Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko martxoaren 8koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Urnietako (Gipuzkoa) «31-Azkarate» sektorearen Plan Partzialari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 63
  • Hurrenkera-zk.: 1407
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/03/08
  • Argitaratze-data: 2022/03/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2022ko urtarrilaren 19an, Urnietako Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Urnietako (Gipuzkoa) «31-Azkarate» sektorearen Plan Partzialaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egin zedin, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2022ko otsailaren 2an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskura egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan eta Ingurumen-administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Urnietako (Gipuzkoa) «31-Azkarate» sektorearen Plan Partziala abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela ingurumen-txosten estrategikoaren arabera edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarreko araudian ezarritako alderdiak, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana garatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-administrazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Urnietako (Gipuzkoa) «31-Azkarate» sektorearen Plan Partzialaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Urnietako HAPOko «31-Azkarate» HIEren HAPPren helburua eremuaren antolamendu xehatua garatzea da; 89.610 m2-ko azalera, indarrean dagoen Urnietako HAPOk sektore honetarako zedarritutako egiturazko hirigintza-parametroen arabera.

    HAPOk lurzoru urbanizagarri sektorizatu gisa sailkatzen du eremua, eta haren antolamendu xehatua plan partzial baten bidez zehazteko agintzen du. Hauek dira aurreikusitako jarduketak:

    Udalerriko zenbait kaletan hiri-bilbeari jarraipena ematea.

    Oinezkoentzako eta bizikletentzako bide-lotuneak.

    Eraikin berriak, tartean, 472 etxebizitza berri.

    Espazio libreen tokiko sistema bat sortzea.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Planak ez du lurzoru berria erabiltzea aurreikusten, baizik eta lehendik urbanizagarritzat sailkatuta dagoena berrantolatzea. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez du indarrean dagoen hirigintzako araudia aldatzen baldintzak txertatzeko (kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, besteak beste) ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektu berriak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Plana bateragarria da maila handiagoko lurralde-, sektore- eta hirigintza-planekin.

      3. Plana egokia den edo ez ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Planak lurzoru urbanizatu bat hartzeko eta optimizatzeko aukera eman eta/edo laguntzen du; hala, ez dira hartuko artifizialdu gabe dauden beste lurzoru batzuk. Gainera, plan honen garapenak eraikinetan energia aurrezten lagunduko duten elementuak ezartzea ahalbidetu dezake, eraikuntza jasangarriago bateranzko bidean.

      4. Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak. Ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei eta uholde-arriskuen prebentzioari, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartze eta jarduerak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina pairatu dezakeen eremuaren ezaugarriak.

      «31-Azkarate» HJEa Urnietako (Gipuzkoa) udalerriaren ipar-mendebaldean dago. Plan Partzialak xehe antolatzen du 89.610 m2-ko (8,96 ha) eremu hau: «6- Aranzubi» HJE eta «4- Urraca» HJE, sektorearen iparraldean dauden hiriguneko bizitegi-auzoak, «31-Salesianos» HJE, eremuaren hegoaldean dagoen ekipamendu pribatua, GI-3722 errepidea (GI-131 ohia) mendebaldean, saihesbidea egin zenetik hiri-bide bihurtu dena (Idiazabal kalea), eta, azkenik, Madril-Irun trenbidearen trazadura, eremua ekialdeko muturretik mugatzen duena.

      Lurzoru urbanizagarri sektorizatua da, bizitegi-erabilera izango duena.

      Eremuan ez dago ur-ibilgu egonkorrik. Ibilgurik hurbilena trenbidearen paraleloan doa, eremutik 100 metro ekialdera. Ur-punturik ere ez da identifikatu.

      «Hernani-Urnieta korridore tektonikoa» izeneko interes geologikoko eremuan dago. Aztertutako eremuan ez da interes geologikoko gunerik identifikatu, eta formazioa ez dago sartuta EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan.

      Eremuan dagoen egungo landarediak ez du ingurumen-interesik, ekinbide antropikoaren eraginez eraldatutako espezieak dira. Espezie inbaditzaileen presentzia, bereziki banbua (Phyllostachys sp.). Ez da flora mehatxaturik topatu.

      Faunari dagokionez, babes-maila desberdinekin katalogatutako hainbat espezie hauteman dira; aztertutako eremua ferra-saguzar mediterraneoarentzako (Rhinolophus euryale) Interes Bereziko Eremuaren barnean dago, eta espezie hori kudeatzeko planaren proposamenean zehazten da.

      Hala ere, badirudi habitat egokirik ez egotea, espezie horietako gehienak eremuan egoteko aukerak oso gutxi dira.

      Ez hirigintza-jarduerarako eremua, ez haren ingurune hurbila, ez dira ez eremu babestuak, ez inbentariatutako interes naturalistikoko beste leku batzuk ere (EAEko espazio esanguratsuen katalogo irekiko espazioak, LAGetako interes naturalistikoko eremuen zerrenda irekia eta EAEko hezeguneen inbentarioa).

      Ez da kultura-ondareari lotutako elementurik hauteman aztergai den eremuan, ez eta haren inguruan ere.

      Ingurumen-arriskuak:

      Eremuan ez da higadura-arriskua duen gunerik topatu.

      EAEko uholde-arriskuaren kartografiaren arabera, Plan Partzialaren eremua 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko guneetatik kanpo dago, eta, ondorioz, lehentasunezko fluxu-guneetatik kanpo.

      Eremu osoa akuiferoak kutsatzeko arrisku hutsalekoa da.

      Eremuan ez dago lurzorua bereziki kutsatzen duten jarduerak jasan edo jasaten dituen lurzorurik.

      Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren Departamentuak prestatutako Gipuzkoako errepideen foru-sareko zarataren mapa estrategikoen arabera, aztergai dugun eremuak eta A-15 errepidearen eragin-eremuak bat egiten dute zati batean, Azkarate eremuaren mendebaldean.

      Bizitegi-garapenaren eremua, ekialdean eta trenbidearen paraleloan, trenaren eragin-eremuak zertxobait ukitzen du.

      Zarata-iturri nagusiak ondoko errepideak eta trenbidea dira. Inpaktu akustikoaren azterketak jasotzen du egungo egoeran ez direla betetzen eremuan kalitate akustikoaren helburuak, eta, beraz, zenbait neurri proposatzen dira egoera minimizatzeko.

      Kanpoaldeko zaratari dagokionez, lortutako emaitzen arabera, etorkizunean (20 urte barru) egoera txarra izatea espero liteke aztertutako hiru aldietarako (goiza, arratsaldea eta gaua), gehienbat Idiazabaleko bideko trafikoarengatik.

      Batez ere honako jarduera hauek izan dezakete inpakturen bat:

      Etxolak eta eraikinak eraistea (zarata, hondakinak...).

      Landaredia soiltzea.

      Lur-mugimenduak.

      Urbanizazio-lanak (espaloiak, bideak, bestelako azpiegiturak eta zerbitzuak).

      Eraikinak eraikitzea.

      Paisaia-integrazioa (espazio libre komunak).

      Eremuaren ezaugarriengatik, intereseko natura-elementurik ez izatea, ez da espero ingurumen-inpaktu adierazgarririk gertatzea plana garatzeko egin nahi diren jarduketen ondorioz.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Urnietako (Gipuzkoa) «31-Azkarate» sektorearen Plan Partzialari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira Planean.

      Neurri babesgarri eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

      Plana garatzeko proiektuetan eta jarduketetan aplikagarriak diren ingurumen-arloko baimenak edo prozedurak alde batera utzi gabe, honako hauek izango dira Planaren ondoriozko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileak:

      Kutsadura akustikoari dagozkion neurriak.

      Zaratari dagokionez planean hartuko beharreko erabakien artean eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezingo dira exekutatu etorkizuneko garapen urbanistikoak honako eremuetan: kanpoko ingurumarian kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez direnetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

      Behar den isolamendu-maila jarri beharko da, aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak bete ahal izateko, bai egunez bai gauez. Fatxadako isolamendu horiek berariaz justifikatu behar dira eraikuntza-proiektuan.

      Zaratari buruzko Legea (37/2003, azaroaren 17koa) garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora. Halaber, eguneko lan-ordutegi bat errespetatuko da.

      Kultura-ondarea babesteko neurriak.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu. Aurrekoaz gain, espedientean dauden txostenekin bat etorriz, Azkarate baserriaren gaineko edozein jarduketa eginez gero, eraikinaren balio arkeologikoaren azterketa egin beharko da, datazioa eta sailkapen tipologikoa barne, aipatutako 6/2019 Legearen 65. artikuluaren arabera. Azterketa horren emaitzek aukera emango dute Azkarate baserrian gerora egingo den edozein jardueraren oinarriak eta irizpideak finkatzeko.

      Hondakinak ekoizteari eta kudeatzeari buruzko neurriak.

      Obrek eta garbiketa-kanpainak dirauten bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen Dekretuan (112/2012, ekainaren 26koan) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena). Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen Errege Dekretuari (679/2006, ekainaren 2koari) jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

      Etxegintzako jasangarritasunari buruzko neurriak.

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako beharrezko diren ezaugarriei dagokienez, Eraikuntza iraunkorrerako gidan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk.

      Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

      Inbaditzeko ahalmena duten espezie aloktonoak ez dira inola ere erabiliko, bereziki Phyllostachys sp-en aurka. Espezie horiek lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Urnietako (Gipuzkoa) «31-Azkarate» sektorearen Plan Partzialak ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Urnietako Udalari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Urnietako (Gipuzkoa) «31-Azkarate» sektorearen Plan Partziala onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 8a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik