Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko azaroaren 25ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako Egiako Galtzada 54-55 Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 4
  • Hurrenkera-zk.: 75
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/11/25
  • Argitaratze-data: 2022/01/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko urriaren 1ean, Donostiako Udalak ingurumen-organoaren aurrean osatu zuen Donostiako Egiako Galtzada 54-55 Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egiteko eskaera, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko urriaren 9an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Donostiako Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Donostiako Egiako Galtzada 54-55 Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer kondizio ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Donostiako Egiako Galtzada 54-55 Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Plan Bereziaren xedea da Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean Egiako galtzadako 54-55 zenbakien eremurako indarrean dagoen antolamendu xehatua aldatzea, a.30 («eraikuntza irekiko bizitegiko zona») etxebizitza tipologiako lurzati bat garatu ahal izateko. Egungo plangintzak (2010eko ekainaren 25ean behin betiko onartua) lurzati hori a.40 motaren barnean («garapen txikiko bizitegiko zona») sailkatzen du 1.542 m2 inguruko azalerako lurzatia.

    Proposamen berriarekin, bloke bat garatu ahal izango da, 8 etxebizitzakoa egungo irisgarritasun-araudietara eta abarretara egokituak egongo dira. Eraikuntza irekiko bizitegiko zonako lurzatiari (a.30.1 lurzatia) erreparatuta, aurreikusitako antolamendua eraikin zentral bakar bat izango da, oinezko eta ibilgailuentzako sarbidea izango duena Egiako galtzadatik, iparraldean, +15,06 m-ko kotan. Lehen bi solairuetan lursailean lurperatuak, garajeak eta trastelekuak egongo dira, bai eta ataria eta oinezkoentzako eta ibilgailuentzako sarbideak ere. Goiko hiru solairuak (beheko solairua, lehen solairua eta bigarrena), gutxi gorabehera, +22,90 m-ko kotatik aterako dira.

    Inguruko garapen urbanistikoen antzera, Egiako galtzadaren aurreko fatxada eustorma eta lorategi-ezponda gisa eratzen da, eta eraikinari eutsiko dio goialdean. Lehendik dauden eraikinak eraistea aurreikusten da.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak beste plan edo programa batzuetan nolako eragina duen, hierarkizatuta dauden eraginak barne: Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, planak ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste ezein plan edo programatan. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian goien dagoen plangintzarekin.

      3. Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeari dagokionez, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-kontsiderazioak integratzeari dagokionez.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: Plana gauzatzeak ez du ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo, baldin eta eragindako eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Eragina jasan dezakeen eremuaren eta ondorioen ezaugarriak:

      Jarduketa-eremua Donostiako Egia auzoan dago, Madril-Irun trenbidearen ondoan (lurzatitik 8 metro eskasera, iparralderantz). Gaur egun, bizitegi-eraikinak (54. eta 55. zenbakiak) eta lorategi-zona bat daude lurzatian. Eremuak Egiako galtzadarekin egiten du muga iparraldean, 56 zenbakiko lurzatiarekin ekialdean, 53 eta 51 zenbakietako lurzatiekin mendebaldean eta Jai Alai kaleko 2 zenbakiko lurzatiarekin hegoaldean.

      Eremuko landaredia erruderala, belarkara eta zuhaixka erakoa da batez ere. Eremuan ez da intereseko habitatik identifikatu, ez eta espezie mehatxaturik edo interesekorik ere. Era berean, ez dute apaindura-baliorik, eta Buddleja davidii eta Cortaderia selloana espezieen aleak aurkitu dira. Espezie horiek aloktono inbaditzaile gisa katalogatuta daude, eta itxura narriatua ematen diote lurzatiari.

      Zona erabat antropizatuta dago. Hala ere, litekeena da bertan kiroptero-espezie batzuk egotea; horien artean nabarmentzen dira Pipistrellus pipistrellus eta Pipistrellus kuhlii.

      Kulturaren ikuspegitik, 55 zenbakiko eraikina tokiko babeserako proposatu da, baina gaur egun ez du inolako babes-mailarik.

      Arriskuei dagokienez, ez dago ezer berezirik adierazi beharrik: ez dago eremu higagarri batean, ez du lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzatirik, ez dago urak har ditzakeen eremu batean, akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasun txikia du... Soilik nabarmentzen da trenbidean salgai arriskutsuak garraiatzeak arrisku ertaina dakarrela.

      Zaratari dagokionez, egungo agertokian ez dira gainditzen eremuaren zatirik handienean Kalitate Akustikoko Helburuak, goizean, arratsaldean eta gauean. Etorkizunean (20 urte), ez da aurreikusten, halaber, Kalitate Akustikoko Helburuak gainditzea. Horrez gain, bibrazio-neurketak egin ondoren, egindako neurketa-posizioen arabera, trenek igarotzean sortutako bibrazio-mailek Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako muga-balioak betetzen dituzte, bai egunez bai gauez, segurtasun-marjinarekin.

      Planaren esparruko jarduketen inpaktuak etxebizitzak eraisteko eta etxebizitzak eraikitzeko lanetatik eratorriak izango dira. Jarduketa horien ondorioz, habitataren kalitatea murriztuko da (zarata, hautsa, bibrazioak, etab.) eta hondakinak sortuko dira, aldi baterako eta eremu jakin batean baino ez bada ere.

      Eremuaren eta proposatutako garapenaren ezaugarrien arabera, eta hainbat arlotan eskumena duten erakundeek egindako txostenak kontuan hartuta, ez da aurreikusten eragin garrantzitsurik izango duenik intereseko beste ingurumen-balio batzuetan. Hala ere, prebentzio-neurri egokiak hartu beharko dira, sor daitezkeen inpaktuak saihesteko edo murrizteko.

  3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta Donostiako Egiako Galtzada 54-55 Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

    Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duen Ebazpenean adierazitakoari jarraikiz, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta eremuaren antolamendurako planetan jasotakoari jarraikiz.

    Intereseko balio naturalak babesteko neurriak:

    Eraikinak eraitsi aurretik, hiri-inguruneari lotutako fauna-espezieen (kiropteroak eta gaueko harrapariak, bereziki) habiak, babeslekuak eta abar identifikatzeko prospekzio bat egin beharko da, espezie horiek mantentzeko neurriak hartzeko. Neurri horiek honako hauek izan daitezke: obren kronograma doitzea, habiak/aleak lekualdatzea, presentzia errazteko proposamenak...

    Obrek eragindako guneak leheneratzea: ahal dela, ahalik eta gutxien eragingo zaio guneari, eta, nolanahi ere, proiektua gauzatzeak eragindako eremu guztiak leheneratuko dira. Berriro landareztatzeko lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak eta solidoak ibilguetara herrestatzea saihesteko.

    Inola ere ez dira erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak, hala nola, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana eta beste batzuk, landareztatze- eta lorategi-lanetan. Behar bezala kontrolatu beharko dira tokian dauden landare-espezie aloktono inbaditzaileak eta landareztatze-lanetan erabilitako landare-lurraren jatorria, espezie inbaditzaileak ez sakabanatzeko. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

    Gune libreen tratamendua: gune libreak landareztatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen.

    Kultura ondarea babesteko neurriak:

    Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, etab.), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin. Eragindako administrazioei egindako kontsulten izapidean jasotako txostenean, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak gomendatzen du, etxeak tokiko babes bat duenez, etxebizitzak hiri-lorategi tipologian sartzen diren bolumenetan banatzea, eta, horrela, topografia errespetatzea.

    Euskal Kultura Ondarearen Legean (maiatzaren 9ko 6/2019 Legea) ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

    Zaraten eta bibrazioen eraginak gutxitzeko neurriak:

    Urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikulua aplikatuz, 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoari kalterik egin gabe, hala badagokio, neurri egokiak ezarri beharko dira, aipatutako dekretuaren I. eranskinaren 1. zatiko A taulan xehatutako kalitate akustikoko helburuak betetzen direla ziurtatzeko (zarataren kalitate akustikoko helburuak, jada urbanizatutako eremuei aplikatzekoak), 31.2 artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta. Era berean, barneko espazioan, aipatutako eranskinaren 1. zatiko B tauletan (etxebizitza-, egoitza-, ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabileretarako bideratutako eraikinen barneko espazio bizigarriari aplika dakizkiokeen zarataren kalitate akustikoko helburuak) eta C tauletan (etxebizitza-, egoitza-, ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabileretarako bideratutako eraikinen barneko espazio bizigarriari aplika dakizkiokeen bibrazioetarako kalitate akustikoko helburuak) xehatutako balio objektiboak betetzen direla ziurtatu beharko da.

    Obretako zaratari dagokionez: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora. Obrak egunez egingo dira.

    Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

    Bestalde, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obrak gauzatzeari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak gauzatzeko:

    Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxolak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne.

    Hondakinen sorkuntza eta kudeaketa: Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barnean direla.

    Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

    Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

    Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

    Donostiako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautematearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

    Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriak eragindako lurrak kentzea eta kudeatzea, etab.). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

    Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

    Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

    Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

    Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

    Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

    Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

    Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

    Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

    Bigarrena. Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Donostiako Egiako Galtzada 54-55 Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

    Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

    Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko horrek indarraldia galduko du eta dagozkion efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Donostiako Egiako Galtzada 54-55 Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

    Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 25a.

    Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

    JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik