Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko urtarrilaren 5ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Sondikako A.DO.3 Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 22
  • Hurrenkera-zk.: 537
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/01/05
  • Argitaratze-data: 2022/02/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko urriaren 11n, Sondikako Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Sondikako A.DO.3 Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egin zedin, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko azaroaren 19an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Sondikako A.DO.3 Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin adierazgarririkik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin adierazgarririkak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarreko araudian ezarritako alderdiak, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, planak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana garatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Sondikako A.DO.3 Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Honako eduki hau jaso du:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren eremuak 600 m2-ko azalera hartzen du; zehazki, Sondikako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 3. zuzkidura-jarduketa (A.DO.3) hartzen du; eta horren arabera, gehienez 9 etxebizitza egin daitezke.

    Planaren xedea da 10 etxebizitza eraikitzea, baimendutako hirigintza-eraikigarritasuna handitu gabe; horregatik, etxebizitzen azalera unitarioa murriztea planteatu da, batez besteko 130 m2-tik 117 m2-ra. Egungo hirigintza-araudian ezarritako gainerako parametroak ez dira aldatzen.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: Planaren xedea da indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako etxebizitzen kopurua handitzea; horretarako, etxebizitza bakoitzaren azalera txikitu egingo da, esleitutako eraikigarritasuna aldatu gabe, eta, beraz, ondorioztatzen da ez duela eragin aipagarririk izango beste plan edo programa batzuetan.

      3. Plana egokia da ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu beharreko alderdiak osatzeko: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko irizpideak har ditzan barnean. Planak ez dakar artifizializatu gabeko lurzoru berririk okupatzea, lehendik urbanizatuta dagoen eremu bati eragiten baitio.

      4. Planarekin lotutako ingurumen-arazo adierazgarriak: planak etxebizitzen azalera unitarioa murriztea baino ez du proposatzen; horrela, eraikigarritasun osoa aldatu gabe, 10 etxebizitza eraiki ahal izango dira, indarrean dagoen plangintzak ahalbidetzen dituen 9 etxebizitzen ordez. Eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta planaren irismena kontuan izanik ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

      Planaren eremua Larrabarrena kaleko 1. zenbakian dago, etxebizitza-blokeez inguratutako hiri-inguru batean. Mugak: iparraldean eta mendebaldean, etxebizitza-eraikinak; hegoaldean, BI-373 errepidea; eta ekialdean, beste etxebizitza batzuetara sartzeko errepidea.

      Kokagunean, gaur egun, familia bakarreko etxebizitza bat dago, 117,90 m2-ko azalera duena oinplanoan eta lorategi-eremuetan, eta fruta-arbolak eta loretegiko espezieak ditu. Asmoa da dagoen etxebizitza eraistea eta 10 etxebizitzako bizitegi-bloke bat altxatzea.

      Planaren xede den eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez dago jasota beste katalogo batzuetan (ez EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian, ez Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko eremuen zerrendan), eta ez da aipatu mehatxatutako fauna- edo flora-espezierik dagoenik.

      Ingurumen aldetik dauden arriskuei dagokienez, lursaila lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dago (48904-00054 kodea). Akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna oso txikia da, eta ez da uholde-arriskurik hautematen.

      Inpaktu nagusiak egungo eraikina eraisteak eta eraikin berria egiteko beharrezko lur-mugimenduek sortutakoak izango dira. Hala ere, ondorio horiek ez dira asko aldentzen indarrean dagoen plangintzaren garapenak sortutakoetatik.

      Indarrean dagoen plangintza, planaren irismena eta eremuaren egungo egoera kontuan hartuta, ez da espero plan horrek ingurumenaren gaineko eragin adierazgarriak ekarriko dituenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoaren arabera.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Sondikako A.DO.3 Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak esandako Planean txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

      Plana garatzeko proiektuetan eta jarduketetan aplikagarriak diren ingurumen-arloko baimenak edo prozedurak alde batera utzi gabe, honako hauek izango dira Planaren ondoriozko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileak:

      Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

      Planaren eremua bat dator lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartzen den kokaleku batekin (kodea: 48904-00054). Horrenbestez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23.1 artikuluak xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak ebazpen bidez adierazi beharko du lurzoruaren kalitatea, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.

      Lege horren 23.2 artikuluarekin bat, lege horren 23.1 artikuluan jasotako ekintzaren baten ondorioz egin behar diren lur-mugimenduak egiteko, autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak gaika hondeatzeko plan bat onartu beharko du lehendabizi, lurzoruaren kalitatearen adierazpenaren prozeduraren barruan.

      Zaratarekin zerikusia duten neurriak.

      Zaratari dagokionez planean hartuko beharreko erabakien artean eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezingo dira exekutatu etorkizuneko garapen urbanistikoak honako eremuetan: kanpoko ingurumarian kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez direnetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa. Era berean, kontuan hartuta planaren esparrua Bizkaiko foru-errepideen zortasun akustikoko eremu baten barruan dagoela, eremu horietan edozein jarduketa egin ahal izateko, azpiegitura horiek kudeatzen dituen organoaren nahitaezko txostena beharko da.

      Kalitate akustikoari dagozkion helburuak betetzeko, ebaluazio-aldi bakoitzaren arabera (goiza, arratsaldea eta gaua) behar diren isolamendu-neurriak hartuko dira. Fatxadako isolamendu horiek berariaz justifikatu behar dira eraikuntza-proiektuan.

      Zaratari buruzko Legea (azaroaren 17ko 37/2003 Legea) garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora. Halaber, eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

      Hondakinak sortu eta kudeatzeko neurriak.

      Obrek eta garbiketak dirauten bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena). Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

      Erainkinaren jasangarritasunari buruzko neurriak.

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako beharrezko ezaugarriei dagokienez, Eraikuntza iraunkorrerako gidan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Sondikako A.DO.3 Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri adierazgarririkik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Sondikako Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Sondikako A.DO.3 Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko urtarrilaren 5a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik