Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 25ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita Dulantziko, Iruraiz-Gaunako eta Aguraingo udal-mugarteetan (Araba) «Gamarra-Altsasuko 1 eta 2» zirkuitu bikoitzeko 30 kV-ko aireko linearen proiekturako, «Gamarra-Altsasu 1» (285. eta 307. euskarrien artean) eta «Gamarra-Altsasu 2» (162. eta 307. euskarrien artean) zirkuitu bakuneko 30 kV-ko aireko lineak desmuntatzearen ondorioz.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 123
  • Hurrenkera-zk.: 2919
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/05/25
  • Argitaratze-data: 2022/06/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Industria; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2022ko martxoaren 11n, Eusko Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak eskaera bat egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Dulantziko, Iruraiz-Gaunako eta Aguraingo udal-mugarteetan «Gamarra-Altsasuko 1 eta 2» zirkuitu bikoitzeko 30 kV-ko aireko linearen proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena eman zedin «Gamarra-Altsasu 1» (285. eta 307. euskarrien artean) eta «Gamarra-Altsasu 2» (162. eta 307. euskarrien artean) zirkuitu bakuneko 30 kV-ko aireko lineak desmuntatzearen ondorioz, haren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago araututa).

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2022ko martxoaren 24an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira zenbait erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E. eranskineko 3. epigrafean xedatutakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua behar dute proiektu hauek: «Beste proiektu batzuk, II.D eranskinekoak ez direnak, zuzenean edo zeharka, bakarrik edo beste plan, programa edo proiektu batzuekin batera, eragin nabarmena izan badezakete naturagune babestuetako batean edo natura-ondarea kontserbatzeko araudiaren arabera babes-araubidea duten naturaguneetan».

Txosten honen xede den proiektua ez dago jasota abenduaren 9ko 10/2021 Legearen ez II.D eranskinean, ezta II.E eranskinean ere. Hala ere, proiektuaren eremuaren zati bat Arabako Lautadako Irla Hariztiak KBEn (ES211013) eta haren babes-eremu periferikoan dago.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenean) xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Dulantziko, Iruraiz-Gaunako eta Aguraingo udal-mugarteetan (Araba) «Gamarra-Altsasuko 1 eta 2» bi zirkuituko 30 kV-ko aireko linearen proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena ematea, «Gamarra-Altsasu 1» (285. eta 307. euskarrien artean) eta «Gamarra-Altsasu 2» (162. eta 307. euskarrien artean) zirkuitu bakuneko 30 kV-ko aireko lineak desmuntatzearen ondorioz:

  1. Proiektuaren xedea da «Gamarra-Altsasu 1 eta 2» zirkuitu bikoitzeko 30 kV-ko aireko linea elektrikoa aldatzea, Dulantzi ekialdeko muturrean dauden 285. eta 162. euskarrietatik Aguraingo udalerriaren mendebaldeko muturrean dagoen 307. euskarrira, Iruraiz-Gauna udalerria zeharkatuz.

  2. Ebazpen honen bidez, Dulantziko, Iruraiz-Gaunako eta Aguraingo udal-mugarteetan «Gamarra-Altsasuko 1 eta 2» zirkuitu bikoitzeko 30 kV-ko aireko linearen proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena eman da, «Gamarra-Altsasu 1» (285. eta 307. euskarrien artean) eta «Gamarra-Altsasu 2» (162. eta 307. euskarrien artean) zirkuitu bakuneko 30 kV-ko aireko lineak desmuntatzearen ondorioz. Ebazpen horretan, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:

    1. Proiektuaren ezaugarriak.

      Gaur egungo linea elektrikoaren trazatua modu paraleloan doazen zirkuitu bakuneko bi lineak osatzen dute («Gamarra-Altsasu 1» eta «Gamarra-Altsasu 2»); euskarri independenteak dituzte eta bien artean 15 m inguruko tartea dago. Gaur egungo energia elektrikoaren zerbitzua hobetzeko, aipatutako euskarrien arteko tarteak linea bakar batean bateratzea proiektatu da, «Gamarra-Altsasu 1 eta 2» deitua, zirkuitu bikoitzekoa.

      Trazatu hori gaur egungoen ardatz zentraletik igaroko da funtsean, 4.047 metrotan; horretarako, 27.777 m2-ko aire-zortasuna eta 67.985 m2-ko babes-eremua finkatu dira.

      Proiektatu den trazatuak lehendik dauden beste linea elektriko batzuekin konektatzeko euskarriak erabiliko ditu unean-unean.

      Jarraian, proiektatutako jarduketak laburbilduko ditugu:

      «Gamarra-Altsasu 1» 30 kV-ko aireko linearen gaur egungo zirkuitua desmuntatzea: lehendik dauden 2 hormigoi-zutabeko eta sareta egiturako arkupe formako 22 euskarri ordeztuko dira, 160. eta 138. euskarrien artean. Aireko linea desmuntatzea 285. eta 307. euskarrien artean, hau da, 4.249 metrotan.

      «Gamarra-Altsasu 2» linea desmuntatzea: 2 hormigoi-zutabeko eta sareta egiturako arkupe formako 22 euskarri ordeztuko dira, 161. eta 138. euskarrien artean. Aireko linea desmuntatzea 162. eta 307. euskarrien artean, hau da, 3.921 metrotan.

      «Gamarra-Altsasu 1 eta 2» lineari dagozkion zirkuitu bikoitzeko 20 sareta-euskarri metaliko berri muntatzea (120. zenbakiak), eta LA-175 motako eroale berria jartzea 1. eta 307. euskarrien artean, hau da, 4.073 metrotan.

      Lehendik dauden LA-180 motako aireko kableak erregulatzea «Gamarra-Altsasu 1» lineako 285. euskarritik 1. euskarri berrira. Tarte horrek 92 metroko luzera izango du.

      Lehendik dauden LA-180 motako aireko kableak erregulatzea «Gamarra-Altsasu 2» lineako 161. euskarritik 1. euskarri berrira. Tarte horrek 158 metroko luzera izango du.

      Linea desmuntatzeko, sarbideak ireki (nekazaritza-lurretatik igaroko dira funtsean), lehendik dauden euskarrien zimendatzeak zulatu, sortutako hondakinak kudeatu eta eragindako gainazalen ingurumen-lehengoratzea egin beharko da.

      Linea berria eraikitzeko, berriz, euskarriak zimendatzeko zuloak hondeatu eta hormigoiz bete beharko dira; guztira, 95 m3 hondeatuko direla aurreikusten da.

      Jarraian, linea eta erabili beharreko makinak instalatzeko faseak deskribatzen dira:

    1. Euskarri eta sarbideen zuinketa eta ziriztatzea: lursailean bertan markatuko da euskarrien, sarbideen eta pilaketa-guneen kokapen zehatza.

    2. Sarbideak irekitzea: lehendik dauden bideak egokitu eta sarbide berriak egin beharko dira. Egin beharreko sarbide berriek 10.702 m2 hartuko dituztela aurreikusten da.

    3. Linearen segurtasun-kalea irekitzea: kendu egingo dira linea elektrikoaren kalean dauden zuhaitzak eta, lineatik kanpo egonda ere, eroaleekin edo euskarriekin kontaktua izan dezaketenak, erortzean edo gero hazten direnean.

    4. Zuhaitzak eta zuhaixkak moztea: moztutako eta inausitako hondarrak lineako kalearen azpian pilatuko dira, kendu arte.

    5. Materialen pilaketa: euskarri bakoitzaren azpian 50 m2 inguruko lan-plataforma bat sortuko da materialak pilatzeko eta makinak igarotzeko.

    6. Zimenduak jartzeko indusketak eta obra-hondakinak kentzea: zimenduak baliabide mekanikoekin (atzerako hondeamakina) zein eskuz irekiko dira.

    7. Euskarriak altxatu eta hormigoitzea: hondeatu eta euskarriaren ainguratzeak jarri ondoren, masa-hormigoia isuriko da zimenduetarako, hormigoi-kamioien bitartez.

    8. Lur-konexioak egitea.

    9. Babesak eta eroaleen lineak jartzea.

    10. Babes- eta/edo maniobra-elementuak muntatzea.

    11. Abifauna babesteko elementuak muntatzea: abifauna goi-tentsioko linea elektrikoekin talka egiteaz edo elektrokutatzeaz babesteko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan jasotako neurriak hartuko dira.

    12. Euskarrietan zenbakiak jartzea eta eskalatzeko trabak.

    13. Instalazioen konexioa eta energizazioa.

    14. Lehendik dauden eroale eta euskarriak desmuntatzea: obrak amaitzean, eta linea martxan jarri ondoren, kableak, euskarriak eta hormigoizko zimenduak desmuntatu eta kenduko dira, baita baliorik gabe geratu diren linea zaharreko gainerako instalazioak eta obren aldi baterako instalazioak ere. Hondakinak kendu eta kudeatuko dira, eta eragina nozitu duten lurzoruak lehengoratuko dira, topografikoki zein landarediaren aldetik. Obrak hasi aurretik zeuden egoeran utzi beharko dira.

      Ingurumen-dokumentuaren arabera, sortutako hondakinak II. mailako eraikuntza- eta eraispen-hondakinak izango dira batik bat, eta izaeraren arabera kudeatuko dira, baimendutako kudeatzaileen bidez.

      Bidalitako dokumentuetan ez da zehazten obrak egiteko epea.

      Bi aukera aurkeztu dira: 0. aukera, linea elektrikoaren egungo egoerari eustearena, eta 1. aukera, proiektuak garatzen duena.

      Baztertu egin da 0. aukera, erabiltzaileei zerbitzu elektrikoaren kalitatea eta jarraitutasuna ziurtatu nahi zaielako.

    1. Proiektuaren kokapena.

      Proiektuaren eremua Arabako Lautadan kokatuta dago, Dulantziko, Aguraingo eta Iruraiz-Gaunako udal-mugarteetan. Trazatu zuzena du, 4.079,79 m luzekoa, batez ere nekazaritzako lursailetan.

      Hauek dira eremuaren ezaugarri nagusiak:

      Proiektuaren eremua Zadorraren Unitate Hidrologikoan kokatuta dago, Ebroko Mugape Hidrografikoan. Zehazki, Zadorra ibaiaren arroan kokatuta dago, Uribarri urtegiraino. Proiektatutako linea Etxebarri ibaiaren gainetik igarotzen da 7. eta 8. euskarrien artean, Iturritxo errekaren gainetik 11. eta 12. euskarrien artean, eta Apostoluen errekaren gainetik 283. eta 137. euskarrien artean.

      EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LPSak 0. maila ematen dio Etxebarriko errekari eta Apostoluen errekari (1 eta 10 km2 bitarteko isuri-arroa), eta landa-eremuko ertz gisa jotzen ditu ertzak. Iturritxo errekak 1 km2-tik beherako isuri-arroa du.

      Proiektatutako trazatua litologia-materialen gainean dago (margokalizak, kareharrizko tuparriak eta kalkarenitak); iragazkortasun txikia du pitzaduragatik, eta iragazkortasun ertaineko alubioi-jalkinak, Etxebarri ibaiaren inguruko porositateagatik. Bi kasuetan, lurzoruak kanbisol motakoak dira.

      Nekazaritza eta Basogintzako LPSaren arabera, aurreikusitako trazatua nekazaritza eta abeltzaintzako lurretan kokatuta dago, eta lurzoruok balio estrategiko handiko eta trantsizioko landa-paisaiaren kategoriakoak dira. Neurri txikiagoan, Basoko eta Mendi Mehatzeko lurzoru gisa kalifikatutako lursailak ere baditu.

      Lurpeko urei dagokienez, eremua Kuartango-Agurain masari dagokio eta ibilbidearen erdiko zatia Kuartango-Agurain lurpeko ur-masaren sektorean dago kokatuta, Hegoaldeko Antiklinorioko jabari hidrogeologikoan. Sektorearen zati handi bat hidrogeologia-interesdun leku gisa identifikatuta dago.

      Eremuan dagoen landaredia monolaborerako nekazaritza-lursailak dira nagusiki. Horrez gain, mendebaldeko muturrean, ordeztu beharreko euskarri bat dago erkamezti-orban subatlantikoa Batasunaren Intereseko Habitatean (BIH) (BIH kodea: 9240); 1. euskarri berria eta desmuntatu beharreko euskarri bat ur-bazterreko sahasti gisa kartografiatutako masa batean kokatzen dira; 2. euskarri berria eta desmuntatu beharreko beste euskarri bat Quercus faginea espeziearen adabaki natural batean daude; 2. eta 3. euskarrien arteko baoak genistak dituen txilardi kaltzikolako zona batetik igarotzen dira (4090 BIH); eta 4. eta 5. euskarrien arteko baoaren zati batek 9160 BIHaren (Harizti mesotrofo subatlantikoa) iparraldeko muturra igaroko luke. Era berean, proiektatutako sarbideetako batzuek ere eragina izango lukete aipatutako habitatetan.

      Nabarmendu behar da arestian aipatutako 9160 BIH Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) dagoela: Arabako Lautadako Irla Hariztiak (ES2110013). Haren muturrean, proposatutako trazatu berriaren hegalarekin bat egingo luke unean-unean, eta haren zortasun- eta babes-eremuarekin. Bestalde, proiektatutako 5. eta 6. euskarri berriak, horiekin batera desmuntatu beharreko euskarriak eta aurreikusitako kasuan kasuko sarbideak KBE horren babes-eremu periferikoan daude.

      KBE hori EAEko naturagune garrantzitsuen katalogoan sartutako Arabako Lautadako Irla Harizti (kodea: 66) eremuaren barnean dago, hain zuzen ere. Gainera, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Eremu Babestuen Erregistroarekin bat etorriz, azterketa-eremua «Uribarri urtegian» dago, mantenugaien ekarpenarekiko eremu sentikorren atzitze-eremuan; bestalde, mendebaldeko muturra «Vitoria-Gasteizko lurpeko ur-masa alubialaren Dulantziko sektorean» dago, nitratoz kutsatzeko arriskua duen eremua.

      Azterketa-eremuan eta haren gertuko inguruan ez da detektatu beste naturagune babesturik edo fauna- eta flora-espezie mehatxaturik. Era berean, ez da identifikatu interes geologikoko tokirik, eta ez dago jasota Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen natura-intereseko eremuen zerrendan.

      Linea elektrikoaren mendebaldeko muturra EAEko Korridore Ekologikoen Sareko «Gasteizko Mendi Garaiak-Arabako Lautadako Irla Hariztia» lotura-korridorean dago, eta trazatuaren gainerako guztia moteltze-eremu batean dago.

    1. , 2., 6. eta 7. euskarriak katalogatuta dauden onura publikoko mendietan daude.

      Eremua Etxabarriko ikusmen-arroan dago, eta «oso arrunta» eta paisaia-kalitate «oso txikikoa» da; ez dago sartuta EAEko paisaia bikainen katalogoan.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak ez du uholde-arriskurik, akuiferoek kutsadurarekiko oso urrakortasun txikia dute, eremuaren zati handi batek baso-sutearen arrisku txikia du, eta ez da identifikatu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak egon diren edo dauden kokalekuen inbentarioko lurzatirik. Higadura-arriskua izan dezaketen guneak identifikatu dira.

      Eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, proiektuaren eremuan ez da identifikatu katalogatutako kultura-ondarearen elementurik.

    1. Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

      Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik esanguratsuenak obra-fasean sortuko dira. Proiektua aurrera eramatearen ondoriozko jarduketak egiteko, aurkeztutako dokumentazioaren arabera 50 m2 inguruko lan-plataformak lortu beharko dira euskarri bakoitzaren inguruan, eta bertan dagoen landaredia deuseztatu, eta lurzorua trinkotu egingo da makinen eta materialen joan-etorrien ondorioz. Aurreikuspenen arabera, lan-plataformetarako 1.000 m2 inguruko azalera bat okupatuko da, eta 10.072 m2 sarbideetarako. Hala ere, linea bateratzeak egungo okupazioa murriztea ekarriko du, eta obrek irauten duten bitartean eragindako lursailak lehengoratuko dira; horrela, bada, jatorrizko egoerara itzuliko dira.

      Bestalde, jarduketen ondorioz, aldi baterako eta leku jakinetan, gutxitu egingo da faunaren eta gizakien habitaten kalitatea (zarata handitzea, hautsa, bibrazioak eta abar), lurzoruak edo urak kutsatu ahal izango dira lurra mugitzean sortutako istripuzko isurtzeen edo jariatzeen ondorioz, eta hondakinak sortu ahal izango dira lehendik zeuden euskarriak kentzeagatik eta linearen zortasun- eta babes-eremua mantentzeko ebaketa- eta/edo inausketa-lanengatik.

      Deskribatutako inpaktuak bereziki garrantzitsuak dira Arabako Lautadako Irla Hariztia KBEn; izan ere, gune horretan, proiektatutako bi euskarri berriren arteko baoa egongo da zati batean. Gainera, proiektatutako euskarri berrietako batzuk nahiz desmuntatu beharreko sarbide edo euskarri batzuk KBEren babes-eremu periferikoan kokatuta daude, hurbil daudelako. Hala ere, kontuan hartuta trazatu berria lehendik dauden lineen zortasunetik igaroko dela eta aire-zortasun txikiagoa izango duela, KBEri eragindako erasana murriztuko da, a priori.

      Funtzionamendu-fasean, inpaktu nagusiak abifaunarengan izango dira, talka egiteko eta elektrokutatzeko arriskuagatik, baita paisaian ere. Era berean, linearen mantentze-lanek eta haren ondorengo desmuntatzeak ere inpaktu txikia eragingo dute. Dena den, positiboki baloratzen da trazatua linea bakar batean bateratzea, eta linea elektrikoaren tarte berria goi-tentsioko linea elektrikoetan abifauna talkatik eta elektrokuziotik babesteko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak xedatzen dituen erabakietara egokitzea.

      Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako neurri babesle eta zuzentzaileak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak ingurunearen aipatutako alderdietan inolako eragin negatiborik izango duenik.

      Bigarrena. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta «Gamarra-Altsasu 1 eta 2» zirkuitu bikoitzeko 30 kV-ko aireko linea elektrikoaren proiektuak Dulantziko, Iruraiz-Gaunako eta Aguraingo udal-mugarteetan «Gamarra-Altsasu 1» (285. eta 307. euskarrien artean) eta «Gamarra-Altsasu 2» (162. eta 307. euskarrien artean) zirkuitu bakuneko 30 kV-ko aireko lineak desmuntatzearen ondorioz ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik izan ez dezan, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

      Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-agirian finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

      Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obrako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

      Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak.

      Natura-ondarea babesteko neurriak.

      Proiektuak kontuan izan beharko ditu Arabako Lautadako Irla Hariztiak (ES2110013) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duen azaroaren 3ko 206/2015 Dekretuan jasotako zehaztapenak.

      Obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Hala badagokio, beharrezkoak diren mozte-, inauste- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak aldi baterako pilatzeko eremuak eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako pilatzeko eremuak barne ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, drainatze naturaleko sareari, intereseko landarediari eta balio estrategiko handiko lurzoruari eragitea saihestuko da.

      Eremu osagarri horiek ezin izango dira inola ere jarri Arabako Lautadako Irla Hariztiak KBEko lursailetan, instalazioaren eraginpean ez dauden landare-egitura kalteberen eremuetako (Batasunaren Intereseko Habitatak) lursailetan eta identifikatutako ibilguetako ur-bazterreko landaredian.

      Hori ziurtatzeko, obrak hasi aurretik, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian.

      Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredi naturala. Intereseko espezieren baten aleak egoera onean dauden eremuetan, kontu handiz jardun beharko da, proiektua egiteko beharrezkoa den eremutik kanpo ez eragiteko.

      Jarduketen eragina paira dezaketen eremu kalteberetan eta natura-balio handieneko eremuetan (9240, 4090 eta 9160 BIH Batasunaren Intereseko Habitatak, eta KBEko eremua), ahal bada inausketak egingo dira, eta behar-beharrezkoa denean soilik moztuko dira zuhaitzak, eta, bakar-bakarrik, haien gehieneko garapenera iristen direnean linea elektrikoaren segurtasuna bermatuta ez dagoela ikusten denean. Dena dela, lehendik dagoen zuhaixka-geruza osoa mantendu beharko da.

      BIH horietan, arreta berezia jarriko da euskarriak desmuntatzeko orduan, bertako espezieei kalterik ez egiteko neurriak zorroztuz; eta, hala badagokio, eremua lehengoratuko da.

      Bertakoak ez diren zuhaitzak osorik moztu daitezke, betiere berehala birlandatzen badira tamaina txikiko espezieak edo hazkuntza motelekoak (esaterako, sahatsak, hurritzak eta haritzak).

      Zein zuhaitz ebaki edo lepatuko den erabakitzeko, Arabako Foru Aldundiko zerbitzu teknikoekin elkarlanean adostuko dira irizpideak.

      Zuhaitzak inaustea, botatzea edo sastrakak kentzea ezinbestekoa bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, gainerako landaredia autoktonoari kalterik ez eragiteko. Inausketa ahalik eta gutxien egingo da, proiektatutako jarduketen luzera osoan zehar zuhaitz-zerrenda mantentzeko baino ez.

      Lurgaineko urak dituzten ibilguak zeharkatzean, ibaiertzeko espezieak dauden tokietan (lizarrak, haritzak, sahatsak, etab.), lineari eragin diezaioketen goiko adarrak bakarrik kimatuko dira. Ez da zuhaitzaren garaiera osoaren 1/3 baino gehiago kimatuko, eta eremuko zaintzaileak gainbegiratuta egingo da hori, geldialdi begetatiboan (negua).

      Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ahal den neurrian. Trazadura berriko sarbideak eta lehendik dauden sarbideak egokitzeko lanak, hala dagokionean, lur-mugimendua murriztuz eta lehen aipatutako eremu kalteberen gaineko eragina saihestuz egingo dira.

      Abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, ingurumen-dokumentuan aireko linea elektrikoaren trazadura berri osorako zehaztutako neurriak hartuko dira, hegaztiek elektrokutatzeko edo talka egiteko dituzten arriskuak minimizatzeko.

      Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

      Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

      Hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuzko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

      Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko.

      Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi beharko dira. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

      Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

      Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratuko dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea eta abar). Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak saihesteko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horien inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotuko dira.

      Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da, eta bereizita pilatuko, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

      Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak bertan sartu eta hedatu ez daitezen hartu beharreko neurriak hartuko dira. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

      Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.

      Era berean, ahal den guztietan, errotik kenduko dira jarduketa-eremuetan aurkitutako espezie inbaditzaileak.

      Bai baldintza-agiriak eta bai obra kontratatzeko aurrekontuek aipatutako dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko. Aurrekontuan hutsarteak betetzeko eta landareak behin betiko errotzeko behar diren mantentze-lanetarako partida bat jasoko da.

      Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

      Lanek iraun artean, beharrezkotzat jotzen diren jardunbide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira aire zabalean erabiltzen diren makinen emisio akustikoei buruz indarrean dauden legeetan ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, hori guztia dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

      Egunez bakarrik egingo da lan.

      Hondakinak kudeatzeko neurriak.

      Sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

      Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

      Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira desagerrarazi: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

      Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

      Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak bi xedapen hauen arabera kudeatuko dira: 105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena, eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.

      Zabortegira bidali beharreko hondakinak, berriz, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

      Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

      Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

      Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

      Eremu jakin bat egokituko da, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

      Airearen kutsadura ahalik eta txikiena izateko neurriak.

      Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, harrotzen den hauts kantitatea zein den, ureztatzeak ere programatuko dira. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute beti.

      Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da indusketa-materiala, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

      Kultura-ondarea babesteko neurriak.

      Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

      Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

      Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta gehien bermatzeko:

      Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

      Batasunaren intereseko habitaten erasana kontrolatzea (9240, 4090 eta 9160 BIH eta Natura 2000 Sareko Arabako Lautadako Irla Hariztiak KBE (ES2110013).

      Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramatea dela bide lurzorua eta ura ez kutsatzea.

      Proiektuak eragindako herriguneko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

      Garbiketa eta obra-akabera.

      Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.

      Ingurumen-aholkularitza.

      Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean obra-zuzendaritzak hartu behar dituen erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.

      Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, hondakinak kudeatzea eta natura-ondarea babestea.

      Hirugarrena. Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Horrenbestez, ez da beharrezkotzat jotzen «Gamarra-Altsasu 1 eta 2» zirkuitu bikoitzeko 30 kV-ko aireko linea elektrikoaren proiektuak Dulantziko, Iruraiz-Gaunako eta Aguraingo udal-mugarteetan, «Gamarra-Altsasu 1» (285. eta 307. euskarrien artean) eta «Gamarra-Altsasu 2» (162. eta 307. euskarrien artean) zirkuitu bakuneko 30 kV-ko aireko lineak desmuntatzearen ondorioz, i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk sustatua, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar izatea.

      Laugarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari.

      Bosgarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

      Seigarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 25a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik