Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko urriaren 19koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Ibarzaharra AII_IB02 industria-jarduera integratuarekin lotutako Valle de Trápaga-Trapagarango HAPOaren 5. aldaketari buruzko Ingurumen Txosten Estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 222
  • Hurrenkera-zk.: 5702
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/10/19
  • Argitaratze-data: 2021/11/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko uztailaren 8an, Valle de Trápaga-Trapagarango Udalak Ibarzaharra AII_IB02 industria-jarduera integratuarekin lotutako Valle de Trápaga-Trapagarango HAPOaren 5. aldaketari (aurrerantzean, Planaren Aldaketa) buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egiteko eskaera aurkeztu zion ingurumen-organoari, Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legean (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren Aldaketaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko irailaren 3an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Ibarzaharra AII_IB02 industria-jarduera integratuarekin lotutako Valle de Trápaga-Trapagarango HAPOaren 5. Aldaketa abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago. Izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren Aldaketaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Planaren Aldaketa garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Ibarzaharra AII_IB02 industria-jarduera integratuarekin lotutako Valle de Trápaga-Trapagarango HAPOaren 5. Aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian zehazten den moduan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren Aldaketaren xede den Ibarzaharra AII_IB02 industria-jarduera integratuaren eremuak 81.330 m2-ko azalerako hiri-lurzoru bat okupatzen du Ibarzaharra izeneko gunearen barruan. Gaur egun, eremu horretan hainbat industria-instalazio daude; besteak beste, Productos Tubulares enpresarena.

    Eremuan indarrean dagoen hirigintza-araudia Valle de Trápaga-Trapagarango Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (aurrerantzean, HAPO) jasota dago. Plan hori 2015eko martxoaren 26an onartu zen eta 2015eko maiatzaren 19ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu.

    Planaren Aldaketa honetan planteatutako proposamenen bidez, indarrean dagoen HAPOaren antolamendu xehatuaren zehaztapenak aldatzeko asmoa dago. Zehazki, Planaren Aldaketak honako hiru helburu hauek ditu:

  1. BI-745 errepidearen parean (San Vicenterako bidea) dauden eraikinak eta instalazioak antolamenduaren barruko gisa kalifikatzea indarrean dagoen HAPOaren 5. aldaketaren espedienteko I-1 planoan, OE.4.1 «Eraikuntzaren erregimena» planoan, «plangintzarekin bat ez datozen industriako eraikin» gisa definituta daude.

    Lehendik dauden eraikin horien hirigintza-araubidea aldatuz hirigintza-plangintzarekin bat datozen eraikin gisa kalifikatzeak sestra gainean 840,33 m2-ko hirigintza-eraikigarritasuna eta sestra azpian 574,93 m2-koa izatea dakar.

    Jarduera integratuaren hirigintza-eraikigarritasun osoari eutsiko zaio, sestra gainekoari (81.330 m2t) eta azpikoari (40.665 m2t), inolako aldaketarik gabe; antolamenduaren barruan geratzen diren eraikinen artean eraikigarritasunaren berresleipen bat egingo da bakarrik, indarrean dagoen HAPOan zehaztutako eraikigarritasun osoa errespetatuz.

    2.7.3.E.4 artikuluaren 2. apartatua ezabatzea; hots, industriako jarduera eteten bada edota industria-establezimendu bat baino gehiagokoa bihurtzen bada eremuko egiturazko antolamendua berraztertu beharko dela adierazten duena.

  1. Eremuaren antolamendua eta tokiko sistemen kokapena berriz aztertzea. Zehazki, Granada ibaiaren ertzetan dagoen espazio libreen tokiko sistemaren zuzkiduraren kokalekua Plan Berezi batean berraztertuko da eta tokiko aparkaleku-sistemaren zuzkiduraren balizko aldaketa Xehetasun Azterlan batean, bi kasuetan indarrean dagoen HAPOan ezarritako azalerei eutsiz.

    Ildo horretan, adierazten da espazio libreen tokiko sistema gisa kalifikatutako lursailen formaren eta egoeraren aldaketak nagusiki Granada ibaiaren ertzetan kokatzeko irizpidea errespetatuko duela.

    Alternatibei dagokienez, ingurumen-dokumentuak bi alternatiba aztertzen ditu: batetik, indarreko HAPOan jasotako 0 alternatiba, zeinak ez duen egungo arazoa konpontzen; eta, bestetik, 1. alternatiba, Planaren Aldaketa honen proposamenari dagokiona, zeinak, Valle de Trápaga-Trapagarango Udaleko hirigintza-zerbitzuek eta Productos Tubulares SA enpresaren ordezkari juridikoek planteatutako akordio bati jarraituz, gaur egun plangintzarekin bat ez datozen eraikinak eta instalazioak antolamenduaren barruan uztea planteatzen duen.

  1. Proposatutako Planaren Aldaketaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, hain zuzen ere zehazteko ea Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planaren aldaketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: Planaren Aldaketaren eremua industrial gisa kalifikatutako hiri-lurzoru bat da, 81.330 m2-ko azalerakoa, Ibarzaharra gunearen barruan kokatua. Planaren Aldaketaren bidez, BI-745 errepidearen parean dauden eraikinak eta instalazioak, indarrean dagoen plangintzan «plangintzarekin bat ez datozen industriako eraikin» gisa kalifikatuak, antolamenduaren barruko gisa kalifikatzea proposatzen da. Gainera, Granada ibaiaren ertzetan dagoen espazio libreen tokiko sistemaren zuzkiduraren kokalekua Plan Berezi batean berraztertuko da eta tokiko aparkaleku-sistemaren zuzkiduraren balizko aldaketa Xehetasun Azterlan batean, bi kasuetan indarrean dagoen HAPOan ezarritako azalerei eutsiz. Indarrean dagoen plangintzan eremu horretan lehendik dauden instalazioen artean kokatuko diren eraikin batzuk eraiki eta handitzeari buruz finkatutako zehaztapenak ere jasotzen dira Planaren Aldaketan. Planaren Aldaketaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik plangintza hierarkikoki nagusiarekin.

      3. Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: Planaren Aldaketa egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Ez dakar lurzoru berririk okupatzea, lehendik urbanizatuta dagoen eremu batean eragiten baitu, eta, funtsean, dagoeneko eraikita dagoen ondarea antolamenduaren barruko gisa kalifikatzea baitakar. Eraikin eta instalazio berriek indarrean dagoen plangintzan dagoeneko jasota daude energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak har ditzakete barnean.

      4. Planarekin loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman Planaren Aldaketa gauzatzeak ingurumen-arazo adierazgarririk eragingo duenik, baldin eta, ukitutako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak arlo hauetako araudiei jarraikiz gauzatzen badira, besteak beste: segurtasuna eta osasuna, ingurumena, hondakinen kudeaketa, kutsadura akustikoa, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak, ibilguen babesa, eta, bereziki, Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoan uholde-arriskua duten eremuei buruz ezarritako araudia.

      5. Era berean, Planaren Aldaketa egokitzat jotzen da ingurumen-arloko Batasuneko edo nazio-mailako legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta ondorio horiek nozitu ditzakeen eremuaren ezaugarriak:

      Eremuak 81.330 m2-ko azalera du Ibarzaharra izeneko eremuaren barruan. Errepidez eta industrialde batez inguratuta dago: iparraldean, BI-745 errepidea dago (San Vicente); mendebaldean, BI-3746 errepidea (Juncal); ekialdean, poligonoen arteko errepide bat; eta, hegoaldean, Granada ibaia. Gaur egun, eremu horretan hainbat industria-instalazio daude; besteak beste, Productos Tubulares enpresarena.

      Eremuan eta inguru hurbilean dagoen landaredia lorategi-guneetakoa eta landaredi erruderal-nitrofiloa da. Landaredi interesgarria Granada ibaiaren ertzetan egon daiteke, adibidez: Fraxinus excelsior eta Populus sp. espezieen ale batzuk eta zuhaixka-komunitate trinko bat. Beste alde batetik, aipatzekoa da espezie exotiko inbaditzaileak daudela, hala nola Cortaderia selloana eta Buddleja davidii.

      Granada ibaia eremuaren hegoaldeko mugatik igarotzen da eta ekialdean isurtzen ditu bere urak, Galindo ibaira. Granada ibai hori Bizkaiko bisoi europarraren (Mustela lutreola) Kudeaketa Planaren aplikazio-eremuaren barruan dago. Ibilgu hori «espezie horrentzat hobetu beharreko tarteak» zonakatzean dago.

      Proposatutako garapenaren ezaugarrien arabera, ez da aurreikusten ibaitik gertu eraikuntza-lanik egitea; hala ere, berdeguneen eta aparkalekuen kokapena aldatuz gero, ibaiaren ertzetik gertuko guneei eragingo die. Beraz, beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartu beharko dira Granada ibaiari kalterik ez eragiteko, besteak beste, lur-mugimenduak egitean uren kalitatea murrizteagatik edo gerta daitezkeen istripuzko isurketengatik.

      Uholde-arriskuari dagokionez, nabarmendu behar da eremuan 100 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua dagoela, lehentasunezko fluxu-eremuaren barruan. Era berean, eremuaren hegoaldetik igarotzen den Granada ibaiaren zatia Galindo izeneko UAHEaren barruan dago (Uholde Arrisku Handiko Eremua, I. taldekoa). UAHE horretan, eremuaren hegoaldetik igarotzen den Granada ibaiaren zatian ibilgua egokitzea eta ibai-ohea erregularizatzea aurreikusten da. Nolanahi ere, eremuan aurreikusitako jarduketak bateragarria izan beharko du indarreko Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudian xedatutakoa betetzearekin, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuan uholdeen aurkako babesari buruz ezarritako araudi espezifikoan eta Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 14.bis artikuluan xedatutakoarekin ere, betiere alde batera utzi gabe administrazio hidrauliko eskudunak uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak (Uraren Legearen testu bategina onartzen duenak) 25.4 artikuluan aipatutako txostenean ezarritakoa eta Uraren Euskal Agentziak Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7.k) artikuluan adierazitako txostenean ezarritakoa.

      Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan jasotako hiru leku daude eremuan. Eremuaren azaleraren zati handiena 48080-00003 kodea duen industria-erabilerako lurzatiaren gainean dago. Beste bi lurzati txikiagoak (48080-00013 eta 48080-00012 kodeak dituzte) eremuaren hegoaldean daude, eta horiek ere industria-erabilerakoak dira. Ildo horretan, kontuan izan beharko da 4/2015 Legean xedatutakoa (4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa).

      Eremuan dagoen zarata-iturri nagusia BI-745 eta BI-3746 errepideetako zirkulazioa da. Gainera, eremua Bizkaiko foru-errepideetako Zortasun Akustikoko Eremuak (ZAE) ukitzen du (4523/2013 Foru Agindua); zehazki, aipatutako BI-745 eta BI-3746 errepide-azpiegituretakoak. EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren arabera, eremua B) motako gune batean dago; hau da, nagusiki industria-erabilerako lurzorua duen lurralde-eremu batean. Udalerriko zarata-maparen arabera, eremuan, goizez eta arratsaldez, zarata-mailak, oro har, 75 dB(A)-tik beherakoak dira. Gauez, mailak 65 dB(A)-tik beherakoak dira, industria-instalazioetako bi gune txikitan izan ezik, horietan 75 dB(A)-ra iristen baitira.

      Ildo horretan, ez da espero eremuaren egoera akustikoa aldatuko denik Planaren Aldaketa garatzearen ondorioz. Nolanahi ere, eremuan industria-eremuetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak bete beharko dira, EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren arabera.

      Ingurumen-ondorioak baloratzeko, erreferentziatzat hartuko da indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera. Ildo horretan, Planaren Aldaketak BI-745 errepidearen parean dauden eraikin eta instalazioak «antolamenduaren barruko» gisa kalifikatzea aurreikusten du, bai eta lehendik dauden espazio libreen eta aparkalekuen kokapena aldatzeko aukera ere.

      Ondorioz, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak eta aurrerago zehazten diren neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean ondorio adierazgarririk izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planaren Aldaketak ez dezan izan ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik, eta Ibarzaharra AII_IB02 industria-jarduera integratuarekin lotutako Valle de Trápaga-Trapagarango HAPOaren 5. Aldaketari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik ez izateko, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

      Jabari Publiko Hidraulikoa (JPH) babestera eta uholde-arriskuak ahalik eta txikienak izatera bideratutako neurriak.

      HAPOaren Aldaketaren xede den eremua 100 urteko errepikatze-denborako uholdeek urez bete dezaketen gune batean dago, lehentasunezko fluxu-gunearen barruan. Ondorioz, esku-hartzeek kontuan izan behar dituzte indarreko Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuan uholdeen aurkako babesari buruz ezarritako araudi espezifikoan xedatutakoa, bai eta Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 14.bis artikuluan ezarritakoa ere, betiere alde batera utzi gabe administrazio hidrauliko eskudunak uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak (Uraren Legearen testu bategina onartzen duenak) 25.4 artikuluan aipatutako txostenean ezarritakoa eta Uraren Euskal Agentziak Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7.k) artikuluan adierazitako txostenean ezarritakoa.

      Beste alde batetik, uholde-arriskua duten eremuetan ez da obrako instalazio lagungarririk jarriko (batez ere, makineria-parkea eta garbigunea), uholdeen errepikatze-denbora edozein dela ere.

      Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.

      Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan jasotako hiru lekuren gainean dago eremua. Horrenbestez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 23. artikuluan xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak ebazpen bidez adierazi beharko du lurzoruaren kalitatea, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.

      Zaratarekin zerikusia duten neurriak.

      Zaratari dagokionez, eremuko zarata-iturri nagusia BI-745 eta BI-3746 errepideetako zirkulazioa da eta Planaren Aldaketaren xede den eremua Bizkaiko foru-errepide horien Zortasun Akustikoko Eremuaren barruan dago (4523/2013 Foru Agindua). Horrenbestez, eremuan edozein motatako jarduerak egiteko, azpiegitura horren organo kudeatzailearen baimena beharko da.

      Beste alde batetik, Planaren Aldaketatik eratorritako jarduketek gune akustiko horretan aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak bete beharko dituzte, EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

      Beste neurri babesle eta zuzentzaile batzuk.

      Bestalde, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obrak gauzatzeari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, Planaren Aldaketatik eratorritako obrak gauzatzeko honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira:

      Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Alderdi hauei loturiko alderdiak behintzat hartuko ditu barnean: lanaldiak, makineria, isurketen prebentzioa, ahalik eta hauts eta zarata gutxiena sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

      Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, makinak gordetzeko guneak, lan-txabolak, obrako materialak eta landare-lurra eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan eta, zehazki, Granada ibaiaren ibilgutik urrun kokatuko dira.

      Ingurune hidrikoa babesteari dagokionez, sortzen diren solido esekien edo arrastatze edo jariatze bidezko kutsatzaileen ekarpenaren ondoriozko zeharkako afekzioak saihestuko dira, eta, hala badagokio, kalteak saihesteko neurriak proposatuko dira, adibidez: hesi fisikoak jartzea.

      Lurzoruak eta lurpeko urak babesteari dagokionez, neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea azalera iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

      Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barnean direla.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Hala badagokio, eraikuntza-lanetan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

      Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamenduari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Zaratari buruzko Legea (azaroaren 17ko 37/2003) garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituena; apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora. Obrak egunez egingo dira.

      Espazio libreak eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, kontuan hartuko dira «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratu zuen. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Lehengoratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

      Ildo horretan, espazio libreen kokapena berraztertuko duen Plan Berezian berdeguneak nagusiki Granada ibaiaren ertzetan kokatzeko betebeharra jaso beharko da. Zehazki, ibaiaren ertzeko berdegune horietan ibaiertzeko basoko berezko espezieak landatuko dira.

      Eraikingintzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarrienerako beharrezkoak diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza iraunkorrerako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako neurriak eta ingurumen-arloko jardunbide egokiak erabiliko dira; zehazki, 2017ko maiatzean kaleratutako «Eraikuntza iraunkorrerako gidak. Eraikin industriala» lanean jasotakoak (https://www.ihobe.eus/Publicaciones/Ficha.aspx?IdMenu=97801056-CD1F-4503-BAFA-F54FA80D9A44&Cod=539F83F5-E95E-4BEB-9CC6-C14C3EC30CEC&Idioma=eu-ES), eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Iturri berriztaezinen bidez energia gutxiago sortzea eta/edo energia horren kontsumoa murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argiaren emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Ibarzaharra AII_IB02 industria-jarduera integratuarekin lotutako Valle de Trápaga-Trapagarango HAPOaren 5. Aldaketak ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen hau Valle de Trápaga-Trapagarango Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean onartuko ez balitz Ibarzaharra AII_IB02 industria-jarduera integratuarekin lotutako Valle de Trápaga-Trapagarango HAPOaren 5. Aldaketa. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren Aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 19a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik