Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 4koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako ofizialorde kategorian sartzeko hautaketa prozedurarako deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia; Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 99
  • Hurrenkera-zk.: 2218
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/05/04
  • Argitaratze-data: 2022/05/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Herrizaingoa; Funtzio publikoa

Testu legala

Deialdi hau honako lege eta dekretu hauetan xedatutakoaren arabera egiten da: Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legea, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza Araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretua eta Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzen duen abenduaren 22ko 388/1998 Dekretua.

Era berean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Kontseilu Arautzailearen onespena dago eta, ildo horretatik, Segurtasuneko sailburuordeak egindako eskaera ere kontuan hartzen da.

Horretan oinarriturik, zuzendari honek Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako ofizialorde kategorian sartzeko hautaketa prozedurarako deialdia egin du, honako hauek kontuan izanik:

DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa. Deialdiaren xedea.

Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako ofizialorde kategorian 208 plaza barne promozioko oposizio-lehiaketa bitartez betetzeko, hautaketa prozedurarako deialdia egiten da. Hautaketa hori prestakuntza ikastaroarekin eta praktikaldiarekin osatuko da. Plaza horiek betetzeko eskatutako titulazioa Euskal Administrazio Publikoetako funtzionarioen C Taldeko C-1 Azpitaldeari dagokion mailakoa izango da, xehetasun honen arabera:

106 plaza espezialitaterik gabe (Herritarren Segurtasuna).

2 plaza espezialitaterik gabe (Herritarren Segurtasuna, sakonera ertaineko urpekaritza-txartel profesionala eta urpeko jardueren libreta baldintza espezifikoa duena).

Espezialitaterik gabeko plaza 1 (Herritarren Segurtasuna, Goi Mendiko Kirol Teknikari, Espeleologia edo Mendi Ertaineko edo Eskalada baldintza espezifikoa duena).

6 plaza Brigada Mugikorra edo Esku-hartzea espezialitatearekin (Brigada Mugikorra).

2 plaza Eskoltak edo Esku-hartzea espezialitatearekin (Eskolta).

Plaza 1 Esku-hartzea espezialitatearekin (Esku-hartzea).

80 plaza IKI espezialitatearekin (Ikerketa Kriminala).

10 plaza Bide Segurtasuneko espezialitatearekin (Trafiko Unitateak).

Deitutako plaza kopurua gehitu ahal izango da, Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako ofizialorde kategorian sortzen diren lanpostu hutsen arabera. Aldaketa hori, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren ebazpenaren bitartez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Euskal Herriko Poliziaren hautespen eta prestakuntza onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 40.2 artikuluan aurreikusitakoarekin eta hemeretzigarren oinarrian ezarritakoarekin bat etorriz.

Kopuru aldaketa hori hamaikagarren oinarrian 3. apartatuan aurreikusitako tramitea bete aurretik egin beharko da.

Bigarrena. Parte hartzeko betekizunak eta baldintzak.

  1. Hautaketa prozeduran parte hartu nahi duen pertsona onartua izateko, ondoren zehazten diren baldintza guzti-guztiak bete beharko ditu:

    1. Aurretik eskabide-orria bete.

    2. Ertzaintzako karrerako funtzionario izatea.

    3. Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalan jarduneko egoera administratiboan izatea edo seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzian, genero-indarkeriagatiko eszedentzian edo zerbitzu berezietan izatea.

    4. Oinarrizko Eskalako kategorietako benetako zerbitzuetan 4 urte eman izana.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 78.4 artikuluan ezarritakoaren arabera zenbatuko dira benetako zerbitzuak. Jatorrizko kategoria edo eskalan benetan emandako zerbitzuen denbora zenbatzeari dagokionez, barne-sustapenean sartzeko aukera ematen duten Ertzaintzako karrerako funtzionario gisa administrazio-egoeretan igarotako denborari gehitu egingo zaio hautaketa-prozesua gainditu aurreko praktikei dagokiena.

    5. Falta astun edo falta oso astunak egiteagatik zehapenik jaso ez izana, salbu eta ezarritako zehapena baliogabetzea lortu bada.

    6. Dagokion espezialitatea izatea Ikerketa Kriminaleko, Bide Segurtasuneko, Esku-hartze Ataleko, Eskolta Ataleko edo Brigada Mugikorreko plazak lortu nahi izanez gero.

    7. Espezialitaterik gabeko baina berariazko titulazioaren betekizuna duten plazak lortzeko eskatzen den titulazio-baldintza izatea.

  2. Hautaketa prozeduran parte hartu nahi dutenek aurreko apartatuan eskatzen diren betekizunak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen, horiek egiaztatzeko prozedura-fasea eragotzi gabe.

  3. Hautaketa prozeduran parte hartzeko eta onartua izateko, nahikoa izango da eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako eskatzen diren betekizun guztiak beteta izatea. Betekizun horien egiaztapena ofizioz egingo du deialdia egiten duen organoak, eta horretarako Giza Baliabideen Zuzendaritzari dagokion egiaztapena eskatuko zaio.

  4. Aurreko apartatuan ezarritakoa alde batera utzita, hautaketa prozeduraren edozein alditan, ikastaroaren prestakuntza-aldia eta praktikaldia barne, deialdia egiten duen organoak jakiten badu izangaietako batek ez dituela betetzen deialdian parte hartzeko betekizunak, interesdunari entzun ondoren, hautaketa prozeduratik baztertu egingo du izangai hori, baita ikastaroaren prestakuntza-alditik edo praktikalditik ere, hala gertatuz gero.

  5. Esandako hautaketa prozeduran parte hartzea borondatezkoa izango da; proba psikoteknikoak eta nortasunezkoak egiteko baimena ematen da, eta proba horien balorazioa probetako beste balorazio zati baten modura erabiliko da, oinarri hauetan ezarritakoekin bat etorriz.

    Hirugarrena. Eskabideak.

  1. Hautaketa prozeduran parte hartu nahi dutenek sailen arteko intranetaren -Gurenet- bitartez egin beharko dute eskaera, bertan eskuragarri dagoen eskaera-eredua erabiliz. Eskaera horretan, lehentasun-ordenaren arabera aukeratu nahi den igoera-ikastarorako plazak adieraziko dira.

    Gutxieneko iraunkortasun-betebeharragatik lotutako funtzionarioek berariaz eskatu beharko dituzte espezialitateko plazak, eta, hala egin ezean, nahitaez atxiki ahal izango dira.

  2. Eskabideak aurkezteko epea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita 20 egun baliodunekoa izango da.

  3. Eskabidean zehaztu egin beharko dute zein hizkuntzatan egin nahi dituzten oposizio-probak, gazteleraz edo euskaraz. Eskabidean egindako aukera aldatu ahal izango da proba eta/edo ariketa desberdinak egin baino 72 ordu lehenago Epaimahai kalifikatzaileari idatziz eskatuta.

  4. Eskabidea betetzeak, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako, eskatzailearen aldetik argi eta garbi adieraziko du deialdian parte hartzeko baldintza guztiak betetzen direla.

  5. Alegatu daitezkeen merezimenduak hautaketa-prozesuko hautagaien espediente pertsonalean jaso behar direnez, ez da beharrezkoa izango ez alegatzea ez egiaztatzea.

    Ofizioz egiaztatu eta baloratuko dira, kontuan hartuta eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean espediente pertsonalean aurkeztutako merezimenduak baloratuko direla.

    Laugarrena. Izangaiak onartzea.

  1. Eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren, eta Bigarren Oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla ofizioz egiaztatu ondoren, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak onartutako eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori Hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoarekin batera argitaratuko da.

  2. Bazter utzitako izangai bakoitzari buruz, bazter utzi izanaren arrazoiak eman beharko dira aditzera behin-behineko zerrenda horretan. Erreklamazioak aurkezteko eta eskaerak izan ditzakeen akatsak zuzentzeko 10 egun balioduneko epea izango dute interesatuek.

  3. Aurkeztutako erreklamazioak onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendari behin betikotasuna ematen dion ebazpenean bertan onartu edo ezetsiko dira. Behin betiko zerrenda hori lehen apartatuan aurreikusitako moduan argitaratuko da.

  4. Aurreko zerrendetan eta ondoren argitaratuko diren guztietan, pertsona bere lanbide zenbakiaren bitartez identifikatuko da.

    Bosgarrena. Epaimahai Kalifikatzailea.

  1. Oposizio-lehiaketako probak eta parte hartuko duten pertsonen hautaketa zehazteko, garatzeko eta ebaluatzeko Epaimahai bat izango da, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren eta uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren aurreikuspenen arabera. Epaimahaia mahaiburu batek, bi bokalek eta idazkari batek osatuko dute.

    Epaimahai Kalifikatzailea osatuko duten kideen eta ordezkoen izendapena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bitartez argitaratuko da Hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz. Otsailaren 28ko 4/2005 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, osaera horretan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango da.

  2. Epaimahai Kalifikatzailearen jarduna kide anitzeko organoen funtzionamenduaren arau erregulatzaileek araupetuko dute.

    Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten pertsonei Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan jasotako abstentzio- eta errekusazio-arrazoiak aplikatuko zaizkie.

    Aipatutako Epaimahai Kalifikatzailean parte hartzen duenak legez aurreikusitako ordainsaria izango du.

  3. Hautaketa prozedura osatzen duten proben eta merezimenduen garapena eta ebaluazioa Epaimahai Kalifikatzaileari dagozkio, eta autonomia osoz jokatuko du. Epaimahai hori prozeduraren objektibotasunaz arduratuko da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.

  4. Epaimahaiak aholkulari edo adituak hartu ahal izango ditu bere lanetarako, nahiz hautaketa proba guztietarako, nahiz baterako. Aipatutakoek euren espezialitateen barruan aholkuak eta laguntza teknikoa emango dituzte.

  5. Hautaketa sistema garatzeko beharrezko diren neurriak hartu ahal izango ditu Epaimahaiak deialdi honetan finkatuta ez dauden guztietan, eta gainera, deialdiko oinarriak interpretatzeak eta aplikatzeak eta beren lanetarako jardunak sortu ahal dituzten arazo guztiei ebazpena emateko ahalmena izango du.

  6. Epaimahaiak ezin izango du deklaratu honako hau: onartutako izangaien kopuruak deialdiaren lanpostu-kopurua gainditzen duela, alegia. Muga horretaz kanpo leudekeen proposamenak erabat legez kanpo egongo lirateke.

  7. Epaimahai Kalifikatzailearen erabakiak hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz argitaratuko dira.

  8. Epaimahai kalifikatzaileari zuzendutako idazkiak honako posta elektronikora bidali beharko dira: 2022ofizialorde@seg.euskadi.eus

    Epaimahaiak bide hori erabiliz erantzungo die idatziei.

    Seigarrena. Hautaketa prozesua.

  1. Hautaketa prozesua oposizio-lehiaketa bitartez egingo da. Oposizio eta lehiaketa prozedurak izango dira izangaien gaitasuna eta haien arteko lehentasuna zehaztuko dutenak.

  2. Lehiaketa-aldia ez da baztertzailea izango eta horretan lortutako puntuak ez dira kontuan hartuko oposizio ariketa gainditutzat emateko ezta ariketotan lortutako emaitzak aldatzeko ere.

    Zazpigarrena. Oposizio-aldia.

    Oposizioa ondorengo probek osatuko dute:

  1. Lehenengo proba, nahitaezkoa eta baztertzailea: jakintza proba bat izango da eta test erako galdetegia idatziz erantzun beharko da.

    Probaren edukia ebazpen honen I. eranskinean zehaztuta dago.

    Test erako galdetegiko galdera bakoitzean lau erantzun aukera izango dira. Lau aukera horietatik bat bakarrik izango da erantzun zuzena.

    Proba honetan, erantzun zuzen bakoitzak puntu bat izango du, eta erantzun oker bakoitzak 0,333ko zigorra jasoko du, erantzun zuzen bakoitzaren balioari dagokionez. Erantzun gabeko galderak eta erantzun bikoitzak ez dira zigortuko.

    Proba honetan, 0 puntutik 100era emango dira, eta kanpoan geratuko dira gutxienez 50 puntu lortzen ez dutenak.

    Hautaketa sistemaren hurrenkera onari begira, Epaimahai kalifikatzaileak, eskatu beharreko gutxiengo maila kontuan izanik, proba honetan erakutsitako ezagutza-maila eta hautagaien identitatea jakin baino lehen, proba gainditzeko beharrezko gutxieneko puntuazioa non ezarri erabaki ahal izango du eta erabaki hori argitaratuko du.

    Horrelakoan, proba honetako puntuazioa lortzeko, aurreko paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, Epaimahai kalifikatzaileak ondorengo formula aplikatuko du:

    HAP = (APgeh / 2) x (1 + (PZ - m) / (PZgeh - m)).

    Hau da:

    HAP = Hautagaiak lortutako azken puntuazioa.

    APgeh = Proban gehienez lor daitekeen azken puntuazioa (Deialdiaren oinarrien arabera, proban lor daitekeen puntuazio gehiena: 100,00 puntu).

    PZ = Hautagaiak lortutako puntuazio zuzena:

    PZ= Zuzenak (Hutsegiteak x 0,333).

    m = Epaimahaiak ezarritako proba gainditzeko gutxienez lortu beharreko puntuazio zuzena.

    PZgeh = Probaren gehieneko puntuazio zuzena (Proban gehienez lor daitekeen puntuazio zuzena = Azterketa baten erantzun zuzenen kopurua, erantzun guztiak zuzen emanda).

  2. Bigarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea, proba psikoteknikoa. Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako ofizialorde kategoriako polizia-eginkizunak betetzeko izangaien gaitasunak ebaluatzeko proba.

    Proba hori 0tik 40ra bitartean baloratuko da eta gutxienez 20 puntu lortzen ez dutenak automatikoki baztertuta geratuko dira.

    Probak lau ariketa izango ditu eta bakoitzak 0 eta 10 puntu arteko balioa izango du. Test motako galdetegi bati idatziz erantzutea izango da. Galdera bakoitzak lau erantzun-aukera izango ditu, eta horietako bakarra izango da zuzena.

    Ariketa bakoitzean, asmatu gabeko erantzun bakoitzak 0,333 puntuko zigorra izango du. Erantzun gabeko galderek eta erantzun bikoitzek ez dute zigorrik jasoko.

    Ariketak honako hauek izango dira:

    1. Arrazoitze-ariketa.

    2. Pertzepzio-gaitasunen ariketa (identifikazioa, bereizketa...).

    3. Espazio-gaitasunen ariketa.

    4. Ahozko gaitasunen ariketa.

      Hautaketa sistemaren hurrenkera onari begira, Epaimahai kalifikatzaileak, eskatu beharreko gutxiengo maila kontuan izanik, proba honetan erakutsitako ezagutza-maila eta hautagaien identitatea jakin baino lehen, ariketa bakoitza gainditzeko beharrezko gutxieneko puntuazioa non ezarri erabaki ahal izango du eta erabaki hori argitaratuko du.

      Horrelakoan, proba honetako puntuazioa lortzeko, aurreko paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, Epaimahai kalifikatzaileak ondorengo formula aplikatuko du:

      HAP = (APgeh / 2) x (1 + (PZ - m) / (PZgeh - m)).

      Hau da:

      HAP = Hautagaiak lortutako azken puntuazioa.

      APgeh = Ariketan gehienez lor daitekeen azken puntuazioa (Deialdiaren oinarrien arabera, ariketan lor daitekeen puntuazio gehiena: 10 puntu).

      PZ = Hautagaiak lortutako puntuazio zuzena:

      PZ= Zuzenak (Hutsegiteak x 0,333).

      m = Epaimahaiak ezarritako ariketa gainditzeko gutxienez lortu beharreko puntuazio zuzena.

      PZgeh = Probaren gehieneko puntuazio zuzena (Proban gehienez lor daitekeen puntuazioa zuzena. Azterketa baten erantzun zuzenen kopurua, erantzun guztiak zuzen emanda).

  3. Hirugarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea, nortasun-proba.

    Proba hau 0 eta 40 puntu bitartean baloratuko da, eta zuzenean baztertuko dira gutxienez 20 puntu lortzen ez dituztenak. Proba hori baloratu ahal izateko, item guztiei erantzun beharko zaie. Baieztapenetako bati erantzuten ez bazaio (galdera berari erantzun bat baino gehiago, erantzun zuri bat edo baliogabetze-lerroan markatutako erantzun bat badago), galdera horren eskalako puntuazioa 0 puntukoa izango da.

    Proba hori nortasun-test bat izango da, lan-jarduerarekin lotutako jokabideak neurtzeko eta ebaluatzeko, bai eta hautaketa-prozeduran parte hartzen duten pertsonen desegokitasun-adierazleak neurtzeko eta ebaluatzeko ere.

    Proba hau deialdiko lanpostuaren lanbide-profilari buruzkoa izango da.

    Zortzigarrena. Oposizio-proben garapena.

  1. Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik bi hilabete igaro arte ezingo dira hasi probak.

  2. Lehenengo azterketa noiz, zer ordutan eta non egingo den gutxienez zazpi egun natural lehenago iragarriko da, Hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoarekin bat. Gainerako argitaratze-iragarkiak ere, Hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko dira, gutxienez 72 ordu lehenago.

  3. Epaimahai Kalifikatzaileak deialdian ezarritakoa ez bezala egin ahal izango ditu probak edo oposizioa osatzen duten ariketak; hau da, beste ordena batean eta egun berean proba bat baino gehiago egin edo ez erabaki ahal izango du. Azken honetan, ariketa edo proba desberdinen emaitzak deialdiaren oinarrietan agertzen diren ordenan argitaratuko dira. Emaitzak argitaratuko dira aurreko proba gainditu duten neurrian, Zazpigarren oinarrian agertzen den ordenari jarraituz.

  4. Epaimahaiak nahitaezko probak edo ariketak egiteko finkatutako tokian, datan eta orduan agertzen ez diren izangaiak hautaketa-prozesutik baztertuta utziko ditu behin betiko, ez agertzeko arrazoia ezinbestekoa izan arren. Arau bera aplikatuko zaie nahitaezko edozein probatara berandu bertaratzen diren izangaiei.

    Nahitaezko probetako batek ariketa bat baino gehiago izanez gero, eta horietako batera agertu ezean edo berandu iritsiz gero, ez bertaratutzat joko da.

    Aurreko bi paragrafoetan aurreikusitakoaren salbuespen gisa, hautaketa-proben garapenean, aukera- eta tratu-berdintasuna bermatzeko, Epaimahai kalifikatzaileak probak egiteko datak edo tokiak moldatu ahal izango ditu haurdun dauden emakumeen, erditzeko dauden emakumeen, eta erditu aurretiko eta ondorengo aldian dauden emakumeen kasuan, baldin eta inguruabar horien berri ematen bazaio Epaimahai Kalifikatzaileari proba edo ariketa egin baino lehenago, eta epaimahaikideek medikuaren ziurtagiriaren berri badute.

  5. Oposiziogileek identitatearen egiaztatze-agiriak eraman beharko dituzte proba guztietara; Epaimahai Kalifikatzaileak edonoiz eska diezaieke horiek erakusteko.

  6. Proba bakoitza bukatu ondoren, Epaimahai Kalifikatzailearen erabakiz proba hori gainditu duten eta kanpoan geratu diren izangaien zerrenda argitaratuko da Hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoarekin bat, eta lortutako emaitzak azalduko dira bertan.

    Bederatzigarrena. Lehiaketa.

  1. Lehiaketa-fase horren kalifikazioa oposizio-fasea gainditu dutenei baino ez zaie aplikatuko.

  2. Merezimenduak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna kontuan hartuta baloratuko dira, Hirugarren oinarriko 5. atalean ezarritakoaren arabera.

  3. Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza Araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 13.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, ez dira merezimendutzat hartuko deialdian parte hartzeko eskatutako betekizunak eta baldintzak.

  4. Lehiaketa-fasean, merezimenduak baloratuko dira, 50 puntura arte, baremazio honen arabera:

  1. Lanbide-historiala gehienez 15 punturekin baloratuko da, Ertzaintzaren lanpostuetako eginkizunak eta polizia lanagatiko aintzatespenak kontsideratuko dira.

    1- Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duen 388/1998 Dekretuaren II., III., eta IV. kapituluetan aurreikusitakoa betetzeko edozein modutan lortutako lanpostuetako eginkizunak edo lan-eginkizunak baloratuko dira.

    Lanpostu bakoitza Ertzaintzako lanpostu zerrendan adierazitako lanpostuaren kodearekin identifikatuko da eta ez dira kontsideratuko lanpostu desberdin lanpostu kode bereko dotazio desberdinak.

    Atal hau gehienez 10 punturekin baloratuko da, ondorengo baremo partziala erabiliz, deialdi honetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epemuga baino arinagoko 10 urteak, Ertzaintzan lan egindako hilabete osoa (unitatea baino gutxiagoko zatiak baztertuz), kontsideratuko dira Ertzaintzako lanpostuetako egonalditzat eta honela baloratuko dira:

    Ofizialorde edo goragoko kategoriara erreserbatutako lanpostuetako egonaldiak: 0,25 puntu Ertzaintzan jardun profesionaleko zerbitzuen hilabete oso bakoitzeko (unitatea baino zati txikiagoak ez dira kontuan hartuko).

    Agente lehena kategoriara erreserbatutako edo oinarrizko eskalako lanpostuetako egonaldiak: 0,10 puntu Ertzaintzan jardun profesionaleko zerbitzuen hilabete oso bakoitzeko (unitatea baino zati txikiagoak ez dira kontuan hartuko).

    Agente kategoriara erreserbatutako lanpostuetako egonaldiak: 0,05 puntu Ertzaintzan jardun profesionaleko zerbitzuen hilabete oso bakoitzeko (unitatea baino zati txikiagoak ez dira kontuan hartuko).

    2. Polizia lanagatiko aintzatespenak gehienez 5 punturekin baloratuko dira. Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzeko den urriaren 16ko 202/2012 Dekretuan araututako aintzatespenak ematea ondorengo baremoarekin bat etorriz baloratuko da:

    1. Polizia-lanarengatiko bereizgarri gorridun domina: 5 puntu.

    2. Polizia-lanarengatiko bereizgarri berdedun domina: 4 puntu.

    3. Polizia-lanarengatiko bereizgarri zuridun domina: 3 puntu.

    4. Polizia-zerbitzuarengatiko bereizgarri gorridun diploma: 2 puntu.

    5. Polizia-zerbitzuarengatiko bereizgarri zuridun diploma: puntu 1.

      Polizia-zerbitzuaren diplomak baloratzeko, polizia-zerbitzuari bereizgarri gorria ematen dion diplomaren balorazioak baztertu egiten du polizia-zerbitzuari bereizgarri zuria ematen dion diplomaren balorazioa.

  2. Ikasketak, gaikuntza eta trebakuntza profesionaleko jarduerak gehienez 20 punturekin baloratuko dira. Atal honetan titulazio eta diploma ofizialen balorazioa sartzen da, eta Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Ministerioak halakotzat aitortutakoak bakarrik hartuko dira halakotzat.

    Gehienez 20 puntu emango zaizkie, baremo honen arabera:

    1. Goi-mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Markoko 2. Mailako titulazio ofizialei (Kualifikazioen Europako Markoko 6. maila) 10 puntu emango zaizkie.

    2. Goi-mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Markoko (Kualifikazioen Europako Markoko 7. maila edo goragokoa) 3. Mailako edo goragoko titulazio ofizialei 20 puntu emango zaizkie.

      Titulazio bakarra baloratuko da, eta, nolanahi ere, aurkeztutakoen artean mailarik handiena duena izango da.

      Unibertsitateen berezko tituluak ez dira baloratuko.

  3. Antzinatasuna Ertzaintzan.

    Ertzaintzako antzinatasuna zenbatzeko, zerbitzu aktiboko eta bigarren jarduerako egoeretan pertsonak igarotako denbora hartuko da kontuan, praktiketako funtzionario gisa igarotako denbora barne. Era berean, honako egoera hauetan emandako denbora ere zenbatuko da: seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzian emandako denbora; ordezkaritza-organo publikoetarako hautagai gisa parte hartzeagatiko borondatezko eszedentzian emandako denbora; genero-indarkeriagatiko eszedentzian emandako denbora, nahitaezko eszedentzian emandako denbora, zerbitzu berezietan emandako denbora, eta beste administrazio publiko batzuetako zerbitzu-egoera administratiboan emandako denbora. Zerbitzu aktiboko edo bigarren jarduerako egoera aldatzen ez duten lizentzia eta baimenek ere ez dute etengo antzinatasunaren zenbaketa.

    Antzinatasun-kontzeptuaren zenbaketaren hasiera-data izango da Ertzaintzako karrerako funtzionario izatera iritsi den izangaiak Ertzaintzan sartzeko prozeduran praktiketako funtzionario izendapena izan duen egunari dagokiona.

    Hutsegite arinagatiko eginkizun-gabetzeak ez du antzinatasunaren zenbaketa etengo. Falta astunen kasuan ere ez da antzinatasun-denbora murriztuko, baldin eta etete-zehapena Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 146. artikuluaren bosgarren paragrafoan ezarritako modalitatearen bidez bete bada.

    Antzinatasun-merezimendua Giza Baliabideen Zuzendaritzan dauden datuen arabera baloratuko da, eta 0,50 punturekin baloratuko da Ertzaintzan egindako antzinatasun-urte oso bakoitzeko (unitatea baino zati txikiagoak baztertuko dira), eta gehieneko puntuazioa ez da inoiz 15 puntutik gorakoa izango.

    Hamargarrena. Euskararen jakite-maila.

  1. Euskararen jakite-maila merezimendu gisa baloratuko da, gehienez ere 45 puntu emanez egiaztatuta dutenei, edo euskararen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagiriak baliozkotzeko eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz aitortu edo parekatu zaienei (2010eko azaroaren 15eko EHAA, 219. zk.), eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baremo honen arabera:

    Ertzaintzako 1. hizkuntza-eskakizuna: 23 puntu.

    Ertzaintzako 2. hizkuntza-eskakizuna: 45 puntu.

  2. Ez da inolako probarik egingo hautaketa-prozesuan euskararen ezagutza egiaztatzeko.

  3. Egiaztapen hori ofizioz egiaztatu eta baloratuko du Epaimahai Kalifikatzaileak, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

    Hamaikagarrena. Oposizio-lehiaketako azken kalifikazioa.

  1. Oposizio-lehiaketako azken kalifikazioa bi faseetan lortutako puntuen batura izango da, euskararen ezagutza merezimendu gisa ebaluatzetik lortutakoa gehituta, eta guzti horrek zehaztuko du izangaien lehentasun-hurrenkera.

  2. Sailkapen hurrenkeran puntu berdinketarik izango balitz, ondorengo probetan emaitzarik onena lortu dutenen alde egingo litzateke eta hurrenkera honetan:

    1. 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunekoa.

    2. Ezagupen teorikoen proban lortutako puntuazio onena (oposizioko lehen proba).

    3. Antzinatasunik handiena Ertzaintzan.

  3. Hautaketa-sistema osatzen duten proben eta merezimenduen sailkapena amaitu ondoren, Bosgarren oinarrian aurreikusitako Epaimahai Kalifikatzaileak, Hemeretzigarren oinarrian ezarritakoaren arabera, lehiaketa-oposizioan kalifikazio hobea lortzeagatik hautatutako izangaien behin-behineko zerrenda bat onartu eta argitaratuko du, lehenengo oinarrian zehaztutako aukera bakoitzeko, eskabidean adierazitako lehentasun-ordenaren arabera, berdinketa hausteko irizpideak aplikatuta, eta honako irizpide hauek aplikatuta:

  1. Espezialitateei buruzko zerrendak eta espezialitaterik ez baina eskakizun espezifikoa duten plazen zerrendak honako hauek osatuko dituzte:

    oposizio-lehiaketa gainditu eta gutxieneko iraunkortasunaren mende daudenak,

    edo oposizio-lehiaketa gainditu eta gutxieneko iraunkortasunaren mende ez daudenek espezialitatearen eta berariazko betekizunaren baldintza betetzen badute eta honako hau aukeratu badute:

    espezialitatearen betekizuna duten plazak.

    edo espezialitate betekizunik ez duten plazak, baina berariazko betekizuna duten plazen arabera.

  2. Espezialitaterik eta betekizun espezifikorik gabeko plazen zerrenda:

    oposizio-lehiaketa gainditu eta gutxieneko iraupenik ez dutenak, baldin eta espezialitaterik gabeko plazak aukeratu badituzte.

    nolanahi ere, azken zerrenda horretan sartuko dira oposizio-lehiaketa gainditu dutenak, gutxieneko iraupena dutenak eta:

    espezialitate bat aukeratu badute, baina kopuru nahikorik ez dutenez, espezialitatedun plazei atxiki ez badira.

    baldin eta, gainera, eskabidea betetzeko unean, beren lehentasunen artean espezialitaterik eta baldintza espezifikorik gabeko plaza bat eskatu badute.

    Esleipen hori Hamalaugarren oinarriko 2. eta 3. ataletan aurreikusitakoari lotuta egongo da.

    Behin-behineko zerrendak puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira.

    Aurreko paragrafoan aipatutako behin-behineko zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik 10 egun balioduneko epean, interesdunek egoki iritzitako erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte zerrenda horien aurka. Erreklamazioak behin betiko zerrenda onartu baino lehen ebatziko dira.

    Epe hori igarotakoan, Epaimahaiak, Bosgarren Oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz onetsiko du eta Hemeretzigarren oinarrian ezarritakoarekin bat etorriz argitaratuko du hautatutako pertsonen behin betiko zerrenda, dagokien kalifikazioen, puntuazio-ordenaren eta lehenengo oinarrian zehaztutako aukera bakoitzeko, eta eskabidearen hurrenkeran eta Hirugarren oinarriko 1. zenbakiko bigarren paragrafoan xedatutakoaren arabera hautatutako aukera.

    Hamabigarrena. Betekizunak egiaztatzea eta Ertzaintzako Ikuskapen Eskalako praktiketako ofizialordeen izendapena.

  1. Bigarren Oinarrian ezarritako araudiarekin bat datorren deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten hautatutako pertsonak Ertzaintzako Ikuskapen Eskalako praktiketako ofizialorde izendatuko ditu Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ebazpen baten bitartez. Ebazpen hori Hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da, ikastaroaren prestakuntza-aldiaren hasiera egunarekin batera.

  2. Betekizunen bat ez betetzeagatik errenuntziak edo baztertzeak gertatuko balira, aurreko atalean adierazitako ebazpena argitaratu baino lehen, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak hautaketa prozesutik bazter utziko ditu edo ordezkatu egingo ditu, uko egite edo baztertze horien ondorioz, eta eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, deialdiko plaza-kopuruan sartuz.

    Hamahirugarrena. Ikastaroaren prestakuntza-aldia.

  1. Ikastaroaren prestakuntza-aldian sartzeko eskubidea izango duten Ertzaintzako Ikuskapen Eskalako praktiketako ofizialordeen ikastaroa emateko, txanda desberdinetan banatu ahal izango dira.

    Txanda desberdinetarako izendapena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak egingo du eta horretan zorrotz beteko da Hamaikagarren oinarriko hirugarren atalean ezarritako lehentasun hurrenkera. Prestakuntza-ikastaroetarako atxikipena askotarikoa izan daiteke, Lana eta Familia Bateragarri egiteko Legea, Ezkontzaren eta erditzearen, erditze aurrekoaren edo erditze ondokoaren ondoriozko egoerak aplikatuz. Gorabehera horiek hautemateko, eraginpean egon daitezkeen pertsonek alegatu egin beharko dizkiote Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari, hamar egun naturaleko epean, Hamabigarren oinarriko lehen paragrafoan aurreikusitako argitalpenetatik zenbatzen hasita.

    Lana eta Familia Bateragarri egiteko Legea, ezkontzaren eta erditzearen, erditze aurrekoaren edo erditze ondokoaren ondoriozko egoerak aplikatzearen ondoriozko inguruabarrak aplikatuz ikastaro bati atxikitako prestakuntza-ikastaroa egiten duen pertsonari edo pertsonei dagokienez, ikastaroaren kalifikazioa ez da argitaratuko, eta etenda egongo da, harik eta, aurreko Hamabigarren oinarrian ezarritako lehentasun-ordenaren arabera, prestakuntza-ikastaroaren kalifikazioa argitaratu arte.

    Prestakuntza-ikastaroa egiten den bitartean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak izango du irakaskuntza-jardueretara joatetik salbuesten duen edozein lizentzia edo baimen emateko eskumena.

    Prestakuntza-ikastaroan zehar eskola-jardueretara joatea nahitaezkoa da, eta zerbitzu-premiatzat hartuko da edozein baimen-eskaera egiteko.

  2. Interesdunei ikastarora etortzeko jakinarazpena, Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren bidez, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak egingo die.

  3. Prestakuntza-aldia Ikasketa Planaren araberakoa izango da.

  4. Prestakuntza-aldia Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egingo da edo Akademiako zuzendariak erabakitzen dituen egoitzetan.

  5. Prestakuntza-aldiaren azken kalifikazioa Hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.

  6. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak bazter utziko ditu prestakuntza-aldia gainditzen ez dutenak.

  7. Prestakuntza-aldiaren edozein momentutan ikusiko balitz ikasleak prestakuntza-aldia ezin izango lukeela gainditu, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak bazter utzi ahal izango du prozesutik, betiere interesdunari entzun ondoren.

    Hamalaugarrena. Praktikaldia.

  1. Ikastaroaren prestakuntza-aldia gainditu duten pertsonek egingo dute praktikaldia, hautatu ziren plazen arabera dagozkien unitate edo zerbitzuetan.

  2. Praktikaldia hasi baino lehen, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak praktikaldiaren hasiera, iraupena, balorazio sistemak eta prozedurak eta praktikaldiaren gainditzea ezartzen dituen ebazpena emango du.

  3. Praktiketako destinoak Giza Baliabideen Zuzendaritzak zehaztu eta esleituko ditu, interesdunek adierazitako lehentasunaren eta lehiaketa-oposizioko kalifikazioen eta prestakuntza-ikastaroaren baturaren ondoriozko puntuazio onenaren arabera, betiere publikotasunaren, berdintasunaren, merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioak errespetatuz. Prestakuntza-ikastaroa gainditzen dutenek praktiketako destinoa eskatu beharko dute, hautatuak izan ziren plazen arabera eskaintzen zaien epean eta moduan; eskabidea ezarritako moduan eta epean egiten ez badute, nahitaez atxiki ahal izango dira, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik sortuko.

    Prestakuntza-ikastaroa amaitu ondoren, praktikaldia hasi bitartean, prestakuntza-ikastaroan parte hartu duten pertsonak jatorrizko destinoetara itzuliko dira, bakoitzaren kategoriaren arabera eta prestakuntza-ikastaroaren hasieran zegoen egoera berean.

  4. Praktikaldian zehar, eraginkortasun profesionala ebaluatuko da, Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako ofizialordeen kategoriari dagozkion funtzioak betetzearekin lotuta. Ebaluazio horrek praktikaldiak irauten duen epean zehar betetako egintzak neurtuko ditu.

  5. Praktikaldiaren kalifikazioak Hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko dira.

  6. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak praktikaldia gainditu ez dutenak hautaketa prozeduratik bazter utziko ditu.

    Hamabosgarrena. Praktiketako ofizialordeen araubide juridikoa.

  1. Praktiketako ofizialordeak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Barne Araubideko Araudian ezarritako diziplina-araubidearen arauen mende egongo dira, eta, ordezko gisa, gertakaria irakaskuntzako diziplina-falta soila ez den kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoen diziplina-araubidearen arauen mende.

    Era berean, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 74.2 artikuluan aurreikusitako ordainsariak aplikatuko zaizkie.

  2. Praktiketako ofizialordeei lizentzia bat emango zaie, agente kategoriarekin lanean diren lanpostuari dagokionez. Aipatutako lizentzia ordaindu egingo da, non eta ez duten aukeratzen Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 74.2 artikuluan aurreikusitako ordainsariak jasotzea.

  3. Praktiketako ofizialordeak, hala egongo dira, harik eta karrerako funtzionario izendatu arte edo hautaketa prozesutik bazter utzi arte, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 74. artikuluak eta hurrengoek zehazten dutenaren arabera.

  4. Prestakuntza ikastaroa eta praktikaldia, bakoitza bere aldetik, derrigorrezkoak eta baztertzekoak dira, eta horietara ez bertaratzeak ondorio hauek izango ditu izangaientzat: hautaketa prozesutik berehalakoan bazter uztea, eta Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako ofizialordeen kategorian sartzeko lituzketen eskubide guztiak galtzea. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak egingo du bazter uzteko den deklarazioa.

    Aurreko paragrafoan xedatutakoa kontuan izanda ere, ezinbesteko kausaren bat dela-eta pertsona batzuk ez badira agertzen ikastarora edo praktikaldira edo ez badituzte burutzen, hurrengoetan egin ditzakete, baldin eta aurrekoa ezinezko egiten zituzten zirkunstantziak desagertzen badira eta aldez aurretik eskatzen badute. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak aztertuko du auzia, eta hark emango du dagokion ebazpena.

    Hamaseigarrena. Hautaketa prozeduraren behin betiko sailkapena eta karrerako funtzionarioen izendapena.

  1. Hautaketa prozedurako behin betiko sailkapen-ordenaren eraketa honela egingo da: oposizio-lehiaketan, praktikaldian eta ikastaroaren prestakuntza-aldian lortutako kalifikazioen batuketa eginez.

  2. Praktikaldia amaitu eta hurrengo bi hilabeteen barruan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren proposamenez, hautaketa prozedura gainditu duten pertsonak ofizialorde izendatuko ditu Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak, eta izendapenak hautatutakoen destinoa adieraziko du; hori Hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoarekin arabera argitaratuko da.

    Izendapena Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako ofizialorde moduan izango da.

  3. Izendatutako pertsonek izendapena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita 10 eguneko gehieneko epean joan beharko dute lanpostura. Horrela egin ezean, salbu eta ezinbesteko kausaren bat badago, egin dituzten jarduera guztiak baliogabeturik geratuko dira eta karrerako funtzionario izateko dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

    Hamazazpigarrena. Falta astun edo oso astunengatik zigorrak ezartzea.

    Ofizialorde kategorian sartzeko izangaiek diziplina-espedientea irekita badute edo ondoren irekitzen bazaie, hautaketa-prozesuan onartua izateko, bertan jarraitzeko eta ofizialorde kategorian sartzeko, adierazitako diziplina-espedienteetan ez zaie jarri beharko falta astun edo oso astunengatiko zehapenik.

    Hemezortzigarrena. Pertsonen identifikazioa hautaketa prozeduran.

    Hautaketa prozedura honetan parte hartuko duten pertsonak, prozeduran (hautaketa prozesua, ikastaroaren prestakuntza-aldia eta praktikaldia), eskaerako identifikaziorako lanbide zenbakiaren bitartez identifikatuko dira. Halaber, identifikaziorako lanbide zenbaki hori erabiliko da Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako ofizialordeen izendapenerako.

    Hemeretzigarrena. Argitalpenak.

    Hala adierazten den kasuetan izan ezik, argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan egingo dira, eta saileko intranetean Gurenet kontsultatu ahal izango dira. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulako argitalpen-datek zehaztuko dituzte epe-kontaketak.

    Era berean, horretatik sor daitezkeen egintza administratibo guztiak modu eta izaera horretan argitaratuko dira.

    Hogeigarrena. Kalte-ordainak.

    Izangaien aldetik barneko edozein hautaketa prozesutako deialdietara aurkeztea borondatezkoa denez gero, izangaiek ez dute inolako eskubiderik izango hautaketa aldian, ikastaroaren prestakuntza-aldian eta praktikaldian sor daitezkeen bidaia gastuen edo beste batzuen gainean, eta, beraz, administrazioak ez du gastuok ordaintzeko obligaziorik.

    Hogeita batgarrena. Errekurtsoak.

    Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2005 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, ebazpen honen kontra bide administratiboari amaiera ematen dio interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiari, Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratuta agertu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzietako ordena jurisdikzionalaren aurrean zuzenean aurkatu ahal izango dute.

    Aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarriz gero, ezin izango da jo bide jurisdikzionalera hori espresuki ebatzi arte, edo ustezko ezespena gertatu arte administrazioaren isiltasuna dela-eta.

    Interesdunak bide jurisdikzionala aukeratuz gero, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri beharko du Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998ko Legearen 14. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, eskumena duen Administrazioarekiko Auzietako Epaitegiari zuzenduta, Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita bi hilabeteko epearen barruan.

    Deialdi honetatik, epaimahaien jardueratik edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako organoetatik eratorritako administrazio-egintzak aurkaratu ahal izango dituzte interesdunek, administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian aurreikusitako moduan eta kasuetan.

    Arkauti, 2022ko maiatzaren 4a.

    Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

    ANDRÉS ZEARRETA OTAZUA.

  1. Bide-segurtasuna.

    Bide-segurtasunaren eta istripuen ikerketaren arloko koordinazio-protokoloa. (002 Zerbitzu-agindua).

    Zigor Kodea aplikatzea bide-segurtasunaren arloan. (004 Zerbitzu-agindua).

    Trafiko-istripuen aurrean egin beharreko eginbideak. (014 Zerbitzu-agindua).

  2. Ingurumena.

    Ertzaintza eta ingurumenaren aurkako delituak. (044 Instrukzioa).

    Jarduketa azaleko ur kontinentaletako isurketetan. (034 Zerbitzu-agindua).

    Jarduketak baso-suteetan. (035 Zerbitzu-agindua).

  3. Seinalamenduak eta atxilotze-aginduak.

    Atxilotzeko eta entregatzeko Europako agindua. (020 Instrukzioa).

    Atzerriko herrialdeek sortutako SSI seinalamenduak. (037 Instrukzioa).

    SSI/SNBD seinalamenduak (Eremu nazionala). (038 Instrukzioa).

  4. Poliziaren esku-hartzeak bide publikoan.

    Leku publikoetan biltzeko eskubidea eta manifestatzeko eskubidea babestea. (006 Instrukzioa).

    Poliziaren esku-hartzea greba-eskubidea gauzatzean. (051 Zerbitzu-agindua).

    Kontrolak bide, leku eta establezimendu publikoetan. (011 Zerbitzu-agindua).

    Gorputz-identifikazioak eta -erregistroak praktikatzea. (006 Zerbitzu-agindua).

    Polizia-jarduerak gaixotasun psikiko iraunkorrak dituzten pertsonekin. (014 Instrukzioa).

    Gertakari kritikoen aurrean jarduteko prozedura. (007 Zerbitzu-agindua).

    Banketxeko lapurreta-alarmaren prozedura. (001 Agindu operatiboa).

    Prebentzio Zerbitzua betetzeko prozedura eta berehalako erantzuna PRI-Bizkor. (008 Agindu operatiboa).

  5. Poliziaren esku-hartzeak alderdi penaletan.

    Sexu-erasoen kasuetarako jarduketak. (003 Instrukzioa).

    Ertzaintzak gorroto-delituen aurrean jarduteko prozedura. (077 Instrukzioa).

  6. Poliziaren esku-hartzeak administrazio-eremuan.

    Arma eta objektu arriskutsuen arloko zehapen-prozedurari buruzko jarraibideak. (010 Instrukzioa).

    Drogen arloko zehapen-prozedurari buruzko jarraibideak. (012 Instrukzioa).

    Material piroteknikoa biltegiratzea eta saltzea. (028 Instrukzioa).

    Ibilgailuen eta ondasun higiezinen gordailua. (046 Instrukzioa).

    Droga-mendetasunen arloko prebentzioa eta jarduera. (047 Instrukzioa).

    Adingabeek jokoan parte hartzea. (010 Agindu operatiboa).

  7. Beste batzuk.

    Atxilotuen eta presoen ospitaleko zaintza. (056 Instrukzioa).

    Desagertutako pertsonak, gorpuak eta identifikatu gabeko gorpuzkiak. (063 Instrukzioa).

    Polizia-jarduera adingabeekin. (048 Zerbitzu-agindua).

    Armamentuaren, munizioaren eta istiluen aurkako beste elementu batzuen erabilera eta kontrola arautzea. (073 Instrukzioa).

    Eginbideak bideratzeko, gainbegiratzeko eta izapidetzeko eskumena. (003 Agindu operatiboa).

    Prozedura akusazio eta salaketa faltsuen eta delitu-simulazioen aurrean. (004 Agindu operatiboa).

    Delituaren biktimarenganako arreta. (030 Zerbitzu-agindua).

  8. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 legea.

    Atariko titulua.

    1. titulua: eskumenak, eginkizunak, antolaketa eta finantzaketa.

    2. titulua: Euskal botereen eta administrazio publikoen jardunean genero-ikuspegia txertatzeko neurriak.

    3. titulua: hainbat esku-hartze arlotan berdintasuna sustatzeko neurriak.