Arautegia

Inprimatu

65/2021 EBAZPENA, azaroaren 23koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita 2021. urtean zuzeneko dirulaguntzak ematea Euskadin egoitza edo ordezkaritza duten prentsa eta irrati komunikabideei, COVID-19 pandemiaren eragin ekonomikoa dela eta.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 247
  • Hurrenkera-zk.: 6167
  • Xedapen-zk.: 65
  • Xedapen-data: 2021/11/23
  • Argitaratze-data: 2021/12/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

2021eko azaroaren 23an eginiko batzarrean, Gobernu Kontseiluak onetsi egin du «Euskadin egoitza edo ordezkaritza duten prentsa eta irrati komunikabideei 2021. urtean zuzeneko dirulaguntzak emateko erabakia, COVID-19 pandemiaren eragin ekonomikoa dela eta». Horrenbestez, erabaki horri beharrezko publikotasuna emateko, hau

Europako Eskualdeetako Lantaldeak, 2019ko otsailean, «Lineako desinformazioaren aurkako borroka: Europako ikuspegia» izeneko irizpena onartu zuen, Euskadiren parte-hartzearekin. Irizpen horrek tokiko eta eskualdeko kalitatezko komunikabideak izatearen garrantzia azpimarratzen du. Irizpenak nabarmentzen duenez, hori bereziki garrantzitsua da komunikabide horien ekoizpena eta kontsumoa zeharkatzen ari diren trantsizio-fasean.

Testuinguru horretan, adierazten da tokiko prentsa posizio zailean dagoela Batasuneko estatu kide askotan, finantza-egoera ahulean dagoelako. Hori dela eta, irizpenak eskatzen du «Europa osorako eztabaida bat hastea lurralde-erakundeek (tokiko komunitateak, baina baita maila zentraleko eta Europako erakundeek ere) tokiko prentsari laguntzeko moduari buruz, adibidez, komunikabide jakin batzuei sorospenak emanez, iritzi-aniztasun osasungarria bermatzeko eta, aldi berean, Batasunaren barne-merkatuaren printzipioak eta, bereziki, estatu-laguntzei buruzko xedapenak errespetatuz».

Gizarte-murrizketen testuinguru orokorrak eta COVID-19aren eragin ekonomiko handiak egunkarien salmentak jaistea eta eguneroko prentsan eta irratietan publizitate-inbertsioak atzeratzea ekarri dute; ondorio horiek are gehiago ahuldu dituzte euskal komunikabideen finantza-egoera eta bideragarritasun-aukerak, eta arriskuan jarri dute euskal ekosistema mediatikoa. Hala ere, pandemiaren testuinguru globalak are ageriagoan utzi du gizarte demokratikoek komunikabide profesional eta sendoak izan behar dituztela desinformazioaren aurka borrokatzeko eta balio demokratikoak indartzeko.

Azken batean, komunikabideen eginkizuna ezinbestekoa izan da eta da gizarteari egiazko eta kalitatezko informazioa emateko eta herritarrek informazio hori jasotzeko duten eskubidea zaintzeko. Une historiko eta bereziki garrantzitsu honetan, pandemia batean alegia, eskubide asko mugatu dira osasun publikorako eskubidearen onura komuna bermatzeagatik, eta herritar bakoitzak, eta gizarteak oro har, tokiko nahiz nazioarteko botere publikoek hartutako erabakiei buruzko informazioa eskuratzeko aukera izan behar dute, erabaki horiek beren eguneroko bizitzari eta oinarrizko eskubideei eragiten dietenean. Era berean, herritarrek modu fidagarri, profesional eta egiaztatuan jakin behar dute beren ingurunean zer gertatzen den bizitza pertsonala, soziala, kulturala, lanekoa edo enpresakoa garatzeko, edo gizarte honen parte diren aldetik dituzten betebeharrak eta eskubideak garatzeko. Informaziorako eskubide hori bermatzen dute komunikabideek gurea bezalako gizarte demokratiko batean.

Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzak, Europako Eskualdeetako Lantaldeak pandemiaren eraginpeko sektoreek jaso dituzten beste laguntza batzuekin bat etorriz egindako planteamenduari erantzunez, zuzeneko dirulaguntzen programa hau proposatzen du tokiko prentsa eta irratiko komunikabideentzat.

Pandemia hasi zenetik, Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna izan da COVID-19aren hedapena mugatzea eta hari aurre egitea, alde batetik, pertsonen osasunean duen inpaktua minimizatzeko, eta, bestetik, izaera desberdineko hainbat neurri eta jarduera abian jartzeko, hedapen globalak eta ustekabekoak jarduera ekonomiko eta industrialean sortu duen eta eragiten ari den inpaktu negatiboa murrizteko, jarduera hori enplegu- eta ongizatea-iturria baita euskal gizarte osoarentzat.

Europako Batzordeak, 2020ko martxoaren 19an, onartu zuen (C/2020/1863), COVID-19 delakoaren krisiaren aurrean ekonomiari laguntzeko laguntzei buruzko aldi baterako esparrua (aurrerantzean, EBren Aldi baterako Esparrua), eta bertan kokatzen da COVID-19a hedatzearen ondoriozko ezohiko, bat-bateko eta ezusteko krisia. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluaren 3. paragrafoaren b) idatz-zatiaren arabera, Batzordeak barne-merkatuarekin bateragarritzat jo ditzake «estatu kide baten ekonomian nahasmendu larri bat konpontzeko» laguntzak.

Estatu-laguntzei buruzko araudia betetzeari dagokionez, laguntza hau eratu da uneko COVID-19 pandemiaren testuinguruan ekonomia babesteko estatu-laguntzen neurriei buruzko EBren Aldi Baterako Esparruaren (EBAO, C 91 I/01, 2020-03-20) arabera. Aldi baterako esparru horrek, besteak beste, enpresei eta autonomoei laguntzeko neurriak ahalbidetzen ditu, hala nola zuzeneko dirulaguntzak, aurrerakin itzulgarriak, zerga-abantailak, maileguen bermeak eta interes-tasen hobariak uneko COVID-19 pandemiaren testuinguruan ekonomia babesteko maileguetan. Esparru hori hainbat aldiz aldatu da, eta azkena 2021eko urtarrilaren 28koa izan zen; horren bidez, ezarritako neurriak 2021eko abenduaren 31ra arte luzatu ziren.

EBren Aldi Baterako Esparrua Estatuan aplikatzeko, Espainiako Gobernuak Batzordearen komunikazioan oinarritutako aldi baterako esparru nazionala jakinarazi zuen. Aldi baterako esparru nazional hori Europako Batzordearen erabaki baten bidez baimendu zen lehenengo aldiz 2020ko apirilaren 2an (SA.56851 (2020/N)). EBren aldi baterako esparruari bezala, hainbat aldaketa egin zaizkio aldi baterako esparru nazionalari. Aldi baterako esparru nazionalaren helburua da Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia-erkidegoetako administrazioek, toki-administrazioa osatzen duten erakundeek eta aurreko administrazioei lotuta edo haien mendean dauden eta nortasun juridiko propioa duten zuzenbide publikoko gainerako erakundeek barne-merkatuarekin bateragarriak diren laguntzak ematea.

Ondorioz, Europako Batzordeak barne-merkatuarekin bateragarriak diren zenbateko mugatuko aldi baterako laguntza jakin batzuk hartuko ditu kontuan EBFTko 107. artikuluko 3. paragrafoko b) idatz-zatiaren arabera, baldin eta laguntza zuzenak emateko ezarritako baldintzak betetzen badira. Baldintza horien artean dago laguntza globala ez izatea 1.800.000 eurotik gorakoa enpresa bakoitzeko, eta aurrekontu zenbatetsia duen araubide baten arabera ematea, 2021eko abenduaren 31 baino lehen. Ildo horretan, adierazi behar da kasu honetan bete egiten dela akordio honen xede diren zuzeneko laguntzak emateko ezarritako Europako araudia.

Dirulaguntzen hartzaile izango dira Euskadin egoitza duten eguneroko prentsa idatziko komunikabide pribatuak eta EAEn egoitza duten edo EAEn ordezkaritza duten orotariko programazioko irratiak, gutxienez hiru lurralde historikoetako baten eremua hartzen dutenak. Dirulaguntza honen ondorioetarako, programazio propiotzat joko da programazioaren % 15, gutxienez, astelehenetik ostiralera izatea, 07:00etatik 24:00etara, deskonexioan egina eta Euskal Autonomia Erkidegoko entzuleei soilik zuzendua. Laguntzetatik kanpo geratuko dira komunikabide publikoak eta irrati tematikoak, hala nola musika, kirol edo beste edozein motatako irrati-formulak, horien helburu nagusia, informazio orokorra baino gehiago, informazio espezializatua edo entretenimendua baitira.

Hedabide bakoitzak duen audientziaren irizpideari jarraituz banatuko dira dirulaguntzak. Erreferentzia-iturria CIES enpresak 2021eko lehen seihilekoan egindako EAEko Medioen Azterlanaren Txostena izango da. Dirulaguntza lerro hori eskuratu ahal izateko, 7.000 pertsonako gutxieneko audientzia ezartzen da, oro har, EAEn.

Dirulaguntzak ordainketa bakarrean banatuko dira, audientziarekiko proportzioan. Eguneroko prentsa idatziaren kasuan, kontuan hartuko da bi euskarrietan (paperean eta digitalean) metatutako audientzia. Irrati jeneralistaren kasuan, EAEn aldi bereko edukia emititzen duten lurralde eta toki emisora guztien audientzien batura hartuko da kontuan. Euskara hutsez emititzen duten irratien kasuan, dirulaguntza lerro honetan sartzeko gutxieneko audientzia 5.000 pertsonakoa izango da. Nolanahi ere, jaso beharreko gutxieneko dirulaguntza 40.000 eurokoa izango da.

Ondorioz, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2021eko azaroaren 23an egindako bilkuran aztertu ondoren, honako erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa. Zuzeneko dirulaguntzak ematea, 2021. urtean eta guztira 5.000.000 euro, honako zerrenda honetan ageri diren prentsa- eta irrati-komunikabideei, bertan zehazten diren banakako zenbatekoetan, COVID-19ak Euskadin egoitza edo ordezkaritza duten gizarte-komunikabideetan eragindako inpaktu ekonomikoaren ondorioak arintzeko.

(Ikus .PDF)

Dirulaguntzak aurrekontu-aplikazio hauen kontura egingo dira:

0.1.11.01.0010.1.452.00.12291.001/E

0.1.11.01.0010.2.452.00.12291.001/F

0.1.11.01.0010.3.452.00.12291.001/G

0.1.11.01.0010.4.452.00.12291.001/H

Bigarrena. Dirulaguntzaren ordainketa epe bakar batean egingo da, betiere dirulaguntza eman zelaren jakinarazpenetik hamar eguneko epean berariaz uko egin ez bazaio; izan ere, erakunde onuradunek konpromisoa hartu dute herritarrari eman beharreko pandemiari buruzko hurbiltasunezko informazio eta zerbitzu ildo berari eusteko. Ordainketak berekin ekarriko du jarduera gutxienez bi urtez mantentzea, dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintza berberetan:

Irratiek beren programazioaren % 15, gutxienez, deskonexioan eskainiko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde eremuko entzuleei soilik zuzenduta.

Prentsa idatzizko hedabideek gutxieneko ehuneko estaldura bera eman beharko diote Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde eremura mugatutako informazioari.

Baldintza horiek betetzen ez badira edo jarduera bertan betera uzten bada, dirulaguntza itzuli beharko da, araudi aplikagarrian xedatutakoaren arabera, eta, bereziki, azaroaren 11ko 1/1997 Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena. Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzak kudeatuko du dirulaguntza.

Laugarrena. Dirulaguntza horiek bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu berberarekin eman ditzakeenekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada, eta COVID-19aren krisiari aurre egiteko ekonomiari laguntzeko laguntzei buruzko aldi baterako esparruan (Europako Batzordeak onartu zuen 2020ko martxoaren 19an - C/2020/1863), eta ondorengo aldaketetan xedatutakoari egokitzen bazaio; baita COVID-19aren euspen sanitariorako laguntza-neurriei buruzko aldi baterako esparru nazionalari ere Europako Batzordearen 2020-04-2ko SA.56851 (2020/N) eta 2020-04-24ko SA.57019 (2020/N) Erabakiaren bidez baimendua. Gainfinantzaketarik egonez gero, dagokion zenbatekoa itzultzeko espedientea izapidetuko da, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako moduan, eta laguntza eta dirulaguntza publikoen araubidea hausteagatik zehapenik ezartzen bada, dagozkion zenbatekoak ere itzuli beharko dira.

Bosgarrena. Onuradunak azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan aurreikusitako laguntzen eta dirulaguntzen araubide juridikoa bete beharko du, baita 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak ere, eta, bereziki, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren eginkizunak betez eskatzen dieten informazio guztia eman beharko du. Aplikagarriak dira, era berean, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan ezarritako baldintzak eta betebeharrak. Onuradunak ez baditu dirulaguntza emateko baldintzak betetzen, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotako kasuren bat gertatzen bada, dagokion itzulketa-espedientea hasiko da.

Seigarrena. Ebazpen hau pertsona eta/edo erakunde interesdunei jakinaraztea, eta haren aurka jar ditzaketen errekurtsoen berri ematea.

Zazpigarrena. Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak aginduko du erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik