Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko otsailaren 9koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen baita Zumarragako arau subsidiarioen aldaketa puntualari buruz, Z2.5 eremu sanitario gerontologikoari (Zumarragako Ospitalea) dagokiona.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 43
  • Hurrenkera-zk.: 998
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/02/09
  • Argitaratze-data: 2022/03/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko azaroaren 10ean, Zumarragako Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Zumarragako arau subsidiarioen aldaketa puntualaren, Z2.5 eremu sanitario gerontologikoari dagokiona (aurrerantzean, Plana), ingurumen-txosten estrategikoa egin zedin, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko abenduaren 17an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskura egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Plana abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela ingurumen-txosten estrategikoaren arabera edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarreko araudian ezarritako alderdiak, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana garatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Zumarragako arau subsidiarioen aldaketa puntualaren, Z2.5 eremu sanitario gerontologikoari dagokiona (Zumarragako Ospitalea), ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea. Hona edukia:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Zumarragako Udal Plangintzako Arau Subsidiarioak (Arau Subsidiarioak) 2008ko otsailean onartu ziren behin betiko, eta udalerrian indarrean dagoen plangintza-esparrua osatzen dute. Arau Subsidiario horien arabera, planaren xede den Z2.5 eremua hiri-lurzoru finkatugabea da, Osasun Ekipamendu Komunitarioko Sistema Orokor Asistentzial gisa kalifikatua; Zumarragako herrigunearen hego-ekialdean dago, muga egiten du harekin eta 37.800 m2-ko azalera du. Eremua gune gerontologikoko (Matia fundazioa) eta gune sanitarioko eraikinek hartzen dute gehienbat; gune sanitarioan Zumarragako Eskualdeko Ospitaleko instalazioak eta eraikinak daude, baita aparkalekuak eta berdegune txiki batzuk ere.

    Z2.5 eremuaren barruan, hirigintzako bi jarduketa-unitate bereizten dira: 2.5.1 unitatea, zeinaren erabilera gerontologikoa den, Planak mantentzen eta sendotzen duena, eta 2.5.2 unitatea, eskualde-ospitaleari dagokiona, erabilera sanitarioarekin. Unitate horretan zentratzen da Planaren antolamendua, eta honako jarduera hauek proposatzen ditu:

    Eraikin berri bat eraikitzea, ospitaleko eraikinarekin lotua, kirurgia-bloke berri bat, ospitale-zerbitzu berriak, zerbitzu komunak eta sarbide berria hartzeko.

    Ospitaleko hegalen alboa eta altuera handitzea.

    Kanpo-kontsulten eraikinaren alboa eta altuera handitzea.

    Etorkizuneko ospitale-zerbitzuen hazkundea eremu berean.

    Ospitaleko barne-konexioak, kirurgia-bloke berriaren konektibitatea, bideen eta aparkalekuen kanpo-zirkuitua eta berdeguneen sistema hobetzea.

    Lur gaineko edo sestra azpiko aparkalekuak egitea; plaza bat, eraikin berrien sestra gainean eraikitako 100 m2 bakoitzeko.

    Planak gehieneko okupazioaren parametroak, sestra gaineko gehieneko eraikuntza, sestra azpiko aprobetxamendua, gehieneko profila eta eraikin berri bakoitzari esleitutako altuera zehazten ditu.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: Planak hiri-lurzoru batean eraikigarritasuna handitzea dakar; beraz, ondorioztatzen da ez duela eragin aipagarririk izango beste plan edo programa batzuetan.

      3. Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeari dagokionez, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-kontsiderazioak integratzeari dagokionez. Ez dakar artifizializatu gabeko lurzorurik okupatzea, lehendik urbanizatuta dagoen eremu batean eragiten baitu.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman Plana gauzatuz gero ingurumen-arazo adierazgarririk egongo litzatekeenik, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina pairatu lezakeen eremuaren ezaugarriak:

      Planaren xede den lurzatia hiri-lurzoru finkatugabea, eraikia eta urbanizatua da; hauek dira haren ingurumen-ezaugarri nagusiak:

      Eremua Urolako Unitate Hidrologikoaren gainean dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Arroen eremuan. Ez dago ur-ibilgurik Planaren eremuan, ezta inguru hurbilean ere. Hurbilen dagoen ur-ibilgua Urola ibaia da: lurzatitik 700 metro ingurura.

      Ikuspegi hidrogeologikotik, eremua Hegoaldeko Eremu Hidrogeologiko Antiklinorioari dagokio, eta ez da identifikatzen interes hidrogeologikoko eremurik Planaren eremuan. Gainazaleko materialek porositateak eragindako iragazkortasun txikia dute, eta hutsaren hurrengoa da akuiferoak kutsatzeko arriskua.

      Eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez du bat egiten beste katalogo batzuetako eremuekin (ez EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekiko eremuekin, ez LAG-Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko eremuen zerrendakoekin), ez Europar Batasuneko intereseko habitatekin, ezta landare-espezie mehatxatuenekin ere. Era berean, ez da identifikatzen Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik. Lurzatian dauden landare-gune bakarrak lorategiz osatutako berdegune txiki batzuk dira.

      Planaren eraginpeko lurzatia eremu antropogenikoko hiri-paisaia bateko ikuspen-arro batean dago, eta ez dator bat paisaia berezi edo bikainekin.

      Planaren eremua ez dator bat katalogatutako edo katalogatzeko proposatutako kultura-ondarearen elementuekin, baina hurbilean euskal kultura-ondarearen elementu batzuk daude, eta, horien artean, Bidaurreta baserria nabarmentzen da, eremu horretatik 30 metro hego-mendebaldera dagoen ustezko arkeologia-gunea. Gainera, lurzatia Zumarragako Santa Maria ermitako (Antigua) eta Ipe馻rrieta jauregiko kultura-intereseko ondasunei dagozkien bi paisaia-mugarri garrantzitsuren eragin-eremuaren barruan dago.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, ez da deskribatu uholde-arriskuko eremutik kanpo dago, eta ez dago jasota lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatirik. Ikuspegi geoteknikotik, eraikuntza-baldintza onak dira nagusi.

      Zaratari dagokionez, hauek dira Planaren eremuari eragiten dioten emisio-foku nagusiak: eremuaren inguruko hiri-bideak, ospitaleguneak sortzen duen trafikoa bera, GI-631 errepidea (eremuaren ekialdean, 130 m ingurura), GI-632 errepidea (iparraldean, 200 m ingurura) eta A-636 autobia (lurzatiaren hegoaldean, 600 m ingurura). Planaren lurzatiaren hegoaldeak muga egiten du GI-631 errepidearen Eragin Akustikoko Eremuarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren zarataren mapa estrategikoekin bat. Era berean, Planaren eremutik hurbil, Abiadura Handiko Trenaren lurpeko trazadura doa.

      Planak izan ditzakeen ondorioak eraikinak hantzeko eta eremua urbanizatzeko egingo diren obrekin lotutakoak izango dira. Hala, gerta daitezkeen inpaktuak lur-mugimenduek, hondakinak sortzeak, makinen -joan-etorriek, isurketek, zaratek eta halakoek eragingo dituzte, eta horrek inguruko eta ospitaleguneko bertako pertsonei eragingo dizkie, hala nola emisio atmosferikoak eta akustikoak. Gainera, kontuan izan behar da jarduketak erabilera sanitarioko lurzorua nagusi den hiri-eremu batean egingo direla, hau da, obrek eragozpen bereziak sortzen dituzten batean. Hala ere, proposatzen diren jarduketak mugatuak direnez, eraginak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak izango dira, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere zaratari, hondakinei eta isuriei buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.

      Ustiapen faseko zaratari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren arabera, Zumarragako ospitalegunea E motako eremu akustiko batekin parekatzen da: nagusiki osasun-, irakaskuntza- eta kultura-erabilerarako diren lurralde-sektoreak. Kutsadura akustikoko balioak, kanpoalderako, 60 dB (A) izango dira, egunez, eta 50 dB (A) gauez. Hala ere, aurreikusitako eraikin berrietarako, balio horiek 5 dB (A) jaitsiko dira. Aurkeztutako inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren emaitzen arabera, kanpoko zaratari dagokionez, kalitate akustikoaren helburuak betetzen dira, aparkalekuetatik hurbilen dauden eremuetan izan ezik, horietan apur bat gainditzen baitira. Fatxadetan, ikus daiteke kutsadura akustikoko helburuak betetzen direla eraikin gehienetako fatxada guztietan, eta trafikoa duten ardatzetara bideratutako fatxadetan baino ez dira gainditzen, bai egunez, bai gauez.

      Indarrean dagoen antolamenduan aurreikusita dagoen egoera kontuan hartuta baloratu behar dira ingurumen-ondorioak. Ildo horretan, Zumarragako arau subsidiarioetan, Planaren eremua Osasun eta Asistentzia Ekipamendu Komunitarioko Sistema Orokor modura jasota dago, eta gaur egungo erabilera horixe da, lurzatia eraikita eta urbanizatuta baitago. Aldaketaren xedea da Zumarragako Ospitalean dauden instalazioak handitzea, arau subsidiarioetan aurreikusitako ekipamendu sanitarioari dagokion lurzatiaren barruan, ospitaleak eskaintzen duen arreta sanitarioa hobetzeko, eta, beraz, bateragarria da indarrean dauden arau subsidiarioetan aurreikusitako erabilerarekin; bestalde, Planean aurreikusitako instalazioak handitzea egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, ez dakarrelako lurzoru naturalik hartzea, eta instalazio berrietan baliabideen (ura, energia...) kontsumo efizienteagoa indartzeko neurriak ezartzeko modua ematen duelako.

      Ondorioz, kontuan hartuta eremuaren gaur egungo egoera, Planak planteatzen duen antolamendua eta dagozkion neurri prebentibo, babesgarri eta zuzentzaileen aplikazioa, ez da espero jarduketek Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoaren araberako ingurumen-ondorio adierazgarririk izango dutenik.

    3. Ebazpen honetan honako neurri babesgarri eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri handirik izan ez dezan eta Zumarragako arau subsidiarioen aldaketa puntualaren, Z2.5 eremu sanitario gerontologikoari dagokiona, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, agindutako neurri babesgarri eta zuzentzaileak eransten badira.

      Neurri babesgarri eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

      Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, obra-faseari eta jardueraren funtzionamendu-faseari buruzkoak. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

      Zaratarekin zerikusia duten neurriak.

      Zaratari dagokionez planean hartuko beharreko erabakien artean eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezingo dira exekutatu etorkizuneko garapen urbanistikoak honako eremuetan: kanpoko ingurumarian kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez direnetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa. Era berean, kontuan hartuta planaren esparrua Gipuzkoako foru-errepideen eragin akustikoko eremu baten barruan dagoela, eremu horietan edozein jarduketa egin ahal izateko, azpiegitura horiek kudeatzen dituen organoaren txostena beharko da nahitaez.

      Behar den isolamendu-maila jarri beharko da, aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak bete ahal izateko, bai egunez bai gauez. Fatxadako isolamendu horiek berariaz justifikatu behar dira eraikuntza-proiektuan.

      Zaratari buruzko Legea (37/2003, azaroaren 17koa) garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora. Halaber, eguneko lan-ordutegi bat errespetatuko da.

      Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk.

      Bestalde, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak gauzatzeko:

      Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Alderdi hauei loturiko alderdiak behintzat hartuko ditu barnean: lanaldiak, makineria, isurketen prebentzioa, ahalik eta hauts eta zarata gutxiena sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

      Obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio eremuak, makinak gordetzeko guneak, lan txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan.

      Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko Legeak (22/2011, uztailaren 28koak) araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barne.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen Dekretuan (112/2012, ekainaren 26koak) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

      Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Zumarragako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko Legearen (4/2015, ekainaren 25ekoaren) 22.2 artikulua betetzeko.

      Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamenduari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Paisaia-integrazioa: landareak eta lorategiak jartzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzearen alde egingo da, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, eta espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murriztuta. Horretarako, kontuan hartuko dira Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratu zuen. Ez da inola ere erabiliko espezie aloktono inbaditzailerik; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia edota Cortaderia selloana. Halaber, leheneratze-lanetan erabiliko den landare-lurrak flora inbaditzaileko hedakairik ez duela bermatuko da.

      Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezpen eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren sorkuntza edo kontsumoa murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesgarri eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Zumarragako arau subsidiarioen aldaketa puntualak, Z2.5 eremu sanitario gerontologikoari dagokiona (Zumarragako Ospitalea), ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Zumarragako Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen eraginak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean onartzen ez bada Zumarragako arau subsidiarioen aldaketa puntuala, Z2.5 eremu sanitario gerontologikoari dagokiona (Zumarragako Ospitalea). Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 9a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik