Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 23koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, zeinaren bidez aldatzen baita Donostiako Udaleko Osoko Bilkuraren Idazkaritza Nagusiko, Udal Kontu-hartzailetza Nagusiko eta Diruzaintzako lanpostuak, Estaturako gaikuntza duten funtzionarioentzat gordetakoak, betetzeko sistema.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 108
  • Hurrenkera-zk.: 2471
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/05/23
  • Argitaratze-data: 2022/06/06

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: EAEko udalak; Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Toki Administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak (aurrerantzean, TAAIL) 92 bis artikulu berri bat erantsi zion Toki Araubidearen Oinarriak arautzeko apirilaren 2ko 7/1985 Legeari (aurrerantzean, TAOAL).

Aipatutako 92 bis artikuluaren lehenengo apartatuak ezartzen du toki-korporazio guztietan daudela beharrezkoak diren funtzio publiko jakin batzuk, eta horien administrazio-erantzukizuna Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat erreserbatuta dagoela; eginkizun horien artean daude kontabilitatea, diruzaintza eta diru-bilketa.

Manu horren 6. apartatuaren arabera, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak izendapen askeko sistemaren bidez bete ahal izango dira salbuespenez, martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren 111. eta 135. artikuluetan definitutako eremu subjektiboan dauden udalerrietan, eta probintziako aldundietan, metropolialdeetan, kabildoetan eta uharte-kontseiluetan, eta autonomia estatutua duten Ceuta eta Melilla hirietan, dagokion azpieskalako eta kategoriako funtzionarioen artean. Kontroleko eta barne-fiskalizazioko ekonomia-, finantza- eta aurrekontu-kudeaketako eginkizunak eta kontabilitate, diruzaintza eta diru-bilketako eginkizunak dituzten lanpostuak direnean, toki-ogasunaren arloan eskumena duen Estatuko Administrazio Orokorreko organoaren berariazko baimena beharko da.

92 bis artikuluaren laugarren apartatuan aurreikusitakoari jarraikiz onartu zen martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretua, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duena.

Errege-dekretu horren 27. artikuluak, 92 bis artikuluaren baldintza beretan, ezartzen du arau orokor gisa merezimendu-lehiaketaren sistemaren bidez behin betiko beteko direla lanpostu horiek, eta salbuespenez, izendapen askeko sistemaren bidez bete ahal izango direla lanpostu horiek, dagokien azpieskala eta kategoriako funtzionarioen artean, probintziako edo autonomia-erkidegoko hiriburuetako lanpostuak direnean, edo 75.000 biztanleko edo gehiagoko zuzenbidezko biztanleria dutenak direnean, 92 bis artikuluan aurreikusitako beste kasu batzuen artean.

Ildo horretan, aipatutako araudiaren 45.2 artikuluak ezartzen du izendapen askeko sistema aukeratzeko beharrezkoa dela aldez aurretik dagokion Lanpostuen Zerrenda aldatzea, eta Autonomia Erkidegoko organo eskudunari jakinaraztea, lanpostuak betetzeko sistema sailkatze aldera, hargatik eragotzi gabe toki-ogasunen arloan eskumena duen Estatuko Administrazioko organoaren berariazko baimena behar izatea, kontroleko eta barne-fiskalizazioko ekonomia-, finantza- eta aurrekontu-kudeaketako eginkizunak eta kontabilitate, diruzaintza eta diru-bilketako eginkizunak dituzten lanpostuak direnean; horregatik, izendapen askeko lanpostuak betetzeko sistemaren sailkapena merezimendu-lehiaketaren bidez betetzeko ohiko modura aldatzeko, beharrezkoa izango da, halaber, lanpostuen zerrenda aldatzeko espedientea eta dagokion sailkapen-ebazpena izapidetzea dagokion organo autonomikoak.

Adierazi behar da autonomia-erkidego bakoitzari dagokiola Estaturako gaikuntza duten funtzionarioentzat gordetako lanpostuen sailkapenaren arloko betearazpen-eskumena, apirilaren 2ko 7/1985 Errege Dekretuaren 92 bis artikuluaren eta martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren II. kapituluan ezarritako irizpideen arabera, baldin eta aplikatzekoak badira, eta, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, TAOALaren 92 bis artikuluan eta martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren 45. artikuluan aipatzen den baimena foru-aldundien eskumenekoa izango da, kontroleko eta barne-fiskalizazioko ekonomia-, finantza- eta aurrekontu-kudeaketako eginkizunak eta kontabilitate, diruzaintza eta diru-bilketako eginkizunak dituzten lanpostuak direnean, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Kontzertu Ekonomikoa onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen 48.5 artikuluan, 2004ko martxoaren 5eko 2/2004 Legegintza Dekretuak onartutako Toki Ogasunak arautzeko Legearen testu bategineko zortzigarren xedapen gehigarrian, eta Euskadiko Tokiko Erakundeen apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 109.2 eta 116. artikuluetan xedatutakoan oinarrituz; hori guztia TAOALeko bigarren xedapen gehigarriaren zazpigarren apartatuko aurreikuspenekin bat.

Gauzak horrela, Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2021eko urriaren 26an erabaki zuen Osoko Bilkurako Idazkaritza Nagusiko lanpostuak izendapen askeko sistemaren bidez betetzera aldatzea («Idazkari-zuzendari Juridikoa, lanpostu-zk.: 0353»); Udal Kontu-hartzailetza Nagusia («Kontu-hartzailea-Fiskalizazio eta Kontabilitateko zuzendaria, lanpostu-zk.: 0355»); eta Diruzaintza («Diruzaina-Finantza zuzendaria, lanpostu-zk.: 0204»), eta Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari eskatzea Udaletxe horretan Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu horiek izendapen askez betetzeko sistema ezartzeko.

Aurretik esandakoan oinarrituz, izapideak egin zitzaizkion aginduzko espedienteari, eta martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren 45. artikuluan xedatutakoaren arabera izapidetua izan zen.

Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu zitzaion TAOALaren 92 bis artikuluak eta martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren 45. artikuluak aipatzen duten baimena, Udal Kontu-hartzailetza Nagusiko eta Diruzaintzako lanpostuei dagokienez. Baimen hori martxoaren 30eko 201/2022 Foru Aginduaren bidez eman zitzaion Ogasun eta Finantza Saileko titularrari.

Gauzak horrela, eta aintzat hartuz TAOALaren 92 bis artikuluan ezarritako sistema salbuespenezkoa dela, izapidetutako prozeduran egiaztatuta gelditu da bete direla aipatutako lanpostuak betetzeko sistema aldatzeko araudian aipatu eskakizunak:

  1. Donostiako Udala biztanle-kopuru handiko udalerrien erakundearen araubidearen barnean dago, X. tituluan araututako araubidea.

  2. 2021eko urriaren 26an, Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak erakunde horretako lanpostuen zerrenda aldatzeko proposamena onartu zuen. Hain zuzen ere, lanpostu hauek betetzeko sistema aldatu zen: «Idazkari-zuzendari Juridikoa, lanpostu-zk.: 0353»; «Kontu-hartzailea-Fiskalizazio eta Kontabilitateko zuzendaria, lanpostu-zk.: 0355», eta «Diruzaina-Finantza zuzendaria, lanpostu-zk.: 204».

  3. Osoko Bilkurako Idazkaritza Nagusiko eta Udal Kontu-hartzailetza Nagusiko lanpostuen zuzendaritza-izaera, eta diruzaintzako eginkizunak betetzen dituen pertsonak bere gain hartzea zergak kudeatzeko organoko titularraren eginkizunak, azken hori zuzendaritza-organoa baita.

  4. TAOALean, 128/2018 Errege Dekretuan eta Donostiako Udalaren Gobernuaren eta Administrazioaren Erregelamendu Organikoan jasotako aurreikuspenetatik eratorritako lanpostuen titular diren funtzionarioek beren gain hartzen duten erantzukizun bereziak erantzukizun handia dakar erakundearen baitan.

  5. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Sailak emandako baimena, Udal Kontu-hartzailetza Nagusiko eta Diruzaintzako lanpostuei dagokienez.

    Horregatik guztiagatik, Udalak aurkeztutako eskabidea ikusirik, bat etorriz TAOALaren 92 bis artikuluarekin eta 128/2016 Errege Dekretuaren seigarren xedapen iragankorrarekin, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 11. artikuluak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz,

Lehenengoa. Donostiako Udaleko atal hauetako lanpostuak betetzeko sistema aldatu eta izendapen askeko sistemaren bidez betetzea: Osoko Bilkurako Idazkaritza Nagusia («Idazkari-zuzendari Juridikoa, lanpostu-zk.: 0353»); Udal Kontu-hartzailetza Nagusia («Kontu-hartzailea-Fiskalizazio eta Kontabilitateko zuzendaria, lanpostu-zk.: 0355») eta Diruzaintza («Diruzaina-Finantza zuzendaria, lanpostu-zk.: 0204»). Lanpostu horiek Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko eskalako funtzionarioentzat gordeta daude.

Bigarrena. Lanpostuak betetzeko sistema aldatzeak ez du eraginik izango sistema hori behin betiko betetzen dutenen destinoan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen. Beraz, honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Erakunde Harremanetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; hala xedatzen da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan, hargatik eragotzi gabe zuzenbidean onartutako bestelako aurkaratze-bideak erabiltzea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Bat etorriz Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluarekin, administrazio publiko interesdunek ezin izango dute administrazioarekiko errekurtsorik jarri ebazpen honen aurka. Hala ere, errekurtsoa jar dezakete Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegietan, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bi hileko epean, 29/1998 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz. Lehenago eta epe berean, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritza honi eskatu ahal izango zaio ebazpen hau deuseztatu edo atzera bota dezala, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluak xedatzen duen bezala.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 23a.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,

MIREN JOSUNE IRABIEN MARIGORTA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik