Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko urtarrilaren 22koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Arrasateko (Gipuzkoa) AE-14 Mendibarren eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 28
  • Hurrenkera-zk.: 660
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/01/22
  • Argitaratze-data: 2022/02/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko azaroaren 10ean, Arrasateko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Arrasaten AE-14 Mendibarren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa egin zedin, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko azaroaren 30ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, izapidearen hasieraren berri eman zitzaion Arrasateko Udalari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Arrasaten AE-14 Mendibarren Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarreko araudian ezarritako alderdiak, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana garatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Arrasateko AE-14 Mendibarren eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren adierazten den moduan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Arrasaten indarrean dagoen hirigintza-plangintza Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak osatzen du, eta 2016ko martxoan onartu zen behin betiko berrikuspena (2016ko maiatzaren 31ko GAO, 102. zk.). HAPOk AE-14 Mendibarren eremuaren antolamendu xehatua lehen laurtekoan garatzea planteatzen du. Gainera, honako helburu hauek zehaztu ditu eremurako:

    Industria-eraikina finkatzea, eta hura handitzea ahalbidetzea.

    Baliozkoak ez diren zenbait atal eraistea.

    Behar bezalako antolamendua egiteko oztopo ez diren baserriak finkatzea.

    Aramaio ibaiaren ertzeko zati bat ekologikoki lehengoratzea.

    Planaren helburua hauxe da: Fagor Ederlanen egungo eta etorkizuneko beharrak eta Arrasateko HAPOren zehaztapenak beteko dituen antolamendu xehatua ezartzea, kasuan kasuko araudi sektorialekin batera, eta horrez gain, industria eta etxebizitza batera dauden eremu horretan hirigintza-kudeaketa logikoa eta errealista egitea.

    Alde horretatik, Planak bateragarri egin nahi du, batetik, Fagor Ederlanen industria-eraikuntza finkatzea, eta bestetik, etorkizunean hura handitzeko posibilitatea, bai eta Uribarri Hiribideko ertzean dauden bi bizitegi-eraikinak ere, eta horrekin batera, hirigintza- eta sektore-araudia betetzea: Uribarri Hiribiderako eta Aramaio ibaiaren ibilgurako tartea, espazio libreen eta berdeguneen tokiko sistemarako lagapenak ezartzea eta Aramaio ibaiaren ertzeko zati bat ekologikoki lehengoratzea.

    Aurreikusitako antolamendu xehatuak honako hau planteatzen du:

    3 lurzati pribatu eratzea: 2 bizitegi-lurzati (BLL bizitegirako landa-lurzatia eta BLI eraikuntza irekiko bizitegi-lurzatia), Uribarri Hiribidean dauden bizitegi-eraikinak eta Fagor Ederlanen industria-erabilerarako IL industria-lurzati bat finkatzea helburu dutenak. Aramaio ibaiaren ibilgurako gutxieneko tarteek eraginik ez duten industria-eraikin gehienak finkatzen dira, eta 891,1 m2-ko handitzea antolatzen da. Hirugarren bizitegi-eraikina (aurri-egoeran gaur egun) antolamenduz kanpo dagoela deklaratzen da.

    Eraikinetarako tarteak ezartzea. Uribarri Hiribideko ibairako eta komunikazio-sistema lokalerako gutxieneko tarteak betetzen ez dituzten eraikin eta instalazioak «ordezkapen bidezko egokitzapen» egoeran geratzen dira. Plangintzarekin bat ez datorren araubidearen pareko erregimena da, eta ordezkapen-ordenantza bat du, zeinak aurreikusitako helburua lortzea bermatzen duen, baina hori gauzatzeko epe zehatzik ezarri gabe.

    Fagor Ederlanen zenbait eraikin eta instalaziok ez dute betetzen ibaien eta erreken ertzetako LAPean ezartzen den eraikinetik ibilgurako gutxieneko 10 metroko tartea. Era berean, unean-unean gainditzen dute jabari publiko hidraulikoaren 5 metroko zortasun-eremua. Planean adierazitakoaren arabera, jabari publiko hidraulikoaren zortasun-eremua inbaditzen duten elementu eraikiak ez dira erraz ezabatu edo lekualdatu daitezkeen elementu isolatuak; aitzitik, zuzenean lotuta daude galdaketarekin.

    Bestalde, bizitegi-eraikin finkatuak Uribarri Hiribideko komunikazio-sistema lokaletik gutxienez 3 metroko tartea izan beharko du, eta, ondorioz, ordezkapen bidezko egokitze-egoeran geratuko da, halaber, haren zati txiki bat.

    Espazio libreen eta berdeguneen erreserba eta antolamenduarekin osatzen da eremua. Berdegune eta espazio libreko gune bat antolatu da bizitegitarako goi-eremuaren eta industria-eremu baxuaren arteko mazelaren erdian dagoen lur-zerrendan, erabilera horien arteko elkargunea eta bizikidetza arintzeko.

    Uribarri Hiribideko trazadura, mendebaldeko saihesbidearen biribilgunetik Garaiko beheko aldean proiektatutako biribilguneraino, pixka bat aldatu da, eta haren zabalera pixka bat gutxitu da, orobat; era horretan bizitegi-eraikinetatik nolabaiteko distantzia izatea lortuko da, eta horri gehitzen bazaio errepidearen alde horretan utziko den 2 metro inguruko zerrenda, 6 metroko gune bat lortzen da oinezko eta txirrindularientzat.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak modu xehean antolatzen du bizitza eta industria batera dauden eremu urbanizatu bat. Plana garatzeko, dagozkion Urbanizatzeko Jarduketa Programak (Industriako EE.1 bat eta Bizitegiko EE.2 bat), urbanizazio-proiektua eta, hala badagokio, eraikuntza-proiektuak idatzi beharko dira. Era berean, kontuan izan behar da Planak egungo industria-instalazioak neurri txikian handitzea (891 m2) ahalbidetzen duela, etorkizunean sortzen diren premiei aurre egiteko. Aurkeztutako dokumentazioan zehaztutakoaren arabera, handitze hori, nolanahi ere, jarduera txikien bidez gauzatuko da, eta ez da horien gaineko ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorik egin beharko. Horrenbestez, aurreko guztia aintzat hartuta, Planak ez dauka baldintzatzailerik, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: lehen azaldu den bezala, planaren helburua antolamendu xehatua ezartzea da, Arrasateko HAPOaren zehaztapenak betetzeko, kasuan kasuko araudi sektorialekin batera, eta, horrez gain, industria eta etxebizitza batera dauden eremu horretan hirigintza-kudeaketa logikoa eta errealista ere egitea. Azaldutakoari jarraikiz, eta Planaren ingurumen-ondorioen balorazioa egungo egoeraren arabera egin behar dela kontuan hartuta, ondoriozta daiteke ez duela ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuen gainean.

      3. Ea plana egokia den ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko: plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, lehendik dauden industria- eta bizitegi-eraikin gehienak finkatzea, baita industria-instalazioa pixka bat handitzea ere, ahalbidetzen duen neurrian, aplikatu beharreko hirigintza- eta sektore-araudia betez, eta ingurumen-eremu libreen tokiko sistema handitzea eta hobetzea, Aramaio ibaiaren zatiaren ingurumen-hobekuntza eta urbanizazioa hobetzea lortzen du, halaber.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

      Azterketa-eremuak 30.301 m2-ko azalera du, Arrasateko herrigunearen ekialdean dago, Aramaio ibaiaren ibilguaren ondoan eta Garaia Berrikuntza Gunearen hegoaldean. Eremu antropizatua da, erabileren arabera argi eta garbi bereizitako bi eremurekin. Iparraldean, Uribarri Hiribidearekin muga eginez (GI-2620 zaharra), 3 bizitegi-eraikin daude (2 baserri, horietako bat aurri-egoeran, eta ekialderago familia anitzeko eraikin bat), belardiz eta baratzez inguratuta, eta behealdean, eremuaren hegoaldean, Fagor Ederlan galdategia dagoen industrialdea dago, 11.600 m2-ko azalera hartzen duena.

      Eremuaren hegoaldean, industria-instalazioekin muga eginez, Aramaio ibaia igarotzen da, eremutik igarotzean harlangaitzezko hormak dituena. Zenbait tokitan, instalazioek jabari publiko hidraulikoaren zortasun-eremuaren zati bat hartzen dute, eta 3,5 metrora murrizten da eremu hori.

      Planaren xede den eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez dago jasota beste katalogo batzuetan (ez EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian, ez Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko eremuen zerrendan), eta ez da aipatu mehatxatutako fauna- edo flora-espezierik dagoenik.

      Lurzoru antropizatua da, batez ere azken hamarkadetan jasaten ari den jarduera industrialagatik, baina baita egungo bizitegi-erabileragatik eta Arrasateko mendebaldeko saihesbidearen eraikuntzagatik ere (GI-2620). Hori dela eta, bertako ingurumen-balioa eskasa da, eta landaredi erruderal nitrofilora eta egungo baserriei lotutako belardi, baratze eta fruta-arbolen eremu txikiak baino ez daude.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, 500 urteko errepikatze-denborako uraldiagatiko uholde-arriskua du eremuko hegoaldeko muturreko azalera txiki batek. Aramaio ibaia, eremutik igarotzean, ES017 GIP-DEB-09 kodea duen Uholde Arrisku Handiko Eremuaren (UAHE) parte da eta III. multzoaren barruan sailkatuta dago: Arrisku handiko UAHEak, I. eta II. taldeei lotutako arazoak konpondu ondoren egiturazko babesa jaso beharrekoak.

      Halaber, eremuko lurzati bat lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan dago (20055-00089 kodea), Fagor Ederlan industria-instalazioari lotuta.

      Ondorioz, lurzati horretan egitekoak diren jarduketetan aplikatzekoa izango da ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25.1.c) artikuluan aurreikusitakoa, zeinak lurzoruaren kalitatearen adierazpen-prozeduraren salbuespena zehazten baitu, betiere, handitu edo aldatu nahi den jardueraren edo instalazioaren lurzatiaren mugen barruan egiten direnean lurzorua kutsa dezakeen jarduera eta instalazio bat handitu edo aldatzeko lanak. Hala ere, Plana garatzeko jardueren barnean lursaila induskatu behar bada, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25.5 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko da, bai eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren (Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) 14. artikuluan ezarritakoa ere.

      Aurkeztutako inpaktu akustikoaren azterketak, alde batetik, Planaren eremuan gaur egun zer egoera dagoen adierazten du. Hori horrela, gaur egungo egoeran, kalitate akustikoaren helburu-balioak gainditzen dira ibilgailuen trafikoak eragindako bizitegi-etxebizitzetan, 3 aldietan (eguna, arratsaldea eta gaua). Industria-erabilerako lurzatian ere KEBak gainditzen dira, egungo industria-jarduerak sortutako zarata-mailak 75 dB-tik gorakoak baitira. Etorkizuneko egoerari dagokionez, berriz, inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren arabera, lehendik dauden bizitegi-etxebizitzen kalitate akustikoaren helburu-balioak eta lehendik dagoen industria-jarduerak eragindako muga-mailak gainditzen dira oraindik; hala ere, Planaren ondorioz industria handitu beharreko eremuan (garapen berri bakarra), zeina GI-2620 errepidearen eraginpean dagoen, bete egiten dira aplikatu beharreko kalitate akustikoaren helburu-balioak.

      Aurreko guztia kontuan hartuta, eremuko ingurumen-baldintzatzaile esanguratsuenek zerikusia dute eremuaren egoera akustikoarekin, kutsagarria izan daitekeen jarduera bat jasaten duten lurzoruen presentziarekin eta 500 urteko errepikatze-denborako uraldiagatiko uholde-arriskua lurzatiaren hegoaldeko muturrean.

      Planaren garapenak izan ditzakeen ondorioak Fagor Ederlan enpresaren instalazioak etorkizunean egokitzeko eta handitzeko obrak gauzatzearekin lotuta daude batez ere, baita sektorearen ondoriozko urbanizazio berriarekin ere. Horrenbestez, hauek lirateke inpaktuak: hondakinak sortzea, makineriaren joan-etorriak, isurketak, zaratak eta abar, isurketek lurrazaleko uretan eragin ditzaketen kalteekin eta emisio atmosferikoek eta akustikoek herritarrei eragindako eragozpenekin, eta abar, guztiak ere hiri-eremuan bertan. Alde horretatik, indarrean dagoen legeria eta, bereziki, lurzoru kutsatuei, urei, zaratari eta hondakinei buruzkoa betetzen den guztietan, eraginak, oro har, txikiak eta aldi baterakoak izango dira.

      Ustiapen-fasean, inpaktu garrantzitsuenak Fagor Ederlanek egindako handitzeen neurriaren, izaeraren eta ezaugarrien araberakoak izango dira funtsean, hau da, handitze horiek ekoizteko sisteman eta metodoetan aldaketak badakartzate, eta, bereziki, emisioak, isurketak, hondakin-sorrera eta baliabide naturalen erabilera handitzea badakarte.

      Ildo horretan, emandako informazioaren arabera, Planak aukera ematen du gaur egungo industria-instalazioak handitzeko, erreserba gisa, etorkizunean sor daitezkeen premiei aurre egiteko, eta jarduera txikiak izango dira beti, eta ez dute jardueraren funtsezko aldaketarik ekarriko, ez eta eragin nabarmenik ere ingurumenerako.

      Ondorioz, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean ondorio adierazgarririk izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Arrasateko AE-14 Mendibarren eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak esandako Planean txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

      Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, obra-faseari eta jardueraren funtzionamendu-faseari buruzkoak. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

      Jabari Publiko Hidraulikoa (JPH) babestera eta uholde-arriskuak ahalik eta txikienak izatera bideratutako neurriak.

      500 urteko errepikatze-denborako uraldiagatiko uholde-arriskua du eremuko hegoaldeko muturreko azalera txiki batek. Ondorioz, esku-hartzeek kontuan izan behar dituzte indarreko Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuan uholdeen aurkako babesari buruz ezarritako araudi espezifikoan xedatutakoa, bai eta Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 14.bis artikuluan ezarritakoa ere, betiere alde batera utzi gabe administrazio hidrauliko eskudunak uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak (Uraren Legearen testu bategina onartzen duenak) 25.4 artikuluan aipatutako txostenean ezarritakoa eta Uraren Euskal Agentziak Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7.k) artikuluan adierazitako txostenean ezarritakoa.

      Beste alde batetik, uholde-arriskua duten eremuetan ez da obrako pilaketa edo instalazio lagungarririk jarriko (batez ere, makineria-parkea eta garbigunea), uholdeen errepikatze-denbora edozein dela ere.

      Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.

      Eremuko lurzati bat badago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan (20055-00089 kodea), Fagor Ederlan industria-instalazioari lotuta. Plana garatzeko jardueren barnean lurzati horretan lursaila induskatu behar bada, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko Legearen (ekainaren 25eko 4/2015 Legea) 25.5 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko da, bai eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren (ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) 14. artikuluan ezarritakoa ere.

      Oro har, Arrasateko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko Legearen (ekainaren 25eko 4/2015 Legea) 22.2 artikulua betetzeko.

      Zaratarekin zerikusia duten neurriak.

      Planaren ondoriozko jarduerek eremu akustiko horretan aplikatu behar diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera.

      Planean jasotzen diren aurreikuspenak garatuz etorkizunean ezar daitezkeen instalazioei dagokienez, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikulua aplikatuta, zarata-foku berriek Dekretu horren I. eranskineko 2. zatian zehazten diren muga-balio aplikagarriak bete beharko dituzte.

      Orobat, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora. Obrak egunez egingo dira.

      Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk.

      Garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak, berriz, loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin, intereseko balio naturalen babesarekin, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Planak azkenean onartzen dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie.

      Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Alderdi hauei loturiko alderdiak behintzat hartuko ditu barnean: lanaldiak, makineria, isurketen prebentzioa, ahalik eta hauts eta zarata gutxiena sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

      Obrak, bai eta lurzorua erabili beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, makinak gordetzeko guneak, lan-txabolak, obrako materialak eta landare-lurra eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan eta, zehazki, Aramaio ibaiaren ibilgutik urrun kokatuko dira.

      Ingurune hidrikoa babesteari dagokionez, sortzen diren solido esekien edo arrastatze edo jariatze bidezko kutsatzaileen ekarpenaren ondoriozko zeharkako afekzioak eragotziko dira, eta, hala badagokio, kalteak eragozteko neurriak proposatuko dira, adibidez: hesi fisikoak jartzea.

      Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira.

      Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi beharko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

      Hondakinen sorrera eta kudeaketa: sortutako hondakin guztiak, indusketakoak barne, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamenduari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Espazio libreak eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, kontuan hartuko dira Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratu zuen. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

      Zehazki, Aramaio ibaiaren ertzeko babes-zortasuneko eremuan ibaiertzeko basoko espezie autoktonoak landatuko dira.

      Eraikuntzaren jasangarritasuna: ingurumenaren aldetik jasangarriak diren eraikuntzei buruzko gidaliburuetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira (bereziki Ingurumenaren aldetik Jasangarria den Eraikuntzari buruzko gidaliburua, 2017ko maiatzekoa; https://www.ihobe.eus/argitalpenak/eraikuntza-iraunkorrerako-gidak-eraikin-industriala), eraikinetan energia-aurrezpena eta energiaren efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.

      Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.

      Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Arrasateko AE-14 Mendibarren eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Arrasateko Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Bosgarrena. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Arrasateko AE-14 Mendibarren eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko urtarrilaren 22a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik