Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 16koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, Ortuellako (Bizkaia) SR-2 Peñota sektoreko Plan Partzialaren bigarren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 110
  • Hurrenkera-zk.: 2536
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/05/16
  • Argitaratze-data: 2022/06/08

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Ortuellako Udalak, 2022ko martxoaren 30ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko honako plan honen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari: Ortuellako SR-2 Peñota sektoreko Plan Partzialaren bigarren aldaketa (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko martxoaren 8an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, izapidearen hasieraren berri eman zitzaion Ortuellako Udalari.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Erantzuteko legezko epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira nahitaez ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta ingurumen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin esanguratsurik ez duela ingurumen-txosten estrategikoaren arabera edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin esanguratsua izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Ortuellako SR-2 Peñota sektoreko Plan Partzialaren bigarren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren xedea SR-2 Peñota sektoreko P-1 bizitegi-lurzatiaren antolamendu xehatua aldatzea da. Sektorearen azalera osoa 51.458 m2-koa da, eta P-1 lurzatiarena 3.706,78 m2-koa. Ortuellako SR-2 Peñota sektorearen Plan Partziala 2007ko maiatzean onartu zen behin betiko.

    Plan Partzialak mugatutako hiru bizitegi-lurzatietatik bi eraikita daude, baita eremuaren bide guztiak ere, eta Granada errekaren ondoko berdeguneen urbanizazioa (gaur egun egikaritze-fasean dago), P-1 bizitegi-lurzatia eta E-1 ekipamendu-lurzatia baino ez dira geratzen amaitzeko.

    Plan Partzialaren aldaketa VISESA-Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SAk sustatu du, eta P-1 lurzatian, Eusko Jaurlaritzaren 2020ko programa-kontratuaren barruan, etxebizitza sozialen sustapen bat egiteko beharraren ondorioz sortu da.

  1. 2 eta P-3 lurzatietan ez da finkatu sektoreak esleituta zuen eraikigarritasun osoa, eta, era berean, ezarritako gutxienekoa baino aparkaleku-plaza gehiago egikaritu dira lurzati pribatuan. Beraz, P-1 lurzatian eraikigarritasuna handitu egingo da P-2 eta P-3 lurzatietan agortu ez denarekin.

    Bestalde, P-1 lurzatiaren 1.071 m2t ekipamendu pribatu E-1 partzelara bideratuko dira; beraz, P-1eko beheko solairua etxebizitzetarako izango da, eta ekipamendu pribatu komertzial edo sozialetarako gehienez 200 m2t izango ditu beheko solairuan. E-1 lurzatiak, lehen, 585 m2t-ko eraikigarritasuna zuen esleituta ekipamendu publikoko erabilerarako; orain, berriz, guztira 1.656 m2t-koa izango du erabilera bererako.

    Aldaketa horiekin, P-1eko etxebizitza kopurua 98ra igoko da hasieran 70 zeuden aurreikusita, baina, aldi berean, eremu osorako gehieneko kopuruari eutsi egingo zaio: 260 etxebizitza izango dira.

    Beste aldaketa batzuk ere egingo dira: garaje-plazak egokitu egingo dira, etxebizitza bakoitzak 1 izan dezan, eta soberan daudenak estandarra bete arte E-1era zuzenduko dira.

  1. 1 lurzatiaren gehieneko lerrokadurak aldatu egingo dira, blokearen antolamenduari malgutasun handiagoa emateko. Hala, oinplano mota bakoitzeko gehieneko okupazioa 1.400 m2-koa izango da; eraikuntza-profila, berriz, beheko solairua gehi 5 altuerakoa. Aurreikusitako gehieneko lerrokadurek Granada errekaren ibilguarekiko atzeratze-baldintzei eutsiko diete.

  1. Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion edo ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: Planak ez du eremuaren egiturazko antolamendua aldatzen, SR-2 Peñota sektorea osatzen duten lurzatien artean eraikigarritasunak aldatzea baino ez dakar, hori guztia zati batean eraikita eta urbanizatuta dagoen hiri-lurzoru baten garapena osatzeko, eta, beraz, ez da hautematen ingurumen-ondorio aipagarririk edo beste plan edo programa batzuekiko bateraezintasunik.

      3. Plana egokia den ingurumen-alderdiak barne hartzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak barne hartzeko; izan ere, etorkizuneko eraikinak bateragarriak dira baliabideen (ura, energia, etab.) kontsumo efizienteagoa sustatzeko neurriak hartzearekin. Planak ez dakar artifizializatu gabeko lurzorurik okupatzea, lehendik urbanizatuta dagoen eremu batean eragiten baitu.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: aintzat hartuta eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta Planaren helmena, ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo esanguratsurik, betiere, besteak beste, ibilguen babesa eta uholde-arriskuari, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

      SR-2 Peñota sektoreak P-1, P-2, P-3 eta E-1 lurzati eraikigarrien hiri-azpiegitura guztiak, bideak eta kanpoko urbanizazioa erabat amaituta ditu.

      Hiru bizitegi-lurzatietatik bi, P-1 lurzatiaren ekialdean kokatuak, eraikita daude. Osatzeke dauden lanak berdeguneen urbanizazioa gaur egun gauzatzen ari da, P-1 bizitegi-lurzatia eta E-1 ekipamendu-lurzatia dira (lurzati hori sektorearen ekialdeko ertzean dago, Trapagaran udalerriko belodromoaren eta futbol-zelaiaren iparraldean).

      Planaren xede den eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik.

      Kokalekuaren hegoaldean, Granada edo Triano erreka dago. Gune horretan erreka bisoi europarraren Kudeaketa Planaren eremuaren barruan dago, «hobetu beharreko tarte» gisa kalifikatuta (ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuak babesten du. Dekretuaren bidez, Bisoi Europarraren Mustela lutreola (Linnaeus, 1761) Kudeaketa Plana onartu zen Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea izanik babes-neurri espezifikoak behar baititu).

      Sektoreko landaredia oso aldatuta dago; batez ere landaredi erruderal-nitrofiloa dago eta, eremuaren ekialdean, baratze eta fruta-arbola gune txiki batzuk (E-1 lurzatian). Granada errekaren ondoan, erriberako landaredia partzialki mantentzen da, fruta-arbola espezie batzuekin eta beste espezie apaingarri batzuekin batera. Ingurumen-dokumentuak egiaztatzen du espezie exotiko inbaditzaileak daudela, hala nola kanabera (arundo donax) edo Panpako lezka (cortaderia selloana). GeoEuskadiren kartografia tematikoaren arabera, sektorearen zati batean Batasunaren intereseko habitatak daude, zehazki, 6510 habitata, altitude baxuko sega-belardi elkorrak; hala ere, landaredi hori erabat aldatu da egindako urbanizazio-obren ondorioz, eta gaur egun ez dago halakorik eremu horretan.

      Eremuan kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak daudenez, inbentariatutako lurzatiei eragin diezaieketen jarduketak egitea aurreikusten bada, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa kontuan izan beharko da.

      Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, 2012an Granada errekaren azterketa hidraulikoa egin zen SR-2 Peñota sektorearen eremuan. Uholde-arrisku handiena duten eremuak Granada errekaren ondokoak dira, berdeguneetara zuzendutakoak. P-1 lurzatian ere arrisku hori dago, neurri txiki batean; hegoaldeko eremua urpean gera daiteke 500 urteko errepikatze-denborako uholdeen kasuan. Sektorea garatzeko baldintza betelanak egitea zen, eraikinak 500 urteko errepikatze-denborako uholdeen kotatik gora gera zitezen. Sektorearen urbanizazio-proiektuak baldintza hori barne hartu zuen proiektua gauzatzean.

      Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, lurzatia altxatu egingo da urpean gera daitekeen zatian, 500 urteko errepikatze-denborako uholdeen aurrean behar besteko babesa bermatzeko.

      Planaren garapenak eragin ditzakeen ondorioak honako hauei lotuta egongo dira: eremuaren eraikuntza- eta urbanizazio-obra osagarriak, lur-mugimenduak, hondakinak sortzea, makinen joan-etorriak, isurketak, zaratak eta abar. Ondorioz, auzokoei eragozpenak eragin dakizkieke, emisio atmosferikoengatik, zaratengatik, etab. Hala ere, aurreikusitako jarduketak nolakoak diren eta zein eragin-eremu izango duten kontuan hartuta, eraginak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak izango dira, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere lurzoru kutsatuei, uholde-arriskuei eta hondakinen, isurien eta emisio atmosferikoen kudeaketari buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.

      Ustiapen-fasean, eremuaren gaineko kalitate akustikoaren arloko eraginak esanguratsuak izan daitezke eraikin berrietako erabiltzaileentzat.

      Aztertutako eremuko soinu-iturri nagusiak N-634 errepide nazionala (P-1 lurzatiaren mendebaldean kokatua, zirkulazio-bolumen handia du) eta Abando-Muskiz trenbidea (eremuaren iparraldean kokatua) dira. Eremuaren sentsibilitate akustikoa A motakoa izango litzateke P-1 lurzatiaren okupazio-eremuan (bizitegi-erabilera) eta D motakoa E-1 lurzatian (hirugarren sektoreko erabilera, ekipamendu publikorako).

      Planaren zirriborroaren eranskin gisa, «Ortuellako (Bizkaia) SR-2 Peñota sektore berriari lotutako inpaktu akustikoaren azterketa» dago, 2021eko abuztuan egina, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

      Azterlanaren emaitzek erakusten dutenez, gainditu egiten dira sektoreko araudian ezarritako kalitate akustikoko helburuak, bai kanpoaldean, bai P-1 lurzatian aurreikusitako eraikuntzaren fatxadetan.

      Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Iraunkortasun Sailak jakinarazi duenez, Planaren jarduketa-eremuak N-634 foru-errepidearen zortasun akustikoko eremuari eragiten dio, baina, haren iritziz, sustatzaileak egindako inpaktu akustikoaren azterketan definitutako pantaila akustikoa eraginkorra da lurzoruari dagokionez, eta etorkizuneko haur-jolasen eremuan hobekuntza akustiko nabarmena eragingo du. Immisioari dagokionez, N-634 errepidearen eraginpean dauden fatxadetan ere pantaila eraginkorra dela ikusten da. Beraz, txosten horrek adierazten du pantaila akustiko horren bideragarritasun teknikoa xeheki aztertu beharko litzatekeela. Etxebizitzen barruan helburu akustikoak betetzeari dagokionez, sustatzaileak egindako inpaktu akustikoaren azterketan proposatutako isolamendua aplikatuko da.

      213/2012 Dekretuaren 45. artikulua aplikatuz, Ortuellako Udalak, etxebizitzak egin aurretik, eremua Babes Akustiko Bereziko Eremu izendatu beharko du, eta, aldi berean, Eremuko Plana onartu beharko du. Plan horretan, kalitate akustikoko helburuak betetzeko eremuan ezarriko diren neurri aringarriak jasoko dira.

      Ingurumen-eraginak baloratzeko, abiapuntuko egoera hartu behar da kontuan, hau da, indarrean dagoen plangintzan aurreikusitakoa. Planaren xede den eremua SR-2 Peñota sektorearen barruan dago, eta horren azaleraren zati handi bat dagoeneko urbanizatuta eta garatuta dago. Planak sektore horretako bi lurzatiren antolamendu xehatua aldatu besterik ez du egiten, eta ez du eraginik izango ez urbanizazioan, ez espazio publikoen antolamenduan.

      Aurrekoaren ondorioz, kontuan hartuta eremuaren egungo egoera, Planak egiten duen antolamendu-proposamena eta dagozkion neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileen aplikazioa, ez da espero jarduketa horiek eragin esanguratsurik izango dutenik ingurumenean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak segurtasunari eta osasunari, lurzoru kutsatuei, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira, besteak beste.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Ortuellako SR-2 Peñota sektoreko Plan Partzialaren bigarren aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dakion, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira planean.

      Neurri babesgarri eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

      Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, obra-faseari eta jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:

      Uholde-arriskua minimizatzeko neurriak.

      Planaren xede diren P-1 eta E-2 garapenen zati bat 100 eta 500 urteko errepikatze-denboretako uholde-arriskuko eremu batean kokatzen dira, lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo. Ondorioz, esku-hartzeek kontuan izan behar dituzte indarreko Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuan uholdeen aurkako babesari buruz ezarritako berariazko araudian xedatutakoa; hori guztia, alde batera utzi gabe, betiere, administrazio hidrauliko eskudunak Uraren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 25.4 artikuluan aipatutako txostenean ezarritakoa.

      Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak:

      Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluan xedatutakoaren arabera, etorkizunean ezingo da garapen urbanistikorik gauzatu kanpoko giroan kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren guneetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa. Era berean, kontuan hartuta planaren eremua Bizkaiko foru-errepideen Eragin Akustikoko Eremu baten barruan dagoela, eremu horietan edozein jarduketa egin ahal izateko, azpiegitura horiek kudeatzen dituen organoaren nahitaezko txostena beharko da.

      Ondorioz, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, lehenik eta behin, kanpo-ingurunea babestera bideratutako neurri teknikoki eta ekonomikoki egokiak hartu behar dira (lurretik bi metroko altuerara, eraiki gabeko guneetan; eta leihodun fatxada guztietan, altuera orotan, gune eraikietan), bai eta, kasu guztietan, eraikinen barnealdean kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutako beharrezko neurriak ere, barrutiaren erabileraren eta motaren arabera (egongelak edo logelak...) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez), bai urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan finkatutako eskakizunei bai Eraikuntzako Kode Teknikoan finkatutakoei jarraituz. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuko dira eraikuntza-proiektuan.

      Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, zamalan- eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorretan, eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak (baita errepideko zirkulazioan ere) egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, 6 hiletik gorako iraupen aurreikusia duten obren kasuan, nahitaez egin beharko da inpaktu akustikoaren azterlana, neurri zuzentzaile egokiak zehazteko.

      Inpaktu akustikoaren azterlanean aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

      Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen kudeaketarekin lotutako neurriak:

      Planaren eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko kokaleku bat dago (kodea: 48080-00118). Horrenbestez, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko Legearen (4/2015, ekainaren 25ekoaren) 23.1 artikuluan xedatzen denarekin bat, lurzoruaren kalitate-adierazpen bat izapidetu beharko da, baldin eta lege horren 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada.

      Halaber, lege horren 23.2 artikuluaren arabera, 23.1 artikuluan jasotako jarduketa baten ondorioz lurrak mugitu behar badira, hondeaketa selektiborako plan bat onartu beharko du aldez aurretik autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan.

      Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudelako zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Ortuellako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz ditzan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.

      Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk.

      Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean onartzen dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak.

      Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

      Planak proposatzen duen antolamenduaren ondoriozko obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, lan-txabolak, landare-lurra eta obrako material eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxiena eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

      Hondakinen sorkuntza eta kudeaketa: Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, bilgarriak, eta errefuseko nahiz garbiketa-kanpainetako materialak.

      Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

      Zabortegira bidali beharreko hondakinak, gainera, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

      Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira. Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

      Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat edukiko da, aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen kasuetarako. Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Espazio libreak eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Loratutako eremuak berriz landareztatzeko irizpideak bat etorriko dira Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak argitaratutako agiri hauetan ezarritako irizpideekin:

      Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua (Udalsarea 21 lan-koadernoa, 20.b zenbakia), 2017ko apirilekoa.

      Espezie apaingarriak hautatzeko gida (Udalsarea 21 lan-koadernoa, 20.a zenbakia), 2017ko apirilekoa.

      Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza jasangarriari buruzko gidaliburuetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumenaren arloko neurri eta jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurriok, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barnealdearen kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.

      Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Ortuellako SR-2 Peñota sektoreko Plan Partzialaren bigarren aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Ortuellako Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Ortuellako SR-2 Peñota sektoreko Plan Partzialaren bigarren aldaketa onartzen ez bada. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat emango du, erregelamenduz ezarriko den moduan.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 16a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik