Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko urtarrilaren 3koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako eta Ikuskapen Eskalako karrerako funtzionarioentzat Lehergailuak Indargabetzeko-NRBQ espezializazio-ikastaroan sartzeko hautapen-prozesurako deialdia egiten baita.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia; Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 16
  • Hurrenkera-zk.: 382
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/01/03
  • Argitaratze-data: 2022/01/25

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Segurtasuna eta justizia; Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Industria; Herrizaingoa; Sailak; Funtzio publikoa

Testu legala

Euskal Herriko Polizia Hautatzeko eta Prestatzeko Araudia onesten duen 315/1994 Dekretuaren 52. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoaren arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legean ezarritakoaren arabera, Akademiako Zuzendaritzak, Segurtasun Saileko Segurtasun Sailburuordetzak ezarritako helburuekin bat etorriz, Lehergailuak indargabetzeko-NRBQ espezializazio-ikastaroan sartzeko hautapen-prozesurako deialdia egiten du, Ertzaintzako Oinarrizko eta Ikuskapen Eskalako karrerako funtzionarioentzat.

OINARRIAK

Lehenengoa. Deialdiaren xedea.

  1. Ertzaintzako Oinarrizko eta Ikuskapen Eskalako karrerako funtzionarioentzat, oposizio sistemaren bidez, Lehergailuak Indargabetzeko-NRBQ espezializazio-ikastaroan sartzeko hautapen-prozesurako deialdia egiten da.

  2. Deitutako plazak 13 dira: 11 plaza Oinarrizko Eskalako karrerako funtzionarioentzat; 2 plaza Ikuskapen Eskalako karrerako funtzionarioentzat.

  3. Deitutako plazen kopurua handitu ahal izango da, edozein arrazoirengatik hautapen-prozesu horretan zehar Unitatean izan daitezkeen lanpostu hutsen arabera.

    Kopurua handitzen bada, Poliziaren eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez jakinaraziko da, Euskal Herriko Polizia Hautatu eta Prestatzeko araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 40.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

    Gehitze hori oinarri hauen arabera arautuko da, eta, edozein kasutan ere, hamargarren oinarrian aurreikusitako izapidea baino lehen xedatuko da.

    Bigarrena. Izangaien betekizunak.

  1. Hautaketa-prozeduran onartuak izateko honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

    1. Aldez aurretik eskaera egitea.

    2. Administrazio-egoera aktiboan izatea.

    3. Oinarrizko Eskalan edo Ikuskapen Eskalan, hurrenez hurren, karrerako funtzionario izendatuta egotea, eskala bakoitzean deitutako lanpostuetarako.

    4. Euskal Herriko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Araudia onesten duen Dekretua bigarrenez aldatzen duen otsailaren 17ko 36/2004 Dekretuan agertzen den baztertze medikoen taulan ez egotea.

    5. Ebazpen hau argitaratzen denean, atxikitako lanpostuan gutxieneko iraunaldian ez egotea, salbu eta aldi hori beteta badago, edo organo eskudunak uko egitea onartu badu, edo atxikipen eta arrazoi bereko beste lanpostu bat lortu nahi bada, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 22ko 1/2020 Lege Dekretuaren 97.3 artikuluan eta abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 5.3. azken paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz.

    6. Lehergailuak Indargabetzeko-NRBQ ikastaroetan sartzeko hiru deialdi baino gehiagotan parte hartu gabe egotea.

      Deialdi bat agortutzat emango da, eta konputagarritzat joko da, funtzionarioa ikastaroan parte hartzeko ontzat ematen den kasuan. Ez, ordea, deia egiten duen organoak ikusten badu, nahi gabeko kausa dela-eta, izangaia ikastarora ez dela bertaratu edo ikastaroa ez duela amaitu. Hala denean, behar bezala justifikatuta egon beharko du.

  2. Prozeduran parte hartu nahi dutenek aurreko puntuan jasotako baldintza guztiak bete beharko dituzte eskariak aurkezteko epea amaitu aurretik, horien egiaztapena egin beharreko prozeduraldiaren kaltean izan gabe.

  3. Hautaketa-prozeduran onartua izateko eta parte hartzeko, nahikoa izango da izangaiek, beren eskabide orrian, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela adieraztea; betiere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako bete beharko dituzte. Betekizun horiek organo deitzaileak egiaztatuko ditu ofizioz, eta, horretarako, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren dagokion egiaztagiria eskatuko da.

  4. Aurrekoa hala bada ere, hautaketa-prozeduraren edo prestakuntza-ikastaroaren edota praktikaldiaren uneren batean, onartutako eta baztertzeko zerrenda egiten duen eskudun organoak jakingo balu izangaietariko bati deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzaren bat falta zaiola, hautaketa-prozesutik kanpo utziko luke, eta, hala badagokio, prestakuntza-ikastarotik edo praktika- alditik baztertu egingo luke, betiere, interesdunari entzun ondoren.

    Hirugarrena. Eskabideak.

  1. Ikastaro honetan parte hartu nahi duten Ertzaintzako funtzionarioek departamentuen arteko Gurenet intranetaren bitartez egin beharko dute eskabidea, bertan eskuragarri dagoen eskabide eredua betez.

  2. Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  3. Eskabidean zehaztu beharko dute zein hizkuntzatan egin nahi dituzten oposizio-probak, gazteleraz edo euskaraz. Eskaera hori oposizio-proba guztietarako loteslea izango da.

    Laugarrena. Izangaiak onartzea.

  1. Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onartuko du (eskalen arabera bereizita), eta zerrenda hori hamalaugarren oinarriaren hirugarren atalean adierazi bezala jakinaraziko da.

  2. Behin-behineko zerrendan baztertuta agertzen diren izangaiei dagozkien arrazoiak adieraziko zaizkie, eta interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabideak izan ditzakeen hutsak zuzentzeko.

  3. Aurkeztutako erreklamazioak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onartu edo baztertuko dira, eta horren bitartez egingo da behin betiko onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda (eskalen arabera bereizita), zeina hamalaugarren oinarriaren hirugarren atalean adierazi bezala jakinaraziko den.

    Bosgarrena. Epaimahai kalifikatzailea.

  1. Euskal Herriko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuan, eta uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuan xedatutakoaren arabera, hautapen-sistemaren probak zehaztu, garatu eta ebaluatzeko Epaimahai Kalifikatzaile bat izendatuko da. Epaimahai hori mahaiburu batek, lau bokalek eta idazkari batek osatuko dute.

    Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten kideen eta horien ordezkoen izendapena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bitartez jakinaraziko da, hamalaugarren oinarriaren hirugarren atalean adierazi bezala.

  2. Epaimahai Kalifikatzailearen jardunak organo kolegiatuen funtzionamenduko araudi erregulatzailean indarrean diren xedapenak aintzat hartuko ditu.

    Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten kideei Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 28 eta 29 artikuluetan bildutako abstentzio eta errefusatze kausak ezarriko zaizkie.

  3. Hautaketa-sistema osatzen duten proben garapena eta ebaluaketa Epaimahai Kalifikatzaileari dagozkio, eta horrek jarduteko autonomia osoa izango du. Prozeduraren objetibotasunaz Epaimahai Kalifikatzailea arduratuko da, eta, gainera, deialdiko oinarriak betetzen direla bermatuko du.

  4. Epaimahai Kalifikatzaileak, bere jardunerako, hautaketa-sistema osatzen duten probetarako, aholkulari edo adituen laguntza izan dezake. Horien lana, beren berezitasun-jarduna ikusirik, aholkatzea eta teknikoki laguntzea izango da.

  5. Deialdiaren oinarrietan aurreikusten ez diren alderdiei dagokienez, hautaketa-sistema burutzeko beharrezkotzat jotzen dituzten neurriak hartu, eta oinarri horiek ulertu eta ezartzerakoan sortzen diren arazo guztiak erabaki ahal izango ditu epaimahaiak, baita bere funtzioetako jarduna ere.

  6. Epaimahaiak ezin izango ditu deitutako plazak baino ikasle gehiago hautatu. Horrelakorik gertatuz gero, gehiagoko horiek baliogabetuak izango lirateke eskubide osoz.

  7. Epaimahai Kalifikatzailearen erabakiak hamalaugarren oinarriaren hirugarren atalean adierazi bezala jakinaraziko dira.

  8. Epaimahai Kalifikatzaileari helbide elektroniko honetara bidaliko zaizkio idazkiak:

    2022nrbq@seg.euskadi.eus

    Epaimahaiak posta elektronikoz erantzungo die jasoko dituen idazkiei, betiere Ertzaintzako funtzionarioen banakako helbide elektroniko korporatiboetara idatziz.

  9. Aipatutako Epaimahai Kalifikatzailean parte hartzen duenak legez aurreikusitako ordainsaria izango du.

    Seigarrena. Hautaketa-sistema.

    Hautaketa-sistema oposizio bidezkoa izango da, eta deialdiaren oinarrietan aurreikusitako probak izango dira izangaien gaitasuna eta horien arteko lehentasuna zehaztuko dutenak.

    Lehentasun-hurrenkera aipatutako probetan lortutako puntuazioen gehiketarekin zehaztuko da, eta euskararen ezagupenetan lortutako puntuazioarekin gehiagotuko.

    Zazpigarrena. Oposizioa.

    Oposizioa ondorengo probek osatuko dute:

  1. Lehenengo proba: proba espezifikoa, nahitaezkoa eta kanporatzailea, eskatutako lanpostua betetzeko izangaiek dituzten gaitasun eta trebetasun kognitibo eta fisikoak ebaluatzeko. Zazpi estazioko zirkuitu bat izango da proba, eta, horietan, ariketak egin izana eta ariketak egiteko erabilitako denbora baloratuko dira. Proba hori gehienez 100 punturekin baloratuko da.

    Deialdi honen I. eranskinean azaldutako estazioak egingo dira proban, eta horretarako ezarritako eta I. eranskinean zehaztutako baremoen arabera baloratuko dira.

    Ariketa fisikoak parte-hartzaileen erantzukizunpean egingo dira, eta ariketa horietarako kirol-arropa egokia ekarri beharko dute.

  2. Bigarren proba: gaitasun fisikoaren proba, nahitaezkoa eta kanporatzailea. Proba hori gehienez 50 punturekin baloratuko da.

    Deialdi honen II. eranskinean azaldutako bost ariketak egingo dira proban, eta horretarako ezarritako eta II. eranskinean zehaztutako baremoen arabera baloratuko dira.

    Proba hori gainditzeko, bost ariketetako bakoitzean 5 puntu lortu beharko dira gutxienez, eta, bost ariketen batukarian, 25 puntu gutxienez.

    Ariketa fisikoak parte-hartzaileen erantzukizunpean egingo dira, eta ariketa horietarako kirol-arropa egokia ekarri beharko dute.

  3. Hirugarren proba: proba psikoteknikoak; hain zuzen, bi ariketa, nahitaezkoak eta kanporatzaileak, banaka kontuan hartuta. Izangaien gaitasunak eta jarrerak zehazteko. Ariketa hauek ditu:

  1. Gaitasun-testak, Lehergailuak Indargabetzeko-NRBQ Oinarrizko Eskalako edo Ikuskapen Eskalako lanpostua behar bezala betetzeko beharrezkoak diren gaitasun edota trebetasun garrantzitsuenak ebaluatzeko. Arrazoitzeko gaitasunak, gaitasun espazialak eta arreta-pertzepziokoak ebaluatuko dira. Gehienez 120 punturekin baloratuko da, eta gutxienez 60 puntu lortzen ez dituzten izangaiak kanporatuta geratuko dira.

  2. Nortasun-testa, nortasunaren ezaugarri orokorrak ebaluatzeko, baita hautapen-prozesuan parte hartuko dutenek desorekaren edo moldatu ezinaren adierazgarriak ote dituzten ere. Gehienez 100 punturekin baloratuko da ariketa, eta gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten izangaiak kanporatuta geratuko dira.

  1. Laugarren proba: banakako edota taldekako elkarrizketa. Nahitaezkoa eta kanporatzailea. Izangaiak lanpostuari dagozkion eginkizunak eta lanak behar bezala betetzeko jokabidea eta gaitasun egokiak dituela zehazteko. Gehienez 130 punturekin baloratuko da, eta gutxienez 65 puntu lortzen ez dituzten izangaiak kanporatuta geratuko dira. Proba honen balorazioa III. eranskinean zehaztutako baremoen arabera egingo da.

    Zortzigarrena. Oposizioaren proben garapena.

  1. Oposizioko probak ezin izango dira hasi deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik bi hilabete igaro arte.

  2. Lehenengo proba noiz, non eta zer ordutan izango den, gutxienez zazpi egun natural lehenago iragarriko da, hamalaugarren oinarriaren hirugarren atalean ezarritakoaren arabera. Gainerako probei buruzko iragarkiak modu berean iragarriko dira, gutxienez hirurogeita hamabi ordu lehenago.

  3. Epaimahai Kalifikatzaileak deialdi honetan ezarritako proben ordena alda dezake, baita probak osatzen dituzten ariketena ere, edota zenbait proba egun berean egitea ere erabaki dezake. Kasu horretan, proba bakoitza ebaluatzeko, aurrekoa gaindituta izan beharko da.

    Izangaien kopurua kontuan harturik, eta zerbitzuaren beharrizanak proba burutzearekin bat etorriz, proba bakoitza egiteko, zenbait txandatan deitu ahal izango dira izangaiak.

  4. Epaimahaiak nahitaezkotzat jotako probak egiteko finkatutako tokian, egunean eta orduan agertzen ez direnak hautaketa-prozeduratik baztertuta geldituko dira behin betiko, ez agertzearen arrazoia ezinbestekoa izan arren. Nahitaezko probak egiten hasi ondoren agertzen direnei ere arau berbera ezarriko zaie.

    Nahitaezko probaren batek ariketa bat baino gehiago baditu, horietako bat ez egitea edo ariketa horretara berandu agertzea ez-aurkeztutzat hartuko da.

    Aurrerago ezarritakoaren salbuespen gisa, eta hautaprobetan aukera- eta tratu-berdintasuna bermatze aldera, gaitasun fisikoko probak egitean haurdun dauden, erditu berri diren edo erdiondoan dauden emakumeek eta egoera horiek probak egin aurretik Epaimahai Kalifikatzaileari jakinarazi bazaizkio eta medikuaren ziurtagiriaren bidez egiaztatu badira proba horiek atzeratzeko aukera izango dute, betiere, hamargarren oinarrian ezarritako hautapen-sistema argitaratu aurretik egiten badira.

    Hala ere, gainerako probak egin beharko dituzte, beharrezkoak diren egokitzapenak eginda.

  5. Nortasun agiria eraman beharko da proba guztietara, Epaimahai Kalifikatzaileak edozein unetan eska baitezake agiri hori erakustea.

  6. Proben emaitzak Epaimahai Kalifikatzailearen erabaki baten bidez jakinaraziko dira, hamalaugarren oinarriaren hirugarren atalean ezarritakoaren arabera.

    Bederatzigarrena. Euskararen ezagutza-maila baloratzea.

    Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da; horren ondorioz, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, 20 puntu lortuko dituzte Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta dutenek, edo 297/2010 Dekretuak, azaroaren 9koak, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko denak (2010eko azaroaren 15eko EHAA, 219. zk.) edo 47/2012 Dekretuak, apirilaren 3koak, euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko denak ezarritakoaren arabera aitortu edo parekatu zaienek.

    Hautapen-prozesuan ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko probarik egingo.

    Hamargarrena. Hautaketa-sistemaren azken kalifikazioa.

  1. Hautaketa-sistemaren azken kalifikazioa oposizioa osatzen duten probetan lortutako puntuazioen gehiketa izango da; baita ere, euskararen ezagupen-mailatik lortutakoaz gehitutakoa, eta horrexek zehaztuko du izangaien lehentasun-hurrenkera (eskalen arabera bereizita).

  2. Sailkapen-hurrenkeran puntu berdinketarik izango balitz, ondorengo irizpideen arabera erabakiko dira ezarritako hurrenkeran:

    1. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea.

    2. Banakako edota taldekako elkarrizketan lortutako puntuazio onena.

    3. Proba berezietan lortutako puntuazio onena.

  3. Hautatzeko prozeduraren kalifikazioa amaitu ondoren, Epaimahai Kalifikatzaileak hamalaugarren oinarriaren hirugarren atalean ezarritakoaren arabera onartu eta argitaratuko du, eta datu hauek bidaliko dizkio Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritzari:

    1. Hautaketa-prozedura gainditu duten izangaien zerrenda (eskalen arabera bereizita), puntu gehien lortu dituenetik gutxien lortu dituenera antolatutakoa.

    2. Hautatutako pertsonen zerrenda (eskalen arabera bereizita): lehentasun-hurrenkeraren ordena jarraituz hautaketa-prozedura gainditu dutenak eta deitutako plaza kopuruan sartzen direnak.

  4. Aurreko puntuan ezarritako argitalpenaren eta Lehergailuak Indargabetzeko-NRBQ Ikastaroan sartzearen artean, hautatutako izangaien zerrendan edozein zirkunstantziagatik aldaketaren bat izanez gero, hamalaugarren oinarriaren hirugarren atalean ezarritakoaren arabera argitaratuko da aldaketa hori zehazten duen erabakia edo ebazpena.

    Hamaikagarrena. Osasun arazo baztertzailerik ez izatea.

  1. Hautaketa-prozesuan, prestakuntza-aldian eta praktikaldian zehar edo horiek bukatzean, izangaiei eskatu ahal izango zaie beharrezkoak diren mediku-azterketak egiteko, Ebazpen honetako bigarren oinarriko e) letran ezarritako bazterketa medikoen taulara egokitzen ote diren egiaztatzeko.

  2. Aurreko atalean ezarritakoa betetzeko, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak Mediku Epaimahaia izendatuko du, eta horren izendapena hamabigarren oinarriaren hirugarren atalean ezarritakoaren arabera jakinaraziko da.

  3. Mediku Epaimahaia mahaiburu batek, bi bokalek eta idazkari batek osatuko dute.

  4. Mediku Epaimahaiak emandako txostenak arrazoituak izan beharko dira kanporatze-arrazoiren bat dagoela egiaztatzen denean, eta jarraitu beharreko prozedurak, betiere, interesdunaren audientzia-eskubidea bermatuko du.

  5. Osasun-arazoengatiko baztertze medikoen taulan ezarritako arrazoiengatik kanporatzeko eskumena duen organoa Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia izango da.

  6. Oinarri honetan aurreikusten den Mediku Epaimahaiari bosgarren oinarriko 2., 7., eta 8. zenbakietan jasotako arauak aplikatuko zaizkio.

    Hamabigarrena. Lehergailuak indargabetzeko-NRBQ espezalizazio-ikastaroa.

  1. Hautatuak, hamargarren oinarrian dioenaren arabera, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak deituko ditu ebazpen baten bidez, Lehergailuak Indargabetzeko-NRBQ espezializazio-ikastaroa egiteko.

  2. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak izapidetuko du, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez, hautatutakoei ikastaroan sartzeko jakinarazpena.

  3. Lehergailuak Indargabetzeko-NRBQ espezializazio-ikastaroa prestakuntzaldi batez eta praktika-aldi batez osaturikoa izango da, biak nahitaezkoak eta baztertzaileak. Ikastaroa gainditzeko biak gainditu beharko dira.

  4. Lehergailuak Indargabetzeko-NRBQ espezializazio prestakuntza-ikastaroa Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egingo da edo Akademiako zuzendariak horretarako erabakitzen duen zentroan, eta Ikasketa Planean aurreikusitakoaren arabera emango da, eta bertan adierazten den iraupena izango du. Praktikaldia Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak arautuko du, Ikasketa planean ezarritakoarekin bat etorriz.

  5. Ikastaroaren azken emaitza hamalaugarren oinarriaren hirugarren atalean ezarritakoaren arabera jakinaraziko da, Ikasketa Planean ezarritakoarekin bat etorriz.

  6. Prestakuntzaldia edo Praktikaldia gainditzen ez dutenak baztertu egingo ditu Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak.

  7. Halaber, ikastaroari ezarriko zaizkion ebaluazio-irizpideekin bat etorriz, ondorioztatzen bada Ikasketa planeko ikasgaien ebaluazio partzialetik ezin dela ikastaroa gainditu (prestakuntza-aldia eta praktikaldia), Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak kanporatu ahal izango du eragindako persona, hari entzun ondoren.

    Hamahirugarrena. Lanpostu hutsak betetzea.

    Ikastaro hau gainditu izanak ez du berez lanpostu jakin bati atxikitzeko eskubiderik emango.

    Hala eta guztiz ere, espezializazio-ikastaro hori gainditzen dutenek, egiten den lehenengo deialdian, lehentasunez eskatu beharko dituzte Euskal Herriko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintza Dekretuan jasotako sistemen bidez lortu duten prestakuntza eta ezagupenak eskatzen dituzten lanpostu huts guztiak, eta, horietarako eskabiderik egiten ez badute, lanpostu horietako edozein atxiki edo izendatu ahal izango zaie derrigorrez. Azken kasu horretan, ez dute inolako diru-ordainik jasotzeko eskubiderik izango.

    Hamalaugarrena. Azken xedapenak.

  1. Hautatutako izangaia ikasle gisa dagoen bitartean, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Barne Araudiaren Erregelamenduko barne erregelamendu eta diziplinazkoaren arauen mende egongo da. Araudi horrek gehigarrizko izaera edukiko du, hain zuzen, Euskal Herriko Poliziaren Kidegoen Diziplinazko Erregelamenduko Arauetan, egintza ikasle-diziplina baino gehiago izan ahal den kasuetan.

    Euskal Herriko Polizia Hautatu eta Prestatzeko araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 38.2 artikulua aplikatuz, hautapen-prozesutik kanpo geratzeko arrazoia izango da aurreko puntuan aipatutako arauetako edozeinetan arau-hauste larri edo oso larri gisa tipifikatutako bat egiteagatik zehapena ezartzea.

  2. Deialdi honetan borondatez parte hartzen da; beraz, 5/2012 Dekretua, urtarrilaren 17koa, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzkoa, aplikatuz, hori egiteak, eta azterketetara, ebaluazio-probetara edo proba praktikoetara edo hautaketa-prozesua garatu eta burutzeagatik bertaratu beharreko ekintza guztietara joateak ez du kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik ekarriko.

  3. Berariaz besterik xedatzen ez bada, argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan egingo dira, hargatik eragotzi gabe Gurenet saileko intranetean kontsultatu ahal izatea.

    Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan argitaratuko den data erabakigarria izango da epeak zenbatzeko.

  4. Euskal Herriko Polizia Hautatu eta Prestatzeko araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 56. artikuluan ezarritako ondorioetarako, deialdi hau agortutzat joko da eta, beraz, konputagarria izango da, funtzionarioa deialdi honetan parte hartzeko onartzen denean, hautaketa-prozesura ez agertzea edo hori ez amaitzea nahi gabeko arrazoi bategatik ez bada eta hori behar bezala justifikatu ez bada behintzat, eta hori deialdia egin duen organoak libreki balioetsiko du. Azken kasu horretan, ukitutakoak deialdia ez zenbatzeko eskatu beharko dio idatziz Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari, 4.3. oinarrian ezarritako izapidearen aurretik.

  5. Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen kontra, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiari, hilabeteko epean, argitaratzen den hurrengo egunetik aurrera, edo zuzenean aurkaratu ahal izango dute administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Azken kasu horretan, administrazioarekiko auzien epaitegien lurralde-eskumeneko arauak errespetatu beharko dira (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 14. artikuluan jasota daude arauak).

    Deialdi honetatik, Epaimahai Kalifikatzailearen jardunetik edo Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko organoetatik sor daitezkeen egintza administratiboak inpugnatu ahal izango dituzte interesdunek Administrazio Prozedura Erkidearen Araudi Erregulatzailean aurreikusitako eran eta kasuetan.

    Arkauti, 2022ko urtarrilaren 3a.

    Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

    ANDRÉS ZEARRETA OTAZUA.

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik