Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko urtarrilaren 19koa, Trafikoko zuzendariarena, 2022. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko trafikoa arautzen duten neurri bereziak ezartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 21
  • Hurrenkera-zk.: 500
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/01/19
  • Argitaratze-data: 2022/01/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Segurtasuna eta justizia; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Herrizaingoa

Testu legala

Urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren 18. artikuluan azaltzen denez, trafiko arloko agintaritzari eratxiki zaio trafikoa erregulatzeko neurri bereziak hartzeko ahalmena, zirkulazio segurua eta arina bermatzeko beharrezkoa denean, edo ingurumenarekin lotutako arrazoiak daudenean. Azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuak, Zirkulazio Erregelamendu Orokorra onartzen duenak, besteak beste, 37 eta 39. artikuluetan neurri horietako batzuk zehazten ditu eta horiek hartzeko prozedura arautzen du.

Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) eremuan, Trafikoko zuzendariari dagokio arestion aipatu diren neurriak hartzea, arau hauek ezartzen dutenaren arabera: urriaren 15eko 3256/1982 Errege Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoari trafikoari eta ibilgailuen zirkulazioari buruzko estatu-legeriaren betearazpena transferitzen dionak, bere eranskinaren B.1.g) atalean; eta urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuak, Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak, 17.3.d) artikuluan.

Ebazpen honen bidez, trafikoa arautzeko neurri bereziak ezarri nahi dira, hainbat ibilgailu edo ibilgailu-taldetarako, bide-segurtasuna, mugikortasuna eta zirkulazioaren arintasuna eraginda gerta daitezkeen egun zehatzetan. Egun horiek aukeratu dira hainbat faktore kontuan hartuta, esaterako, EAEko jaiegunen egutegia, asteburuak, oporren hasierako edo amaierako aldiak, jai-zubiak edo zirkulazioaren gainean eragina izan dezaketen bestelako inguruabarrak.

Hori guztia dela eta, honako hau

Lehenengoa. Zirkulazio-murrizketak.

2022. urterako EAEn, hemen zerrendatzen diren zirkulazio-murrizketak ezarri dira:

  1. Kirol-probak, txirrindularien lasterketak eta bestelako ekitaldiak.

    Azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuaren bidez onartutako Zirkulazio Erregelamendu Orokorrak 55. artikuluan eta II. eranskinean xedatzen duenaren arabera, Trafikoko Lurralde arduradunek ez dute inolako kirol-probarik edo bestelako ekitaldirik baimenduko (lehiaketa izan ala ez izan), ezta horien aldeko txostenik emango ere, baldin eta kirol-proba edo ekitaldi horiek egiteko, ebazpen honen I. eranskinean zehaztutako egunetan eta orduetan, hiriarteko bide publikoetan, galtzadak eta bazterbideak bete behar badituzte.

    Salbuespen gisa, baimendu ahal izango dira honako kirol-proba, bizikleta-martxa eta bestelako ekitaldi hauek:

    Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (TNB) edo nazioz gaindiko antzeko erakundeek antolatzen dituzten nazioarte mailakoak;

    bi baldintza hauek betetzen dituztenak: irteerako edo itzulerako operazioengatik ibilgailu-intentsitate handia duten bideei ez eragitea, eta probara bertaratzeko nahiko agente egotea.

    hauteskunde-prozesuekin bat datozenak, baldin eta bozkatzeko eskubidea bermatzen bada hauteslekuetarako sarbidea erraztuz, eta probara bertaratzeko nahiko agente badaude.

  2. Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak.

  1. Salgai Arriskutsuen Errepide Garraioari buruzko Akordioaren (ADR) arabera, arriskuaz ohartarazteko arauzko panel laranjak eduki behar dituzten ibilgailuek zirkulatzea debekatuta dago EAEko bide publiko guztietan, zirkulazioaren edozein noranzkotan, ondoko egun eta orduetan:

    Igande eta jaiegunetan 08:00etatik 24:00etara eta

    jaiegunen bezperetan, larunbatak ez badira, 16:00etatik 24:00etara.

    Era berean, ibilgailu horiek ebazpen honen II. eranskinean jasotako zirkulazio-murriztapenen eraginpean egongo dira, salbu eta eranskineko datak igandeak, jaiegunak edo jaiegunen bezperak (larunbatak ez direnak) badira.

  2. Aurreko puntuan ezarritako debekuetatik salbu daude ebazpen honen III. eranskinean jasotzen diren salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailuak, bertan xedatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

  3. Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek egin beharreko ibilbideak. Otsailaren 14ko 97/2014 Errege Dekretuak, Espainiar lurraldeko errepideetan zehar salgai arriskutsuen garraioak arautzen dituenak, 5. artikuluan ezartzen duenaren arabera eta Salgai Arriskutsuen Errepide Garraioari buruzko Akordioaren (ADR) arabera, salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek ondoko ibilbide hauek erabili beharko dituzte:

    1. Erabiltzaileei edo kontsumitzaileei salgaiak banatzeko egiten diren joan-etorrietan: ibilbiderik egokiena erabiliko da, bide-segurtasunari zein trafikoaren arintasunari begira. Errepide arruntetan zehar ahalik eta distantziarik laburrena egingo da, salgaia eman behar den lekuraino.

      Biztanle-guneetatik kanpo ingurabiderik, saihesbiderik edo biribilgunerik badago, nahitaez erabili beharko ditu. Horrelako aukera bat baino gehiago izatekotan, biztanle-gunetik urrutien dagoena erabili beharko da. Hirigunean zamalanak egiteko soilik sar daiteke, eta betiere, salgaiak emateko lekutik hurbilen dagoen sarrera erabiliz, ezinbestekoren bat gertatu ezik.

    2. Bestelako joan-etorrietan: joan-etorriaren jatorria eta helmuga Salgai Arriskutsuen Ibilbideen Sarearen SAIS barruan badaude (ebazpen honen V. eranskinean dago), salgai arriskutsuak daramatzaten ibilgailuek nahitaez erabili beharko dituzte beren ibilbideetan.

      Joan-etorriaren jatorria edo helmuga (edo biak) SAISetik kanpo badaude, sare horretan martxaren noranzkoan eta hurbilen dagoen sarreratik sartzen uzten duten errepide arruntetatik egin beharko dira joan-etorriak, galtzada bakarreko bideetan egiten den ibilbidea ahalik eta laburrena izatea bermatze aldera. Arrazoi berbera dela bide, salgaien helmugatik martxaren noranzkoan eta hurbilen dagoen irteera erabiliko da SAISetik irteteko.

      Hemen aipatu diren bideez bestelakoetan ibiltzeko, baimen berezia beharko da, ebazpen honen bigarren apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz emango dena.

      SAISetik irten daiteke gidariaren ohiko bizilekura edo handik egindako joan-etorrietan, eguneroko edo asteroko atsedenaldiak egiteko edo egitetik, eta ibilgailua konpontzeko edo mantentzeko lanetarako, edo garraio-enpresa dagoen lekura sartzeko, betiere ADRn zehaztutako segurtasun- eta babes-baldintzak betetzen badira. SAIS uzten den kasu hauetan, gidariaren helmuga den tokitik hurbilen dagoen irteeratik irtengo da.

  4. Aurreko puntuetan xedatutakoa ez da aplikatuko, baldin eta zama mota, kopurua edo garraio mota dela-eta, salgai arriskutsuen garraioa ADRn jasotako salbuespenetakoren baten arabera egiten bada.

  1. Salgaien garraiorako ibilgailuak edo ibilgailu-taldeak, beren gehieneko masa baimendua (GMB) edo ibilgailu-taldearen gehieneko masa baimendua (ITGMB) 7.500 Kg-tik gorakoa denean.

  1. Debekatuta dago 7.500 kg baino gehiagoko GMBko edo ITGMBko ibilgailuek edo ibilgailu-taldeek zirkulatzea, EAEko bide publikoetan, II. eranskinean jasotzen diren egun eta orduetan.

  2. Aurreko debekua ez zaio aplikatuko ebazpen honen IV. eranskinean jasotzen diren salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailuen zirkulazioari.

  1. Zirkulazio baimen osagarria behar duten ibilgailuak (euren ezaugarri teknikoengatik edo garraiatzen duten zamaren ezaugarriengatik) eta zirkulazio baimen osagarria behar ez duten ibilgailu bereziak.

  1. Ibilgailuek, beren ezaugarri teknikoak edo garraiatutako zama direla-eta, legez ezarritako gehieneko masak edo neurriak gainditzeagatik zirkulatzeko baimen osagarria behar badute (abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuak onartutako Ibilgailuen Erregelamendu Orokorraren 14. artikulua), debekaturik izango dute bide publikoetatik zirkulatzea, ondoren adieraziko diren egun eta orduetan:

    igande eta jaiegunetan (EAE osoan): 08:00etatik 24:00etara, eta

    jaiegunen bezperetan (EAE osoan), larunbatak ez badira: 16:00etatik 24:00etara,

    Era berean, ibilgailu horiek ebazpen honen II. eranskinean jasotako zirkulazio-murriztapenen eraginpean egongo dira, salbu eta eranskineko datak igandeak, jai-egunak edo jaiegunen bezperak (larunbatak ez direnak) badira.

  2. Zirkulazio baimen osagarririk gabeko nekazaritza-makineriako edo obra eta zerbitzuetako ibilgailu bereziei ebazpen honen II. eranskinean jasotako murrizketak aplikatuko zaizkie.

  3. Hala ere, murrizketok ez zaizkie aplikatuko IV. eranskinean aipatzen diren gaiak garraiatzen edo eginkizunak burutzen dituzten ibilgailuei.

  1. Murrizketa osagarriak.

  1. Ibilgailuen Erregelamendu Orokorreko 37. eta 39. artikuluetan ezarritakoaren arabera, ezusteko kasuetan edo aparteko gorabeherak izan direnean, zirkulazioa seguruagoa edo arinagoa izan dadin beharrezkoa denean, trafikoaren zaintzaz eta diziplinaz arduratzen den agintaritzaren agenteek zehaztuko dituzte murrizketok behar den denbora guztirako, eta, horretarako, beharrezko erabakiak hartuko dituzte.

  2. Gainera, meteorologia fenomeno kaltegarriak gertatzen direnean (elurra, izotza, ikuspen eskasa behe-lainoa dela-eta, edo haize bortitza...), ibilgailu zehatzei ezar dakizkiekeen zirkulazio-murrizketak eragotzi gabe, 3.500 kilo baino gehiagoko GMB duten kamioiek, autobusek, autobus artikulatuek eta ibilgailu-taldeek bideko eskuineko erreitik joan behar dute nahitaez. Ezin izango dituzte aurreratu, ezta aurrea hartu ere, abiadura txikiagoan zirkulatzen duten ibilgailuak, aurreko paragrafoan aipatutako 37. eta 39. artikuluetan adierazitakoaren arabera.

  1. Obrak egiteko murrizketak.

    Zirkulazioaren ezaugarriak bereziak direnean eta ibilgailu ugari mugitzen direnean, bide-segurtasuna eta trafikoaren arintasuna hobetzeko xedez, Trafiko Zuzendaritza eta eragindako bideen erakunde titularrak koordinatuko dira, VI eranskinean jasota dagoena betetzeko.

    Dena den, VI. eranskinean jasotako bide eta datetan obrak batzuk premiaz egin behar badira, bidearen erakunde titularrak, behar bezala arrazoituta, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroari jakinaraziko dio, behar besteko aurrerapenaz.

    Bigarrena. Baimen bereziak.

    Zerbitzu bat nahitaez egin beharra dagoela behar bezala justifikatuta dagoenean, aldi baterako edo bidaia bakarra egiteko baimen bereziak eman ahal izango dira, ebazpen honek zirkulazio-murrizketak ezarritako egunetan eta aldietan zirkulatzeko, Zirkulazio Erregelamendu Orokorraren 39.5 artikuluak xedatutakoaren arabera.

    Baimen berezi horietan matrikula, ibilgailuaren edo ibilgailu-taldearen ezaugarri nagusiak, garraiatutako salgaia, eraginpeko bideak eta garraioaren baldintzak agertuko dira.

    Trafikoko lurralde-bulegoetako arduradunei dagokie, Trafikoko zuzendariak eskuordeturik, baimen bereziak ematearekin zerikusia duten ahalmenez baliatzea.

    Hirugarrena. Zehapenak eta kautelazko neurriak.

    Ebazpen honetan dauden neurri arautzaileak ez betetzea zehatu egingo da, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera.

    Era berean, trafiko-diziplina eta-zaintza arloko ardura daukan agintaritzaren agenteek ibilgailua bidetik kendu eta agindutako lekuan gordailuan utzi ahal dute. Neurri horiek ezarri ahal dira ibilgailuak zirkulazioa oztopatzen edo zailtzen duenean edo zirkulaziorako arriskutsua denean, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen Testu Bateginaren 105. artikuluak ezartzen duenaren arabera.

    Laugarrena. Zirkulazioaren murrizketak salbuespenez kentzea.

    Eusko Jaurlaritzako Trafikoko Zuzendaritzak ebazpen honetan ezarritako murrizketen eraginpeko ibilgailuei zirkulatzen utzi ahal die. Neurri hori salbuespenez hartuko da, zirkulazioaren baldintzak aintzakotzat hartuta, eta, ondorioz, jarraibide egokiak emango zaizkio Ertzaintzari.

    Gainera, neurri hori Trafiko Zuzendaritzaren webgunean ere argitaratuko da eta garraiolarien elkarte nagusiei edo horien antzekoei jakinaraziko zaie.

Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta zortzi egun baliodunetara jarriko da indarrean eta 2022. urtean zehar egongo da indarrean. Dena den, indarraldia luzatuko da 2023. urterako trafikoa arautzeko neurri bereziak ezartzen dituen ebazpena indarrean sartu arte, I., II. eta VI. eranskinetako data zehatzei dagozkien murrizketak izan ezik.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urtarrilaren 19a.

Trafikoko zuzendaria,

SONIA DÍAZ DE CORCUERA RUIZ DE OÑA.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik