Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 2koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena. Honen bidez, 2022ko udako euskara-ikastaroetarako deia egiten zaie IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten herri-erakundeetako langileei.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: HAEE; Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 93
  • Hurrenkera-zk.: 2071
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/05/02
  • Argitaratze-data: 2022/05/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Funtzio publikoa

Testu legala

Euskararen erabilera arautzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak ezartzen du herri-agintariek xedezko neurriak hartuko dituztela Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioari atxikitako langileak arian-arian euskalduntzeko, herritarrei aitortzen zaien eskubidea gauzatzeko helburuarekin, administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz nahiz gaztelaniaz izan daitezen.

Legeak aurreikusitakoak garatzeko apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzeko dena.

Ondoren, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduak arautu zuen Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza prestakuntzako zerbitzua.

Agindu honek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionalekoak ez diren Erakunde Publikoen artean IVAPek eskaintzen dituen hizkuntza prestakuntza ikastaroetara joateko aukera dutenak zeintzuk diren ezartzen du, betiere Hizkuntza normalizaziorako plana onartuta badute eta, aldi berean, IVAPekin lankidetza-hitzarmena izenpetuta baldin badute.

Hori guztia kontuan izanik,

Lehenengoa. Helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-Erakundeetako langileen Hizkuntza gaikuntzan eragitea eta bultzatzea.

Bigarrena. Parte-hartzaileak.

  1. Erakunde hauetako enplegatu publikoek parte hartu ahal izango dute Hizkuntza-Prestakuntzako zerbitzuaren deialdi honetan, baldin eta hurrengo paragrafoan adierazitako baldintzak betetzen badituzte:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko udal- eta foru-administrazioak eta haien erakunde autonomoak.

    2. Eusko Legebiltzarra eta lurralde historikoetako Batzar Nagusiak.

    3. Herri Kontuen Euskal Epaitegia, Arartekoa eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa.

    4. Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako langileak.

    5. Lan Harremanen Kontseilua eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea.

  2. Ebazpen honetan araututako hizkuntza prestakuntza zerbitzuetarako aukera izateko, aurreko paragrafoan adierazitako erakunde publikoek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduan adierazitakoak:

  1. Hizkuntza Normalkuntza Plana izan beharko du onetsia, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

  2. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin aldez aurretik lankidetza-hitzarmen bat sinatu eta berritu izana, aipatutako aginduaren II. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

  3. Edonola ere, IVAPek hizkuntza-prestakuntza eskainiko du, bere aurrekontu-baliabideen barruan.

    Hirugarrena. Udako ikastaroen berezitasunak.

    Udako ikastaroak 2022ko uztailean, abuztuan eta irailean egingo dira. Aurrez aurreko Ikastaroak lanorduetan eta lanorduz kanpoko ordutegian egingo dira, eta autoikaskuntzako ikastaroak, berriz, lanorduz kanpoko ordutegian.

    Ikastaro horiek matrikula-orriaren bidez finantzatuko dira, deialdi honetan eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, eta ikastaroek honako baldintza hauek betetzen badituzte:

    HABEk araututako moduluak izan behar dute.

    Euskaltegi edo autoikaskuntzako zentro publiko edo pribatu homologatuek eman beharko dituzte.

    Aurrez aurreko ikastaroek gutxienez 80 orduko iraupena izan beharko dute.

    Autoikaskuntzako ikastarok gutxienez 70 orduko iraupena izan beharko dute.

    Laugarrena. Interesdunen betekizunak.

    Udako euskara-ikastaro bat lanorduetan zein lanorduetatik kanpo hasi ahal izateko:

    Interesdunak ikastaroren bat eginda izan behar du IVAPen aldez aurreko edozein deialditan, eta, beraz, ikaste-prozesua hasita.

    Interesduna 2021/2022 ikasturteko urrian edo otsailean hasi ez bazen, ordu-kreditu positiboa izan beharko du udako ikastaroaren hasieran, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langile publikoak euskalduntzeko, ordu-kredituak aplikatzea ezartzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2004ko apirilaren 30eko Aginduaren bosgarren artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (2004-05-07ko EHAA, 85. zk.).

    Interesdunak aldi baterako lan-kontratua edo bitarteko izendapena badu, kontratatuta edo izendatuta egon beharko du 2022ko abenduaren 31ra arte gutxienez.

    Bosgarrena. Eskabideak aurkeztea eta kudeatzea. Erakundeak eskakizunak betetzen dituela egiaztatzea.

    Deialdi honetan IVAPek gehienez hiru eskabide onartuko ditu pertsona bakoitzeko.

  1. Lanorduetan eta lanorduz kanpoko eskabideak aurkezteko epea:

    2022ko maiatzaren 17tik ekainaren 8ra, biak barne.

  2. Eskabideak kudeatzea eta erakundeak baldintzak betetzen dituela egiaztatzea.

    Interesdunak euskara ikastaroetan parte hartzeko eskabidea aurkeztuko du bere zerbitzuak ematen dituen erakundean.

    Erakunde bakoitzak deialdi honetako laugarren oinarrian aurreikusitako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du (ordu-kredituari buruzko baldintza betetzen dela izan ezik, hori geroago egiaztatuko baitu IVAPek).

    Erakunde bakoitzak eskabideak baimendu edo ukatuko ditu, IVAPek berariaz jakinaraziko dion epean.

    Lanorduz kanpoko autoikaskuntzako ikastaroen kasuan, erakunde bakoitzak emandako baimenen kopurua ezingo da izan lanorduetatik kanpo hizkuntza-prestakuntzarako baimentzen dituen eskaera guztien % 20 baino handiagoa.

    Erakunde bakoitzak solaskide bat izango du euskara-ikastaroak kudeatzeko.

    Erakunde bakoitzeko solaskideak, IVAPeko Solaskidegune aplikazio informatikoaren bidez, baimendutako eskabideak bakarrik grabatuko ditu. Ondorioz, IVAPek ulertuko du erakunde bakoitzak onartutako eskabide guztiek betetzen dituztela deialdian ezarritako baldintzak.

    Seigarrena. IVAPek ordu-kredituaren betekizuna egiaztatzea.

    IVAPek egiaztatuko du erakunde bakoitzak baimendutako pertsona guztiek ordu-kreditu positiboaren saldoa betetzen dutela, deialdi honen bederatzigarren oinarrian ezarritakoaren arabera. Horrez gain, euskalduntze prozesuan aurretik IVAPekin hasiak direla ere ziurtatuko du.

    IVAPek ukatu egingo ditu ordu-kreditu negatiboa duten eskaerak, eta erakunde bakoitzeko solaskideei jakinaraziko die.

    Zazpigarrena. Ikastaroak kudeatzea.

    IVAPek matrikula-orri bat emango dio interesdunari, berak aukeratutako euskaltegi publiko edo pribatu homologatuan edo autoikaskuntza zentroan soilik baimendutako moduluan matrikula dadin.

    Matrikula egiteko, ezinbestekoa izango da matrikula-orria euskaltegian aurkeztea.

    Ikaslea ez bada inongo euskaltegitan matrikulatzen, zerbitzuak ematen dituen erakundeak matrikula-orria itzuli beharko dio IVAPi.

    IVAP arduratuko da matrikula-orria ordaintzeaz, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:

  1. Interesdunak matrikula-orrian zehaztutako moduluan matrikulatuta egon beharko du.

  2. Interesdunak matrikula-orria aurkeztu beharko du aukeratutako euskaltegian ikastaroa hasi baino lehen.

  3. Interesduna matrikulatzen den ikastaroak deialdi honetako hirugarren oinarrian aurreikusitako baldintzak bete beharko ditu.

    Baldintza horiek guztiak betetzen direla egiaztatu ondoren, IVAPek matrikula-orria onartuko du eta horren kostua bere gain hartuko du. Barnetegi-erregimeneko ikastaroen kasuan, ostatuaren eta mantenuaren kostua ere bere gain hartuko du. Aitzitik, IVAPek ez du bere gain hartuko ikastaroen ondoriozko beste gasturik (joan-etorriak, materialak, etab.).

    Ikasleak egindako matrikulazioak lehen aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, IVAPek ez du ordainketarik egingo eta bere erabakia erakunde horretako solaskideari jakinaraziko dio, ikasleari horren berri eman diezaion.

    Zortzigarrena. Ikastaroen hasiera eta bertaratzea.

  1. Ikastaroen hasiera.

    Ikasleak ikasturteko lehen egunean hasi beharko dira klasean.

  2. Egunero bertaratzea.

    Erakundeetako solaskideek asistentziaren jarraipen espezifikoa egin ahal izan dezaten, IVAPek informazio hori emango du Solaskidegune aplikazioaren bidez, eta ikasleen ez-bertaratze egunak zehaztuko ditu.

  3. Lanorduetan ikastaroetara joateko arau espezifikoak.

    Ondorio guztietarako, ikastaroa ematen den euskaltegia lantokitzat hartuko da. Horrenbestez, bertaratze- eta puntualtasun-hutsegiteak administrazioaren aurrean justifikatu beharko dira, laneko ez-betetze guztiekin egiten den bezala.

    Ikastaroetara joateko baimena ematea erakunde publiko bakoitzaren eskumena denez, erakunde horri dagokio, halaber, baimendutako aldian langileak etenik gabe eskolatuko direla bermatzea.

    Bederatzigarrena. Ordu-kreditua.

    Ikastaroetan, lanorduetan zein lanorduetatik kanpo, ordu-kredituen sistema ezartzen duen Agindua aplikatuko da (Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2004ko apirilaren 30eko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langile publikoak euskalduntzeko, ordu-kredituen aplikazioa ezartzen duena; 2004-05-07ko EHAA, 85. zk.).

    Agindu horren bosgarren artikuluan ezarritakoaren arabera, euskara-ikastaro bat hasi ahal izateko, beharrezkoa izango da ikastaroaren hasieran ordu-kreditu positiboa izatea.

    Deialdi honetan aurreikusitako euskara-ikastaroei dagokien ordu-kreditua ezartzeko, ikasle berriaren hasiera-maila 2021eko urrikoa izango da, edo 2022ko otsailekoa, urrian egin ez badu.

    Ondorioz, IVAPek honela aplikatuko du ordu-kredituaren gaineko kontrola:

    Ikastaroa 2022ko udan hasten dutenei ikastaroa hasi aurretik ordu-kredituaren kontrola aplikatuko zaie. Saldo positiboa agortuta dutenek ezingo dute ikastaroa hasi.

    2021-2022 ikasturteko urrian hasi zirenei ikasturte horretako ordu-kredituaren kontrola aplikatuko zaie. Beraz, urrian ordu-saldo positiboa bazuten, udako ikastaro bat egiteko aukera izango dute, nahiz eta udako prestakuntza-ekintzaren hasieran ordu-kreditua agortuta izan.

    2021-2022 ikasturteko otsailean hasi zirenei ikasturte horretako ordu-kredituaren kontrola aplikatuko zaie. Beraz, otsailean ordu-saldo positiboa bazuten, udako ikastaro bat egiteko aukera izango dute, nahiz eta udako prestakuntza-ekintzaren hasieran ordu-kreditua agortuta izan.

    Hamargarrena. Ikastaroak bertan behera uztea eta ondorioak.

    Ikastaroa hasi ondoren norbaitek behin betiko uztea erabakitzen badu, berehala jakinarazi beharko dio IVAPi, https://ivap.euskadi.eus/izapideak helbidearen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan onartuta dagoen identifikazio- eta sinadura elektronikoko edozein bitartekoren bidez identifikatu ondoren eta helbide honetan kontsulta daitezkeenak: https://www.euskadi.eus/certificados-electronicos

    Arau orokor gisa, ikastaroa utzi izanaren jakinarazpena aurkezten den egunetik aurrera, ordu-kredituaren zenbaketa geldituko da.

    Hala ere, autoikaskuntzako ikastaroen kasuan, ikastaroa uzteak ez ditu aipatutako zenbaketak geldiaraziko. Ondorioz, ikastaroaren ordu-kopuru osoa deskontatuko da ordu-kreditutik, interesdunak prestakuntza-ekintza amaitu aurretik utzi badu ere.

    Hamaikagarrena. Ikasleei buruzko informazioa eta datuen babesa.

    Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuak babesteari buruz indarrean dagoen gainerako araudia betez, jakinarazten da izaera pertsonaleko datuak «EAEko administrazio publikoetako langileen euskalduntzea» izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla. Tratamendu horren helburua izango da EAEko administrazio publikoetako langileen hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak kudeatzea eta ebaluatzea, eta, hala badagokio, programatzea eta bertaratzea gestionatzea, bai eta hizkuntza-gaikuntzagatik esleitutako ordu-kreditua kudeatzea ere.

    Tratamendu horren arduraduna Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritza izango da, eta haren aurrean, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Datuak Babesteko Ordezkariaren aurrean, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, transferitzeko, mugatzeko, aurka egiteko eta errebokatzeko eskubideak baliatu ahal izango dira, baita aplikatu beharreko araudiak aurrez ikusitako beste edozein eskubide ere.

    Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonei buruzko datuak EAEko langileen arloan eskumena duten erakundeei jakinaraziko zaizkie (bertaratzeari eta ebaluazioari buruzko informazioa); Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, normalizazio-planaren betetze mailari buruzko ebaluazio-txostena egiteko (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 6. artikulua); eta HABEri - Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari - (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betez). Datuak ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legeak kontrakoa agintzen ez badu.

    Datuak babesteari buruzko informazio gehigarri eta xehatua hemen kontsultatu dezakezu:

    https://www.euskadi.eus/tratamendu-jardueren-erregistroa-tje/web01-aprat/eu/eu/contenidos/informacion/rat/eu_def/adjuntos/0215_eu.html

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik