Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko apirilaren 29koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Etxebarriko (Bizkaia) San Antonio auzoko Santa Marina 7. exekuzio-unitateari buruzko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 110
  • Hurrenkera-zk.: 2534
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/04/29
  • Argitaratze-data: 2022/06/08

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Etxebarriko Udalak, 2022ko martxoaren 16an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko honako plan honen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari: Etxebarriko San Antonio auzoko Santa Marina 7. exekuzio-unitateari buruzko Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko martxoaren 24an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, izapidearen hasieraren berri eman zitzaion Etxebarriko Udalari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Erantzuteko legezko epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraituz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira nahitaez ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta ingurumen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin esanguratsurik ez duela ingurumen-txosten estrategikoaren arabera edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin esanguratsua izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean efektu esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Etxebarriko San Antonio auzoko Santa Marina 7. exekuzio-unitateari buruzko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Santa Marina 7. exekuzio-unitateari buruzko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren helburuak honakoak dira: «Santa Marina» 7. exekuzio-unitateari buruzko Etxebarriko Arau Subsidiarioetako antolamendu xehatu duen aldaketa puntualean ezarritako antolamendua egokitzea, eta eremurako exekuzio- eta garapen-baldintzak ezartzea.

    Plan horren bidez, auzoko hirigintza-garapena osatzen da, bertako hiri-inguruko izaera kenduz eta lurraldearen jasangarritasun- eta aprobetxamendu-irizpideetara egokitutako dentsitate-maila duen hiria sortuz.

    Planak ez ditu aldatzen xedapen-aldaketak 7. exekuzio-unitaterako ezartzen dituen erabilerak eta eraikigarritasuna, baizik eta bolumetria egokitu, lerrokadurei eta sestrei dagokienez (beheko solairuan dauden etxebizitzei erabilera pribatuko espazioa emango die), eta erabilera publikoko plaza berri bat sortuko da, inguruko bizilagun guztiek erabil dezaten. Halaber, etxebizitzen parke mistoa sortuko da (etxebizitza libreak, tasatuak eta babesekoak).

    «Santa Marina» 7. exekuzio-unitateari buruzko Etxebarriko Arau Subsidiarioetako antolamendu xehatua duen xedapen-aldaketari dagokionez, HAPB honek aldaketa hauek eransten ditu:

    B1, B2, B3 eta B4 eraikuntza-unitateek osatzen duten blokea bitan zatitzea, erdiko plazatik pasealekurantz iragazkortasun handiagoa lortzeko eraikinen atzeko aldean.

    B5 blokearen antolamendua biratzea, B6 bloketik ahalik eta gehien bereizteko, eta beheko solairuko etxebizitzek eremu pribatu bat izan dezaten, bai eta proiektatutako etxebizitzetako bistak hobetzeko ere, horrela etxebizitza guztiek eraikiko den erdiko plazarako zuzeneko bistak izango baitituzte.

    B5 blokeko garajeetara B1, B2, B3 eta B4 blokeetako garajetik sartzen da.

    Harrera-eremu pribatu bat izango dute eraikin guztiek; terraza bat beheko solairuko etxebizitzetan.

    Blokeen sestrak aztertu dira, erdiko plaza bakarra sortzeko, bi altuerakoa, aurreikusitako hiru altuerakoaren ordez, Santa Marina kaleko maldara egokitzeko.

    Atzeko pasealekuko ibilbidea doitzen da, Santa Marina kalera ematen duen bizileku bakoitzerako ibilbidea irisgarria izateko.

    Eraikuntzen altuera BS+4+T da, proposatutako eraikuntza-programa barne hartu, eta etxebizitza guztiek terrazak izan ditzaten.

    0 aukera planteatzen da, Arau Subsidiarioetako xedapen-aldaketan hartutako antolamenduaren mantentzearekin bat datorrena, eta azkenean hartutako antolamendua, eta azken hori hautatzen da, eremuaren antolamendua hobetzen duelako, 7. exekuzio-unitateari buruzko xedapen-aldaketan ezarritako zehaztapenak eta Etxebarriko plangintza orokorra errespetatuz.

  2. Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion edo ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak hiri-lurzoruko eremu baten hirigintza-araubide xehatuaren baldintzak zehazten ditu. Horiek horrela, Plana garatzeko proposatu diren jarduketak eta aurkeztu den dokumentazioa ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Plana garatzeko proposatu diren jarduketak eta aurkeztu den dokumentazioa aztertuta, Planak ez du ingurumen-efektu nabarmenik izango, ez eta beste plan edo programa batzuekiko bateraezintasunik ere.

      3. Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko alderdiak integratzeari dagokionez, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez. Hiri-lurzoru finkatugabe bat okupatuko da, gaur egun erabiltzen ez den lurzati bat, San Antonio auzoko garapena eta urbanizazioa osatzeko; beraz, plana aplikatzeak lurzoruaren erabilera intentsiboa sustatzen du, lurzoru naturala urbanizatzea ekidinez. Gainera, eremuaren kalitate ekologikoa handitzeko aukera ematen du, berdegune berrien bidez. Berdegune horiek espezie autoktonoen zuhaitz-aleak landatzeko baldintza egokiak dituzte, eta aukera ematen duten kanpoalderantz baso-masa jarraitu bat sortzeko, egungo basoberritze lanen osagarri.

      4. Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: Aurreko puntuetan adierazitakoari jarraituz eta aintzat hartuta bai eremuaren ingurumen-ezaugarriak bai Planaren irismena, ez da hauteman Plana gauzatuz gero ingurumen-arazo esanguratsurik egongo litzatekeenik, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, kultura-ondareari, hondakinen kudeaketari eta hots-kutsadurari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako jarduketak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina pairatu lezakeen eremuaren ezaugarriak:

      Planaren eremua, 22.458 m2-koa; Etxebarriko hirigunearen iparraldean dago, San Antonio auzoan. Ekialdean Santa Marina kalea, hegoaldean Etxebarri BHI ikastetxeko lursailak eta iparraldean eta mendebaldean lurzoru urbanizaezinak ditu.

      Bizitegi kolektiboen kalifikazioa duen hiri-lurzorua da. Egun, baratze txikiek, belardiek eta koniferoen basoek okupatutako lurzoru hutsa da. Dagoen azpiegitura bakarra erabiltzen ez den ur-depositu bat da.

      Lursailak goranzko malda du, hegoaldetik iparraldera doa, eta Santa Maria kalearekiko paraleloa da; pendiza % 30etik beherakoa da. Gainera, beheranzko malda handia dago ekialdetik mendebaldera Errekatxarkoaren ibarrerantz, eta, beraz, eremuaren ipar-mendebaldeko muturraren zati handi batek % 40tik gorako pendizak ditu. Bestalde, eremu horretan ez da interesgune geologikoko edo hidrogeologikorik identifikatu, eta, bertan ibai-ibilgurik ez dagoen arren, ipar-mendebaldeko ibarretik Errekatxarkoa erreka iragaten da.

      Egungo landaredia ipar-mendebaldeko zona batean dago (eremuaren % 34), malda handiena duen zonan. Bertan, intereseko baso mistoa leheneratzen ari dira; izan ere, basoaren berezko bilakaera kontuan hartuta, botere ekologiko handia izango luke habitatak eta intereseko espezieak barne hartzeko. Santa Marina kalean zehar, heskaiak daude (% 4), elementu lokarri gisa interesa dutenak. Azkenik, eremuaren zati handi bat (% 52) koniferoen ustiapenaren ondorioz aldatutako lurzoruak dira, interes ekologiko handirik gabeko belarki- eta zuhaixka-landaredia dutenak. Halaber, baratzeak eta lorategiak daude ikastetxearen aurrean.

      Eremua Lehentasunezko Banaketa Eremua da Schreiber muskerrarentzat (Lacerta schreiberi); bestalde, Errekatxarkoa erreka eta eremutik hurbil dagoen Ibaizabal ibaiaren zatia bisoi europarraren (Mustela lutreola) kudeaketa-planean hobetu beharreko zatiak dira. Oro har, fauna egotea baldintzatzen du lurzoruaren eta haren ingurunearen artifizializazio-mailak. Kasu honetan, batez ere antropizatutako eremua da, eta baratzeek, bideek eta konifero-sail zaharrek aldatu dute; beraz, gaur egun ez du balio ekologiko handiko habitatik. Honi dagokionez, ez da intereseko fauna-espezierik aurkitu zonan, eta litekeena da fauna-espezieek eremua ez erabiltzea.

      Bestalde, Planaren eremua ez da egungo babes-figurek legez ezarritako eremu babestuetako bat, eta ez dago Korridore Ekologikoen Sarean eta ez du azpiegitura berdeko elementurik. Halaber, ez da identifikatu babestutako edo inbentariatutako habitat edo elementu natural berezirik.

      Eremua paisaia «oso arruntean» dago, eta balio «oso txikikoa» da, ez dago bat kultura-ondarearen elementurik, eta ez du ingurumen-arrisku nabarmenik.

      Eremuan ez da identifikatu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituen edo izan dituen lurzatirik, eta ez du uholde-arriskurik 10, 100 edo 500 urteko errepikatze-denborako uraldiengatik.

      Eremua kutsadurarekiko kalteberatasun oso txikia duten akuiferoen gainean dago.

      Zaratari dagokionez, egun, iturri nagusiak bideak dira, batez ere Santa Marina kalea, eta Euskotrenen trenbidea, Planaren eremutik hego-mendebaldera. Egoera akustikoa egokia da, aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak ez baitira gainditzen.

      Proposatutako garapenaren ezaugarriak kontuan hartuta, ingurumen-inpaktu nagusiak eremua urbanizatzeko egin beharreko jarduketen ondoriozkoak izango dira, baita geroko bizitoki-jardueraren ondoriozkoak ere.

      Kontuan izanik Plan Bereziak antolamendu xehatua doitzen duela Etxebarriko Arau Subsidiarioen xedapen-aldaketan ezarritako erabilerak eta eraikigarritasun aurreikusia mantenduz, ez da desberdintasun nabarmenik aurreikusten indarrean dagoen xedapen-aldaketan onartutako eremuaren garapenari dagokionez sor daitezkeen inpaktuetan.

      Eragin nagusiak, beraz, honako hauekin lotutakoak izango dira: lurzoruaren okupazioa; urbanizazio-plataformak eta sestra azpiko solairuak eraikitzeko beharrezkoak diren lur-mugimenduak, eta, ondorioz, indusketa-soberakinak; eremuaren zatirik handienean landaredia galtzea; fauna eta lurrazaleko urak kaltetzea solido esekiak isurtzeagatik; hondakinak, zarata eta kutsadura atmosferikoa sortzea; baliabideen kontsumoa eta mugikortasuna areagotzea...

      Ustiapen-faseko zaratari dagokionez, aurkeztutako azterketa akustikoaren arabera, lortutako emaitzak egokiak dira 2 metroko altueran eta fatxadan, aztertutako eguneko 3 aldietarako; beraz, garapen berrietan aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak betetzen dira.

      Hala ere, proposatzen diren jarduketak mugatuak direnez, eraginak ere txikiak izango dira, eta, gehienak, aldi baterakoak eta itzulgarriak, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere zaratari, hondakinei eta isuriei buruzkoa, eta lanak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira, jarduketetarako behar-beharrezkoa den gainazala baino gehiago hartu gabe.

      Bestalde, Planak garatzen duen proposamena egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak barne hartzeko; izan ere, lurzoru natural berri gutxi okupatuko dira, eta, gainera, aurreikusitako garapenak baliabideen (ura, energia, etab.) kontsumo efizienteagoa sustatzeko eta eremuaren kalitate ekologikoa handitzeko neurriak barne har ditzake, adibidez, berdegune berriak. Berdegune horiek espezie autoktonoen zuhaitz-aleetarako baldintza egokiak dituzte, eta aukera ematen duten kanpoalderantz baso-masa jarraitu bat sortzeko, egungo basoberritze lanen osagarri. Beraz, ukituko ez diren berdeguneen kontserbazio-egoera eta balio ekologikoa handitzeko aukera ematen da.

      Aurrekoaren ondorioz, eremuaren egungo egoera, Planak egiten duen antolamendu-proposamena eta dagozkion neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileen aplikazioa kontuan hartuta, ez da espero jarduketa horiek eragin esanguratsurik izango dutenik ingurumenean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoari jarraituz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira, besteak beste.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Etxebarriko San Antonio auzoko Santa Marina 7. exekuzio-unitateari buruzko Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-agiri estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

      Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, obra-faseari eta jardueraren funtzionamendu-faseari buruzkoak. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

      Natura-ondarea babesteko neurriak:

      Obrak eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako operazio osagarriak proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak badira, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak egiteko lanak makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, intereseko landare-formazioei eragitea saihestuko da.

      Proiektua gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, kendutako intereseko landaredia birjarrita, hala behar bada. Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, espezie autoktonoak erabiliz, higadura-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredia naturalarekin lotzeko.

      Eremuaren mendebaldeko mugan, lehentasuna emango zaio harizti/baso misto atlantikoko espezie autoktonoekin baso-masa jarraituak sortzeari, eta definitutako espazio libreen sistema orokorreko lurrazala landareztatzeari eta lehengoratzeari.

      Espazio libreak landareztatzeko eta lorategiz hornitzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz, horrela espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, kontuan hartuko dira «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratu zuen. Landareztatzeko eta lorategiz hornitzeko lanetan, ez dira inolaz ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

      Lurzorua eta urak babestera bideratutako neurriak:

      Obrak, bai eta lurzorua erabili beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio eremuak, makinak gordetzeko guneak, lan txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan.

      Zehazki, lurzorua eta lurpeko urak babesteko, neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-fasean, istripuzko isurien eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar). Pilaketa-eremuak, obra-instalazio osagarriak edo makinen parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

      Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak:

      Zaratari dagokionez planean hartu beharreko erabakien artean eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezingo dira exekutatu etorkizuneko garapen urbanistikoak honako eremuetan: kanpoaldean kalitate akustikoko helburuak betetzen ez direnetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

      Obren faseko zaratari dagokionez:

      Obrek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan ere, eta zaraten eta bibrazioen murrizketan.

      Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsaduraren urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35.bis artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, 6 hiletik gorako iraupen aurreikusia duten obren kasuan, nahitaez egin beharko da inpaktu akustikoaren azterlana, neurri zuzentzaile egokiak zehazteko.

      Inpaktu akustikoaren azterlanean aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

      Kultura-ondarea babesteko neurriak:

      Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamenduari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen kudeaketarekin lotutako neurriak:

      Obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudelako zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Etxebarriko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz ditzan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.

      Hondakinak kudeatzeko neurriak.

      Hondakinen sorrera eta kudeaketa: sortutako hondakin guztiak, indusketakoak barne, Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira zer hondakin mota diren eta haientzako helmugarik egokiena zein den zehazteko.

      Sortutako indusketetako lur eta harriei dagokienez, eta horien bolumena handia izango dela aurreikusita, lehentasunez kudeatu beharko dira obran bertan berrerabiliz, eta, ondoren, betelanak eginez.

      Obretako indusketa-soberakinei dagokienez, kutsatu gabeko induskatutako lurzoruak eta obretan induskatutako material naturalak badira eta obra gauzatzeko soberakin gisa sortzen badira, eta betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara bideratzen badira, induskatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 34. artikuluko aurreikuspenak aplikatuz.

      Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira. Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

      Planaren ondoriozko proiektuak barne hartu beharko ditu espero diren soberakinen bolumenaren zenbatespena eta horiek kudeatzeko proposamen zehatza. Betelanen jalkinaren kasuan, kokagune posibleak identifikatu beharko dira.

      Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk.

      Garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak, oro har, loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin (eraikinen eta zoladuren eraisketakoak barne), induskatutako lurzoruen kontrolarekin, intereseko balio naturalen babesarekin, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Planak azkenean onartzen dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak.

      Ingurumenaren aldetik jasangarriak diren eraikuntzei buruzko gidaliburuetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira (bereziki ingurumenaren aldetik jasangarria den eraikuntzari buruzko gidaliburua), eraikinetan energia-aurrezpena eta energia-efizientzia handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barneko kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Etxebarriko San Antonio auzoko Santa Marina 7. exekuzio-unitateari buruzko Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Etxebarriko Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Bosgarrena. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, Etxebarriko San Antonio auzoko Santa Marina 7. exekuzio-unitateari buruzko Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz gehienez ere lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, salbu eta ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat emango du, erregelamenduz ezarriko den moduan.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 29a.

      Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      Javier Agirre Orcajo.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik