Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 10ekoa, Justiziako sailburuordearena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zerbitzura aritzeko aldi baterako langile-beharrak estaltzeko hautagaien zerrenden kudeaketaren gaineko arautegia onartzeko agindu-proiektua.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 101
  • Hurrenkera-zk.: 2281
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/05/10
  • Argitaratze-data: 2022/05/26

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Justizia; Funtzio publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Lehengo Lan eta Justizia Sailak agindu-proiektu bat prestatu zuen, zeinaren bidez onartzen baitzen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zerbitzura aritzeko aldi baterako langile-beharrak estaltzeko hautagaien zerrenden kudeaketaren gaineko arautegia. Proiektu hori Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko abenduaren 22ko 8/2003 Legeko aurreikuspenen arabera izapidetu zen.

Aipatutako 8/2003 Legearen 8.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, herritarren eskubide eta bidezko interesei eragiten dieten xedapen orokorrek entzunaldiaren izapidea igaro beharko dute, eta, era berean, xedapenen izaerak hala eskatzen badu, jendaurrean jarri beharko dira.

Hori dela eta, proiektua jendaurrean jarri zen, izapidea 2020ko otsailaren 25eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (aurrerantzean, EHAA) argitaratuta, eta 20 egun balioduneko epea ezarri zen.

Proiektu hori egiteko prozedura amaitu ondoren, 2020ko abenduaren 14ko EHAAn argitaratu zen agindu hau: Agindua, 2020ko azaroaren 30ekoa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zerbitzura aritzeko aldi baterako langile-beharrak estaltzeko hautagaien zerrenden kudeaketaren gaineko arautegia.

2022ko martxoaren 1ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak 92/2022 Epaia eman zuen, 140/2021 prozedura arruntari dagokionez. Horren arabera, «xedapen orokorra egiteko prozesua atzera eraman behar da, hain zuzen, jendaurreko informazioaren izapidearen epea amaitu aurreko unera, eta epe hori geratzen diren egunekin berrabiatu beharko da amaiera emateko, aintzat hartuta martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez erabakitako administrazio-epeen etenaldia».

Epai hori betez, beraz, jendaurreko informaziorako beste epe bat ezarri behar da, zazpi egun baliodunekoa, epai EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Proiektuaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen lanpostuetan aldi baterako zerbitzuak emango dituzten langileen hautaketa arautzea.

Proposatutako araudiak lan-poltsak osatzen dituzten langileei eta herritar guztiei eragiten die, langileen hautaketari eta lan-eskaintzen kudeaketari buruzko gaiak arautzen baititu, hauek, besteak beste: lan-poltsak eratzeko, inskribatzeko eta eguneratzeko sistemei buruzkoak; hautagaiei aplikatu beharreko araubide juridikoa, bai eta haien eskubide eta betebeharrak ere; lan-poltsa erabilgarri guztien kudeaketa bitarteko elektronikoen bidez; lan-eskaintzei buruzko lehentasunak (lanaren iraupena, enplegatuaren eta enplegatuaren eremu geografikoa), eta Enplegatu Publikoaren Atariaren erregulazioa. Bertan dago eskuragai lan-poltsei buruzko informazio guztia, eta hura da hautagaien eta Justizia Administrazioaren arteko komunikazio-bidea.

Horrenbestez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 5.d) eta 11. artikuluetan xedatuarekin bat, honako hau

Lehenengoa. Jendaurrean jartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zerbitzura aritzeko aldi baterako langile-beharrak estaltzeko hautagaien zerrenden kudeaketaren gaineko arautegia onartzeko agindu-proiektua, zazpi egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena. Aurreko apartatuan xedatutakoa bete dadin, eta herritarrek alegazioak aurkezteko aukera izan dezaten, adierazitako proiektuaren edukia eskuragai egongo da Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Justizia Sailburuordetzan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz) eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-oholean (www.euskadi.eus).

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 10a.

Justiziako sailburuordea,

ANA AGUIRRE ZURUTUZA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik