Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko otsailaren 28koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Muskizko 074. lurzatian txakurren trebatze-zentro eta hotel bat eraikitzeko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 58
  • Hurrenkera-zk.: 1337
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/02/28
  • Argitaratze-data: 2022/03/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2022ko urtarrilaren 12an, Muskizko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Muskizko 074. lurzatian txakurren trebatze-zentro eta hotel bat eraikitzeko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egin zedin, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskura egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Muskizko 074. lurzatian txakurren trebatze-zentro eta hotel bat eraikitzeko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarreko araudian ezarritako alderdiak, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana garatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Muskizko 074. lurzatian txakurren trebatze-zentro eta hotel bat eraikitzeko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, eduki honekin:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren helburua da Muskizko Kobaron auzoan dagoen lurzoru urbanizaezin bat antolatzea, txakurren trebatze-zentro eta hotel bat eraiki ahal izateko.

    Lurzatiak 17.093,28 m2-ko azalera du, eta Planak ez du lurzoruaren kalifikazioa aldatzen, ezta indarrean dagoen plangintzak baimendutako eraikigarritasuna ere (Muskizko Udalerriko Plangintzako Arau Subsidiarioak, apirilaren 22ko 227/1992 Foru Aginduaren bidez behin betiko onartuak).

    Txakur-zentroak eraikin eta instalazio hauek izango ditu:

    Txakur-hotela, 40 txakurtegikoa, hainbat tamainatako txakurrentzat; animalien higiene- eta garbiketa-gunea eta biltegiratze-eremua.

    Eraikin osagarria, bezeroaren arretarako gunea, administrazioa, irakasleen gela eta komunak dituena.

    Txakurrak trebatzeko arauzko «agility» pista, 800 m2-ko azalera eta kanpoko heziketa-eremu hesitua dituena, 50 m2-ko azalerakoa.

    Zentrorako sarbidea bide publiko zolatu batetik egiten da, lurzatiaren iparraldeko mugarekiko paraleloan.

    Lurzatian ur-hornidura eta zerbitzu elektrikoa daude, bai eta putzu septiko bat ere. Bi putzu septiko gehituko dira ekipamendu berriari zerbitzua emateko, eta, beraz, ez da isurketarik egingo ibilgu publikora edo saneamendu-kolektorera.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak proiektuetarako esparrua ezartzen duen neurria: proposatutako planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, Muskizko udalerrian indarrean dagoen hirigintza-plangintzak Planean aurreikusitako erabilera ezartzea ahalbidetzen du, betiere onura publikoa eta lurzoru urbanizaezinean ezartzeko beharra justifikatzen badira.

        Beraz, instalazioa interes publikokotzat aitortu beharko du Bizkaiko Foru Aldundiaren ebazpen baten bidez, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea garatzen duten premiazko neurriei buruzko ekainaren 3ko 105/2008 Dekretuaren 4.2 artikuluan jasotakoaren arabera.

      3. Planaren egokitasuna ingurumenaren arloan kontuan hartzekoak integratzeari dagokionez, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumenaren arloko kontuan hartzekoak integratzeari dagokionez. Planaren xede den eremua eremu degradatu bat da, EAEko Kostaldea Babesteko eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren arabera; beraz, Planaren garapenean gauzatuko diren ekintzek eremua lehengoratzen lagunduko dute.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere indarrean dagoen araudia eta ingurumen-dokumentu estrategikoan zehazten diren neurri zuzentzaileak betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

      Planaren xede den eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez dago jasota beste katalogo batzuetan (ez EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian, ez Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako natura-intereseko eremuen zerrendan), eta ez da aipatu mehatxatutako flora- edo fauna-espezierik dagoenik.

      Planaren xede den eremua itsas-lehorreko jabari publikoaren babes-zortasuneko eremutik kanpo dago, eta bertan ez dago inolako ur-ibilgurik. Gertuen dagoen erreka lursailetik mendebaldera dago, 150 bat metrora.

      Eremua degradatuta dago, aurretik egindako lur-mugimenduen ondorioz. Lursailaren erabilera ez da emankorra, baina ipar-ekialdean zuhaitz hostotsuen eremu bat dauka, eta altitude gehieneko gunean, sastrakak.

      Lurzatiak «trantsizioko landa-paisaia» kalifikazio orokorra du, «Nekazaritza, abeltzaintza eta landazabala» kategoriaren barruan, EAEko Nekazaritza eta Basogintzaren Lurraldearen Arloko Planaren arabera. Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planak berreskuratu beharreko eremu degradatutzat jotzen du lurzatia.

      Eremuaren ipar-mendebaldeko eremuak muga egiten du Donejakue Bidearen zati batekin (kostaldeko ibilbidea), zeina Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan sartuta baitago Kultura Ondasun Sailkatu gisa.

      Planaren eremua Itsaslur bide berdetik gertu dago. Bide hori kostaldetik doa Pobeñatik Kobaronera, eta gutxi gorabehera bi kilometroko luzera du. Bide berdearen ibilbideak bat egiten du Done Jakue bidearen kostaldeko ibilbidearen zati batekin. Bidea Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan dago sartuta Kultura Ondasun Sailkatu gisa.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, lurzatiak ez du uholde-arriskurik eta ez dago jasota lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan. Gainera, akuiferoen kutsadura-arriskua oso txikia da.

      Plana garatzeko proiektua gauzatzeko fasearen inpaktu nagusiak lur-mugimenduek sortutakoak izango dira, nahiz eta Planak horiek minimizatzeko antolamendu xehatua hartu duen. Lehen adierazi den bezala, Itsasertzeko Lurraldearen Arloko Planak berroneratu beharreko eremu degradatutzat jotzen du Planaren eremua, eta, beraz, eremu hori egokitzeko eta eragindako gainazalak lehengoratzeko obrek nabarmen lagunduko dute egungo egoera hobetzen.

      Instalazioen funtzionamendu-fasean, «agility» pistak sortutako zarata izango da inpaktu nagusia. Pista horrek aldi berean 20 txakur hartzeko ahalmena izango du, eta txakur-hotelak 40 plaza izango ditu. Jarduera-esparruak ez du kalitate akustikoko helbururik, ez delako eremu urbanizatua. Hala ere, jarduera berria denez, erreferentziako araudian finkatutako zaraten immisio-balioak bete beharko ditu.

      Kontuan harturik eremuaren gaur egungo egoera, Planetik eratortzen diren jarduketen ezaugarriak, eta, orobat, neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileen aplikazioa, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Muskizko 074. lurzatian txakurren trebatze-zentro eta hotel bat eraikitzeko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak esandako Planean txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

      Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, obra-faseari eta jardueraren funtzionamendu-faseari buruzkoak.

      Foru-organo eskudunak instalazioak izan behar dituen baimenetarako ezartzen dituen baldintzei kalterik egin gabe, gune zoologikoei buruzko apirilaren 11ko 81/2006 Dekretuan zehaztutakoaren arabera, honako neurri hauek gehituko dira:

      Hondakin-ur sanitarioak, bai eta txakurren higiene- eta garbiketa-eremuetan eta txakurtegien garbiketan sortutakoak ere, bildu, eta ezin hobeto tratatuko direla bermatzeko moduko tamaina duten arazketa-sistemetara bideratuko dira.

      Espazio libreak eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, kontuan hartuko dira Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratu zuen. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez da inola ere ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonorik erabiliko. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

      Donejakue Bidearen edo haren babes-eremuen trazaduran esku hartzeko, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren baimena beharko da aldez aurretik.

      Lanek irauten duten artean, beharrezko gisa aurreikusten diren jardunbide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Planean jasotzen diren aurreikuspenak garatuz etorkizunean ezar daitezkeen instalazioei dagokienez, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikulua aplikatuta, zarata-foku berriek Dekretu horren I. eranskineko 2. zatian zehazten diren muga-balio aplikagarriak bete beharko dituzte.

      Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebakiak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.

      Obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakinen biltegira eraman, eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

      Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako eta planaren instalazioetan aplikagarri diren ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiei jarraituko zaie, eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

      Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Muskizko 074. lurzatian txakurren trebatze-zentro eta hotel bat eraikitzeko Plan Bereziak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Muskizko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Bosgarrena. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Muskizko 074. lurzatian txakurren trebatze-zentro eta hotel bat eraikitzeko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 28a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik