Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko otsailaren 28koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, zeinaren bidez Gernika-Lumoko Udalaren Diruzaintzako lanpostua sailkatzen baita; lanpostu hori Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta dago.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 47
  • Hurrenkera-zk.: 1087
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/02/28
  • Argitaratze-data: 2022/03/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonom韆
  • Azpigaia: EAEko udalak; Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Administrazio Publikoetarako Ministerioko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren 1988ko martxoaren 16ko Ebazpenaren bidez, behin betikotzat jo zen Estaturako gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuen sailkapena (1988ko martxoaren 22ko BOE, 70. zk.). Ebazpen horren arabera, Gernika-Lumoko Udala bigarren motan sailkatzea ebatzi zen.

Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean (TAOL, aurrerantzean) 92 bis artikuluaren lehenengo apartatuak xedatutakoaren arabera, Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak (TAAIL, aurrerantzean) emandako idazkeran, toki-korporazio guztietan beharrezkoak diren zenbait eginkizun publiko daude, eta horien gaineko erantzukizun administratiboa Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta dago; eginkizun horien artean kontabilitatea, diruzaintza eta diru-bilketa daude.

Hori dela eta, TAAIL indarrean jarri zenetik, bigarren motako idazkaritza duten toki-korporazioek, nahitaez, Diruzaintzako lanpostua eduki behar dute, eta Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioak dira lanpostu hori bete behar izango dutenak.

Halaber, aipatutako TAOLen 92 bis artikuluaren laugarren apartatuan xedatzen denez, Gobernuak errege-dekretu baten bidez arautuko ditu Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak sortu, sailkatu eta ezabatzeko espezialitateak.

Horren ondorioz, 2018ko martxoaren 16an, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duen 128/2018 Errege Dekretua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean (128/2018 Errege Dekretua, aurrerantzean).

128/2018 Errege Dekretuaren 14.1 artikulua kontuan hartuta, Idazkaritza bigarren motakotzat sailkatuta duten toki-korporazioetan Diruzaintza izeneko lanpostu bat egon behar da, eta lanpostu horrek diruzaintzari eta diru-bilketari lotutako eginkizunen administrazio-erantzukizuna izango du. Lanpostu hori, halaber, toki-administrazioko funtzionario batek bete behar izango du, Kontu-hartzailetza Diruzaintza Azpieskalan sailkatutakoa, eta Estaturako gaikuntza izan.

Era berean, 128/2018 Errege Dekretuaren seigarren xedapen iragankorreko bigarren apartatuan ezartzen da ezen, Idazkaritza bigarren motakotzat sailkatuta duten toki-korporazioetan, errege-dekretu hori indarrean jartzen denean Diruzaintzako lanpostua ez badago gordeta Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen eskalakoentzat, dagokion autonomia-erkidegoari eskatu beharko zaiola lanpostu hori Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu gisa sailkatzea Kontu-hartzailetza Diruzaintza Azpieskalan.

2021eko azaroaren 24an egindako ohiko batzarrean, Gernika-Lumoko Udaleko Osoko Bilkurak onartu zuen Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari eskatzea Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako udal horren Diruzaintzako lanpostua sailkatzeko.

Gauzak horrela, prozeduraren instrukzio-aldian, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu zitzaion txostena eman zezala Gernika-Lumoko Udalaren eskaeraren gainean; eskaera horren ondorioz, foru-aldundiak txostena helarazi du; hain zuzen ere, Gernika-Lumoko Udalaren Diruzaintzako lanpostuaren sailkapena Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetzeari buruzko aldeko txostena.

Horregatik guztiagatik, udalak aurkeztutako eskabidea ikusirik, TAOLen 92 bis artikuluarekin eta martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren seigarren xedapen iragankorrarekin bat etorriz, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 11. artikuluak ematen dizkidan ahalmenez baliatuta, honako hau

Lehenengoa. Gernika-Lumoko Udalaren Diruzaintzako lanpostua Kontu-hartzailetza Diruzaintza Azpieskalako Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu gisa sailkatzea.

Bigarrena. Lanpostu hori betetzeko sistema merezimendu-lehiaketa izango da.

Hirugarrena. Gernika-Lumoko Udalak bere lanpostu-zerrendan gehitu beharko du lanpostu hori, bete baino lehen.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Erakunde Harremanetarako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan, hargatik eragotzi gabe zuzenbidean onartutako bestelako aurkaratze-bideak erabiltzea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa Arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, administrazio publiko interesdunek ezin izango dute administrazioarekiko errekurtsorik jarri ebazpen honen aurka. Halere, errekurtsoa jarri ahal izango dute Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako epaitegietan, bi hileko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, 29/1998 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituz. Lehenago eta epe berean, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritzari eskatu ahal izango zaio ebazpen hau deusezta edo erreboka dezala, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluak xedatzen duen bezala.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 28a.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,

MIREN JOSUNE IRABIEN MARIGORTA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik