ERNESTO OTTO GORNEMANN - Makinen, eta segurtasun industrialeko arauen eta erregulazioen segurtasuneko kudeatzailea. SICK AG
HITZALDIA: SISTEMA adimendunez beteriko mundu batean lan egitea. Fabrikazio adimenduna makina seguruekin (Smart manufacturing with safe machines).
1. Mesedez, idatzi lerro batzuk zeure burua aurkezteko.
Hainbat urtez prozesuetako ingeniaritzan, ingurumenaren babesean eta paketatzeko makineriaren diseinuan jardun ondoren, 1995ean SICK AG-rentzat hasi nintzen lanean, Alemanian, makineriako segurtasuneko aholkuari gisa. 2001etik aurrera, aditu modura parte hartu nuen ISO, CEN, IEC eta DIN-eko normalizazioko batzordeetan, eta batzordeen arteko loturako ofiziala izan nintzen. 2018tik hona, ISO TC/199 (Global) makineriako segurtasuneko batzorde teknikoko eta Europako CEN/TC114 batzordeko presidentea naiz.
2. Bistan da Laugarren Iraultza Industriala dugula aurrean. Ildo horretan, zure ustez, aldaketen aro batean sartuta gaude, edo benetako aro-aldaketa gertatzen ari da?
Aro guztietan izan dira aldaketak. Orain aroa aldatzen ari dela sumatzen dugu –izan ere, aldaketa hori gertatu egin da–, eta, aldi berean, aro berri honen barruko aldaketak azkartu egin dira. Interesgarriena da aldaketa horiek eguneroko bizitzako alderdi asko hobetu dituztela, eta, horregatik, ez direla aldaketatzat hartzen, normalean halako joera izaten baita aldaketa zerbait txarra dela pentsatzeko.
3. Gaur egun, etorkizuna gauzatutako errealitatea da enpresa handietan eta oso teknologikoak diren jarduera-sektore batzuetan (aeronautikan, automozioan...). Hala ere, erdi mailako enpresetan eta enpresa ertainetan ere gauzatutako errealitatea al da? Zure ustez, nola izaten ari da erakundeen eraldaketa digitala?
Nire iritziz, eraldaketa digitaleko aldaketak guk uste duguna baino askoz ere sakonagoak dira, baina ohitu egin gara haietara, edo ez ditugu osorik sumatzen. Esate baterako, nire lan-esparruan, osagai bat hautatzea eta makina batean txertatzea makineria diseinatzen duen ingeniariaren ohiko zeregina da. Interneterako sarbidea izateak aukera ematen dio ingeniariari, haren makinarako osagai aproposa eroso hautatzeko ez ezik, osagaiaren datuak haren diseinuaren alderdi guztietan txertatzeko ere, bai integrazio mekanikorako datu geometrikoak (CAD), bai aginte zirkuituak diseinatzeko datu elektrikoak eta fidagarritasun mailak zehazteko datu funtzionalak, bai kostuak kalkulatzeko datu ekonomiko hutsak. Funtzionaltasun hori ez dago konpainia handien esku soil-soilik, baizik eta enpresa txikiek nahiz ertainek ere erabili dezakete, eraginkortasun berbera lortuz.
4. Fabrikazio adimendunaren abantaila nagusietako batzuk makinen eta prozesuen hiperkonektibitatea, motorizazioa eta datuak analitikarako erabiltzea dira. Fabrikazio adimendunak segurtasun eta osasun baldintzak hobetzen al ditu zeharka?
Fabrikazio adimendunaren helburu nagusia ekoizpen efizientea, segurua eta baliabideekiko nahiz ingurumenarekiko errespetuzkoa lortzea da. Fabrikazio adimendunak beti hartu behar ditu aintzat segurtasun eta osasun alderdiak. Alderdi horiek behar adina kontuan ez hartzeak galera ekonomiko garrantzitsuak eragiten ditu [113.000. milioi euro Alemanian 2015ean. DOI: 10.21934/baua:bericht20161124 (online)]. Hori dela eta, segurtasun eta osasun baldintzak hobetzen ez dituzten ekoizpenean txertatutako teknologia guztiak ezin dira egiazko fabrikazio adimenduntzat jo.
Informazioaren teknologiak fabrikazio adimenduna gauzatzeko aplikatzen direnean, kontuan hartu behar da hiperkonektibitateak datu ugari biltzeko aukera ematen digula. Jasotako datuen ebaluazio egokiek ziurgabetasuna gutxitzen dute. Horri esker, makineriaren kontrolei esker, makinak gaur egungo parametroetara egokitu daitezke, bai efektibotasunean, bai fidagarritasunean, bai eta segurtasunean ere.
5. Laugarren iraultza industrialak elkarlaneko robotika sartu du. Laneko espazio berriak eta laneko forma berriak. Zein da oinarrizko segurtasun printzipioa elkarlaneko robotikaren arloan?
Makinen segurtasuneko printzipio oinarrizkoak UNE EN ISO 12100 Arauan finkatuta daude, eta horiek aplikatu behar dira, erabilitako teknologia edozein izanda ere. Pertsonen eta makinen arteko elkarreraginak bien segurtasunerako eta osasunerako arriskuak ez eragiteko modukoa izan beharko du. Pertsona eta arrisku iturria espazioan edo denboran bereiztea da oinarrizko konponbidea arrisku iturriak desegin ezin direnean edo arriskuak ezin direnean maila jasangarri batera arte gutxitu. Elkarlaneko robotikaren helburua ekoizpeneko prozesuak gauzatzea da. Horietan, pertsonek robotarekin batera gauzatzen dituzte eginkizunak; hau da, denbora berean eta espazio berean. Lankidetza hori gauzatu ahal izateko, nahitaezkoa da robotaren eta pertsonaren artean kontaktu bat izaten denean inolako kalterik ez gertatzea (borondatezkoa izan ala ez). Horretarako, indarra eta abiadura balore jasangarrietara murrizteko neurriak aplika daitezke, berez segurua den diseinuaren bitartez (esate baterako, robotaren baitako motorrek ezingo dute arriskua sor dezakeen indar biko bat eragin) edo aginteko funtzio seguruak erabiliz, aipatutako bikoa era fidagarrian mugatuta. Horrela, arriskuak desagerrarazten eta ondoriozko arriskuak mugatzen dira.
6. Elkarlaneko robotak seguruak al dira berez? Elkarlaneko robotikak beste prebentzio edo babes neurri batzuk desagerraraztea bideratzen al du?
Oro har, elkarlaneko robotetatik –gaizki izendatuta– gutxi dira euren berezko egikeran seguruak ("Berez seguruak" esapidea eztanda arriskuko eremuetan erabiltzera bideratutako ekipamendu elektrikorako aplikatzen diren teknologietako bat izendatzeko erabili izan da soilik). Funtsezkoa da elkarlaneko robotik ez dagoela ulertzea. Nazioarteko arauak berraztertzeko gaur egungo jardunean zehar, adituek esapide hori ezabatzea erabaki dute, teknikoki ez baita zuzena. Bada, izan, “elkarlaneko espazio batean berariaz diseinatutako robot batek eta langile batek elkarrekin lan egiten duten egoera” bezala definitzen den elkarlaneko jarduera. Aplikazio hori modu seguruan gauzatzeko metodo batzuk badira; elkarlaneko jarduera metodoak izenez ezagutzen dira. Metodo horietako bat indarra mugatzea da, eta aginte funtzioekin edo eragileak (motorrak, zilindro pneumatikoak eta abar) aplikatuz egin daiteke; eragile horien gehieneko indarrak edo potentziak ezingo ditu finkatutako mugak gainditu. Azkeneko kasu horretan soilik hitz egin dezakegu berezko segurtasunaz.
Elkarlaneko jarduera aplikazioak nahitaez eskatzen duenean soilik erabili behar da, babeste mekanikoak (bereizte espaziala) edo babesteko prestakuntzak (denboran bereiztea) aplikatzeko aukerarik ez dagoenean. Elkarlaneko jarduerak ez dira aplikatu behar babesteko neurriak kentzeko asmoarekin, horrek UNE EN ISO 12100ean finkatuta dauden oinarrizko segurtasun printzipioak urratuko bailituzke.
7. Makina eta roboten segurtasunari buruzko ISO – IEC – CEN – DIN – AENOR – AISSeko batzorde tekniko guztietako kidea zara zu. Nahikoak eta egokiak iruditzen al zaizkizu elkarlaneko roboten segurtasun eta osasun arloan nahitaez bete beharreko lege eta arau teknikoak, edo, aldaketak eta aurrerapausoak hain bizkor gauzatuta, bete beharreko hutsune garrantzitsuak al daude?
Europar Batasunean, legeria zuzentarau batzuetan oinarrituta dago, ikuspuntu berriko izenez ezagutzen diren zuzentarauetan, hain zuzen. Komunitateko merkatuan saltzen jarritako produktuak era askean salerosteko haiek bete beharreko funtsezko baldintzak jasotzen dituzte. Harmonizatutako arauek (zehaztapen teknikoek) produktuen berariazko eskakizunak finkatzen dituzte, zuzentarauetan erabakitako funtsezko baldintzak bete ditzaten. Arau harmonizatuak eta beste era bateko arauak aplikatzea borondatezkoa da, eta fabrikatzaileak beste zehaztapen tekniko batzuk aplikatu ahal izango ditu beti eskakizunak bete ahal izateko. Nire iritziz, gaur egungo legeria (2006/42/EB makineriako zuzentaraua), nahikoa ez ezik, frogatuta dago lanean segurtasuna eta osasuna hobetzeko tresna eraginkorra ere badela, nahiz eta haren helburua merkatu bakarra gauzatzea izan. Beste alde batetik, ISO/TC299 batzorde teknikoa lanean ari da azken urteetan robot industrialen, elkarlaneko aplikazioak barne, segurtasunerako arauak idazten. Une honetan, UNE EN ISO 10218-1 eta 10218-2 arau (harmonizatuak) aztertzen ari dira. Azterketa horren barruan, elkarlaneko aplikazio seguruak diseinatzeko ISO TS 15066 zehaztapen teknikoa txertatzea aurreikusita dago.
Berriro esango dut produktuak diseinatzeko ez dela nahitaezkoa arau teknikoak erabiltzea, eta, beste alde batetik, arau harmonizatu nagusien arabera fabrikatutako makinek arau harmonizatu horrek jorratutako zuzentarauko segurtasun eta osasun baldintza funtsezkoak betetzen dituela jotzen da.
8. 4.0. Industria, adimendun fabrikazioa, fabrikazio gehigarria, elkarlaneko robotak… horiek guztiek aukera berriak eskaintzen dituzte, baina desafio berriak ere bai lan harremanen arloan eta laneko segurtasunaren nahiz osasunaren arloan. Zure ustez, zein dira desafiorik garrantzitsuenak?
Gaur egun, erronkarik handiena teknologiaren aplikazioak ikerkuntzari aurrea hartu izanak dakarrela esatera ausartuko naiz. Adibide bezala, pertsonen eta makinen arteko harremanen muga biomekanikoei buruzko lehenengo ikerketa zientifikoaren emaitzak oraindik ere ezin dira finkatutzat jo, eta, bitartean, elkarlaneko robotikako aplikazioak ugaritzen ari dira.
Teknologia informatikoa (gaizki) txertatzeak kalte pertsonal eta ekonomikoak eragin ditzake, arrazoi hauengatik:
- Arrisku handiagoa, pertsonen eta makinen arteko elkarlaneko aplikazioek eragindako harreman galgarriak izateko edo logistika oso malgua izateko.
- Operadoreentzako estres handia, makinak zer egin dezakeen edo nola erantzun dezakeen ez jakitegatik.
- Istripuak garai txarrean abiarazteagatik, urrutitik kontrolatu ahal izateko ekipamendu desegokia erabiltzearen eraginez.
- Pertsonentzako albo kalteak, eraso zibernetikoen eraginez.
Hala ere, teknologia hori egoki txertatzeak ataza arriskutsuak desagerraraz ditzake eta langileentzako arriskuak modu esanguratsuan murriztu:
- Kontrol sistemen fidagarritasuna handitzean makinen segurtasuna hobetuz eta egoera errealetara hobeto egokituz.
- Karga, deskarga eta eskuzko garraioa saihestuz edo haien eragina gutxituz.
- Jarduera, erabilera eta abarreko akatsak saihestuz.
- Istripuak eragin ditzaketen jokabide okerrei aurrea hartuz.
9. Osalanek antolatutako Laneko Segurtasunari eta Osasunari buruzko Nazioarteko IV. Biltzarrean partaide izango zara, "Sistema adimendunen mundu batean lan egitea. Fabrikazio adimenduna makina seguruekin (Smart manufacturing with safe machines)" hitzaldiarekin. Fabrikazio adimenduna, elkarlaneko robotak eta abarri buruzko mitoak eta errealitateak ezagutzeko aukerarik izango al da?
Nire hitzaldiaren helburu nagusia da kontzeptuak argitzea, akatsak zuzentzea eta laguntza ematea abentura tekniko berri honetan, ongi buka daitekeela jakinda, industria osoa, fabrikatzaile nahiz erabiltzaile guztiak, abiaraz daitezen eta teknologia berriak aplikatzeak erabat aseta utz gaitzan arlo guztietan, betiere, baldin eta kontu handiz egiten bada.
10. Nahiko genuke hitz batzuk esatea, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko profesionalei eta erakundeei gonbit egiteko zure hitzaldira eta Osalanen Laneko Segurtasunari eta Osasunari buruzko Nazioarteko IV. Biltzarrera joan daitezen.
Aro teknologiko berri bateko ataria zeharkatu dugu une honetan, –Star Treken esaten zuten bezala– “lehenago inork ezagutu gabeko lekuetara” iristeko. Bidaia liluragarria izango da ziur aski, eta Osalanen hurrengo Laneko Segurtasunari eta Osasunari buruzko Nazioarteko Biltzarrean parte hartuz bidaia gurekin hastera animatu nahi zaituztet. Atseginez egingo nizueke ongi etorria han. Bertan ikusi nahi zintuzketet.