Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko azaroaren 30ekoa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2022. urtean emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko hiru bekatarako deialdia arautzen eta onartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Emakumearen Euskal Erakundea; Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 247
  • Hurrenkera-zk.: 6172
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/11/30
  • Argitaratze-data: 2021/12/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea benetakoa eta eraginkorra Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintza, ekonomia, kulturgintza eta gizartearen eremu guztietan. Ildo horretan, Emakunde da Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan emakume eta gizonen berdintasun-politikak bultzatu, aholkatu, planifikatu eta ebaluatzen duen erakundea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezartzen duenaren arabera. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 3.i) artikuluan, erakunde horri agintzen zaio jarduera-eremu guztietan egin beharreko politika taxutzeko azterlanak egin daitezen bereziki sustatzea.

Beka-modalitatearen bidez, deialdi honen bitartez, bi alderdi batu nahi dira: batetik, azterlanak egin daitezen sustatzeko eta herritarrak horien gainean sentsibilizatzeko Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak dituen egitekoak, eta, bestetik, ikerlanak egin behar dituzten pertsonen trebakuntza. Izan ere, gizonen eta emakumeen benetako berdintasuna lortuko badugu, aztertu egin behar dugu zer genero-harreman eta -rol dauden gaur egun emakumeen eta gizonen artean arlo guztietan ageri diren ezberdintasunen oinarrian, eta abian jarri diren edo jarriko diren ekimenek emakumeengan eta gizonengan nola eragiten duten edo nola eragin dezaketen. Azterlan horiek garatu eta zabaltzea funtsezkoa da eztabaida publikorako eta erabaki politikoak hartzeko, are gehiago genero-ikuspegia politika guztietan txertatu nahi badugu. Politikak planifikatu, abiarazi eta ebaluatzeko erantzukizun politikoa eta teknikoa dutenen artean lan horiek hedatzea onuragarria da, ezin da ukatu. Izan ere, lan horretarako, eskura eduki behar dituzte tresna jakin batzuk, hain justu ere, generoari buruzko alderdiei ekiteko, alderdi horiek aztertzeko eta berdintasunerantz aurrerapausoak emateko neurriak proposatzeko beharrezkoak direnak; hala baieztatzen du Europako Kontseiluan sortutako «mainstreaming» delakoaren aditu-taldeak. Orobat, beka-modalitatearen bidezko deialdiak arlo horretako ikerketa eta onuradunen ibilbide profesionala eta prestakuntza garatzea ahalbidetzen du.

Aurrekoagatik, deialdi honetarako, erakunde honen iritziz egoki da aurreko ekitaldietan hasitako ildoarekin jarraitzea. Haietan, beken bitartez ikerlan batzuk egitea arautu zen, ordura arte behar bezala landu gabeko eremuetan ikertzeko batez ere. Bekak beste laguntza mota bat dira, eta ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta haren Erakunde Autonomoen eremuetan, deialdi mota horiei dagozkien araudia eta ezaugarriak aplikatuko zaizkie, oro har. Bekak norgehiagoka-prozeduraz esleituko dira, behar bezala barematutako esleipen-irizpideei jarraituz. Azkenik, beka emateak inoiz ez du kontratu, lan edo estatutu bidezko loturarik ezarriko Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin.

Ekitaldi honetan ere hiru beka mota daude, mota bakoitzari ikerlan desberdin bat dagokiola. 1. eta 3. beken helburua da bekadun izango direnak genero-harremanen testuinguruan agertzen ari diren ikerketa-gai eta -eremuetara bideratzea eta eremu horietan trebatzea sustatzea, eta gure gizartean balio-aldaketa bat gerta dadin laguntzea. Bestalde, 2. bekaren bidez, oso aitortua den premia bati erantzungo zaio, hots, askotariko diskriminazioa jasaten duten edo jasateko arriskuan dauden emakumeen premiak aztertzen eta premia horiei erantzuten aurrera egiteko beharrari.

Bestalde, hautagaiak hautatzeko prozedurari eusten zaio, alegia: lehendabiziko hautaketa egiten da, eta ondoren elkarrizketa bat, hautaketa-prozedura egoki kudeatzeko egokitzat jotzen den hautagai-kopuru jakin batekin, eta balorazio-irizpide objektibo eta tasatuak erabiltzen dira.

Inguruabar horiek guztiak kontuan hartuta, deialdi honen bidez beka bakoitzean zehaztutako azterlan-eremuak dinamizatu nahi dira, eta kalitatezko ikerlanak egin daitezen bermatu nahi da, emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lortzen laguntzeko, Emakundeko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita dagoen eran, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen 2022. urterako dirulaguntzen Plan Estrategikoa, Emakunde-Emakumearen Euskal erakundeko zuzendariaren Ebazpenaren bitartez onartutakoa, hain zuzen ere.

Azkenik, esan beharra dago laguntzak emateko kreditu egokia eta nahikoa egon beharko dela Euskal Autonomia Erkidegoaren 2022ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan.

Horri jarraikiz, honako hau

Deialdi honen xedea da 2022. urtean hiru beka ematea, emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzen lagunduko duten ikerlanak egiteko.

  1. Beka-mota bakoitzaren edukia ikerketa-gai hauei buruzkoa izango da:

    1. motako beka: gizarteko eremu guztietan balio-aldaketa gauzatzen lagunduko duten eta gizartea berdintasunerantz eramango duten ekimenak eta proposamenak bilatzea, eta horretarako dauden faktoreak aztertzea.

    2. motako beka: egoerak eta desberdintasunak aztertzea askotariko diskriminazioa jasateko arriskuan dauden emakumeen kolektiboan; bereziki, baliabide sozial eta ekonomikoez baliatzerakoan eta segurtasunaren arloan jasaten duten diskriminazioa.

    3. motako beka: erabaki soziopolitikoak hartzeko eremuetan emakumeek duten irispidea, parte-hartzea eta eragina aztertzea, eta ekimenak eta estrategiak bilatzea emakumeen ahalduntze politikoa, ekonomikoa eta soziala eta lidergoa mesedetzeko eta sistema patriarkala aldatzen edo gainditzen laguntzeko.

  2. Beka eskatzen duten pertsonek edo taldeek beka-mota baterako baino gehiagorako ikerketa-proiektuak aurkez ditzakete.

  3. Beka emateak ez du kontratu, lan edo estatutupeko loturarik ezarriko Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin, eta ez da EAEko Administrazio Orokorraren eta horren erakunde autonomoen bulegoetan burutuko.

  1. Deialdi honetako hiru beka-motak norgehiagokaren prozeduraren bidez ebatziko dira. Ondorio horietarako, norgehiagoka esango zaio honako prozedura honi: dirulaguntzak nori eman erabaki baino lehen, aurkeztu diren eskaerak alderatzea eskaeren artean lehentasunak ezartzeko, betiere deialdian aldez aurretik ezarri diren balorazio-irizpideak betez, eta, irizpide horiek aplikatuta balorazio altuena izan duten eskaerak adjudikatzea, erabilgarri dagoen kredituaren barruan deialdian ezarri den muga errespetatuz.

  2. Aurreko artikuluan adierazitako helburuak betetzen laguntzeko diru-zuzkidura Erakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik hartuko da. Hirurogeita bederatzi mila bederatziehun eta laurogeita hemeretzi (69.999,00) eurokoa izango da; horietatik, 23.333,00 euro 2022ko ordainketa-kredituei dagozkie, eta gainerakoa, 46.666,00 euro, 2023ko konpromiso-kredituei.

    Laguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2022ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko agindua).

  1. Bekak jasoko dituzten pertsona fisikoek edo pertsona fisikoen taldeek ezin izango dute aurrez beste erakunde publiko edo pribaturen baten beka berdinik jasota izan; horrez gainera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izatea, etab.) eta ikerlanek baldintza hauek bete beharko dituzte:

    1. Ikerlanaren aztergai-eremua eta garapena Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

    2. Argitaratu beharreko ikerlana hizkera ez-sexista erabiliz idatzita egotea.

  2. Eskaera egiten duten banakoak edo taldeak izaera bereko beka, dirulaguntza edo laguntzen esparruan itzulketa- edo zehapen-prozesuren batean sartuta badaude eta laguntzak esleitzen bazaizkie, itzulketa- edo zehapen-prozesua amaitu egin beharko da laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Era berean, ordaintzeko betebeharrak egunean dituztela egiaztatu arte ez da dirulaguntza ordainduko.

  3. Baldin eta hainbat eskatzailek ikerlan bakarra aurkezten badute, horien titularkide direnek euren arteko bat izendatu beharko dute Administrazioaren aurrean koordinatzaile eta ordezkari izan dadin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluan ezarritako betebeharrei jarraikiz.

  1. Eskabideak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari zuzenduko zaizkio, eta aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Erregistro Orokorrean (Manuel Iradier kalea 36, Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren bulegoetako edozeinetan.

    Posta-bulegoaren bidez aurkezten diren eskabideak gutun-azal irekian jarri behar dira, egiaztatu aurretik posta-zerbitzuko funtzionarioek eguna eta zigilua jartzeko. Hala egin ezean, eskabidea dagokion bulego publikoan noiz sartzen den, egun horretan aurkeztutzat joko da.

  2. Halaber, interesdunek bitarteko elektronikoak erabil ditzakete prozedura honen izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko. Eskabideak bitarteko elektronikoz aurkezteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartu behar da: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0037808

    Interesdunek onartutako egiaztagiri elektroniko bat izan behar dute, prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz egin ahal izateko: https://www.euskadi.eus/ ziurtagiri-elektronikoak

    Ordezkari baten bidez ere aurkeztu ahal izango dira eskabideak elektronikoki; horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

    Eskabidearen osteko izapideak bitarteko elektronikoz egiteko, egoitza elektroniko hau erabili ahal izango da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  3. Erabilitako izapidetze-moduari buruzko zehaztapenak (aurrez aurrekoak nahiz elektronikoak) eskuragarri daude Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen webgunean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0037808

  4. Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko bideak aurrez aurrekoa edo elektronikoa ez dakar prozeduraren hurrengo izapideetan bide hori erabili beharra.

  5. Eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Interesdunek hautatutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

  6. Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2022ko otsailaren 15ean amaituko, egun hori barne.

  1. Pertsonek edo taldeek beka-mota bakoitzeko eskabide bat aurkeztu beharko dute, non honako erantzukizunpeko adierazpen hauek jasoko baitira:

    Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzeko ez daukala dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiborik, ezta administrazio-zehapen edo zehapen penalik ere sexuagatiko diskriminazioa egiteagatik.

    Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzeko eskatzailea ez dagoela dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko gaitasunik gabe uzten duten lege-debekuen eraginpean, beren-beregi sexu-diskriminazioagatiko lege-debekuen eraginpean.

    Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela xede eta helburu bererako laguntzarik jasotzen ari (eta aurretik ere ez duela halakorik jaso) administrazio publiko edo pribatuen eskutik.

    Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko deialdi honetan onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen dituela.

    Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko irakurri dituela betetzeko jarraibideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren eranskinak, eta jasotako datu guztiak egiazkoak direla eta osorik daudela, baita aurkezten duen dokumentazioa ere, eta bere gain hartzen duela dagokion erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).

    Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta dagoela (erantsi prozeduraren hasieraren kopia).

    Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ezarritako ordainketak egiteke dituela (erantsi prozeduraren hasieraren kopia).

  2. Eskabidearekin batera, sinatuta, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

Taldeko kideen erantzukizunpeko adierazpenak eta adostasunak, behar bezala sinatuta, II. eranskinaren arabera, eskatzaileari buruz aurretiaz adierazitako modu berean.

Ikerlanaren azalpen-memoria, behar bezala sinatuta, III. eranskinaren arabera.

Pertsona bakoitzeko, curriculum-eredua, behar bezala sinatuta, IV. eranskinaren arabera.

Igortzen diren dokumentuen zerrenda, V. eranskinaren arabera.

Eskabidea eta III. eranskina koordinatzaile-ordezkariak edo norbanakoek sinatu beharko dute; II. eta IV. eranskinak, berriz, taldeko kide bakoitzak sinatu beharko ditu.

  1. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, agirien kautotasuna egiaztatzeko.

  2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluarekin bat etorriz (2006ko uztailaren 25eko BOE, 176. zk.), dirulaguntza-eskabidea aurkezten denean eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean egiazta dezan egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskatzaileek berariaz egin diezaiokete uko baimen horri; hala eginez gero, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko dute, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Beka-eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 6. artikuluan eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den dokumentazioa aurkezteko edo atzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta, horretarako, hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera. Horrez gain, jakinaraziko zaio, eskatutakoa egin ezean, eskaera ezetsi egingo dela; eskaera ezesteko, aurretiaz ebazpena eman beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan agindutakoari jarraikiz.

Akatsen zuzenketa kanal elektronikoa erabiliz egin ahal izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»-ren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  1. Hautaketa-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko kide hauek osatuko dute batzorde hori:

    Presidentea: Zuriñe Elordi Romero andrea, Emakundeko idazkari nagusia.

    Bokalak:

    Noemí Alangua Elvira andrea, Azterlan, Dokumentazio eta Plangintza Arloko arduraduna.

    Begoña Calvo Vicandi andrea, Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna.

    Maria de los Llanos Olivas Lagunilla andrea, Azterlan, Dokumentazio eta Plangintza Arloko teknikaria.

    Idazkaria: Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna.

  2. Hautaketa-batzordeak gaian adituak diren pertsonen laguntza eta aholkularitza izan dezake.

  1. Hautaketa-batzordeak baloratuko ditu eskatzaileak edo taldeko kideek zer ezagutza, prestakuntza eta esperientzia dituzten emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko bekaren gaiaren inguruko ikerlanak egiteko, baita gaia zehazteko eta adierazteko duten gaitasuna, bekaren langaian jarduteko dituzten ahalbideak eta ikerlan-proposamenaren interesa eta ikuspegia ere. Horretarako, beka-mota bakoitza emateko, hautaketa-batzordeak balorazio-irizpide hauek hartuko ditu kontuan, bakoitzari emandako puntuen arabera:

    1. Ikerlanaren kalitatea, oro har (70 puntu, gehienez):

    1. Ikerlanaren esparru teorikoaren planteamendua (20 puntu, gehienez).

    2. Ikerlana argia eta bideragarria izatea, egutegia eta metodologia barne (20 puntu, gehienez).

    3. Ikerlanerako dedikazioa (20 puntu, gehienez).

    4. Berrikuntzak (10 puntu, gehienez).

    1. Pertsonaren edo taldearen ibilbidea (20 puntu, gehienez):

      Lana egingo duten banakoek edo taldeko kideek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean duten ibilbidea, esperientzia eta prestakuntza; bereziki, eskatutako bekaren ikerketa gaiari buruz dutena.

    2. Ikerlanak euskaraz egitea (10 puntu, gehienez).

  2. Gutxienez 50 puntu lortzen ez duten proposamenak atzera botako dira.

  3. Lehen aukeraketan hartutako hautagaiei deia egingo zaie elkarrizketa bat egiteko, beren proposamena azaltzeko. Hautaketa-batzordeak beka bakoitzaren lehenengo hiru hautagaiei soilik egingo die elkarrizketa (puntuazioaren arabera).

  4. Elkarrizketan, pertsona eskatzaileak edo taldearen koordinazioa bere gain hartzen duenak, aurkeztutako memoria edo proposamena azalduko du. Batzordeak galderak egin ditzake azaldutakoari buruz eta bekaren xedeari buruz.

  5. Hautaketa-batzordeak, egindako balorazioaren arabera, esleipen-proposamena egingo du. Proposamenean jasoko dira beka-mota bakoitzerako hautatutako pertsonak edo taldea, ordezko eskabideen zerrenda pertsona edo talde onuradun batek uko egiten duenerako, eta kanpoan utzitako eskabideen zerrenda, kanpoan uzteko arrazoia adierazita. Orobat, beka-mota baterako edo guztietarako, deialdia bete gabe uztea ere proposa dezake, baldin eta banako edo talde hautagairik ez baldin badago edo proposamena azaldu eta defendatzean ez bada egon behar bezainbateko kalitatea erakutsi duen ikerlanik.

  6. Deialdi honetako hiru beketakoren bat eman gabe utziz gero, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak diru-zenbateko hori balia dezake beste beka-mota batean bigarren beka bat emateko; horretarako, puntu gehien duen lortu duen hautagaia hartuko da.

Deialdi honetan aurreikusitako bekak bateraezinak dira beste erakunde publiko edo pribatu batek helburu bererako eman dituen edo eman ditzakeen beka, dirulaguntza edo laguntzekin.

  1. Hautaketa-batzordearen esleipen-proposamena Erakundeko zuzendariari helaraziko zaio. Zuzendariak ebazpen espresua emango du, eta emandako eta ukatutako bekak adieraziko ditu, eta, hala behar denean, deialdia bete gabe utzi dela adieraziko du. Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie banako zein talde onuradunei, bide elektronikoz edo postaz. Emandako beken zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.

    Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoa erabili bada, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta»-ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  2. Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilekoa izango da gehienez ere, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe horretan banakoari edo taldeari ebazpenik jakinarazi ezean, bekaren eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  1. Jabetza intelektualaren eskubideari buruzko arauen eta indarrean dauden legeen esparruan erabiliko dira lanak.

  2. Ustiapen-eskubideak, borondatez, erakunde honi laga daitezke. Erreproduzitzeko, banatzeko, jendaurrean komunikatzeko eta eraldatzeko eskubideak, eta, orobat, ekonomikoki ustiatu daitezkeen gainerakoak hain justu ere, mugarik gabe ustiapen-eskubideak eta egungo hizkuntza eta prozedura ororen bitartez erabil daitezkeenak deialdi honetan jabetza intelektualari buruz aplikatu behar den araudiaren arabera xedaezinak diren baldintzetara eta mugetara egokitu beharko dira.

Ebazpen honetan arautzen diren beken onuradunek pertsona nahiz talde Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betekizunak konplitu beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoa eta, bereziki, honako hauek:

  1. Emandako beka onartu behar dute. Horrela, beka eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek pertsona nahiz talde bekari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, beka onartu egin dutela esan nahiko du.

  2. Beka zertarako eman den, helburu horretarako erabili behar dute, eta gutxienez hiru hilean behin, horretarako jarritako egutegiaren arabera, egindako lanaren eta lortutako emaitzen berri eman beharko diote Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari, oniritzia edo onespena jasotzeko.

  3. Emandako beka-motarekin bat datorren ikerlana egin behar dute, euskaraz eta/edo gaztelaniaz, eta hizkuntza ez-sexista erabilita.

  4. Egindako lanen argitalpen eta publizitate orotan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntza jaso dutela azaldu behar da. Horretarako, erakundearen marka erreproduzitu beharko da publizitate-euskarrian, parte-hartze mailaren arabera dagokion tamainan, kokalekuan eta ikuskeran, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuarekin bat etorriz. Marka Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundean eska daiteke. Erakundearen logotipoa jarri beharko da bekaz lagundu den lanean, azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan ezarritakoa betez. Markari buruzko dokumentazioa esteka honetan ere eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/nortasun-gidaliburua

  5. Lagundutako ikerlanen bi kopia koadernatu eman beharko zaizkio Erakundeari, dokumentazio-zentroan gordeko direnak, eta beste kopia bat euskarri informatikoan. Lana behar bezala hedatuko da erakundeak herritarrak sentsibilizatzen laguntzeko eta bekadunen etorkizuneko garapen profesionala sustatzeko eta laguntzeko egokitzat jotzen dituen bide eta euskarrietan. Lanaren egileak beti aipatu behar dira eta erabat bete beharko da jabetza intelektualaren eskubidea arautzen duen araudia.

  6. Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egon behar dute. Baldintza hori ezinbestekoa da deialdia ebatzi eta, beka emanez gero, ordainketak egiteko. Alta elektronikoki izapidetu daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko dagokion zerbitzuaren bidez: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak/

  1. Bekak hamar hilabete iraungo du, deialdiaren ebazpena jakinarazten den unetik aurrera, eta ezingo da bekaldia luzatu.

  2. Beka bakoitza 23.333 eurokoa izango da, eta hiru zatitan ordainduko da: lehenengoa, ebatzi bezain laster; bigarrena, 2023ko ekitaldian, une horretan eginda dagoen ikerlana baloratu ostean; eta hirugarrena, bekaren helburu den azterlana jaso eta baloratutakoan, ekitaldi berean.

  3. 15 eguneko epean beka onartzen ez bada, beka esleituko zaio puntuen arabera ordezkoen zerrendan dagoen hurrengoari.

  4. Beka hartu duen banakoak edo taldeak bekari uko egiten badio, galdu egingo ditu ebazpen honetan adierazita dauden eskubide guztiak, eta hasiera emango zaio itzulketa-prozedurari, jasotako diru-kopurua eta berandutze-interesak itzultzeko. Bekari uko egiteko idazkia aurkezten bada bekaldia hasita dagoenean, ez da esleipen berririk egingo.

  5. Beken zenbatekoa zenbateko gordina denez, beken onuradunen konturako zerga-atxikipenen mende geratzen da.

Beka emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbateko guztiak eta haiei dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horretaz gain, dagozkion gainerako ekintzak gauzatuko dira. Zehazkiago, dirua itzultzeko arrazoi izango dira azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 36. eta 37. artikuluetan bildutako ekintza eta egoerak.

Ezarritako baldintzak edota betebeharrak betetzen ez direnean, azaroaren 17ko 38/2003 Legean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan agindutakoari jarraituko zaio emandako beka itzultzeko. Dekretu horrek hau ezartzen du:

  1. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio pertsona edo talde interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio, egokitzat jotako alegazioak egiteko.

  2. Alegazioak jaso ondoren edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.

    Ebazpenean adierazten bada baldintzak ez direla bete, galdutzat joko da beka jasotzeko eskubidea, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua hil biko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

  3. Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.

  4. Aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik dirulaguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea hamabi hilekoa izango da, gehienez ere.

Deialdi honetan parte hartzen duten lagunen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen datuen tratamendu batean Bekak, sariak, laguntzak eta dirulaguntzak sartuko dira. Tratamendu hori Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan araututakora eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan xedatutakora lotuta dago erregelamendu horrek datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen ditu eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen du. Esteka honen bidez informazio gehiago lor dezakezu: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/062200-capa1-eu.shtml

Erakundeak sustatutako laguntzak kudeatzeko baino ez dira erabiliko datu horiek, botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko. Hala nahi dutenek, eskubidea izango dute datuetara irispidea izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, tratamendua mugatzeko eta tratamenduari aurka egiteko, bai eta Erregelamenduan aurreikusita dauden eskubideak baliatu ahal izateko ere. Datuak babesteari buruzko informazioa: https://www.euskadi.eus/datuak-babesteko.

Datu pertsonalak ez dira hirugarren herrialdeetara bidaliko, ezta hirugarren pertsonei lagako ere, ez bada lege-eginbeharra betetzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz jaso gabe geratu diren prozedura-alderdi guztietarako, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, 38/2003 Lege Orokorra garatzen duen Erregelamendua onartzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion administrazioarekiko auzien epaitegian, hil biko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 30a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

MIREN IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik