Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 3koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako (Gipuzkoa) Pokopandegiko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 101
  • Hurrenkera-zk.: 2278
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/05/03
  • Argitaratze-data: 2022/05/26

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2022ko urtarrilaren 24an, Donostiako Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Donostiako Pokopandegiko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egin zedin, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, tartean, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2022ko martxoaren 10ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu ziren.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Erantzuteko legezko epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluaren arabera.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, legearen helburua da ingurumenean efektu nabarmenak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Donostiako Pokopandegiko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin esanguratsurik ez duela ingurumen-txosten estrategikoaren arabera edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin esanguratsua izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean efektu esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Donostiako Pokopandegiko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Honako eduki hau jaso du:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren xedea da Pokopandegi baserriko nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategiko eraikinak eta instalazioak finkatzea, finkako espazio eta eremuen funtzioa antolatzea, eta abeltzaintzara eta esnearen lehen eraldaketara (jogurten ekoizpena) bideratutako egungo instalazioak handitzeko eta hobetzeko behar diren eraikin berriak mugatzea eta zedarritzea.

    Planean jarduketa hauek proposatzen dira:

    Behi-aziendaren ukuilua handitzea, 20 m luzatuz eta 17,5 m zabalduz. Era berean, ukuiluaren alboan dagoen minda-hobia (4,75 x 35,75 m) handitu egingo da, eta lurpean egongo da erabat. Ukuiluaren okupazioa gaur egun 1.283 m2-koa izatetik 2.259 m2-koa izatera igaro da.

    Gaur egun oilategi gisa erabiltzen den eraikinaren ordez, neurri baliokideak dituen eraikin berri bat jarriko da (15 x 8 m), nekazaritza-industriarako (jogurten ekoizpena), eta jarduera hori bete, ikertu, garatu eta pedagogikoki zabaltzeko eginkizuna izango du.

    Urbanizazio-obra osagarriak (bideak eta aparkalekuak egokitzea, Planaren xede den lurzatiaren barruan).

    Finkak jarduera garatzeko behar diren zerbitzu guztiak ditu (edateko uraren udal-hornidurarako hartunea, udal saneamendu-sarerako hartunea eta energia elektrikoaren eta telekomunikazioen hornidura). Ez da aurreikusten dauden zerbitzu-sareetan aldaketarik egitea.

  2. Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Espedientean dagoen informazioaren arabera, instalazioak esnetarako 120 behi-abelburu izango ditu gehienez (120 AzLU), eta batez beste 1.300 l/egun prozesatuko ditu. Beraz, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: Planaren eremua osatzen duten lau lurzatiak Donostiako HAPOko «D.10. Babes bereziko landa-eremua» kategoriaren barruan daude. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako ustiategia eta jogurtak egiteko nekazaritza-industria lehendik zeudenez, lurzoru urbanizaezinaren kategoria horretan finkatu eta handitu daitezke.

        Planaren eremuaren zati bat EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren «Nekazaritza, Abeltzaintza eta Landazabala» kategoriako «Trantsizioko landa-paisaia» azpikategoriaren barruan dago. Abeltzaintzako ustiapenarekin lotutako eraikuntzak onargarriak dira antolamendu-kategoria honetan. Bestalde, Pinudia lurzatia aipatutako Lurralde Plan Sektorialeko «Basozaintza» kategoriaren barruan dago, eta Planak ez du aldaketarik planteatzen egungo baso-erabileran.

        Ez da hautematen ingurumen-ondorio aipagarririk edo beste plan edo programa batzuekiko bateraezintasunik.

      3. Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko alderdiak integratzeari dagokionez, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere indarrean dagoen araudia eta ingurumen-dokumentu estrategikoan zehazten diren neurri zuzentzaileak betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Efektuen eta ukitua izan daitekeen eremuaren ezaugarriak.

      Planaren xede den eremuak 36.825 m2-ko azalera dauka guztira eta lau lurzatiz osatuta dago. Horietako hiru (Atsedena, Pokopandegi 1 eta Pokopandegi 2 izeneko lurzatiak) elkarren ondoan daude, eta Pokopandegi eta Atsedena baserriak barne hartzen dituzte, bai eta behi-aziendarentzako ukuilu bat ere. Laugarren lurzatia, Pinudia, 10.251 m2-ko azalerakoa, aurrekoetatik 210 m ingurura dago, basozaintza-erabilera du eta horri eutsi egingo zaio. Gainera, Planak ez du bertan jarduketa berririk egitea proposatzen.

      Planaren xede den eremua hegoaldeko zuhaitz-igelaren (Hyla meridionalis) banaketa-eremuaren barruan dago. Espezie hori galtzeko arriskuan dauden espezieen kategoriakoa da, Basoko eta Itsasoko Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoaren arabera, eta Gipuzkoan kudeaketa-plan bat du, 1999ko azaroaren 10eko Foru Aginduaren bidez onartua. Aipatutako Kudeaketa Planean, espezie horrentzat interesgarriak diren kokaguneak inbentariatuta daude eta, horien barruan, espeziea ugaltzeko egokiak diren ur-guneak biltzen dira. Planaren eremuan ez dago espeziea ugaltzeko ur-gunerik; hurbilena 150 metroko distantziara dago.

      Eremuaren ekialdeko mugan erreka bat dago, Igara errekaren adarra, zeinak normalean ez duen urik.

      Pokopandegi baserriaren ondoko lurzatietan dagoen landaredia belardi eta labore atlantikoetakoa da. Eremuaren ekialdeko mugan, eta hortik kanpo, harizti-baso mistoko eremu degradatu bat dago eta erreka ondoan platano arruntak ditu. Pinudia izeneko lurzatia intsiniz pinuaren baso-plantazioetarako erabiltzen da. Ez dago Batasunaren intereseko habitatik eta flora mehatxatuko espezierik dagoenik ere ez dago jasota.

      Planaren xede den eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez da agertzen EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian, ez Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko eremuen zerrendan, eta ez dago jasota kultura-ondareko elementurik dagoenik.

      Planeamenduaren garapen-faseko inpaktu nagusiak ukuilua handitzeko lur-mugimenduek eragindakoak izango dira; izan ere, horrek betelanak egitea eskatzen du, baina ez da beharrezkoa izango eusteko fabrika-obrarik egitea (oinarrian harri-lubeta oinen bat egitea ez bada), Planean lur-mugimenduak minimizatzen dituen antolamendu bat hautatu baita.

      Eraikuntza-jarduketak Pokopandegi baserriaren ondo-ondoan egingo dira, beraz, ez diete ez errekari, ez hari lotutako landarediari eragingo.

      Faunari dagokionez, ez da aurreikusten Plana gauzatzeko jarduketek hegoaldeko zuhaitz-igelari eragingo diotenik. Planaren eremua espezie horren banaketa-eremuaren barruan badago ere, proposatutako jarduketa abeltzaintza-erabilera intentsiboko eremu antropizatu batera mugatzen da, eta ez du espezie horren kudeaketa-planean agertzen den ugalketa-kokalekuen katalogoan jasotako ur-gunerik barne hartzen.

      Etorkizunean egin beharreko obrak txikiak direla kontuan hartuta, urari, zaratari eta hondakinei buruz indarrean dagoen legeria betetzen bada, afekzioak txikiak eta aldi baterakoak izango dira.

      Ukuilua abereen atsedenerako eta elikadurarako espazioa zabaltzeko handituko da, horrek animalien ongizatea hobetzea ekarriko duelako eta, ondorioz, jogurtak egiteko erabiltzen den esnearen kalitatea hobetzea.

      Ustiategiak abeltzaintzako hondakinak kudeatzeko plan bat du, eta, gainera, Abeltzaintzako ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituen irailaren 22ko 515/2009 Dekretuan ezarritako baldintzen mende egongo da jarduketa; beraz, ez da aurreikusten ondorio negatibo nabarmenik sortuko denik.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, lurzatiak ez du uholde-arriskurik eta ez dago jasota lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan. Gainera, akuiferoen kutsadura-arriskua txikia da.

      Kontuan hartuta eremuaren gaur egungo egoera, Planak aurreikusten dituen jarduketen ezaugarriak eta neurri prebentibo, babesgarri eta zuzentzaileak aplikatuko direla, ez da espero jarduketa horiek Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoaren araberako ingurumen-ondorio adierazgarririk izango dutenik.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Donostiako Pokopandegiko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak esandako Planean txertatzen badira.

      Neurri babesgarri eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

      Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, obra-faseari eta jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak.

      Organo substantiboak aurreikusitako obrak eta instalazioak baimentzeko ezartzen dituen baldintzei kalterik egin gabe, Abeltzaintzako ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituen irailaren 22ko 515/2009 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, honako neurri hauek gehituko dira:

      Ustiapen-fasean sortzen diren efluenteak isurtzeko, organo eskudunak isurketarako emandako baimena eduki beharko da, eta baimen horretan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

      Mindak pilatzeko hobia iragazgaiztuta egongo da, gainazaleko eta lurpeko urak iragazteko eta kutsatzeko arriskua saihesteko, gainezka egiteagatik edo ezegonkortasun geoteknikoagatik galerarik ez dela izango ziurtatuz.

      Planaren eremuko berdeguneak diseinatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» hartuko da kontuan, Udalsarea 21en lan-koadernoa, 20 b zenbakia (2017ko apirila, Eusko Jaurlaritza). Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez da inola ere ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonorik erabiliko.

      Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren obretarako jardunbide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze orokorrari eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Ekonomia zirkular baterako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko Legeak (7/2022, apirilaren 8koa) araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.

      Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Kudeaketa Arautzeko dena.

      Lanetan hondeaketako soberakinik sortzen baldin bada, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

      Hiltzeagatik ezustean sortutako ganadu-hondakinak aplikaziozko araudiaren arabera kudeatuko dira, hau da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 1069/2009 (EE) Erregelamenduaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baitira gizakiak jatekoak ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatzeko osasun-arauak (SANDACH erregelamendua deitzen zaio), eta azaroaren 8ko 1528/2012 Errege Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baitira gizakiak jatekoak ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatzeko arauak.

      Albaitaritza-tratamenduetatik eta desinfektatzaileen, intsektiziden eta arratiziden erabileratik eratorritako hondakinak eta bestelako hondakin arriskutsuak kudeatzaile baimendu baten bidez kudeatu beharko dira, arlo horretan aplikatzekoa den araudiak ezartzen duen moduan.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesgarriak eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Donostiako Pokopandegiko Plan Bereziak ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Donostiako Pokopandegiko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 3a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik