Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko apirilaren 13koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako 01.4 Okendo-Alde hirigintzako azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 95
  • Hurrenkera-zk.: 2108
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/04/13
  • Argitaratze-data: 2022/05/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Donostiako Udalak, 2022ko otsailaren 23an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko Donostiako 01.4 Okendo-Alde hirigintzako azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko martxoaren 9an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Donostiako Udalari ere jakinarazi zitzaion izapide-prozesuaren hasiera.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Erantzuteko legezko epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraituz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira nahitaez ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta ingurumen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin esanguratsurik ez duela ingurumen-txosten estrategikoaren arabera edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin esanguratsua izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean efektu esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Donostiako 01.4 Okendo-Alde hirigintzako azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Plan Bereziaren helburua da 01.4 Okendo-Alde hirigintzako azpieremuaren hirigintza-araubide xehatuaren baldintzak zehaztea; hiri-lurzoruko 24.250 m2-ko azalera du eremuak, eta «A.30 Eraikin ireki motako bizitegietarako» kalifikazio orokorra. Horrela, azpieremua osatzen duten azpieremu xehatuak edo lurzatiak zehazten dira, eta, bestalde, horien ordenantza partikularrak ezartzen dira, aurreikusitako erabileren ezarpen zehatza ahalbidetzeko, horiek gauzatzeko irizpideak ezartzeaz gain.

    Laburbilduz, Planak honako garapen-helburu hauek ezartzen ditu:

    Lehendik dauden hiri-lurzatiak finkatzea.

    Hiru ekipamendu-lurzati berri antolatzea.

    Zuzkidura-bizitokitarako 5.400 m2(t)-ko eraikigarritasuna erabilera bereko bi lurzatitan banatzea, % 35-% 65 proportzioan, betiere guztizko eraikigarritasunari eutsiz.

    1. 1 hirigintza-eremuan ekipamendu-lurzatiaren azalera handitzea 1.919 m2-tik 3.836,48 m2-ra, egin daitezkeen eraikinek garaiera txikiagoa izan dezaten eta hobeto eman dezaten inguruan.

      Hirugarren sektoreko erabilera ekipamenduaren erabilera osagarri gisa sartzea 01.04.1 hirigintza-eremuaren lurzatian.

    1. 1 hirigintza-eremuren lurzatian eraiki beharreko soto-solairuetako batean aparkaleku publiko handi bat antolatzea. (g.00.01).

      Zuzkidura-bizitokietako aparkaleku-estandarra murriztea, etxebizitzako aparkatzeko leku bat zuzkituta, ez aparkatzeko bi leku 100 m2(t)-ko, hori ekipamendu-erabilerari dagokio eta.

      Ingurumen-dokumentuaren arabera, eremu horretan finkatu behar diren Okendo etxea eta Xabier Zubiri Manteo BHI daudenez eta kontuan hartu behar direnez HAPOn zehaztutako esku hartzeko irizpideak, garapen-aukera gutxi dago. Hala, hautatu den aukera da eraikin berriak eremuan hobekien txertatzen dituena.

  2. Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion edo ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak hiri-lurzoruko eremu baten hirigintza-araubide xehatuaren baldintzak zehazten ditu. Horiek horrela, Plana garatzeko proposatu diren jarduketak eta aurkeztu den dokumentazioa ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Plana garatzeko proposatu diren jarduketak eta aurkeztu den dokumentazioa aztertuta, Planak ez du ingurumen-efektu nabarmenik izango, ez eta beste plan edo programa batzuekiko bateraezintasunik ere.

      3. Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko alderdiak integratzeari dagokionez, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez. Donostiako hiri-bilbearen barneko hiri-lurzoru bat okupatuko da; beraz, Plana aplikatzeak lurzoruaren erabilera intentsiboa sustatzen du, lurzoru naturala urbanizatzea ekidinez. Gainera, eremuaren kalitate ekologikoa handitzen du, proposatzen diren berdegune berrien bidez. Horietan, harizti/baso misto atlantikoko espezie autoktonoen baso masa jarraituak landatuko dira.

      4. Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: Aurreko puntuetan adierazitakoari jarraituz eta aintzat hartuta bai eremuaren ingurumen-ezaugarriak bai Planaren irismena, ez da hauteman Plana gauzatuz gero ingurumen-arazo esanguratsurik egongo litzatekeenik, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako jarduketak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina pairatu lezakeen eremuaren ezaugarriak:

      Plan Berezian aztergai den eremuak 24.250 m2-ko azalera du, eta Donostiako 01. Manteo hirigintza-eremuaren barruan dago. Gros auzoko hiri-bilbearen eta Ulia mendiaren arteko lotura modukoa da eremua, eta desnibel handiak daude goialdearen eta behealdearen artean (Nafarroa etorbidean). Gaur egun, berdegune libreak, Xabier Zubiri Manteo BHI eta Okendo etxea daude bertan.

      Itsas-lehorreko jabari publikoaren mugaketatik 90 m-ra baino gehiagora dago aztergai den eremua, eta haren babes-zortasunetik 70 m-ra baino gehiagora.

      Eremuaren mendebaldeko erdia gutxi gorabehera (13.500 m2) Zumaia-Irun Kuaternarioko lurpeko ur-masaren sektorearen barnean dago, Kostaldeko katea-Goi Kretazeoa eremuan. Gainera, eremuaren hegoaldeko muturreko 4.900 m2 inguru (eremuaren % 20) jalkin alubialen eta alubial-kolubialen deposituen interes hidrogeologikoko eremuaren barnean dago [GZ064-2-49 kodea], iragazkortasun handia duena.

      Eremuak berdegune handiak dituen arren, tamaina ertain eta handiko zuhaitz-aleekin, espezie apaingarriak dira, eta, gainera, ez dute masa trinkorik osatzen eta ez daude beste berdegune batzuekin lotuta. Ez da identifikatu Batasunaren intereseko habitatik edo mehatxatutako flora-espezierik.

      Bestalde, eremua Mediterraneoko ferra-saguzarraren (Rhinolophus euryale) interes bereziko eremuaren barnean dago, musker berdexkaren (Lacerta schreiberi) lehentasunezko banaketa-eremuaren barnean eta belatz handiaren (Falco peregrinus) puntu sentikor baten barnean. Hala ere, eremuko fauna lurzoruaren eta haren ingurunearen artifizializazio-mailak baldintzatzen du, eta, beraz, aztertutako eremuan dauden fauna-espezieak hiri-eremuetako espezie tipikoak baino ez dira.

      Aztergai den eremua nahiz haren ingurune hurbila ez dira ezein gune babesturen zati, ez eta inbentarioetan jasotako natura-intereseko lekuen, korridore ekologikoen sarearen eta azpiegitura berdearen zati ere.

      Planaren eremuaren ingurumen-balio nagusiak interes handiko ondare-elementuak dira, hala nola: Okendo etxea (XVI. mendeko jauregi txikia, kultura-ondasun gisa kalifikatua), balizko arkeologia-gune gisa (nahiz eta babes-eremua eraikinaren barnealdera mugatzen den) eta Donejakue bidea, Eusko Jaurlaritzak kultura-ondasun gisa kalifikatua, monumentu-multzoaren kategoriarekin, urtarrilaren 25eko 14/2000 Dekretuaren bidez eta urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuaren bidez. 01.4.2B hirigintzako-eremua zeharkatzen du.

      Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, azterlan akustikoak emandako informazioaren arabera, gaur egun ez dira betetzen eremu akustikoari aplika dakizkiokeen KAHak, eta errepideak dira zarata-foku nagusiak. Adierazi behar da Planaren eremua Babes Akustiko Bereziko Eremu baten barruan dagoela, zonako plan bat duena.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez:

      Planaren eremuaren zati batek higadura-prozesu handiak pairatzen dituen arren, eremu urbanizatua dela kontuan hartuta, uste da gaur egun ez dagoela higadura-arrisku handirik. Era berean, ingurumen-dokumentuan jasotakoaren arabera, eremua bertatik bertara ikuskatu da, eta ez da hauteman higadura-arriskuaren zantzurik.

      Eremuan ez da identifikatu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituen edo izan dituen lurzatirik, eta ez du uholde-arriskurik 10, 100 edo 500 urteko errepikatze-denborako uraldiengatik.

      Eremua kutsadurarekiko kalteberatasun oso txikia duten akuiferoen gainean dago.

      Proposatutako garapenaren ezaugarriak kontuan hartuta, Planaren garapenetik eratorritako ingurumen-inpaktuak urbanizazio- eta eraikuntza-obrekin lotuta egongo dira; zehazki, ondorio nagusiak honako hauek izango dira:

      Lurzoruaren okupazioa; espazio libreetarako egun dauden 11.000 m2-ak 5.229,33 m2 izatera igaroko dira.

      Kultur ondarearen gaineko eragina: Horri dagokionez, proposatutako antolamenduak finkatu egiten ditu Okendo etxeak gaur egun duen partzela eta 01.04.2B hirigintza-eremuko gune eraikigarriak. Eremu hori Donejakue Bideak banatzen du bi eremu triangeluarretan. Gutxienez 7 metroko distantzia ezartzen da eraikuntza-unitateen fatxaden artean, eta gutxienez 5,50 metrokoa eraikitako edozein elementuren artean.

      Eraikuntza- eta urbanizazio-obren fasean hondakinak eta indusketa-soberakinak sortzea, lur-mugimendu handiak egingo direlako sestra azpiko solairuak eta aurreikusitako eraikin berriak hartuko dituzten plataformak egiteko, eta isurketa-arriskua, eta lurpeko ura kutsatzekoa.

      Eremuan eta inguruan bizi diren herritarrei eragindako eragozpenak, makinen joan-etorriengatik eta obrengatik (emisio atmosferikoak eta akustikoak).

      Eraikin berrietan ezartzen den ekipamendu-erabilera espezifikoarekin lotutako jarduera.

      Hala ere, proposatzen diren jarduketak mugatuak direnez, eraginak ere txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere zaratari, hondakinei eta isuriei buruzkoa, eta lanak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira, jarduketetarako behar-beharrezkoa den gainazala baino gehiago hartu gabe.

      Ustiapen-fasean, eraikin berrietako erabiltzaileek ondorio handiak pairatu ditzakete, soinu-kalitateari dagokionez, Horren harira, aurkeztutako azterlan akustikoan jasotako modelizazioaren arabera, eraiki litezkeen eraikinetan ez dira beteko KAH aplikagarriak eguneko aldietako ezeinetan.

      Bestalde, Planak garatzen duen proposamena egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak barne hartzeko; izan ere, lurzoru natural berri gutxi okupatuko dira, eta, gainera, aurreikusitako garapenak baliabideen (ura, energia, etab.) kontsumo efizienteagoa sustatzeko eta eremuaren kalitate ekologikoa handitzeko neurriak barne har ditzake, adibidez, berdegune berriak. Horietan, lehentasuna eman beharko zaio harizti/baso misto atlantikoko espezie autoktonoen baso masa jarraituak landatzeari.

      Aurrekoaren ondorioz, eremuaren egungo egoera, Planak egiten duen antolamendu-proposamena eta dagozkion neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileen aplikazioa kontuan hartuta, ez da espero jarduketa horiek eragin esanguratsurik izango dutenik ingurumenean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoari jarraituz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira, besteak beste.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta Donostiako 01.4 Okendo-Alde hirigintzako azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

      Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, obra-faseari eta jardueraren funtzionamendu-faseari buruzkoak. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

      Kultura-ondarea babesteko neurriak:

    4. 2B hirigintzako azpieremuan egin beharreko esku-hartze orok Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legean eta urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuan ezarrita dagoena bete beharko du dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia monumentu-multzo kategoriako kultura-ondasun izendatu zen.

      Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak Okendo etxeari buruz emandako txostenaren arabera, arreta berezia jarri behar da 01.4.2B hirigintza-eremuko zuzkidura-bizitokirako lurzatiaren diseinuan eta antolamenduan, Okendo etxearen paisaia-, hiri- eta arkitektura-testuinguruari eusteko. Bestalde, gutxienez 7 metroko distantzia ezarriko da 01.4.2B hirigintza-eremuko eraikuntza-unitateen fatxaden artean, eta gutxienez 5,50 metrokoa eraikitako edozein elementuren artean.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Natura-ondarea babesteko neurriak.

      Obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako operazio osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak badira, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak egiteko lanak makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, intereseko landare-formazioei eragitea saihestuko da.

      Proiektua gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, kendutako intereseko landaredia birjarrita, hala behar bada. Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, espezie autoktonoak erabiliz, higadura-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredia naturalarekin lotzeko.

      Espazio libreak landareztatzeko eta lorategiz hornitzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz, horrela espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, kontuan hartuko dira «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratu zuen. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

      Lurzorua eta lurpeko urak babestera bideratutako neurriak.

      Obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio eremuak, makinak gordetzeko guneak, lan txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan.

      Zehazki, lurzorua eta lurpeko urak babesteko, neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-fasean, istripuzko isurien eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar). Pilaketa-eremuak, obra-instalazio osagarriak edo makinen parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

      Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak:

      Zaratari dagokionez planean hartuko beharreko erabakien artean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezingo dira exekutatu etorkizuneko garapen urbanistikoak honako eremuetan: kanpoaldean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez direnetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

      Obren faseko zaratari dagokionez:

      Obrek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, eta zaraten eta bibrazioen murrizketan.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak (baita errepideko zirkulazioan ere) egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsaduraren urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35.bis artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, sei hiletik gorako iraupen aurreikusia duten obren kasuan, nahitaez egin beharko da inpaktu akustikoaren azterlana, neurri zuzentzaile egokiak zehazteko.

      Inpaktu akustikoaren azterlanean aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

      Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen kudeaketarekin lotutako neurriak.

      Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak dituzten lurzati mugakideei eragiten bazaie, eta Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako kasuren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak lurzoruaren kalitatea adierazi beharko du.

      Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudelako zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Donostiako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz ditzan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.

      Hondakinak kudeatzeko neurriak.

      Hondakinen sorrera eta kudeaketa: sortutako hondakin guztiak, indusketakoak barne, Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira zer hondakin mota diren eta haientzako helmugarik egokiena zein den zehazteko.

      Obretako indusketa-soberakinei dagokienez, kutsatu gabeko induskatutako lurzoruak eta obretan induskatutako material naturalak badira eta obra gauzatzeko soberakin gisa sortzen badira, eta betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara bideratzen badira, induskatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 34. artikuluko aurreikuspenak aplikatuz.

      Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira. Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio-adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

      Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk.

      Garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak, oro har, loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin (eraikinen eta zoladuren eraisketakoak barne), induskatutako lurzoruen kontrolarekin, intereseko balio naturalen babesarekin, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Planak azkenean onartzen dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak.

      Ingurumenaren aldetik jasangarriak diren eraikuntzei buruzko gidaliburuetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira (bereziki ingurumenaren aldetik jasangarria den eraikuntzari buruzko gidaliburua), eraikinetan energia-aurrezpena eta energia-efizientzia handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barneko kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, ez dela aurreikusten Donostiako 01.4 Okendo-Alde hirigintzako azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, baldin eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Bosgarrena. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, Donostiako 01.4 Okendo-Alde hirigintzako azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz gehienez ere lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, salbu eta ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat emango du, erregelamenduz ezarriko den moduan.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 13a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik