Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 31koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Irungo 8.2.03 Ernautenea eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 123
  • Hurrenkera-zk.: 2920
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/05/31
  • Argitaratze-data: 2022/06/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Irungo Udalak, 2022ko martxoaren 10ean, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko honako plan honen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari: Irungo 8.2.03 Ernautenea Eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko apirilaren 1ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Irungo Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Erantzuteko legezko epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira nahitaez ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta ingurumen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin esanguratsurik ez duela ingurumen-txosten estrategikoaren arabera edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin esanguratsua izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Irungo 8.2.03 Ernautenea eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezirako ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren adierazitako eran:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Irungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (aurrerantzean, HAPO) 2015. urtean onartu zen behin betiko. HAPO horren arabera, «8.2.03 Ernautenea» plangintza-eremua «eraikuntza handitzeagatik finkatu gabeko hiri-lurzorua» da, eta, beraz, haren antolamendu xehaturako Hiri Antolamenduko Plan Berezi bat egin behar da, aipatutako eremua osatzen duten lurzatien bizitegi-garapena ahalbidetzeko. Horrenbestez, Planaren xedea da Ernautenea eremuaren antolamendu xehatua zehaztea, hura osatzen duten lurzatien bizitegi-garapena ahalbidetzeko, baita hirigintza-fitxa berri bat (RU-28) egitea ere.

    «8.2.03 Ernautenea» eremuak 11.217 m2-ko azalera du eta Irungo hiri-lurzoruaren ekialdeko muturrean dago, Behobia auzoan, Zaisa III industrialdearen eta AP-8 autobidearen artean (hegoaldetik mugatzen du). Bost lurzati eraikigarri ditu; horietako batean bi bizitzako etxebizitza bat dago, eta zenbait eraikin osagarri. Ernautenea bidetik iristen da bertara, eta bide horrek berak mugatzen du iparraldetik; hegoaldean, AP-8 autobideko lursailekin egiten du muga; mendebaldean, hainbat eraikinekin; eta ekialdean, Goikoetxea baserriaren antzinako ondasunekin.

    Arestian adierazi den bezala, bost lurzati eraikigarri definitu dira (bertan dagoen zatitu gabeko lurzatia barne, lehendik eraikin bat duena). Lau lurzati berrietako bakoitzean bizitegi-eraikin bat eraiki daiteke (familia bakarrekoa edo bi familiakoa); behe-solairuak eta sestra gaineko solairu batek osatzen dute lurzatiaren profila, sestrapean dagokion eraikigarritasunaz gain. Horrenbestez, Planak 8 etxebizitza berri eraikitzeko aukera ematen du gehienez, lehendik dauden biez gain, eta horrela agortu egingo litzateke eremuari esleitutako eraikigarritasuna.

    Gainerako lurrazala (1.477,00 m2) bide eta espazio libre edo lorategietara bideratuta dago, eta udalerriari lagako zaio urbanizatu ondoren. Ernautenea bidetik lurzati guztietara iritsi ahal izango da, zuzenean edo proiektatutako sarbide berritik.

    Ingurumen-dokumentu estrategikoak (IDE) hiru aukera eskaintzen ditu: esku ez hartzeko aukera (0 aukera), Irungo HAPOk garatzen duen aukera eta Planak garatzen duen aukera. IDEren arabera, 0 aukeraren bitartez gaur egungo egoera mantenduko litzateke, bizitegi-zona gehiago garatu gabe, eta beraz, ez lituzke garatuko HAPOren kasuan kasuko eremurako aurreikuspenak; HAPOk garatzen duen aukera ere alde batera utzi da, han agertzen diren zehaztapenetako batzuk ez baitatoz bat dagoeneko garatuta dagoen eremu-zatiarekin. Horrenbestez, 2. aukera hautatu da, hau da, Plan Bereziak garatzen duena. Horrela, udalerriko etxebizitza-premiari erantzungo zaio, baina HAPOk eremu horretarako zehaztua duen gehieneko etxebizitza kopurua gainditu gabe.

    Ingurumenaren ikuspegitik, planteatutako hiri-garapenerako aukera bakar batean ere ez da eragin esanguratsurik detektatu egungo egoerarekin alderatuta; beraz, pentsa liteke planteatutako bi aukerek antzeko ingurumen-kostua dutela.

  2. Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion edo ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: indarrean dagoen HAPOren arabera, Planeko eremua hiri-lurzoru finkatugabea da, eta, beraz, haren antolamendu xehaturako Hiri Antolamenduko Plan Berezi bat egin behar da, aipatutako eremua osatzen duten lurzatien bizitegi-garapena egin ahal izateko. Planak ez du eremuaren egiturazko antolamendua aldatzen; indarrean dagoen udal-plangintzako zehaztapenak betetzea besterik ez dakar. Beraz, apartatu honi dagokionez, esan daiteke ez dela beste plan edo programa batzuekiko bateraezintasunik hautematen.

        Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren artean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuaren txostena dago, I. lurzatiaren eta AP-8 autobidearen arteko distantziari buruzkoa. Txosten horretan adierazten denez, etorkizunean AP-8 autobidean hirugarren erreia egitea aurreikusten da Planeko eremuarekin bat datorren eremuan, baina hirugarren errei horrek AP-8 errepidearen gaur egungo plataforma okupatuko luke, ezponda ukitu gabe; beraz, ez da aurreikusten autobidearenak ez diren beste lurzoru batzuk okupatzea. Txostenak ondorioztatzen duenez, Planak egindako proposamena aldekoa da Gipuzkoako Errepide eta Bideen Foru Arauaren testu bategineko zehaztapenei dagokienez.

      3. Plana egokia den ala ez ingurumen-alderdiak barne hartzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak barne hartzeko; izan ere, etorkizuneko eraikinak bateragarriak dira baliabideen (ura, energia, etab.) kontsumo efizienteagoa sustatzeko neurriak hartzearekin.

      4. Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: aurreko puntuetan adierazitakoari jarraituz eta aintzat hartuta bai eremuaren ingurumen-ezaugarriak bai Planaren irismena, ez da hauteman Plana gauzatuz gero ingurumen-arazo esanguratsurik egongo litzatekeenik, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako jarduketak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina pairatu lezakeen eremuaren ezaugarriak:

      Planaren xede-eremua bizitegirako hiri-lurzoru finkatugabea da eta Irungo udalerriaren ekialdeko muturrean kokatuta dago, Behobia auzoan, Zaisa III industrialdearen eta AP-8 autobidearen artean. 11.217 m2-ko azalera duen enklabe txiki bat da eta eraikin bat du; era berean, belardiak, tamaina handiko zuhaitz ale sakabanatuak (lizarrak, makalak eta astigarra, besteak beste), heskaiak eta lorategiak ditu, eta hegoaldean, autobidearekin muga egiten duen gunean, hainbat zuhaitz- eta zuhaixka-espezietako zerrenda bat. AP-8 autobidearen hegoaldean, landa-lurzorua da nagusi, eta landazabal atlantikoaren berezko paisaia du; bertan, belardiak eta labore atlantikoak baso autoktonoekin tartekatzen dira harizti atlantikoaren jabarian, eta koniferoen baso-berritzeak ere tartekatzen dira.

      Planaren xede den lursaila maldan dago, eta 12,5 metroren aldea dago gunerik garaienaren (hego-mendebaldean) eta baxuenaren (ipar-ekialdea) artean.

      Ingurumenaren ikuspegitik, honako alderdi hauek dira azpimarragarrienak:

      Planaren eremuan ez dago naturagune babesturik, eta ez dago EAEko korridore ekologikoen sarean edo haren eragin-eremuan. KBE/HBBE Txingudi-Bidasoa (ES2120018) da hurbilen dagoen naturagune babestua, 600 metro ingurura.

      Era berean, ez da identifikatu kultura-ondareko elementurik.

      Hidrologiari dagokionez, Planaren eremua ibai-ibilguetatik urrun dago. Urdaiene erreka da hurbilen dagoena, Zaisa III industrialdetik lurpean igarotzen dena, 80 metro ingurura; eta Bidasoa ibaia, 600 metro ingurura.

      Eremuko landarediari dagokionez, honako hauek dira nagusi: belardiak, tamaina handiko zuhaitz sakabanatuak (lizarrak, makalak eta astigarra, besteak beste), heskaiak, eta gune loratuak. Hegoaldean, berriz, autobidearekin muga eginez, zuhaitz-zerrenda bat dago eta, ingurumen-dokumentu estrategikoaren (IDE) arabera, pinu batzuk eta hainbat hostozabal-espezie hartzen ditu barne: lizarrak, astigarrak, mimosak, intxaurrondoak, zumeak, arbustuak eta abar.

      Bidasoa ibaiko zatia eremuaren ekialdetik 600 metrora igarotzen da eta bisoi europarraren (Mustela lutreola) Lehentasunezko Banaketa Eremuan dago. Kontserbatzeko kudeaketa-plana duen espeziea da. Hala ere, Planeko eremu zehatzeko fauna lurzoruaren eta haren ingurunearen artifizializazio-mailak baldintzatzen du, eta, beraz, aztertutako eremuan dauden fauna-espezieak hiri-inguruneetara egokitutako espezie arruntak baino ez dira.

      Eremuan ez dago lurzatirik lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan dagoenik.

      Eremuko egoera akustikoari dagokionez, udalerriko zarata-mapak emandako informazioaren arabera, gaur egun ez dira betetzen eremu akustikoari aplikagarriak zaizkion kalitate akustikoaren helburuak, bereziki AP-8 autobideko trafikoaren zaratarengatik. Adierazi behar da Planaren eremua Babes Akustiko Bereziko Eremu baten barruan dagoela. Plan Bereziari erantsitako azterlan akustikoak adierazten duenez, lortutako emaitzek gainditu egiten dituzte kalitate akustikoaren helburuak, gaur egungo egoeran nahiz etorkizunean, honako gune hauetan:

      Goizez eta arratsaldez: I. lurzatian eta IV. lurzatian (4 eta 6 metroko altueran).

      Gauez: I. eta IV. lurzatietan. Eta II. eta III. lurzatien hegoaldeko gunean.

      Ingurumen-arriskuak.

    1. 03 Ernautenea eremuan ez dago natura-arriskurik, hau da, uholde-arrisku, higadura, akuiferoekiko zaurgarritasun eta sute-arriskurik.

      Salgai arriskutsuak garraiatzeko arriskua, bestalde, handia da AP-8 autobidean, eta txikia eta oso txikia N-121-A errepidean. Eremua bi errepideen 200 metroko afekzio-zerrendan dago, eta zerrenda hori 600 metrora zabalduko da; beraz, esku hartzeko eremua izango litzateke zoritxarreko istripurik gertatuz gero.

      Planaren garapenak izan ditzakeen ondorioak eremuaren eraikuntza- eta urbanizazio-lanekin lotuta egongo dira. Izan ere, obra horiek lurzoru naturalei eragingo diete eta landaredia galduko da, eta eragozpenak sortuko dizkiete inguruko biztanleei; kasu horretan, obrek lur-mugimenduak eragingo dituzte sestra azpiko solairuak eta eraikin berrien plataformak egiteko orduan; mugimendu horiek garrantzitsuak izan daitezke lursailaren ezaugarri topografikoengatik, eta hondeaketa-soberakinak eta beste hondakin batzuk sortuko dituzte, modu egokian kudeatu beharrekoak. Gainera, obren eraginez makinak ibiliko dira inguruan, eta horiek isuriak eta zaratak sortuko dituzte, besteak beste; beraz, biztanleei eragin eta eragozpenak sortuko dizkiete, emisio atmosferiko eta akustikoengatik, esaterako.

      Hala ere, aurreikusitako jarduketen eta horien afekzio-eremuaren izaera dela-eta, eremua autobidearekin mugatzen duen zuhaitz/zuhaixka-zerrenda mantentzen bada eta interes handieneko zuhaitzak lurzatien diseinuan integratzen badira, ondorioak ez dira horren esanguratsuak izango, eta aldi baterakoak izango dira, partzialki itzulgarriak eta berreskuragarriak. Hori guztia indarrean dagoen legeria betetzen dela kontuan hartuta, batez ere, zaratari, hondakinen kudeaketari, isuriei eta emisio atmosferikoei buruzkoa, eta mota horretako jarduketetarako jardunbide egokiak kontuan hartuta.

      Ustiapen-fasean, eremuaren gaineko kalitate akustikoaren arloko eraginak esanguratsuak izan daitezke eraikin berrien erabiltzaileentzat. Alde horretatik, adierazi behar da Planaren eremuan A eremu akustikorako kalitate akustikoaren helburuak aplikatu behar direla: bizitegi-erabilerako lurzoruak nagusi diren lurralde-eremu edo -sektoreak; garapen berria denez, hauek izango dira kanpoaldeko kalitate akustikoaren helburuak: 60 dB(A) goizez eta arratsaldez, eta 50 dB(A) gauez.

      Sustatzaileak eragin akustikoaren azterlan bat gehitu du espedientera, eta, haren arabera, aipatutako kalitate akustikoaren helburuak gainditzen dira, gaur egungo egoeran nahiz etorkizuneko egoeran. Ez-betetze horrek I., III. eta IV. lurzatietan kokatuko diren etxebizitzei eragiten die batik bat, baita neurri zuzentzaileak hartuta ere; ondorio horietarako, azterketa akustikoak 71 metro luzeko eta 3 metroko altuerako pantaila akustiko bat instalatzea proposatzen du I. lurzatiaren hegoaldeko perimetroan. Dena den, ez da pantailarik instalatuko gainerako lurzatietan, horien eraginkortasuna txikiagoa izango litzatekeelako eta ikusizko inpaktua oso handia izango litzatekeelako, kontuan hartuta dentsitate txikiko bizitegi-erabilerako hiri-ehuna dela; gainera, IV. lurzatiaren kasuan, interferentziak gerta litezke lurzati mugakideko jabetza-eskubideekin.

      Horri dagokionez, adierazi behar da Irungo Udalak udalerriko Zarataren aurkako Ekintza Plana onartu zuela 2017an. Plan horretan, Planeko eremua BABE-9 Babes Akustiko Bereziko Eremuan txertatzea proposatzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Edonola ere, eraikuntza-lizentzia berriak emanez gero, eraikin berrien barruan kalitate akustikoaren helburuak betetzen direla bermatu beharko da.

      Bestalde, AP-8 autobideko zortasun-eremu akustikoak, zeina Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen baitu, Planeko eremuari eragiten dio (97/2017 Foru Agindua, urriaren 11koa, 3.000.000 ibilgailutik gorako urteko trafikoa duten foru-titulartasuneko errepideen zarata-mapa estrategikoak jendaurrean jartzeko eta behin betiko onesteko izapidea ebazten duena). Horrenbestez, zortasun-eremu horretan egin beharreko jarduketa orok azpiegitura hori kudeatzen duen organoaren nahitaezko txostena izan beharko du.

      Indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera kontuan hartuta baloratu behar dira ingurumen-ondorioak. Indarrean dagoen Irungo HAPOk bizitegirako hiri-lurzoru gisa jasotzen du Planeko eremua. Beraz, Planean proposatutako antolamendu xehatuak ez dio eragiten eremuaren egiturazko antolamenduari, eta haren hirigintza-garapena du helburu, beste konfigurazio batekin, baina HAPOk eremu horretarako ezartzen duen gehieneko etxebizitza kopurua gainditu gabe; bestalde, Planean aurreikusitako antolamendu xehatua egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-arloko gogoetak integratzeko, eraikin berrietan baliabideen (ura, energia eta abar) kontsumo efizientea sustatzeko neurriak hartzeko aukera ematen baitu.

      Aurrekoaren ondorioz, kontuan hartuta eremuaren egungo egoera, Planak egiten duen antolamendu xehatuaren proposamena eta dagozkion neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileen aplikazioa, ez da espero jarduketa horiek eragin esanguratsurik izango dutenik ingurumenean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak ingurumenari, segurtasunari eta osasunari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira, besteak beste.

    2. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Irungo 8.2.03 Ernautenea eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak esandako Planean txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

      Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, obra-faseari eta jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:

      Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.

      Zaratari dagokionez Planean hartu beharreko erabakien artean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, etorkizunean ezingo da hirigintza-garapenik gauzatu eremu batean baldin eta kanpoaldean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa. Era berean, kontuan hartuta planaren esparrua Gipuzkoako foru-errepideen eragin akustikoko eremu baten barruan dagoela (AP-8 autobidea), eremu horretan edozein jarduketa egin ahal izateko, azpiegitura hori kudeatzen duen organoaren txostena beharko da nahitaez.

      Ondorioz, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, lehenik eta behin, kanpo-ingurunea babesteko neurri teknikoki eta ekonomikoki egokiak hartu behar dira (lurretik bi metroko altuerara, eraiki gabeko guneetan; eta leihodun fatxada guztietan, altuera orotan, gune eraikietan), bai eta, kasu guztietan, eraikinen barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzeko beharrezko neurriak ere, barrutiaren erabileraren eta motaren arabera (egongelak edo logelak...) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez), bai urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan finkatutako eskakizunei bai Eraikuntzako Kode Teknikoan finkatutakoei jarraituz. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuko dira eraikuntza-proiektuan.

      Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean eta errepideko zirkulazioan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35.bis artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, 6 hiletik gorako iraupen aurreikusia duten obren kasuan, nahitaez egin beharko da inpaktu akustikoaren azterlana, neurri zuzentzaile egokiak zehazteko.

      Inpaktu akustikoaren azterlanean aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

      Natura-ondarea eta paisaia babesteko neurriak.

      Ezinbesteko eremu gutxienekoan egingo dira planetik eratorritako jarduketak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne, betiere hirigintza-eremuko lurzatietan dauden zuhaitzak moztu gabe. Eremu hori in situ mugatu beharko da, eta balio esanguratsuko zuhaitzak behar bezala babestuta egongo dira, nahi gabeko eraginik jaso ez dezaten.

      Proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak lehengoratuko dira. Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, espezie autoktonoak erabiliz, higadura-prozesuak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredia naturalarekin lotzeko.

      Espazio libreak eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, kontuan hartuko dira «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratu zuen.

      Landareztatzeko eta lorategiz hornitzeko lanetan, ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Espezie horiek kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

      Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk.

      Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean onartzen dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak.

      Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Honako alderdi hauek barne hartuko ditu gutxienez: obren okupazio-mugen kontrola; lurzoru naturalei eta natura-intereseko landarediari eragindako erasanaren kontrola; hondeaketa-soberakinen eta obra-hondakinen kudeaketaren kontrola; lurzoruaren edo uren kutsaduraren kontrola, olioak isurtzeagatik eta lurrak herrestan eramateagatik; lasaitasun publikoaren gaineko erasan negatiboen kontrola, hala nola zaratak eta hautsek eragindako eragozpenak minimizatuz, eta, lasaitasun hori bermatzeko, eguneko ordutegiak errespetatuz.

      Hondakinen sorrera eta kudeaketa: sortutako hondakin guztiak, indusketakoak barne, Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira zer hondakin mota diren eta haientzako helmugarik egokiena zein den zehazteko.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta Eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

      Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko dira sortutako olio erabiliak.

      Irungo Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat egongo da aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material-partikulak airera ditzaketen eremuetarako. Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza jasangarriari buruzko gidaliburuetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak/eraikuntza-iraunkorrerako-gidak) jasotako ingurumenaren arloko neurri eta jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barnealdearen kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea. Hondakinen gaikako bilketarako gune egokiak sortzea.

      Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Irungo 8.2.03 Ernautenea eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Irungo Udalari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, Irungo 8.2.03 Ernautenea eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat emango du, erregelamenduz ezarriko den moduan.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 31.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik