Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko martxoaren 8koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Andoaingo 38. Larramendi hirigintza-jarduerarako eremuaren 38.4 jarduketa integratuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 63
  • Hurrenkera-zk.: 1406
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/03/08
  • Argitaratze-data: 2022/03/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2022ko urtarrilaren 3an, Andoaingo Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Andoaingo 38. Larramendi hirigintza-jarduerarako eremuaren 38.4 jarduketa integratuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egin zedin, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2022ko urtarrilaren 17an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Plana abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela ingurumen-txosten estrategikoaren arabera edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarreko araudian ezarritako alderdiak, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana garatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Andoaingo 38. Larramendi hirigintza-jarduerarako eremuaren 38.4 jarduketa integratuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honako baldintza hauetan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren eremuak 6.234,81 m2-ko azalera du, eta Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko (aurrerantzean, HAPO) 38. Larramendi hirigintza-jarduerarako eremuko 38.4 jarduketa integratua da.

    Andoaingo HAPOren arabera, eremua hiri-lurzoru finkatugabea da, «B. Jarduera ekonomikoetarako erabilera-eremuak» kalifikazioarekin, eta haren garapena Hiri Antolamenduko Plan Berezi baterako uzten da. Horrela, Plan honen xedea da 38.4 jarduketa integratuaren antolamendu xehatua zehaztea.

    Eraikin berria kokatuta legokeen hirugarren sektoreko lurzati bat garatzea proposatzen da antolamenduan. Planak lurzatirako sarbide berriak sortzea proposatzen da, hala nola Super Amararen lurzati mugakiderako sarbideak hobetzea eta espazio libre berriak birgaitzea.

    4 jarduketa integratuan, beraz, hirugarren sektoreko erabilerako 4.616 m2-ko lurzati bat eratzen da, sestra gainean 2.600 m2-ko (t) eta sestra azpian 1.300 m2 (t) hirigintza-eraikigarritasuna izango duen eraikin berria kokatzeko. Eraikinaren profila honako hau izango da: 2 soto-solairu, beheko solairua eta bi solairu (2SS + BS + 2*), baina sestra gaineko okupazioaren % 20an hirugarren solairu bat altxatzea baimendu ahal izango da.

    Bide-sareak, orotara, 882 m2-ko azalera du. Hirugarren sektoreko lurzatirako sarbide berriak proposatu dira Gudarien etorbidetik, eta Larramendiko eraikin multzora lotzeko bidea finkatu da; eremua zeharkatzen du.

    Lurzati pribatuaren barruan egingo den eraikuntza-garapenaren aurrealdean, lur gaineko aparkalekuen ibilgailu-gune bat aurreikusten da. Era berean, eraikinaren sotoko solairuan aparkalekuak egitea proposatu da.

    Espazio libreen lurzatia oinezkoen eremuetarako eta berdeguneetarako da, eta guztira 736 m2-ko azalera hartuko du. Ildo horretan, Planak planteatzen du gutxienez 3 metroko zerrenda bat lagatzea aurrealde osoan eraikinetik bidera, behar bezala urbanizatuta, espaloia eta zuhaitz-zerrenda babesle bat jarrita.

    Proiektu hau egikaritzeak ondorengo jarduketa hauek eskatzen ditu:

    Lurzorua egokitzea.

    Mendi-hegala hormigoizko harri-lubeten bidez eusteko obrak.

    Urbanizazio-obrak.

    Hornidura- eta saneamendu-instalazio berriak (energia elektrikoa, argiteria, telekomunikazioak eta gasa).

    Plana urbanizazio-proiektu baten bidez garatuko da, eta honako hauek hartuko ditu barne: bide-sarea, oinezkoentzako ibilbideak, espazio libreak eta proiektatutako azpiegiturak. Era berean, hirugarren sektoreko eraikina eraikitzeko, dagokion eraikuntza-proiektua egin beharko da.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: planak berekin dakar hirugarren sektoreko lurzati bat antolatzea, eraikin berri bat egitea, lurzatirako sarbide berriak sortzea, Super Amararen lurzati mugakiderako sarbideak hobetzea, eta espazio libre berriak birgaitzea, hori guztia hiri-lurzoru gisa sailkatutako lurzoruan. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik plangintza hierarkikoki nagusiarekin.

      3. Planaren egokia ote den ingurumen arloko alderdiak integratzeko; eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez. Jarduera ekonomikoko eremu batean aldez aurretik hiri-lurzoru gisa kalifikatutako lurzorua okupatzea dakar. Gainera, etorkizuneko hirugarren sektorearen garapena bateragarria da baliabideen (ura, energia eta abar) kontsumo efizienteagoa sustatzeko neurriak hartzearekin.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman Plana gauzatuz gero ingurumen-arazo adierazgarririk egongo litzatekeenik, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina pairatu lezakeen eremuaren ezaugarriak:

      Aztergai dugun eremua Gudarien etorbideko 61-B zenbakian dago, Andoaingo udalerriaren ekialdean, lehendik dauden industria-garapenen eta bide-sistema orokor berriaren (A-15) artean. Muga hauek ditu: iparraldean, Leizotz eta A-15 arteko lotura-adarrarekin; ekialdean, Gudarien etorbidearekin; mendebaldean, Upategi baserriarekin; eta hegoaldean, Super Amararen lurzatirako sarbidearekin.

      Mendi-hegal pikoa da, landarediak hartutako pendiza handikoa, salbu eta Upategi eta Larramendi baserrietara doan bide publikoaren ondoan asfaltatutako laugune txiki bat. Gaur egun, lurzati hori eraikinik gabe dago.

      Planaren xede den eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez dago jasota beste katalogo batzuetan (ez EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian, ez Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko eremuen zerrendan), eta ez da aipatu mehatxatutako fauna- edo flora-espezierik dagoenik. Eremuan ez dago kultura-ondareko elementurik.

      Hidrologiari dagokionez, eremuan ez da ibai-ibilgu iraunkorrik identifikatu; ibilgu hurbilena, Ziako ibaia, eremuaren hegoaldetik 500 bat metrora doa.

      Eremua Andoain-Oiartzun lurpeko ur-masaren gainean dago, eta ez da identifikatu interes hidrogeologikoko eremurik.

      Geoeuskadiko kartografiaren arabera, eremuan hiru habitat mota daude: Quercus robur nagusi den baso azidofiloa; garraio-sareak eta lotutako lurrak; eta larratu gabeko sega-belardi atlantikoak. Horiek Batasunaren intereseko 6510 habitata dira, altitude baxuko sega-belardi elkorrak (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis).

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, lurzatiak muturreko higadura-prozesuak izan ditzake, malda handiak baititu. Akuiferoak kutsatzeko arriskua ertaina eta txikia da eremuan. Eremuan ez dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan dagoen lekurik, eta ez da uholde-arazorik hauteman.

      Zaratari dagokionez, eremuko zarata-foku nagusiak errepideetako ibilgailuen zirkulazioa (bereziki, A-15 eta Gudarien etorbidea) eta Zumarraga-Irun (Beasain-Donostia tartea) lineako trenbide-zirkulazioa dira. Gipuzkoako Errepideen Foru-sarearen Zarataren Mapa Estrategikoen arabera, eremuaren zati bat A-15 errepidearen eragin-eremuaren barnean dago. Aurkeztutako inpaktu akustikoaren azterketaren arabera, gaur egungo egoeran eremuko maila akustikoak 60-65 dBA-koak dira egunez, eta 55-60 dBA-koak gauez.

      Plana garatzearen ondorio posibleak hirugarren sektorerako lurzatian egitekoak diren eraikuntza-obrei eta urbanizazio-obrei lotuta daude. Horrenbestez, hauek lirateke inpaktuak: landaredia moztu eta kentzea, lur-mugimenduak, hondakinak sortzea, makineriaren joan-etorriak, isurketak, zaratak eta abar. Horiek eragina izan dezakete landaredia autoktonoan, eta, isurketengatik, lurpeko uretan eta lurzoruetan. Herritarrei ere eragozpenak eragin diezazkiekete hirigunetik gertuko emisio atmosferikoek eta akustikoek eta abarrek. Alde horretatik, indarrean dagoen legeria eta, bereziki, natura-ondareari, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoak betetzen badira, eraginak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta lehengoratzeko modukoak.

      Ustiapen-fasean, inpaktu posibleak eraikin berrirako lanetan baliabideak kontsumitzea eta hondakinak sortzea izango dira, baita eremuko zaratak ere.

      Horri dagokionez, aurkeztu den inpaktu akustikoaren azterketaren arabera, aztertutako hiru aldietan (eguna, arratsaldea, gaua), etorkizuneko egoeran, bai kanpoaldean, bai fatxadan, D) epigraferako ezarritako kalitate akustikoko helburuak betetzen dira. Hau da, hain zuzen ere, D) epigrafea: Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko abenduaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko A Taulako c) (d epigrafea) atalean jasota ez dauden hirugarren sektoreko erabilerarako lurzorua nagusi den lurralde-eremuak. Gainera, eraikina trenbide-ardatz batetik 75 metrora baino gutxiagora egongo denez, inpaktu akustikoaren azterketak dardara-mailen ebaluazioa jasotzen du, aplikatzekoak diren kalitate-helburuak egiaztatzeko, eta balioa bibrazioen muga-balioen oso azpitik dagoela ondorioztatzen da.

      Indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera kontuan hartuta baloratu behar dira ingurumen-ondorioak. Ildo horretan, Planak Andoaingo indarreko HAPOren zehaztapenak betetzen ditu, arau orokorrei dagokienez: eraikuntza-baldintzak eta erabilera-baldintzak. HAPOn ezarritakoaren arabera, plana eremuaren antolamendu zehatza definitzeko helburuarekin idatzi da.

      Ondorioz, kontuan hartuta eremuaren gaur egungo egoera, Planak planteatzen duen antolamendua eta dagozkion neurri prebentibo, babesgarri eta zuzentzaileen aplikazioa, ez da espero jarduketek Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoaren araberako ingurumen-ondorio adierazgarririk izango dutenik.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Andoaingo 38. Larramendi hirigintza-jarduerarako eremuaren 38.4 jarduketa integratuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira Planean.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

      Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, obra-faseari eta jardueraren funtzionamendu-faseari buruzkoak. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

      Paisaiaren eta ekologiaren integraziorako neurriak:

      Oro har, landare- eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, eta jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira jarduera horietan, horrela espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, kontuan hartuko dira Ihoberen Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak, proposamenaren ingurumen-integrazioa ahalik eta handiena izan dadin. Ildo horretan, urbanizazio-proiektua garatzeko Plan Berezian jaso beharko da eremuko espazio libreetan baso misto atlantikoko espezie autoktono propioak landatzea.

      Era berean, Plan Bereziak urbanizazio-proiektuan espezie inbaditzaileak kontrolatzeko neurriak sartzeko beharra jaso beharko du, bai Robinia pseudoacacia espeziearen hondakinak tratatzeko, bai eremuan egon daitezkeen beste espezie inbaditzaile batzuk tratatzeko. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

      Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk.

      Bestalde, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak gauzatzeko:

      Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gutxienez, gai hauei lotutako alderdiak izango ditu: lanaldiak, makineria, isurketen prebentzioa, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

      Obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako operazio osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio eremuak, makinak gordetzeko guneak, laneko etxolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan.

      Hondakinak sortzea eta kudeatzea: hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

      Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Andoaingo Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituena; apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora. Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

      Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

      Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

      Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

      Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barrualdearen kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik Andoaingo 38. Larramendi hirigintza-jarduerarako eremuaren 38.4 jarduketa integratuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia gauzatzearen ondorioz, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Andoaingo Udalari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Bosgarrena. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Andoaingo 38. Larramendi hirigintza-jarduerarako eremuaren 38.4 jarduketa integratuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 8a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik