Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko otsailaren 28koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako GR.02 Gros (II) hirigintza-eremuko Zabaleta kaleko 29. zenbakiko lurzatian ostatu-erabilera ezartzeko Hiri Berrikuntzako Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 61
  • Hurrenkera-zk.: 1383
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/02/28
  • Argitaratze-data: 2022/03/25

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko azaroaren 30ean, Donostiako Udalak eskabidea osatu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Donostiako GR.02 Gros (II) hirigintza-eremuko Zabaleta kaleko 29. zenbakiko lurzatian ostatu-erabilera ezartzeko Hiri Berrikuntzako Plan Bereziari (aurrerantzean, Plana) buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, tartean, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2022ko urtarrilaren 19an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskura egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Donostiako GR.02 Gros (II) hirigintza-eremuko Zabaleta kaleko 29. zenbakiko lurzatian ostatu-erabilera ezartzeko Hiri Berrikuntzako Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarreko araudian ezarritako alderdiak, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana garatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Donostiako GR.02 Gros (II) hirigintza-eremuko Zabaleta kaleko 29. zenbakiko lurzatian ostatu-erabilera ezartzeko Hiri Berrikuntzako Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren adierazten den moduan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Hiri Berrikuntzako Plan Bereziaren xedea da Donostiako Gros auzoko Zabaleta kaleko 29. zenbakian dagoen eraikinean ostatu-erabilera ezartzea.

    Jarduketak eraberritze integrala aurreikusten du (eraikina berreraikitzea), eraikinaren erabilera aldatzea barne; bulego-erabileratik bizitegi publikora/ostatura.

    Egungo eraikinak 3.243,57 m2 (t)-ko azalera eraikia du; horietatik, 2.574,57 m2 (t) sestra gainean garatzen dira, eta gainerako 669 m2 (t) sestrapean. Ordezkapen-eraikin berriarekin, sestra gaineko eraikigarritasuna 259,89 m2 (t)-tan handitu nahi da (2.834,46 m2 (t)) handitzea; beraz, gehieneko eraikigarritasun osoa 3.503,46 m2 (t) izango da. Eraikin berriaren profila honako hau izango da: sotoko solairua, beheko solairua, lau goiko solairu eta bi atiko-solairu; hots, egungo eraikinak baino atiko-solairu bat gehiago izango du.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak beste plan edo programa batzuetan nolako eragina duen, hierarkizatuta dauden eraginak barne: Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, planak ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste ezein plan edo programatan. Ez da aurkitu bateraezintasunik plangintza hierarkikoki nagusiarekin.

      3. Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeari dagokionez, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-kontsiderazioak integratzeari dagokionez.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: Plana gauzatzeak ez du ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo, baldin eta eragindako eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina pairatu dezakeen eremuaren ezaugarriak.

      Planaren eremua Donostiako Gros auzoko Katalunia plazaren eta Kolon pasealekuaren artean dagoen Zabaleta kaleko 29. zenbakiko higiezina da.

      Eragina pairatu dezakeen eremuaren ingurumen-balioa hutsala da; izan ere, gaur egun orube osoa hartzen du mehelinen arteko eraikin batek, eta ez dago natura-balio bikainagatik ezaugarritzen den ezein eremutan.

      Alabaina, eremua Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan zehaztutako babes-eremuen barnean dago. Agindu horren bidez, hegazti-espezie mehatxatuen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak zedarritzen dira eta abifaunaren babes-eremuak non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko baitira argitaratzen.

      Uholde-arriskuari dagokionez, 500 urte arteko errepikatze-denborako uholde-arriskua du eremuaren zati batek.

      Zaratari dagokionez, eremuko zarata-foku nagusia inguruko hiri-kaleetako ibilgailuen zirkulazioa da. Aurkeztutako inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren arabera, bai egungo egoeran, bai etorkizunean aurreikus daitekeenerako, nagusiki bizitegi-erabilerarako diren lurralde-eremuetarako kalitate akustikoko helburuak betetzen dira eremuan, eta maila akustikoak 60 dB (A)-tik beherakoak dira egunez eta arratsaldez eta 50 dB (A)-tik beherakoak gauez.

      Plana garatzeak izan ditzakeen ondorioak eraikina berritzeko lanei lotuta daude. Horrenbestez, hauek lirateke inpaktuak: hondakinak sortzea, makineriaren joan-etorriak, isurketak, zaratak eta abar, eta, horien ondorioz, isurketek azaleko uretan eta lurzoruetan kalteak eragin ditzakete eta emisio atmosferikoek eta akustikoek herritarrei eragozpenak sortu, besteak beste, guztiak ere hiri-eremuan bertan. Ez da espero inpaktu nabarmenik izatea ingurumenean, baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen bada eta, bereziki, lurzoruei, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa. Afekzioak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta berroneratzekoak.

      Uholde-arriskuari dagokionez, eraikina 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremu batean dagoenez, garapenak Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren 40. artikuluan eta hurrengoetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterlana aurkeztu da. Azterlanaren emaitzen arabera, aztertutako hiru aldietan (eguna, arratsaldea, gaua), bai egungo egoeran bai etorkizuneko egoeran, bizitegi-erabilerako lurzorua nagusi den lurralde-eremuetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak betetzen dira (abenduaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko A taula).

      Kontuan harturik azaldutako guztia, eremuaren gaur egungo egoera, planetik eratortzen diren jarduketak, eta, orobat, aplikaturik neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Donostiako GR.02 Gros (II) hirigintza-eremuko Zabaleta kaleko 29. zenbakiko lurzatian ostatu-erabilera ezartzeko Hiri Berrikuntzako Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

      Plana garatzeko proiektuetan eta jarduketetan aplikagarriak diren ingurumen-arloko baimenak edo prozedurak alde batera utzi gabe, honako hauek izango dira Planaren ondoriozko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileak:

      Intereseko balio naturalak babesteko neurriak:

      Eraikinak edo horien zati bat eraistekotan, hiri-inguruneko fauna-espezieen (kiropteroak eta gaueko harrapariak, bereziki) habiak, babeslekuak eta abar identifikatzeko prospekzio bat egin beharko da, espezie horiek mantentzeko neurriak hartzeko. Neurri horiek honako hauek izan daitezke: obren kronograma doitzea, habiak/aleak lekualdatzea, presentzia errazteko proposamenak...

      Obrek eragindako guneak leheneratzea: ahal dela, ahalik eta gutxien eragingo zaio guneari, eta, nolanahi ere, proiektua gauzatzeak eragindako eremu guztiak leheneratuko dira. Berriro landareztatzeko lanak egin behar badira, ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak eta solidoak ibilguetara herrestatzea saihesteko.

      Gune libreen tratamendua: gune libreak landareztatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen.

      Inola ere ez dira erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak, hala nola Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia edo Cortaderia selloana, landareztatze- eta lorategi-lanetan. Behar bezala kontrolatu beharko da tokian dauden landare-espezie aloktono inbaditzaileak kentzen direla, eta orobat kontrolatuko da landareztatze-lanetan erabilitako landare-lurraren jatorria, espezie inbaditzaileak ez sakabanatzeko. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

      Hala badagokio, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren zehaztapenak kontuan hartu beharko ditu. Agindu horren bidez, hegazti-espezie mehatxatuen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak zedarritzen dira eta abifaunaren babes-eremuak non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko baitira argitaratzen.

      Kultura ondarea babesteko neurriak:

      Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Zaraten eta bibrazioen eraginak gutxitzeko neurriak:

      urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikulua aplikatuz, 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoari kalterik egin gabe, hala badagokio, neurri egokiak ezarri beharko dira, aipatutako dekretuaren I. eranskinaren 1. zatiko A taulan xehatutako kalitate akustikoko helburuak betetzen direla ziurtatzeko (zarataren kalitate akustikoko helburuak, jada urbanizatutako eremuei aplikatzekoak), 31.2 artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta. Era berean, barneko espazioan, aipatutako eranskinaren 1. zatiko B tauletan (etxebizitza-, bizitegi-, ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabileretarako bideratutako eraikinen barneko espazio bizigarriari aplika dakizkiokeen zarataren kalitate akustikoko helburuak) eta C tauletan (etxebizitza-, bizitegi-, ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabileretarako bideratutako eraikinen barneko espazio bizigarriari aplika dakizkiokeen bibrazioetarako kalitate akustikoko helburuak) xehatutako balio objektiboak betetzen direla ziurtatu beharko da.

      Obretako zaratari dagokionez: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora. Obrak egunez egingo dira.

      Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

      Bestalde, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak gauzatzeko:

      Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxolak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne.

      Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakinei eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barnean direla.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

      Donostiako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautematearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriak eragindako lurrak kentzea eta kudeatzea, etab.). Pilaketa-guneak, instalazio lagungarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

      Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

      Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Donostiako GR.02 Gros (II) hirigintza-eremuko Zabaleta kaleko 29. zenbakiko lurzatian ostatu-erabilera ezartzeko Hiri Berrikuntzako Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta Donostiako GR.02 Gros (II) hirigintza-eremuko Zabaleta kaleko 29. zenbakiko lurzatian ostatu-erabilera ezartzeko Hiri Berrikuntzako Plan Berezia ez bada baimentzen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 28a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik