Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2024ko azaroaren 20koa, Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita ibilgailuen azterketa teknikoaren zerbitzuaren emakidadunek 2025. urtean ezar ditzaketen tarifen zerrenda eguneratua eta kontsolidatua.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 243
  • Hurrenkera-zk.: 5733
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2024/11/20
  • Argitaratze-data: 2024/12/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi jarduerak; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Industria; Ekonomia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Apirilaren 4ko 60/2000 Dekretuan (martxoaren 16ko 48/2004 Dekretuaren bidez aldatu zen), ibilgailu automobilen segurtasunaren arloko aztertze-, izapidetze- eta kudeatze-eginkizunak zehazten dira, eta adierazten da ibilgailuen azterketa teknikoaren zerbitzua ematen duten entitateei esleitu ahal zaizkiela eginkizun horiek.

Apirilaren 4ko 60/2000 Dekretuaren 7. artikuluak honako hau ezartzen du: «Emakidadunek burutu ditzaketen azterketen tarifak dekretu hau garatzeko emandako xedapenetan aurreikusitakoak dira. Tarifok urtero eguneratuko dira ibilgailuen azterketaren alorrean arauek izan dezaten bilakaeraren, aurrerapen teknologikoaren eta, hala behar bada, kontsumoko prezioen indizeak izan ditzan aldaketen arabera».

Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2024ko urtarrilaren 22ko Ebazpenak ezartzen du ibilgailuen azterketa teknikoaren zerbitzu-emakidadunek zer tarifa eska ditzaketen gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan. Ebazpen hori 2024ko otsailaren 1eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 24. zenbakian, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2024ko urtarrilaren 16ko Aginduaren babesean eman zen, zeinak aldatzen baitu Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko abenduaren 9ko Agindua. 2024ko urtarrilaren 16ko Agindu horren bigarren xedapen gehigarriak hauxe dio: «Industria-administrazioaren arloko zuzendari eskudunari ahalmena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan zerbitzu-emakidadunek ibilgailuen azterketa teknikoaren arloan aplikatu beharreko tarifen zerrenda eguneratua eta kontsolidatua argitaratuko duen ebazpena emateko».

Era berean, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko abenduaren 9ko Aginduak honako hau aurreikusten du: «Ez bada horri buruzko agindurik ematen behar den urtean, orain eguneratutako tarifak urtero eguneratuko dira KPIaren gorabeheren arabera eta urtetik urterako urriko indizea oinarritzat hartuta. Eguneratutako tarifak indarrean jarriko dira urtarrilaren 1etik aurrera». Bestalde, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2024ko urtarrilaren 16ko Aginduaren bidez, eginbidearen tarifa sartu zen.

Hori guztia aintzat hartuta, eta azaldutako zuzenbideko oinarriak eta oro har aplikatzekoak diren gainerako guztiak ikusita, Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariak, esleituak dituen eskumenak baliatuz, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 7. artikuluan oinarrituz, honako hau

Lehenengoa. Ibilgailuen azterketa teknikoaren zerbitzuaren emakidadunek 2025. urterako eska ditzaketen tarifen zerrenda eguneratua eta kontsolidatua argitaratzea.

Bigarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadila agintzea.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; hori guztia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 20a.

Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

ZIGOR URQUIAGA URQUIZA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)