko ingurunea, kanpoko osasun meatxu batetik babestu behar da. Eszenatokia erabat aldatu da. Nola erreakzionatu da arriskuen eraldaketa horren aurrean?

Ez da zuzena esatea eszenatokia aldatu dela. Guztiz kontrakoa. Eta Osalanek pandemia honetan egindakoa argi uzten du hori: zure funtzioa argi badaukazu, ustekabeko mehatxuen aurrean ere beharrezko baliabideak antolatzen jakingo duzu arriskuak saihesteko. Hori da protokolo eta gida guztiekin egin dena. Gauza bera bilatzaileen programarekin non Osalaneko langileen heren batek dedikazio osoz lan egin duen, eta berdin Zainketa Epidemiologikoko Planarekin. Plan hori ezarri dugu nahiz eta batzuek joan den udazkenean txarrena pasatu zela uste bazuten ere.

Frogatu da eta oraindik ere frogatzen ari da arriskua ebaluatzeak, prebentzio-neurriak hartzeak eta horien jarraipena egiteak beren eraginkortasuna egiaztatzeko funtzionatzen duela. Hori da laneko arriskuen prebentzioan lan egiteko modua, eta horixe da, hain zuzen ere, COVID-19rekin jarraitzen ari den lan-eskema. Enpresa bakoitzak laneko arrisku-egoerak ebaluatu ditu, prebentzio-neurriak ezarri ditu eta funtzionatzen dutenentz ebaluatu du.

COVID-19 infekzioa munduko eta komunitateko osasun-arriskua da, baina lantokietan sartu da, pertsonek transmititzen dugulako eta, beraz, beharrezkoa da zentro horietan prebentzio-neurriak ezartzea.

 Pandemia-egoera honek zer erronka berri dakar Osalanentzat?

Funtsean, prebentzio-tresna gutxi dituzten taldeetara iritsi nahi dugu, hala nola autonomoak edo enpresa txikiak eta ertainak.

Uste duzu arriskua dagoela prebentzio-baliabideak COVI-19rako bakarrik erabiltzeko eta lan-inguruneko beste mehatxuak baztertzeko?

Horrela ez izaten saiatu beharko gara. Laneko arriskuak identifikatzen, ebaluatzen eta prebentzio neurriak ezartzen jarraitu behar da. Osalanek, informazioaren eta prestakuntzaren bidez aholkuak emateko eta prebentzioaren kultura sustatzeko egindako esfortzuak, orain arte bezala jarraituko du.

Pandemia tentsio-faktorea da enpresetako segurtasun-gaietan?

Bai, noski, bizitzaren arlo guztietan bezala. Baina hori, batez ere, lehenengo uneetan gertatu zen. Apirilean, Lan Sailak EAEko lantokietan jarduera modu seguruan abiarazteko jarduera-gida argitaratu zuen. Gida horren helburua langileen osasuna bermatzea da, eta lantokiak berriro irekitzeko prozesuetan lagundu nahi du, OSALANen, Lan Agintaritzaren eta Lan Ikuskaritzaren zerbitzuen erabilgarritasuna gogoraraziz, sor litezkeen desadostasunak azkar konpontzeko. Eta hori, tentsioa jaitsi zuen inflexio-puntua izan zen. Orduz geroztik, COVID-19ren aurkako prebentzio-sistemak hobetzen joan dira prebentzioko ordezkarien laguntzarekin.

Horrela, enpresek, langileen ordezkariek bezala, egoera bakoitza ebaluatzen eta prebentzio-neurriak ezartzen parte hartu dute, eta orain esan daiteke birusaren aurkako alertak bere horretan dirauela. Baina orain ez du tentsio hori eragiten. Eta esan behar da ondo funtzionatu duela, lantokiek gaur egun, segurtasun distantzia, aireztapen, higiene eta maskarak erabiltzeko neurri zorrotzei eusten dizkietelako, eta lehen esan dudan bezala, datuek hori egiaztatzen dute.  

Une honetan, zein da Osalanen lehentasuna?

Alde batetik, Osakidetzaren, Osasun Publikoaren eta Osalanen artean osatutako lan-kate integratuarekin jarraitzea, birusaren hedapena geldiarazteko, gaixoak garaiz detektatuz eta kontaktuak isolatuz, eta, hemendik aurrera, txertaketa.

Eta bestetik, ohiko jarduera-erritmoa berreskuratzen joatea prestakuntza, hitzaldi eta abarretan, egin ahal izan diren jarduerak funtsezkoenak izan baitira.

Onartzen da behin-behinekotasuna eta prekarietatea osasunaren eta laneko segurtasunaren aurkako faktore erabakigarriak direla. Gerta liteke horrelako lanpostuak galtzeak, egoerak laneko osasunari dagokionez hobera egiten duela dioen ilusio faltsua sortzea?

Laneko segurtasuna eta osasuna beharrezkoak dira edozein lan motatan. Egiten diren lanei lotuta daude, eta ez kontratu motari. Aldi baterako langile guztiek baldintza seguruetan lan egiteko eskubidea dute, eta enplegatzaileek hori emateko betebeharra.

Langileen osasunaren ikuspegitik, zein sektorek kezkatzen dute gehien COVID-19ri dagokionez?

Sektore guztiek berdin arduratzen gaituzte. Esposizio-arriskuak bereizten ditu, eta, edozein dela ere, prebentzio-neurriak batzuk edo besteak izango dira. Hori da, adibidez, osasun sektorearen eta sektore soziosanitarioaren kasua. Badakigu esposizio-arrisku handiagoa dutela, eta, beraz, erabiltzen dituzten NBEek, nahitaez, desberdinak izan behar dute.

Harritu zaitu COVID-19k lan-ingurunean eta, bereziki, industrian -non telelana ezinezkoa den- duen eragin eskasak?

Harritu baino gehiago, nik esango nuke frogatu dela ezarri diren neurriek funtzionatu dutela.

Pandemia hasi zenetik enpresaburuek eta langileen ordezkariek ahalegin handia egin dute emaitza horiek lortzeko, eta, horretan ere, prebentzio-zerbitzuek, administrazioak, enpresa-elkarteek eta sindikatuek parte hartu dute.

Osalan erreferentziazko institutua da Euskaditik eta Espainiatik kanpo ere. Oraindik hobetu daiteke?

Euskadik laneko arriskuen prebentzioarekin daukan konpromisoa, Osalan bezelako Insitutua edukita adierazten du. Osalan, beste autonomia erkidego batzuek jarraitzen duten eredua da, baliabide pertsonal eta material nahikoak dauzkalako aholkularitza, informazio eta prestakuntza zerbitzuak laneko arriskuen prebentzioan (LAP) parte hartzen dugun guztioi eskaintzeko, baina beti laneko osasuna eta osasun publikoaren arteko lotura eta integrazioa mantenduz.

Gainera, Osalanen papera funtsezkoa izan da COVID-19k eragindako pandemia kontrolatzeko. Datuek hori egiaztatzen dute, lantokietako kutsatze-ehunekoa nahiko txikia izan baita.

Baina geure buruarekin zorrotzak gara. Osalaneko langileek eta nik neuk beti pentsatzen dugu hobetzen jarraitzea.