Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko otsailaren 28koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Azkoitiko (Gipuzkoa) «A.29 Gurutzeaga» eremuaren Barne-eraberritzeko Plan Bereziaren Aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 58
  • Hurrenkera-zk.: 1336
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/02/28
  • Argitaratze-data: 2022/03/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko azaroaren 25ean, Azkoitiko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Azkoitiko (Gipuzkoa) «A.29 Gurutzeaga» eremuaren Barne-eraberritzeko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egin zedin, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, zenbait agiri aurkeztu ziren, hala nola Planaren aldaketaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko urtarrilaren 11n, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskura egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Plana abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Ingurumen-txosten estrategiko horretan, planaren aldaketak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Planaren aldaketa garatu, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa Azkoitiko (Gipuzkoa) «A.29 Gurutzeaga» eremuaren Barne-eraberritzeko Plan Bereziaren aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Barne-eraberritzeko Plan Bereziaren Aldaketaren bidez, «A.29 Gurutzeaga» eremuko UE2 eta UA2 exekuzio-unitateen antolamendu xehatua aldatu nahi da. Planaren Aldaketaren eremua UE2 eta UA2 exekuzio-unitateak bizitegitarako hiri-lurzoruarekin da, eta 8.605,30 m2-ko azalera du, eremuak guztira dituen 11.344,97 m2-etatik.

    Sestra gaineko hirigintza-aprobetxamendu pribatu guztia 4.926,60 m2-ko bizitegi-lurzati bakarrean biltzea proposatzen da, eta, horrela, indarrean dagoen espazio libreetarako Planaren UA2tik A.29.3L lurzatia askatzea.

    UE2ko lurzati pribatu berria, etxebizitza librerako dena, A.29.2 izango da aurrerantzean, eta lehen izen hori zuena ordeztuko du. Bizitegi-lurzati horren barruan, bi bizitegi-bloke aurreikusten dira, 6.933,72 m2t-ko sestra gaineko aprobetxamenduarekin; 70 etxebizitza, 35na blokeko. Eraikinen profila II/IV+At izango da. Gainera, lurzati pribatuak 105 aparkaleku izango ditu sotoko bi solairutan. Era berean, erabilera pribatuko espazio libre batzuk antolatu dira lurzatian, aisia-igerileku bat jartzeko.

    29.3.L lurzati ohia espazio libreetarako bideratu, eta berdegune bat sortuko da, autobusen aparkalekua hartzeko erabil daitekeena noiz edo noiz.

    Antolamendu berriarekin, handitu egin da «A.29 Gurutzeaga» eremuko espazio libreen azalera, eta indarrean dagoen planean aurreikusitako 2.773,30 m2-tik 3.604,08 m2-ra igaro da.

  2. Proposatutako Planaren Aldaketaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, hain zuzen ere zehazteko ea Planaren aldaketak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planaren aldaketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Plana aldatzeak esan nahi du sestra gaineko hirigintza-aprobetxamendu osoa bizitegi-lurzati bakar batean batuko dela, eta, horrela, espazio libreen azalera handituko dela hiri-lurzoruko eremuan; beraz, ondorioztatzen da ez duela eragin aipagarririk izango beste plan edo programa batzuetan.

      3. Plana egokia den ingurumen-arloko alderdiak barne hartzeko, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Planaren Aldaketa egokia da garapen jasangarria sustatzera bideratutako ingurumen-alderdiak barnean hartzeko; izan ere, proposatzen den antolamendu berriarekin, eremuan azalera handiagoa bideratuko da espazio libreetarako; indarreko antolamenduan aurreikusitako 2.773,30 m2-etatik plana aldatu ondorengo 3.604,08 m2-etara. Gainera, etorkizuneko bizitegi-garapena bateragarria da baliabideen (ura, energia, etab.) kontsumo efizienteagoa sustatzeko neurriak hartzearekin.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta aldaketaren irismena kontuan hartuta, ez da hauteman planaren aldaketa gauzatuz gero ingurumen-arazo adierazgarririk egongo litzatekeenik, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, kultura-ondareari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Era berean, Planaren Aldaketa egokitzat jotzen da ingurumen-arloko Batasuneko edo nazio-mailako legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina pairatu dezakeen eremuaren ezaugarriak.

      Planaren aldaketaren xede diren UE2 eta UA2 exekuzio-unitateek 8.605,30 m2-ko azalera hartzen dute. Aztergai dugun eremua Azkoitiko herrigunearen hegoaldean dago, San Martin auzoan, San Martin ermitaren muinoaren oinean. Iparraldean Joaquin Eguia eta Tomas Larrazpuru kaleak ditu mugakide; mendebaldean San Martin ermita; hegoaldean Txalon Erreka auzoa; eta ekialdean Beidazar kalea eta Altamira auzoa.

      Bizitegirako hiri-lurzorua da, eta gaur egun oraindik ez dago garatuta. Eremuaren gehienean baratzeak, berotegiak eta belardiak daude.

      Hauek dira eremuaren ingurumen-ezaugarri nagusiak:

      Eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez dago jasota ezein katalogotan (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian, LAGetako natura-intereseko guneen zerrendan), ezta Plan Hidrologikoko Gune Babestuen Erregistroan ere. Eremu horretan ez da hauteman fauna- edo flora-espezie mehatxaturik dagoenik.

      Eremuan ez da ibai-ibilgu iraunkorrik identifikatu. Hurbilen dauden ibilguak hauek dira: Urola ibaia, eremuaren ipar-mendebaldetik gutxi gorabehera 200 metrora doana, eta Txalon erreka, Urolaren adarra, eremuaren hegoaldetik 100 metrora baino gehiagora doana.

      Eremua iparraldeko antiklinorioko lurpeko ur-masaren gainean dago, eta ez da identifikatu interes hidrogeologikoko eremurik.

      Eremuan dagoen landaredia baratzetakoa, fruta-arbolak eta berotegietakoa da nagusiki. Eremuaren barruan Batasunaren intereseko 6510 habitatekoak (altitude baxuko sega-belardi elkorrak) diren belardiak daude (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis).

      Kultura-ondareari dagokionez, eremua Azkoitiko Hirigune Historikoaren Gune Arkeologikoaren barruan dago, eta, bereziki, 1. Iraurgiko San Martin eremuaren barruko gune batean dago. 1. eremu horrek San Martin muinoaren tontorra eta hegala hartzen ditu, Urola ibaiaren beste aldean.

      1998ko ekainaren 3ko Aginduaren bidez, Azkoitiko Hirigunearen Gune Arkeologikoa kultura-ondasun gisa geratu zen inskribatuta, monumentu-multzoaren kategoriarekin, Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean, eta honako jarduketa hau ezartzen da aztergai dugun eremua dagoen ingururako: «Kontrol arkeologikoa San Martin tenpluari lotutako herrigune sakabanatua kokatuta legokeen muinoaren gainerakoan. Kokapen eta mugapen zehatzagoaren zantzuak aurkitu ondoren, luze-zabalean induskatuko dira».

      Horrela, azken urteotan, eta 1. eremuko hainbat tokitan, zati batean UE2-UA2 exekuzio-unitateak barne (A29-Gurutzeaga eremua), hainbat esku-hartze arkeologiko egin dira.

      Ildo horretan, «A-29 Gurutzeaga eremuko Ebaluazio Arkeologikoaren Txostena (UE2-UA2 exekuzio-unitateak )» delakoaren arabera, esku-hartze arkeologikoen emaitzek adierazten dute arkeologikoki jardun dela aztertutako eremuaren 1.200 m2 ingurutan, eta metakin antropiko gutxi topatu dela, ziur aski eraikitako berotegiek edo nekazaritzako eta abeltzaintzako lanek antzinako giza okupazioaren balizko metakina eraldatu ahal izan dutelako. Emaitzek erakusten dute, halaber, bertako metakin arkeologikoa baliorik eta interesik gabea dela ondarearen ikuspegitik, eta antzinatasun txikikoak direla (ez dute mendea bete).

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremua ez dago sartuta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan. Hala ere, eremuaren ekialdeko mugako lurzati bat kutsatutako lurzoruen inbentarioan sartuta dago (20017-00115 kodea). Akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna ertaina da. Eremuan ez da hauteman uholde-arriskurik, ez eta higadura-arrisku nabarmenik ere.

      Zaratari dagokionez, eremuko emisio-foku nagusia inguruko errepideetako eta hiri-kaleetako ibilgailuen zirkulazioa da. Horri dagokionez, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, aztertutako hiru aldietan (eguna, arratsaldea, gaua), egungo egoeran nahiz etorkizuneko egoeran kanpoko zaratan eta fatxadan, bizitegi-erabilerako lurzorua nagusi den lurralde-eremuetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak betetzen dira (abenduaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko A taula).

      Planaren aldaketa garatzeak izan ditzakeen ondorioak bizitegi-lurzatiko eraikuntza-obrekin eta eremua urbanizatzeko egingo diren obrekin lotutakoak izango dira. Ildo horretan, baizko inpaktuen kausak honako hauek izango dira: landaredia moztu eta belar-sastrakak kentzea, berotegiak kentzea, lurrak mugitzea, hondakinak sortzea, makineriaren joan-etorriak, isurketak, zaratak eta abar. Ondorioz, landarediari, nekazaritza-jarduerei, kultura-ondareari eta, isurketengatik, lurpeko urei eta lurzoruei eragin diezaiekete jarduera horiek, eta eragozpenak sortu herritarrei, emisio atmosferikoengatik eta akustikoengatik, hirigunetik gertu egingo direnez lanak. Alde horretatik, indarrean dagoen legeria eta, bereziki, kultura-ondareari, nekazaritzari, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoak betetzen badira, eraginak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta lehengoratzeko modukoak.

      Indarrean dagoen antolamenduan aurreikusita dagoen egoera kontuan hartuta baloratu behar dira ingurumen-ondorioak. Alde horretatik, Planaren Aldaketak A.29.2 lurzati bakarrean biltzen du bizitegi-garapena, eta espazio libreetara bideratzen du A.29.3.L lurzatia, zeina bizitegi-eraikin bat hartzeko antolatzen baita indarrean dagoen antolamenduan. Beraz, aldaketak bizitegi-garapena trinkotzea eta eremu horretan espazio libreak handitzea dakar. Alde horretatik, hirigintza-garapena trinkotzea eragin positibotzat jotzen da, lurzorua modu arrazionalagoan erabiltzen delako eta baliabideen kontsumoko sistema efizienteak (ura, energia, etab.) ezartzeko aukera handiagoa ematen duelako.

      Ondorioz, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean ondorio adierazgarririk izango dutenik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planaren aldaketak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Azkoitiko (Gipuzkoa) «A.29 Gurutzeaga» eremuaren Barne-eraberritzeko Plan Bereziaren aldaketari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak esandako Planaren aldaketan txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planaren Aldaketan bertan jasotakoaren arabera.

      Aplikatzeko neurrien artean, Planaren aldaketa garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, obra-faseari eta jardueraren funtzionamendu-faseari buruzkoak. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

      Kultura-ondareari dagozkion neurriak:

      Azterketa arkeologikoan jasotako proposamenaren arabera, eta Azkoitiko Hirigune Historikoaren Gune Arkeologikoko 1. eremuko babes-araubidearen zehaztapenekin bat etorriz, aldez aurretik zundaketak egin beharko dira lurra sakonago mugitzea aurreikusten den eremuetan, eta eremuaren gainerako gainazalean kontrol arkeologikoa egingo da lur-mugimenduetarako.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legearen arabera, babes ertaineko arkeologia-gunea denez, proiektatutako obrak egiteko hirigintza-lizentzia emateko, aldez aurreko zundaketa arkeologikoak egin beharko dira oraindik esku hartu ez den eremuetan, hirigintzako lizentziak eman aurretik egiaztatu eta, hala badagokio, baloratu ahal izateko zer interes duten aurkitu daitezkeen hondakinek.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamenduari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Paisaia- eta ekologia-integrazioko neurriak:

      Proposamenaren ingurumen-portaera ona bermatzeko, eremuko berdeguneei buruzko neurri hauek hartu beharko dira kontuan:

      Eremua kalitatezko berdegunez hornitzea, parke eta lorategi gisa eraginkortasunez erabiliz, bai espazio pribatuetan, bai publikoetan.

      Landare- eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, kontuan hartuko dira Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua (Udalsarea 21. Argitalpenak - Udalsarea21 koadernoa, 20b. zk.; Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua, Ihobek argitaratua) argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak, proposamenaren ingurumen-integrazioa maximizatzeko.

      Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

      Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

      Bestalde, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, Planaren Aldaketatik eratorritako obrak gauzatzeko honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira:

      Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Alderdi hauek behintzat hartuko ditu barnean: lanaldiak, makineria, uretarako isurketak prebenitzea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

      Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, makinak gordetzeko guneak, lan txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan.

      Hondakinen sorkuntza eta kudeaketa: Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barnean direla.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

      Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Azkoitiko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituena; apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora. Obrak egunez egingo dira.

      Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriak eragindako lurrak kentzea eta kudeatzea, etab.). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

      Eraikingintzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarrienerako beharrezkoak diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako neurriak eta ingurumen-arloko jardunbide egokiak erabiliko dira; zehazki, «EAEko Eraikingintza eta Etxebizitza-birgaitze jasangarrirako gida» lanean jasotakoak (https://www.euskadi.eus/contenidos/documentacion/guia_edificacion/es_pub/adjuntos/GUIA_EDIFICACION_SOSTENIBLE_castellano_2015.pdf), eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

      Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak zein sustatzaileak aurrekoen aurkakoak ez direnak hartzen badira, ez da aurreikusten Azkoitiko (Gipuzkoa) «A.29 Gurutzeaga» eremuaren Barne-eraberritzeko Plan Bereziaren aldaketak ondorio kaltegarri esanguratsurik eragingo duenik ingurumenean; ondorioz, ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Azkoitiko Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezkoak dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gehienez lau urteko epean Azkoitiko (Gipuzkoa) «A.29 Gurutzeaga» eremuaren Barne-eraberritzeko Plan Bereziaren aldaketa onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 28a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik