Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko azaroaren 19koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Arrasateko AE-79 Garratz eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 252
  • Hurrenkera-zk.: 6316
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/11/19
  • Argitaratze-data: 2021/12/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko irailaren 16an, Arrasateko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen, AE-79 Garratz eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egin zedin, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko irailaren 29an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Arrasateko Udalari ere jakinarazi zitzaion izapide-prozesuaren hasiera.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Arrasateko AE-79 Garratz eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Arrasateko AE-79 Garratz eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren adierazten den moduan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Arrasateko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO), zeinaren testu bategina 2016ko martxoan onartu baitzen behin betiko, AE-79 Garratz eremua hiri-lurzoru finkatugabe gisa sailkatzen du, eta hirigintzaren aldetik Oinarrizko Azpiegituren Sistema Orokorretako lurzoru gisa.

    Eremu hori Arrasateko Musakola auzoan dago, eta udalerriaren herrigunetik ipar-ekialdera, 1.500 bat metrora; iparraldean, Argietxeko etxeekin egiten du muga, Garratzeko industrialdearekin eta belardiekin; hegoaldean, GI-627 errepidearekin eta Kataideko industrialdearekin; ekialdean, industria-pabiloien gune batekin; eta mendebaldean, Ibaiondo eta Zabaleta industrialdeekin. Beraz, hiri-periferiako egitura du, jarduera ekonomikoetarako lurzoruak eta nekazaritza eta abeltzaintzako lurzoruak daudena. Lurzoru horietan belardiak eta baserri batzuk daude. Eremuaren hego-ekialdeko mugan dago GI-627 errepidea da, eta AP1 autobidea, hori ere eremuaren hego-ekialdean, 300 bat metrora dago.

    AE-79 Garratz eremuak 18.164 m2-ko azalera du, eta hiru lurzati eta erabilera publikoko eremu bat ditu. Lurzatietako bik nekazaritza-erabilerari eusten diote eta eraiki gabe daude, eta bestea, azalera handiena duena, P1 lurzatia, 10.199,4 m2-ko azalera duena, azpiestazio elektriko baten kokagunea da; haren tresneria, dorretxoak, linea elektrikoak eta bi eraikin txiki. i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresarena da (Iberdrola Taldea), planaren sustatzailea dena. Azpiestazio horrek energia elektrikoaren hornikuntza distantzia ertaineko edo handiko lineen bidez jasotzen du, 132 kV-ko tentsioan, eta 30 kV-ra transformatzen du, toki- eta/edo eskualde-mailan banatzeko. Eremua osatzen dute: berdeguneen lurzati bat, Kataialde errekaren ubide publikoa, P1 lurzatiaren ipar-ekialdetik igarotzen dena, bideratuta, eta azpiestaziora sartzeko oinezkoentzako eta ibilgailuentzako bide-sarea.

    Planaren xedea da indarrean dagoen HAPOn jasotako hiri-lurzoruaren antolamendu xehatua aldatzea, egungo transformazio-azpiestazio elektrikoa eraberritu eta/edo handitu ahal izateko, egungo eta etorkizuneko energia-beharrak behar bezala bermatzeko, bai egoera normalean, bai sarearen balizko akats baten aurrean.

    Lehenengo fasean, azpiestazioa eraberritzea planteatzen da; horretarako, egungo 30 kV-ko sistema trinkotuko da metalezko eraikin prefabrikatu berri batzuen barruan egongo diren gelaxka trinkoen bidez, eta instalazio osoaren kontrol integratu eta komunikazio-sistema berri bana muntatu, eta eraikin prefabrikatu berrietan kokatuko dira.

    Geroagoko fase batean, egungo 132 kV-ko sistema trinkotzea planteatuko da, gelaxka trinkoen bidez ere. Horiek eraikin prefabrikatu berri baten barruan kokatuko dira, kasu horretan, hormigoizkoa izango dena. 132 kV-ko linea-posizio berri bat eta 132/30 kV-ko potentzia-transformadore berri bat muntatzeaz gain, etorkizunean 132 kV-ko linea-posizioak zabaldu eta potentzia-transformadoreak gehitu ahal izateko moduan utziko da.

    Proposatutako eraikuntzaren gehieneko altuera 12 m-koa izango da, eta 30 kV-ko lineen instalazioen eta dorreen gehieneko altuera 30 m-koa.

    Lagatzeko espazio libreak eta berdeguneak 5 metroko zerrenda batean banatuko dira, errekaren ondoan, babes moduan; gainera, espazio publikoa linealki zabaltzea proposatuko da lurzatiaren hego-ekialdeko mugan dagoen bidegorriaren ondoan. Bidegorriaren trazadura hobetzea eta aldatzea proposatzen da, errepidetik gehiago bereiziz eta bidegorriaren eta errepidearen artean babes-eremu berde bat utziz.

    Musakola auzorako ibilgailuen eta oinezkoen sarbidea bere horretan utziko da, eta aparkaleku publiko batzuk proposatu dira espazio libreen eremuari lotuta.

    Planaren xedeko eremuaren ipar-ekialdetik eta i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresaren egungo lurzatiaren itxitura-hormarekiko paraleloan, erreka bat dago, Kataialde, 66 cm-ko zabalerako hormigoizko erreten baten bidez bideratua; urbanizazioa eta eraikuntza egiteko, nahitaezko atzeratzeak errespetatuko dira, 5 eta 12 metro, hurrenez hurren.

    Planaren garapenak ekarriko dituen gainerako urbanizazio-obrak hauek dira:

    Saneamendu-sarea: sare bereizle bat proposatzen da, euri-ur garbiak errekara eta/edo udal-sarera bideratzeko. Azpiestazio elektrikoaren instalazioen azpitik igarotzen den sare unitarioa kentzea proposatzen da, eta, horretarako, sare berri bat egitea, ur horiek eremu publikotik biltzeko; era berean, lurzatiko ur beltzekiko konexioa kendu egingo da, azpiestazioak ez duelako izango komunik ez antzekorik.

    Hornidura: urbanizazio-proiektuan definituko den lurpeko sare bat proposatzen da.

    Energia elektrikoaren sarea eta argiteria-sarea: lurpean joango dira horiek ere.

    Planak proposatzen dituen azpiestazioa berritzeko edo handitzeko jarduketa guztiak P1 lurzatian egingo dira, lurzati horren mugetatik kanpoko beste eremu batzuei eragin gabe.

    Planaren zirriborroaren arabera, «AE-79 Garratz» eremua osatzen duten beste bi lurzatiek ez dute aldaketarik izango, eta eraikuntzarik gabe jarraituko du eta egungo nekazaritza- eta abeltzaintza-erabilerari eutsiko zaio.

    Zehazki, epe labur eta ertainean, eta ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, proposatutako antolamenduak honako irizpide eta helburu hauek izango ditu:

    Eremua antolatzea, Arrasateko HAPO eta indarrean dagoen legeria betez.

    Eremuaren mugaketa egungo errealitatera egokitzea.

    Egungo hiri-lurzatian dagoen 132/30 kV transformazio-azpiestazioa eraberritzen eta/edo handitzen uztea, balizko eskari berriei behar bezala erantzun ahal izateko, hornidura elektrikoaren kalitatea, erregulartasuna eta segurtasuna bermatuz. Horretaz gain, eraikigarritasun jakin bat ematea.

    Egungo azpiestazioko eraikinetako bat antolamenduz kanpokotzat definitzea, proposatutako antolamenduarekin bateraezina dena.

    Eremuko gainerako lurzatietan nekazaritza eta abeltzaintzako erabilera finkatzea, inolako eraikigarritasunik onartu gabe.

    Eremutik igarotzen den errekastoa babestea.

    Eremutik kanpo dauden Musakola auzoko etxebizitzetarako oinezkoentzako eta ibilgailuentzako sarbide egokia mantentzea.

    Eremuan, ahal den neurrian, ingurumenean, ikusmenean, akustikan eta abarretan eragina murrizteko behar diren ingurumen-neurriak zehaztea.

    Eremu horretako espazio libre berrien ingurumen-leheneratzea, azpiestazio elektrikoaren obren ondoren.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: planak xehetasunez antolatzen du eremu bat, non urbanizazio-jarduketak dakartzaten zehaztapenak lurzoru urbanizatuaren lurzati batera soilik mugatzen diren. Lurzati horretan azpiestazio elektriko bat dago. Bestalde, proiektatutako antolamendua garatzeko, hirigintzako jarduketa-planari eta kudeaketa-proiektuari dagozkien dokumentuak idatzi beharko dira, bai eta definitutako jarduketa integratu bakarraren urbanizazio-proiektua ere, eta, eremuan edozein obra hasi aurretik, eraikuntza-proiektua idatzi eta dagokion obra-lizentzia lortu beharko da.

        Horiek horrela, aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: lehen zehaztu den bezala, Planaren xedeko eremua hiri-lurzoru finkatugabea da, eta Planak proposatzen dituen hirigintzako jarduketak gaur egun, azpiestazio elektriko bat dagoenez, ezaugarri naturalak galdu dituen lurzati batean egitekoak dira. Azaldutakoa kontuan hartuta, eta kontuan hartuta Planaren ingurumen-ondorioen balorazioa egungo egoeraren arabera egin behar dela, atal honi dagokionez ondoriozta daiteke ez dela bateraezintasunik atzematen hierarkian goragokoa den plangintzarekin.

      3. Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barne hartzeko: plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko irizpideak barnean hartzeko. Dagoeneko urbanizatuta eta azpiestazio elektriko bat dagoen lurzoruan du eragina; beraz, ez dakar lurzoru ez-antropizatu gehiago kontsumitzea. Gainera, instalazioak modernizatzeak aukera emango du istripuzko ihesei, isuriei eta emisio atmosferikoei lotutako arriskuen kudeaketa egokia egiteko, eta arrisku horiek aurreikusi eta gutxitzeko. Era berean, instalazio berriak eraikinen barruan jartzean kutsadura akustikoa murriztea ahalbidetuko du, baita argi-kutsadura ere, LED luminariak instalatzea proposatzen denez.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasun eta osasunean, ingurumenean, hondakinen kudeaketan eta kutsadura akustikoan indarrean dauden araudiak betez gauzatzen badira eragindako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta horien eraginpean gera daitekeen eremuaren ezaugarriak.

      Aurreko atalean adierazi den bezala, eremua Arrasateko Musakola auzoan dago, udalerriko herrigunetik ipar-ekialdera, eta hiri-periferiako egitura du, jarduera ekonomikoetarako lurzoruak eta nekazaritza eta abeltzaintzako lurzoruak daudena. Lurzoru horietan belardiak eta baserri batzuk daude. Eremuaren hego-ekialdeko mugan dago GI-627 errepidea da, eta AP1 autobidea, hori ere eremuaren hego-ekialdean, 300 bat metrora dago.

      Ingurumenaren ikuspegitik, Planaren zehaztapenen eraginpean dagoen inguruneak honako ingurumen-baldintza hauek ditu:

      Planaren zehaztapenak 1. lurzatiari buruzkoak dira, eta lurzati hori erabat urbanizatuta eta zolatuta dagoenez eta Planaren garapen-jarduera guztiak lurzati horretara mugatzen direnez, baztertu egiten da elementu naturalei zuzenean eragitea, besteak beste, flora- eta fauna-espezieei edo kontserbazio-intereseko landare-komunitateei, natura-intereseko eremuei, babestutako natura-espazioei, Natura 2000 Sareari, igarobide ekologikoei eta baliabide hidrologikoei edo kultura-ondareko elementuei. Elementu horietako bat ere ez dago Planaren eremuan.

      Esan bezala, Planaren xedeko eremuaren ipar-ekialdetik eta P1 lurzatiaren itxitura-hormarekiko paraleloan, Kataialde errekastoaren ibilbidea bideratuta dago, urbanizazioa eta eraikuntza egiteko, nahitaezko atzeratzeak errespetatu direlako; alegia, 5 eta 12 metro, hurrenez hurren. Lurzatitik 120 metro hego-ekialdera Deba ibaia dago. Ibilgu horren eta Planaren eremuaren artean, GI-627 errepidea eta Kataide industrialdea daude.

      Kultura-ondareari dagokionez, proiektuaren xedeko eremua ustezko eremu arkeologiko baten ondoan dago, Zabaleta baserria, azpiestazio elektrikoaren lurzatiaren hego-mendebaldean. Ingurumen Dokumentu Estrategikoaren arabera (aurrerantzean, IDE), baserriak A motako babes-eremua du: eraikinaren hormez barruko eremua.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak ez du uholde-arriskurik, eta akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasuna txikia da.

      Bestalde, sustatzaileak aurkeztutako IDEren arabera, P1 lurzatia, azpiestazio elektriko bat dagoena, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dago, 20055-00008 kodearekin.

      Ondorioz, lurzati horretan egitekoak diren jarduketetan aplikatzekoa izango da ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25.1.c) artikuluan aurreikusitakoa, zeinak lurzoruaren kalitatearen adierazpen-prozeduraren salbuespena zehazten baitu, betiere, handitu edo aldatu nahi den jardueraren edo instalazioaren lurzatiaren mugen barruan egiten direnean lurzorua kutsa dezakeen jarduera eta instalazio bat handitu edo aldatzeko lanak. Hala ere, Plana garatzeko jardueren barnean lursaila induskatu behar bada, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25.5 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko da, bai eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren (Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) 14. artikuluan ezarritakoa ere.

      Zaratari dagokionez, IDEk planaren xedeko eremuko giro-zarataren azterketa bat sartu du, Arrasate udalerriko mapa akustikoko datuetan oinarrituta. Azterketa horren arabera, zarata-foku garrantzitsuenak GI-627 errepideko bide-zirkulazioa, planaren xedeko eremuaren hego-ekialdeko mugan, eta eremutik 300 bat metrora dagoen AP1 autobidekoa dira. Gainera, aztertutako zarata-mapak Planaren xedeko eremutik gertu dagoen Musakola industrialdean sortzen den industria-zarata hartzen du kontuan.

      Egindako analisiaren emaitzen arabera, IDEk ondorioztatzen du gaur egun, goizetan eta arratsaldetan, ez direla gainditzen industria-erabilerarako kalitate akustikoko helburuak (KAH) azpiestazio elektrikoa dagoen lurzatian. Hala ere, gauez, azpiestaziotik gertuen dagoen eremuan, 60-65 dB (A) artean egoten dira, aldi horretarako eta industria-eremu baterako KAH 60 dB (A) bada ere. IDEren arabera, azpiestazioaren hego-ekialdeko mugan gainditzen dira helburuok, GI-627 errepidearekin muga egiten duen zerrendan, eta, beraz, ondorioztatzen du ez dagoela azpiestazioaren jarduerarekin lotuta, bai ordea errepideko ibilgailuen zirkulazioarekin.

      IDEk azpiestazioa berritzeko/handitzeko proiektuaren inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egitea proposatzen du.

      Aurrekoa kontuan hartuta, ingurumen-inpaktu nabarmenenak Planak proposatzen duen antolamendu xehatua garatzera bideratutako jarduketak gauzatzeko fasean aurreikusten dira; jarduketa horien artean gaur egun dauden eraikin eta azpiegiturak eraistea dago, eta etorkizuneko eraikinak eta azpiegiturak eraikitzea (132 kV-ko sistema trinkotzea, 30kV-ko sistema trinkotzea, 132 kV-ko dorre berria eta 132/30 kV-ko transformadore berria ezartzea...), bai eta urbanizatze-obra osagarriak ere. Jarduketa horiek lur-mugimenduak ekarriko dituzte, eta horrek, berriz, indusketako soberakinak sortzea, bai eta eraikuntza- eta eraiste-hondakinak sortzea ere, kontuan hartuta hondakin horiek beren ezaugarrietara egokituta kudeatu beharko direla, eta giza habitataren kalitatea murriztea ere ekarriko dute jarduketa horiek, ibilgailuak eta makinak joan-etorrian ibiltzeak eragingo dituen eragozpenengatik: zarata, hautsa, dardarak eta abar areagotzea.

      Ondoren, Planaren garapena amaituta, ez da espero ingurumen-arazo adierazgarririk Plana gauzatzearen ondorioz, baldin eta ukitutako eremuan egiten diren esku-hartze eta jardueretan indarrean dagoen araudia betetzen bada segurtasunari eta osasunari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez, besteak beste.

      Ingurumen-efektuen balorazioa egungo egoerarekin alderatuta egin behar da; gaur egun, jarduera martxan dago, eta erabat urbanizatutako eta zolatutako lurzati batean dago. Hori kontuan harturik, Planetik eratortzen diren jarduketen ezaugarriak, eta, orobat, neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileen aplikazioa, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta AE-79 Garratz eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak esandako Planean txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

      Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, obra-faseari eta jardueraren funtzionamendu-faseari buruzkoak. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

      Jarduketa-esparrua zedarritzea:

      Planak proposatzen duen antolamendutik eratorritako obrak, bai eta lurzorua okupatzea dakarten lan osagarriak ere, Planaren P1 lurzatiaren barruan egin beharko dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatutako mugetatik kanpo ibiltzea.

      Adierazitako eremutik kanpo istripuzko eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

      Ura eta lurzorua babestera bideratutako neurriak:

      Oro har, obra-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

      Obrako makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Horretarako ezarritako gunetik kanpo ez da baimenduko erregaien zamalanik, ez olio-aldaketarik ez tailer-jarduerarik.

      Hidrokarburoak xurgatzeko gai den material espezifikoa eduki beharko da eskura, istripuzko isuri edo jarioren bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

      Plana garatzeko jardueren barnean lursaila induskatu behar bada, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25.5 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko da, bai eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren (ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) 14. artikuluan ezarritakoa ere.

      Lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat denez, gogorarazi behar da ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 8. artikuluan eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren xedapen iragankorrean adierazitakoa, lurzoruaren egoerari buruzko aurretiko txostenari dagokionez.

      Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako betebeharrei jarraikiz eta haren gomendioekin bat etorriz, Planaren sustatzaileak aurkeztutako ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurriak hartu beharko dira, zehazki:

      Instalazioak potentzia-transformadoreen olio dielektrikoaren ihesei eusteko prebentzio-sistema bat izango du, eutsi beharreko produktura egokitua eta azpiestazioaren transformadore bakoitzaren olio-bolumen osoari eutsi ahal izateko gaitasunarekin.

      Titularrak beharrezko diren bitartekoak izango ditu instalazioak behar bezala ustiatzeko eta istripuzko isurketak prebenitzeko hartutako segurtasun-neurriak modu eraginkorrean mantentzeko.

      Atmosferara egindako emisioak gutxitzeko neurriak:

      Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat edukiko da, aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen kasuetarako.

      Jarduerak iraun bitartean, neurri egokiak hartuko dira istripuzko emisiorik ez egiteko, eta efluenteak giza osasunerako eta herritarren segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen.

      Erabilitako gasa besteak beste, dielektrikoa, sufre hexafloruroa (SF6) manipulatzea eska lezaketen mantentze-lanak beti egingo dira langile kualifikatuarekin, eta prebentzio-neurri eta ekipamendu espezifiko egokiak hartuta. Lan horien ondorioz konpartimentuetako gasa hustu behar bada, hura jarduketa horietarako mantentze-lanetako langile kualifikatuak batuko du, eta, hala, libreki aireratzea saihestuko du.

      Azpiestazioak jardunean eragindako eremu elektriko eta magnetikoen balioek ezingo dituzte gainditu Europar Batasunaren Kontseiluaren 1999ko uztailaren 12ko Gomendioan pertsonen eremu elektromagnetikoekiko (0 Hz-tik 300 GHz-ra) azalpenari buruzkoa adierazitako muga-balioak eta oinarrizko mugaketak.

      Inguruneko kalitate akustikoa babesteko neurriak:

      Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, eta zaraten eta bibrazioen murrizketan.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak (baita errepideko zirkulaziorakoak ere) egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsaduraren urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35. bis artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, 6 hiletik gorako iraupen aurreikusia duten obren kasuan, nahitaez egin beharko da inpaktu akustikoaren azterlana, neurri zuzentzaile egokiak zehazteko.

      Inpaktu akustikoaren azterketan neurri zuzentzaileak zehaztuko dira, eta hor aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

      Planean jasotzen diren aurreikuspenak garatuz etorkizunean ezar daitezkeen instalazioei dagokienez, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikulua aplikatuta, zarata-foku berriek Dekretu horren I. eranskineko 2. zatian zehazten diren muga-balio aplikagarriak bete beharko dituzte.

      Beste alde batetik, jarduera egiterakoan, eta betiere bere eragin-eremuan, jarduerak ez du gainditu behar Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak, zaratari dagokionez.

      Hondakinen kudeaketara bideratutako neurriak:

      Instalazioan, bai obretan bai azpiestazioaren jardueran, sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, beharrezkoa bada, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helburu egokiena zehazteko.

      Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

      Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira ezabatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

      Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

      Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak bi xedapen hauen arabera kudeatuko dira: Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretua eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua. Eraikitzeko edo eraisteko obren hondakinei dagokienez, kutsatu gabeko induskatutako lurzoruak eta obretan induskatutako material naturalak badira eta obra gauzatzeko soberakin gisa sortzen badira, eta betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, induskatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluko aurreikuspenak aplikatuz.

      Aipatutako ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterketa bat, zeinak dekretu horretako I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko baitu.

      Bestalde, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntzako eta eraispeneko hondakin eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko.

      Zabortegira bidali beharreko hondakinak, gainera, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuan eta hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira.

      Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

      Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua Kutsatzea Saihesteko eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

      Hondakin arriskutsuentzako ontziei dagokienez, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dira (Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen du errege-dekretu horrek); ontziok, gainera, itxita egongo dira kudeatzaileak jasotzen dituen arte, edukia isuri edo lurrundu ez dadin. Jarioak eragin ditzaketen hondakin arriskutsuek bilketa-sistema egokiak eta bereiziak izango dituzte, hondakin jakin bat isurketaren batean nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaiteke edo kudeaketa zaildu badezake.

      Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

      Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

      Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta txosten horretan sartu beharko dira indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak.

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienetarako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko eraikuntza iraunkorrerako gida. Eraikin Industriala» argitalpeneko gomendioak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.

      Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.

      Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesu gutxiago egitea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

      Jarduera uztea:

      Behin instalazioaren bizitza baliagarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

      Jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, ingurumen-organoari emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsatze nabarmena eragin duela lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean egindako lurzoruaren kalitatearen ikerketa-txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Arrasateko AE-79 Garratz eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Arrasateko Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Bosgarrena. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Arrasateko AE-79 Garratz eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 19a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik