Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko ekainaren 9koa, Justizia Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez eskumen batzuen erabilera eskuordetzen baitzaie espetxeetako zuzendariei, euskal espetxeetako langile publikoen kudeaketaren arloko gai batzuen gainean.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 126
  • Hurrenkera-zk.: 2989
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/06/09
  • Argitaratze-data: 2022/06/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Justizia; Funtzio publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Espetxeei buruzko irailaren 26ko 1/1979 Lege Organiko Orokorrak ezarrita du, 79. artikuluan, autonomia-erkidegoei dagokiela lege honetan arautzen diren erakundeak zuzentzea, antolatzea eta ikuskatzea, baldin eta beren estatutuetan erkidegoek beren gain hartu badituzte espetxe-legeriaren betearazpena eta horren ondoriozko espetxe-jardueraren kudeaketa.

Lehendakariaren 2020ko irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak 13.1.f) artikuluaren bidez esleitzen dio Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako Sailari espetxe-establezimenduei buruzko eskumena, eta, bereziki, 玡spetxe-establezimenduak eta, bereziki, horien antolaera, funtzionamendua eta espetxe-legeak betetzea, lege horiek Espetxe Administrazioko organo zentralei ematen dizkieten ahalmenen egikaritzea bere gain hartuz.

Eta ekainaren 29ko 474/2021 Errege Dekretuak Espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko esparruan Estatuko Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen dizkion eginkizun eta zerbitzuei buruzkoak, ezarrita du, E) letran, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkiola eskualdatutako zerbitzuei dagozkien ondasunak, eskubideak eta betebeharrak, eta F) letran, Euskal Autonomia Erkidegoaren mendeko izatera igaroko direla eskualdatzen diren funtzio eta zerbitzuei atxikita dauden langile eta lanpostu hutsak, Euskadiko Autonomia Estatutuan eta kasu bakoitzean aplikagarri diren gainerako arauek legez aurreikusitako baldintzetan, eta bakoitzaren langile-espedientean zehazten diren inguruabar beretan.

Bestalde, urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak martxoaren 29ko 40/2022 Dekretuak aldatu zuenez gero, 12. artikuluan ezarrita du Justizia Administrazioko Zuzendaritzari dagokiola honako eginkizun hauek betetzea: Espetxeetako giza baliabideak planifikatu eta kudeatzea; langile horien premiak aztertzea; plantilla eta lanpostu-zerrendak prestatzeko proposamenak egitea; prestakuntza- eta hobekuntza-planak egitea, bai eta gizarte-prebentzioko eta lan-arriskuen prebentzioko planak ere; arrisku horietarako berezko prebentzio-zerbitzua kudeatzea; sindikatuekiko harremanak izatea, indarrean dagoen negoziazio-egiturak adierazten duen eremuan, eta Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 10 artikuluak eta indarrean dauden gainerako araudiek langile horiei buruz sailari esleitzen dizkioten eskumenak baliatzea (12.1.k artikulua).

Aurreko guztia gorabehera, eta bizkortasun- nahiz eraginkortasun-helburuak lortzearren, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak komenigarritzat jotzen du, une honetan, gauzatu dadila ebazpen honen xedapenetan zerrendatzen diren eginkizunen eskuordetzea.

Horregatik guztiagatik, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau

Lehenengoa. Honako eginkizun batzuk eskuordetzea espetxeetako zuzendariei, nori bere ardurapeko espetxearen eremuan, 474/2021 Errege Dekretuaren bidez eskualdatutako funtzio eta zerbitzuei atxikitako langile eta lanpostu hutsei dagokienez (ekainaren 29ko 474/2021 Errege Dekretua, ekainaren 29koa, Espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko esparruan Estatuko Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen dizkion eginkizun eta zerbitzuei buruzkoa). Honako hauek, hain zuzen ere:

  1. Urteko oporrak eta jaiegunak konpentsatzeko egunak ematea eta banatzea.

  2. Aplikatzekoa den araudian ezarritako denborak eta arrazoiak direla eta ordaindutako baimenak ematea.

    Bigarrena. Eskuordetze honek ez ditu eragozten Justizia Administrazioko zuzendariak, organo eskuduna denez gero, gaiari buruz ezartzen dituen jarraibide eta irizpideak, eta, hala, irizpide horiei zorrotz jarraitu beharko diete eskuordetze bidez ematen diren ebazpenek. Gainera, organo eskuordetza-emaileak agindua eman ahal izango die eskuordetza ezarrita duten organoei, aldizka bidal dezaten eskuordetutako eskumenak baliatzean ematen diren egintzen zerrenda bat.

    Hirugarrena. Agindu honetan aipatzen den eskumen-eskuordetzak zedarri ditu urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9.2 artikuluan zehazturiko mugak. Hala, eskuordetza honen bidez ematen diren ebazpenek espresuki adierazi beharko dute inguruabar hori, eta organo eskuordetza-emaileak emandakotzat joko dira.

    Laugarrena. Justizia Administrazioko zuzendariak noiznahi errebokatu ahal izango du ebazpen honetan aipatzen den eskumen-eskuordetza. Errebokatzeak sinatu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondoreak.

    Bosgarrena. Justizia Administrazioko zuzendariak berengana bildu ahal izango ditu ebazpen honek aipatutako eskuordetzan jasotzen den edozein gairen ardura hartzea eta ebazpena ematea, baina horrek ez du eragotziko eskuordetzak bere horretan jarraitzea, betiere espresuki errebokatzen edo aldatzen ez den bitartean.

    Seigarrena. Ebazpen honek sinatu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondoreak.

    Zazpigarrena. Espetxeetako zuzendaritzek ebazpen honen berri emango diete beren jardun-eremuko langileei, zentroaren ezaugarrietarako egokien jotzen dituzten publizitate-bitartekoen bidez.

    Zortzigarrena. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuordeari zuzenduta, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

    Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 9a.

    Justizia Administrazioko zuzendaria,

    JON ARTURO URIARTE UNZALU.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik