Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko urtarrilaren 14koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 5.- Ama Kandida hirigintza-jarduerarako eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 29
  • Hurrenkera-zk.: 690
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/01/14
  • Argitaratze-data: 2022/02/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren 2019ko apirilaren 15eko Ebazpenaren bidez, Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 5. Ama Kandida hirigintza-jarduerarako eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua eman zen, Ingurumen Ebaluazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta urriaren 16ko Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko 211/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren (Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena) 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Andoaingo Udalak ingurumen-azterketa estrategikoaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, 45 egunez jendaurrean jarrita 2020ko martxoaren 5eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko iragarkiaren bidez, haren eraginpean zeudenek egoki ikusten zituzten alegazioak egin zitzaten, beren interesen defentsan.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, Andoaingo Udalak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, zeinak aurretik ere kontsultatuak izan baitziren arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten.

Andoaingo Udalak ohartarazi zuenez, alegazio batzuk eta zenbait txosten jaso zituzten, eta horien emaitza nahiz edukia administrazio-espedientean daude jasota; gainera, aipatutako alegazio eta txosten horiek kontuan hartu dira Planaren behin betiko bertsioa idazteko orduan.

2021eko azaroaren 30ean, Andoaingo Udalak Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 5. Ama Kandida hirigintza-jarduerarako eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskabidea osatu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean eta abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu zituen: Planaren amaierako proposamena, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta informazio publikoaren izapidea eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko eraginen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaie administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako plan eta programak, bai eta haien aldaketak ere, haien prestaketa eta onespena beharrezkotzat jo badu legezko edo erregelamenduzko xedapen batek, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio bateratua egin behar da, hau da, ingurumen-ebaluazio estrategiko bat, aipatutako legearen I. eranskineko A) apartatuan jasotako planen kasuan, baldin eta plan horien artean badaude ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan bereziak.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren (Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzekoa) 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Andoaingo Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela, indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola eta irismeneko dokumentuan jasotako baldintzak betetzen dituela, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta Plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

Lehenengoa. Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 5. Ama Kandida hirigintza-jarduerarako eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten diren baldintzetan:

  1. Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (aurrerantzean, HAPO), behin betiko 2011ko otsailaren 24an onartu zenak 2011ko maiatzaren 19an onartutako testu bateginarekin, nagusiki bizitegi-erabilerako hiri-lurzoru gisa sailkatzen du 5. Ama Kandida hirigintza-jarduerarako eremua, zeinak 36.058 m2 baititu. HAPOk eremua antolatzeko Hiri Antolamenduko Plan Berezi batera bideratzen du; dauden industria- eta bizitegi-erabileren ordez bizitegi-eremu bat antolatzea eta hirugarren sektorerako erabilera duten etxabeak antolatzea planteatzen da.

    Hala, Plan Bereziaren xedea da xehatutako zehaztapenak berriro definitzea eta doitzea, lerrokadura, sestra eta profil berriak eta etxebizitza kopurua eta lurraren erabilera xehatuak berriro finkatuz. Plan Berezian, eremuaren azalera pixka bat handitu da (37.140 m2).

    Bizitegi-eraikinak Ama Kandida kalerantz lerrokatzen dira. 4 bloke planteatzen dira; haietatik, 2 L formakoak, eremuaren muturretan, eta beste 2, oinplano angeluzuzenekoak, erdigunean. L formako bizitegi-eraikinak perpendikularrean lotutako 2 eraikinez eratuko dira; eraikin horiek garaiera desberdinak izango dituzte. Ama Kandida kalearen parean dagoen fatxadak eraikuntza-profil (BS+7(a)) baxuagoa du L formako eraikinak (BS+11(a)) kale horren perpendikularra denak baino. Bi eraikin angeluzuzenek barneko patioa duen eta sestra gainean BS+8(a) eraikuntza-profila duen bizitegi-blokearen tipologia dute.

    Eraikinek 10.089 m2-ko guztizko okupazioa eta sestra azpiko 27.480 m2(t)-ko eraikigarritasuna dute. Sestra gaineko eraikigarritasuna, bestalde, honela banatzen da: beheko solairua; 5.032 m2(t), hirugarren sektoreko erabileretarako; 1.260 m2(t), bizitegi-erabileretarako, hala nola atari eta eranskinetarako, eta 1.673 m2(t), zuzkidura-ekipamendurako (a.2/5-4 lurzatia). Goiko solairuetan; 36.740 m2(t), bizitegi-erabileretarako.

    Arkupe bat proiektatzen da eraikin guztietan, 4,00 m-ko zabalera librekoa; hala, Ama Kandida kalearen parean, zirkulazio- eta lotura-gune bat sortuko da.

    Proposatutako bizitegi-antolamendu berria eta trafikoaren beharrak kontuan hartuta bai oinezkoenak bai ibilgailuenak, Ama Kandida hiribidea eraldatzea proiektatzen da; bidegorria, ibilgailuentzako bidea, zeharkako aparkalekuak eta oinezkoen zirkulaziorako bi espaloi izango ditu. Halaber, eremuaren mendebaldean luzetarako biribilgune bat egitea aurreikusten da, Ama Kandida hiribidea eta Pio Baroja kalera igotzeko egingo den saihesbidea batzen diren puntuan. Era berean, Ama Kandida hiribidea eta Pio Baroja kalea lotuko dituen komunikazio-sistema bertikal bat (igogailua) jartzea planteatzen da.

    Planak eraikinaren atzeko ezpondak hobetzeko eta tratatzeko behar den espazioa libre uztea dakar, eta atzeko lerrokadurak ezponda horien kontra atzeratzeari uko egiten dio. Hala, ingurune horretan, 5.992 m2-ko berdegune libreen lurzati bat sortuko da.

    Era berean, Planak Ziako errekaren ibilbidearen zati bat aldatzea dakar, eremutik igarotzen den puntuan, eta ibilguaren zati bat agerian uztea, eta gainerako lursail beharrezkoak erreserbatzen ditu, arlo horretan eskumena duten administrazioek behin betiko desestali ditzaten. Ziako ibilguaren trazadura berria Ama Kandida kaleko komunikazio-azpiegiturekin paraleloan joango da.

    Bestalde, dauden azpiegitura ia guztiak eraberritzea proposatzen da, zaharkituta daudelako eta bizitegi-erabilerara egokitzen ez direlako.

    Gaur egun, 5. Ama Kandida hirigintza-jarduerarako eremua, hiri-lurzoru finkatugabe gisa sailkatua, partzialki urbanizatuta dago eta industria-izaerako eraikinak (batzuk aurri-egoeran) eta bizitegi-izaerako beste batzuk daude. Gainera, Nafarroa plazaren eta Ama Kandida hiribideko zenbaki bikoitien artean, urbanizatu gabeko ezponda bat dago.

    Eremua Ziako errekak zeharkatzen du, gaur egun lurpetik doana. Era berean, eremuaren zati handi bat interes hidrogeologikoko gune batean dago (karezko tuparriak eta iragazkortasun handiko karezko tuparri estratifikatuak).

    Oso eremu antropizatua da, eta ez dauka balio naturalistiko handiko bestelako elementurik. Planak eragindako eremua ez dago ezein Natura 2000 Sareko naturagune babestutan, ez eta ezein eremu babestutan nahiz natura-interesekoen inbentarioan jasotakoetan ere. Ez da, bestalde, EAEko Korridore Ekologikoen Sareko egiturazko elementua, eta ez du intereseko fauna- eta flora-espezierik.

    Ondare- eta kultura-intereseko elementuei dagokienez, azpimarratzekoa da Moleda y Cia eraikina, udalerri-mailan «Interes historiko eta arkitektonikoko eraikin eta elementu eraikien katalogoan» sartua.

    Eremuan, azpimarratzekoak dira hauteman diren ingurumen-arriskuak. Akuiferoek kutsatzeko arrisku ertaina edo oso altua dute.

    Gainera, Ziako errekatik hurbilen dagoen guneak uholde-arriskua du, 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborekin.

    Horri dagokionez, Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatiko Uholde Arriskua Kudeatzeko Planaren (2022-2027) berrikuspen eta eguneratzeak xedatzen duenaren arabera, uholdeen aurka babes-neurrien barruan Andoaingo UAHEko (ES017-GIP-15-3) jarduketak, Ziako errekaren beheko tartea estalita eduki ordez, ibilgua desestaltzea proposatzen du, 900 metro inguruko tarte baterako.

    Plan Bereziak gaur egungo lurpeko ibilgua erreferentziako eremuaren ekialdera desbideratzea jasotzen du, haren ibilbidea ez dadin igaro eraikinen azpitik. Ibilgu-tarte horri 100 urteko errepikatze-denborako uraldiak husteko ahalmen hidraulikoa emango zaio, Uraren Euskal Agentziak 2012an prestatutako errekaren saneamendu-proiektuarekin bat etorriz.

    Bestalde, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasaten dituzten edo jasan dituzten zenbait lurzoru daude katalogatuta, irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan (Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasaten dituzten edo jasan dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoan) ezarritakoarekin bat etorriz (kodeak: 20009-00055, 20009-00072, 20009-00001, 20009-00008 eta 20009-00003).

    20009-00001 lurzatian Kl KRAFFT LURZATIA izeneko espedienteari loturiko jarduketak egin dira. Era berean, jakina da lurzati guztietan egin direla jarduketak BRIT AC PROIEKTUAK - Ama KANDIDA (RUI-06/19-NP) izeneko espedientearen esparruan, nahiz eta espediente bietako bat ere ez den lurzoruaren kalitatearen adierazpenarekin burutzen.

    Egoera akustikoari dagokionez, gune horretako zarata-iturri nagusiak honako hauek dira: inguruneko errepideak Ama Kandida hiribidea eremuaren barruan, A-15 iparraldean, N-1 mendebaldean eta GI-3722 ekialdean eta Renferen trenbidea (Irun-Madril).

    Alde horretatik, aurkeztutako inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren arabera, batik bat eremua Ama Kandida hiribidetik hurbil dagoenez, bai egungo egoeran bai etorkizuneko egoeran, immisio akustikoaren mailak ez onargarritzat jo daitezkeela aztertutako hiru aldietan: goiza (Ld), arratsaldea (Le) eta gaua (Ln), eremuaren zati batean kanpoalderako kalitate akustikoko helburuak ez baitira betetzen. Era berean, fatxadako zarataren kasuan izan diren emaitzek erakusten dute egoera akustikoa ez onargarritzat jo daitekeela bizitegi-erabileran aztertutako hiru aldietarako. Goizeko aldian fatxadako balioak direla eta, erregistratutako balio maximoa 61,9 dB(A) da, eta gaueko aldian erregistratutako balio maximoa 55,3 dB(A) da, kalitate akustikoaren helburua 50 dB (A) dela kontuan hartuta.

  2. Ebazpen hau bat dator ingurumen-azterlan estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren 2019ko apirilaren 15eko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideen integrazioa.

    Planak ingurumen-azterketa estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak txertatu ditu, ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio-maila bermatuta. Planifikazio-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

  3. Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzea eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.

  4. Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere. Halaber, Planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:

    1. Jabari Publiko Hidraulikoa (JPH) babestera eta uholde-arriskuak ahalik eta txikienak izatera bideratutako neurriak.

    Oro har, Uraren Euskal Agentziaren 2021eko uztailaren 13ko eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren 2021eko uztailaren 6ko txostenetan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

    Urbanizazioaren diseinuak Ziako errekaren trazadura berriaren ertzak landareztatzeko aukera eman behar du. Plan Berezian jasotzen den bezala, 7 metro zabal izango duen ibilgu bat zehaztuko da, ibaiaren alde batean edo bi aldeetan, hala badagokio, zerrenda berde bat gaitzeko eta tarteari ahalmen hidrauliko nahikoa emateko errekaren 100 urteko errepikatze-denborako uraldiak husteko, Uraren Euskal Agentziak 2012an egindako errekaren saneamendu-proiektuaren arabera. Hala ere, uren arloan eskumena duen organoak ezartzen duena bete beharko da.

    Ziako errekaren ezkerraldean proiektatutako ordezko eraikin guztiek bete beharko dituzte honako hauetan ezarritako zehaztapenak: Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudiaren 40.4 artikulua; urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretua, uholde-arriskuari dagokionez, eta apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuaren 14.bis artikulua (Jabari Publikoari buruzko Araubidea onartzen duena, Urei buruzko abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen 1., IV., V., VI. eta VII. atariko tituluak garatzen dituena).

    Gogorarazten da obrak egin aurretik, obren sustatzaileak arroko erakundearen (Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa) nahitaezko obra-baimena lortu beharko duela; hura URA-Uraren Euskal Agentzian izapidetu behar da.

    2. Uren kalitatearen gaineko eragina murrizteko neurriak.

    Urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuek lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak aurreikusi beharko dituzte, adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

    Urbanizazio-proiektuan, hondakin-urak eta eurik-urak bereiz biltzeko sare baten diseinua sartu beharko da. Hondakin-urak udalerriko hondakin-uren kolektore orokorrera konektatuko dira.

    Euri-urei dagokienez, hiri-drainatze sistemek hirigintzako garapenaren inpaktua jatorrian txikiagotu beharko dute, euri-uren jariatzeak daraman karga kutsatzaileari dagokionez; halaber, jariatze-uren bolumena murrizteko neurriak aurreikusi behar dituzte (Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatiaren Plan Hidrologikoaren Araudiaren 44. artikulua). Hori dela eta, garapen-proiektuek drainatze jasangarriko sistemak jaso beharko dituzte hiriko drainatze-azpiegituran (Drainatze Jasangarriko Hiri Sistemak).

    3. Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

    Planeko jarduketek lurzoruaren kalitate-adierazpenaren araberakoak izan behar dute. Adierazpen-prozedura lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean dago jasota. Hala ere, kokagune horretan guztian edo zati batean lurzoruaren kalitatea ikertzea eragozten duten inguruabarrik egonez gero, kasuan kasuko antolamendu-bitartekoa behin betiko onartu ahal izango da, lurzoruaren kalitate-adierazpenik gabe. Kasu horretan, Hirigintzako Ekintzen Programari hasierako onespena eman aurretik egin beharko da adierazpen hori; edo, horrelako programarik ezean, lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onespena eman aurretik.

    4. Kultura-ondareari dagozkion neurriak.

    Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren 2020ko uztailaren 1eko txostenean jasotakoaren arabera, Plan Bereziaren esparruan, eraisteko lizentzia eman aurretik, Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren indarreko Katalogoaren babes-araubidean aipatzen den Moleda y Cia eraikinaren dokumentu-azterlana aurkeztu beharko da, eta, gainera, dokumentu-azterlan horren edukiak eta formatua zehaztu beharko dira.

    Dokumentu-azterlanaren edukia ezin da argazki edo plano sorta huts bat izan, historia- eta ondare-ikuspegitik azterketarik eta interpretaziorik egin gabe; kultura-ondasun baten azterlan historiko-arkitektoniko batean bezalako helburuekin eta metodologiarekin egin beharko da, eta horrek, kasu horretan, gutxienez industria-ondarearen dokumentazioan eta azterlanean esperientzia duen pertsona batek parte hartu behar izatea dakar.

    Lur-mugimenduak egin bitartean arkeologia-aztarnak agertzen badira, lanak bertan behera utziko dira, eta, berehala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari jakinaraziko zaio; hain zuzen, departamentu horrek zehaztuko du zein neurri hartu behar diren.

    5. Lurraldearen lehengoratze ekologikorako neurriak.

    Ziako errekaren zati berriaren ertzak landareztatzeko, eremuaren urbanizazio-proiektuan sartu beharko den ingurumena eta paisaia lehengoratzeko proiektua hartuko da oinarri. Desestalitako erreka-tartearen ertzak zaintzeko eta landareztatzeko, bioingeniaritzako teknikak erabiltzea proposatuko da.

    Oro har, eremuko berdeguneak diseinatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» hartuko da kontuan, Udalsarea 21en lan-koadernoa, 20.b zenbakia, 2017ko apirilekoa (http://www.udalsarea21.net/Publicaciones/Ficha.aspx?IdMenu=892e375d-03bd-44a5-a281-f37a7cbf95dc&Cod=ec1f62b8-a941-4c9a-9280-e4202e656a69&Idioma=eu-ES) eta Eusko Jaurlaritzaren «Ibaietako natura-ingeniaritzako tekniken eskuliburua» (https://www.uragentzia.euskadi.eus/u81-000374/eu/contenidos/documentacion/manual_tec_ing_nat_amb_flu/eu_doc/index.shtml).

    Nolanahi ere, ingurumena eta paisaia leheneratzeko lanak egingo dira, proiektuaren exekuzioaren eraginpean dauden gune guztietan, aurreikusiz landareztatze-lanetan batez ere espezie autoktonoak erabiliko direla, eta beren-beregi saihestuko dela prozesu inbaditzaileak sor ditzaketen kanpoko espezieak erabiltzea.

    Ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoen zabalkundea saihesteko neurriak hartuko dira (Buddleja davidii, Cortaderia selloana edo bestelakoak). Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie inbaditzailerik sar ez dadin iraulitako eta landarerik gabe utzitako lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketen babesa eta abar). Gainera, landare-lurrak modu berezituan kudeatzea proposatuko da, baldin eta lur horiek aipatutako espezieak barreia ditzaketen propaguluak badituzte.

    6. Zaraten eraginak gutxitzeko neurriak.

    Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

    Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere.

    Zaratari buruzko Legea (azaroaren 17ko 37/2003 Legea) garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

    Beste alde batetik, Plana garatzetik eratortzen diren proiektuen ondoriozko obrek sortutako soinu-mailak, obra horien eragin-eremuan, ezingo ditu gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsaduraren Dekretuan (urriaren 16ko 213/2012 Dekretua) ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak.

    7. Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

    Plan Bereziaren eremuan eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko Etxebizitzen Eraikingintza Jasangarriaren Giden gomendioak hartu beharko dira kontuan, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko.

    Era berean, eta aipatutako eremuaren urbanizazioari dagokionez, «Urbanizazio-proiektuen garapen jasangarrirako gida»ren gomendioak kontuan hartu beharko dira. Gidaliburu horren helburua da proiektu horien diseinuaren, egikaritzearen, mantentzearen eta bizitza-amaieraren jasangarritasun-maila baloratzea.

    Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

    Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

    Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

    Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

    Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

    Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.

    Atmosfera. Gas-, hauts-, zarata-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

    Eraikinen barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

    Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.

    Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.

    Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

    Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaren funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea edo kontserbatzea.

    Paisaia. Sektorearen eta haren instalazioen paisaia-integrazioa.

    Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.

    Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren efektuetara egokitzea.

    8. Klima-aldaketa arintzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak.

    Klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira.

    9. Ingurumena babesteko neurri orokorrak aurreikusitako garapena gauzatzen den bitartean.

    Aurreikusitako garapenetan, ingurumen-balioei eustea bermatzen duten neurri guztiak aplikatu beharko dira. Bereziki:

    Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea eta hondakinak kudeatzea.

    Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

    Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen Dekretuan (112/2012, ekainaren 26koan) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

    Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

    Industria-olio erabilien kudeaketari buruzko ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

    Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (obrako instalazio osagarriak iragazgaiztea, material xurgatzaileak erabiltzea, etab.).

    Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea: eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

  5. Ingurumen-jarraipenaren plana.

    Ingurumen-azterketa estrategikoak ingurumen-zaintzako programa egoki bat jasotzen du. Programa horren xedea da beharrezko diren zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planaren aurreikuspenak betetzen direla, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla. Hainbat kontrol proposatzen dira, Planaren esparrukoa den proiektuaren obra-faserako; jarraipen-adierazleen eta atalase-balio jakin batzuen arabera burutu beharreko jarduketa batzuk dira kontrol horiek.

  6. Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluaziorako arau orokorrak.

    Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak 2019ko apirilaren 15ean emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.

    Besteak beste, honako hauek nabarmendu behar dira: artifizializatutako lurzoruen erabilera lehenestea; kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak eta dauden eraikinak eraitsita sortutako materialak egoki kudeatzea; jabari publiko hidraulikoa babestea; eremuko kalitate akustikoa; ingurumen-baliabideak modu jasangarrian erabiltzea; habitat eta espezieak babestu eta hobetzea; lurraldean egindako esku-hartzeak paisaian egoki integratzea; arrisku naturalak minimizatzea, eta kalteen prebentzioa lehenestea konpentsazioaren gainetik.

    Bigarrena. Bi urteko gehieneko epea ezartzen da, Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 5. Ama Kandida hirigintza-jarduerarako eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, proiektua onartu ez bada, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta ez da gehiago eraginkorra izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztia, Ingurumen Ebaluazioaren Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 27. artikuluarekin bat etorriz.

    Hirugarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Andoaingo Udalari.

    Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2022ko urtarrilaren 14a.

    Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

    JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik