Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko apirilaren 1ekoa, Araubide Juridikoaren sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza Batzordearen 2022ko martxoaren 30eko Akordioa, COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legeari dagokiona.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 81
  • Hurrenkera-zk.: 1802
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/04/01
  • Argitaratze-data: 2022/04/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 33.2 artikuluan aurreikusitako akordioa egin ondoren, eta artikulu horren c) letran ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau

AKORDIOA, Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza Batzordearena, COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legeari dagokiona.

Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza Batzordeak honako akordio hau egin du:

  1. Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak osatutako lantaldeak aldez aurretik negoziatzen jardun du desadostasunak aztertu eta konponbiderako proposamenak egiteko COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen zenbait artikuluren gainean (8, 14, 15, 21, 23 eta 24. artikuluak eta 26.etik 34.era bitartekoak). Bada, negoziazio horiekin bat etorriz, bi aldeek desadostasunak konpondutzat jotzen dituzte, konpromiso eta kontsiderazio hauei jarraituz:

    1. 8, 14, 15, 21, 23 eta 24. artikuluetan eta 26.etik 34.era bitartekoetan, EAEko osasun-agintariek osasun publikoa babesteko eta hura okertzea edo narriatzea prebenitzeko har ditzaketen neurriak arautzen dira, betiere Osasun publikoaren arloko neurri bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoak xedatutako esparruaren barruan, eta arauek berariaz ezartzen dutenari jarraituz. Arauak barne-osasunaren arloko eskumen autonomikoetan oinarritzen dira, eta, beraz, eragindako eskubideei dagokien arloa arautzen dute; baina ez da inola ere ulertu behar eragindako oinarrizko eskubideak eta askatasunak garatzen dituztenik, ez eta horiei mugak ezartzen dizkietenik ere; izan ere, arlo horiek lege organikoari dagozkio, Konstituzioan xedatutakoaren arabera.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-agintariek 8, 14, 15, 21, 23 eta 24. artikuluetan eta 26.etik 34.era bitartekoetan bildutako neurriak aplikatuko dituzte, une oro lege organikoek horri buruz xedatzen dutenaren babesean, bai eta ezarritako jurisprudentziak horren interpretazioari buruz xedatzen duenaren babesean ere, betiere errespetatuz osasunaren oinarrien eta koordinazio orokorraren gainean Estatuak dituen eskumenak, proportzionaltasun-printzipioak, Osasunaren apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 28. artikuluan aurreikusitako gainerako printzipioak eta Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren 5.2 artikuluan ezarritako borondatezkotasun-printzipioa, eta, hala dagokionean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.6 eta 10.8 artikuluetan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

    3. Ez dira konpondutzat jotzen, ordea, 14. artikuluko 3. apartatuaren in fine tartekiari buruz dauden desadostasunak; honela dio tarteki horrek: «arau hori bera txertoa jartzeko betebeharraren ondorioetarako aplikatuko da».

  2. Lortutako akordioa aintzat hartuta, bi aldeak ados daude desadostasunak partez konpondu direla.

  3. Akordio hau Konstituzio Auzitegiari jakinaraztea, Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 33.2 artikuluan xedatutako ondorioetarako, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

    Lurralde Politikako ministroa,

    ISABEL RODRÍGUEZ GARCÍA.

    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

    OLATZ GARAMENDI LANDA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.