Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko irailaren 28koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita HAPB-15 «Bustaldea» hiri-lurzoruetan Vitoria-Gasteizko HAPOren egiturazko aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 212
  • Hurrenkera-zk.: 5423
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/09/28
  • Argitaratze-data: 2021/10/25

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko abuztuaren 23an, Vitoria-Gasteizko Udalak HAPB-15 «Bustaldea» hiri-lurzoruetan Vitoria-Gasteizko HAPOren egiturazko aldaketa puntualari (aurrerantzean, Planaren Aldaketa) buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egiteko eskaera aurkeztu zion ingurumen-organoari, Ingurumen Ebaluazioaren Legean (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren Aldaketaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko abuztuaren 12an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen Ebaluazioaren Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

HAPB-15 «Bustaldea» hiri-lurzoruetan Vitoria-Gasteizko HAPOren egiturazko aldaketa puntuala abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago. Izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edo, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. HAPB-15 «Bustaldea» hiri-lurzoruetan Vitoria-Gasteizko HAPOren egiturazko aldaketa puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren Aldaketaren eremua HAPB-15 «Bustaldea» da; 12.583,64 m2-ko azalera du, eta hiri-lurzoru finkatugabea da, zeinak bizitegitarako eta espazio libreetarako kalifikazio globala baitu. Arlo etena da, Bustaldeako 5 eraikinez, Núñez eraikinaz eta San Migel eraikinaz osatua; azken hori gainerakoetatik bereizita dago.

    Eremua arautzen duen hirigintza-araudia Vitoria-Gasteizko HAPOren aldaketa da, zeina 2011ko maiatzaren 20ko osoko bilkuraren erabakiaren bidez behin betiko onartu baitzen (2011ko ekainaren 3ko ALHAO). Hura garatzean eta eremua gauzatzeko, HAPB-15 Bustaldea hasieran onartu zen (2011ko uztailaren 14ko ALHAO), baina, halere, ez zen behin betiko onartu, alegazio bat jaso baitzen; alegazio horren bidez adierazi zen proposatutako antolamenduak eragotzi egiten zuela hiri-jarraitutasun egokia eta Aretxabaletaren herri-izaera babestea.

    Planaren Aldaketaren helburua honako hau da: egiturazko antolamendua aldatzea eta Vitoria-Gasteizko HAPOren antolamendu xehatua ezartzea HAPB-15 «Bustaldea» eremuko lurzoruetan, antolamendu egokia lortzeko, dagoen errealitatera egokituta, 19. bizitegi-sektoreak eta Aretxabaletako hiriguneak bat egiten duten espazio horretan. Funtsean, Planaren Aldaketa honek ezetsi egiten du indarrean dagoen plangintzak egiten duen proposamena, alegia, L formako bizitegi-pieza bat egikaritzea. Hala, Bustaldeako 5 eraikinak kontserbatu, eta Núñez eta San Migel eraikinak ordezkatuko dira.

    Jarraian, Planaren Aldaketak proposatutako jarduerak laburbiltzen dira:

    Bi egikaritze-unitate eten zedarritzen dira: ARE 1 egikaritze-unitatea eta ARE 2 egikaritze-unitatea.

    ARE 1 egikaritze-unitatea: Núñezen dagoen blokeari dagokio; dagoen eraikina eraistea aurreikusten da (Aretxabaleta 19) eta, ondoren, 11 etxebizitza kolektiboko bloke bat eraikitzea S+BS+3+Atikoa profilekoa, 1.174,15 m2-ko bizitegi-lurzatia sortuz (OR-7). Gainera, 1.536,54 m2-ko azalera bat antolatuko da espazio libreen toki-sistema gisa (ES-ZV), Bustaldeako blokeen iparraldean; beste 710,22 m2 espazio libreetarako (ES-LI2), S-19 sektoreko kirol-ekipamenduko lurzatiaren alboan, eta 39,20 m2 laga dira, sortuko den lurzati pribatuaren aurrealdean dagoen bidea handitzeko (ES-LI1). Sestra gaineko eta azpiko gehieneko hirigintza-eraikigarritasunari eusten zaio, aurreko antolamenduari dagokionez; 1.300 m2c eta 450 m2c, hurrenez hurren.

    ARE 2 egikaritze-unitatea: San Migelen dagoen eraikina ordezkatzea aurreikusten da (Aretxabaleta 28) eta familia bakarreko 3 etxebizitza berri atxiki egitea, BS+1+teilatupea profilekoa, sortuko den 315,95 m2-ko azalerako lurzati pribatuan. Bestalde, espazio libreen toki-sistemara (ES-ZV) 553,99 m2-ko azalera bideratzen da, Bustaldeako blokeen ipar-ekialdean, eta 58,64 m2 laga dira, sortuko den lurzati pribatuaren aurrean dagoen bidea zabaltzeko. Sestra gaineko eta azpiko gehieneko hirigintza-eraikigarritasunari eusten zaio, aurreko antolamenduari dagokionez; 450 m2c eta 0 m2c-koa da, hurrenez hurren.

    HAPB-15en barruan sartzen den eremuaren gainerakoa hiri-lurzoru gisa sailkatzen da, eta, hartan, honako hauek sartzen dira: batetik, bizitegi-erabilera hiri-lurzoru finkatugabean, Bustaldean dauden eta eraikuntza irekiko kalifikazioa duten bost blokeak hartzen dituen lurzatiari dagokiona (RE-OR4); blokeak finkatu egingo dira, birgaitu ahal izateko. Bestetik, lurzoruaren gainerakoa dagoeneko urbanizatuta dagoen hiri-lurzoru finkatuan (ES-LI1) dagoen erabilera eta jabari publikoko espazio libre gisa jasotzen da.

    Planaren aldaketak hiru aukera aztertzen ditu eremua garatzeko: 0 aukera edo jarduketarik ezaren aukera; 1. aukera, 2011ko ekainean hasieran onartutako antolamendu xehatuan aurreikusitako antolamenduari dagokiona, eta 2. aukera, hartutakoa. 2. aukera justifikatzen du; izan ere, aurreikusitako hiri-jarraitutasuna hobetzen du eta, horretarako, eremuaren iragazkortasunerako bide ematen du eta Bustaldean dauden eraikinak berrerabiltzen ditu.

    Planaren Aldaketa garatzeko, dagozkion hirigintzako jarduketa-programa, birpartzelazio-proiektua eta urbanizazio- eta eraikuntza-proiektua egingo dira.

  2. Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planaren Aldaketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei barne: Planaren Aldaketaren eremua bizitegitarako eta espazio libreetarako gisa kalifikatutako hiri-lurzoruko lurzatia da, 12.853,64 m2-ko azalerakoa, zeina HAPB-15 «Bustaldea»ren eremuan bilduta baitago. Planaren Aldaketak, funtsean, eremurako indarrean dagoen egiturazko antolamendua aldatzea eta haren antolamendu xehatua ezartzea proposatzen du, antolamendu egokiagoa lortzeko, hiri-jarraitutasunari eta Aretxabaletaren herri-izaerari euste aldera. Planaren Aldaketaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu plangintza hierarkikoki nagusiarekiko bateraezintasunik.

      3. Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: Planaren Aldaketa egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Ez dakar lurzoru berririk okupatzea, lehendik urbanizatuta dagoen eremu batean eragiten baitu, eta, funtsean, dagoeneko eraikita dagoen ondarearen birgaitzean eragiten du. Garapen berriek eta birgaitzeko jarduketek energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak har ditzakete barnean. Gainera, garapenak ez du mugikortasun induzitua sortzerik eragingo; izan ere, hiri-jarraitutasunari eustean oinarritzen da.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: Plana exekutatzeak ez du ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo, baldin eta afektazio-eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak

      Planaren Aldaketaren helburu den eremua Vitoria-Gasteiz hiriaren hegoaldean dago, «Aretxabaleta-Gardelegi» bizitegi-sektoreak eta Aretxabaletako hiriguneak bat egiten duten espazioan. Eremu etena da, non arlo nagusia Asparrena kalearen ekialdean eta Iruraiz-Gauna kalearen mendebaldean artean tartekatzen baita. San Migelgo eraikinaren lurzatiak eratzen duen eremu etenak Erentxun kalea du mugakide, ekialdean. Eremuan, gaur egun, bizitegitarako zazpi eraikin, espazio urbanizatu mugakideak eta erabiltzen ez den orube bat daude.

      Ingurumen-balio garrantzitsurik ez duen hiri-eremua da. Eremua, zati handi batean, urbanizatuta dago, eta ez du landaredirik, eta dagoena, funtsean, espezie belarkarak eta erruderalak dira. Halaber, zuhaitz ale isolatu batzuk ere identifikatzen dira, bai eta zuhaitz- eta zuhaixka-aleak dituen zerrenda bat ere, Bustaldeako eraikinen iparraldean; denak dira apaingarriak. Planaren eremuan ez dago naturagune babesturik, espezie mehatxaturik edo hezegunerik. Ez dago interes geologikoko gunerik ere. Ez dago Batasunaren Intereseko habitatik, ezta Korridore Ekologikoen Sareko elementurik ere.

      Egon daitezkeen arriskuak kontuan hartuta, ez da gainazalean ur-masarik identifikatu, ez eremuan ez haren ingurunean, ez eta lotutako jariatzerik ere; beraz, arloan ez dago uholde-arriskurako aukerarik. Aztertutako eremua ez da lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituen edo izan dituen inbentariatutako ezein lurzati. Hala ere, eremua Vitoria-Gasteizko lurpeko ur-masa alubialaren ekialdeko sektorean dago (ES091MSBT012), interes hidrogeologikoko zona gisa identifikatutako leku batean, eta akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasun handia du.

      Gainera, eremuaren gertueneko inguruan kultura-ondarearen elementurik ere ez dago.

      Planaren aldaketaren esparruko jarduketen inpaktuak bi eraikinak eraisteko obren eta Bustaldean dauden blokeak birgaitzeko jarduketen eta urbanizazio-obren ondoriozkoak izango dira. Jarduketa horien ondorioz, giza habitataren kalitatea murriztuko da (zarata, hautsa, bibrazioak, etab.) eta hondakinak sortuko dira, aldi baterako eta eremu jakin batean baino ez bada ere.

      Proposatutako garapenaren ezaugarrien arabera, ez da aurreikusten eremua kokatuta dagoeneko akuiferoak kutsatzeko balizko arrisku handia dakarren jarduerarik. Nolanahi ere, neurri egokiak hartu beharko dira istripuzko isurketen ondorioz (besteak beste) lurzorua eta lurpeko urak paira lezaketen kalteak galarazteko.

      Zarata-iturri nagusia Aretxabaletako herrigune barruko kaleetako trafikoa da. Inpaktu akustikoari buruzko azterlana egin da, eta, hartan, aurreikusitako garapen berrien egoera akustikoa aztertzen da. Azterlan akustikoaren arabera, aztertutako bideen tipologia kontuan hartuta, trafiko-fluxuari eutsi egingo zaio 20 urtera begira; beraz, gaur egungo egoeran lortutako emaitzak eragiketaren ondoko egoeraren adierazgarri dira. Azterlanaren emaitzek erakusten dute, lurzatiaren zonakatze akustiko xehatua kontuan hartuta (A mota: bizitegitarakoa), aztertutako hiru aldietan (goiza, arratsaldea eta gaua), urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak betetzen direla, bai kanpo-ingurunean bai hargailuetan fatxadetan.

      Ustiapen-fasean, dagoen bizitegi-eskaintza birgaitzea eta hobetzea efektu positibotzat jotzen dira.

      Ondorioz, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa- eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen Ebaluazioaren Legean (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) aurreikusitakoari jarraikiz.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planaren aldaketak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta HAPB-15 «Bustaldea» hiri-lurzoruetan Vitoria-Gasteizko HAPOren egiturazko aldaketa puntualak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dezan, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

      Identifikatutako arriskuekin lotutako neurriak:

      Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea azalera iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

      Ustiaketako zarata: Planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenak eremu akustiko horretan aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsaduraren Dekretuaren (urriaren 16ko 213/2012 Dekretua) 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

      Nolanahi ere, eraikinen barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzera bideratutako neurriak hartu beharko dira, eraikineko gelaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

      Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.

      Bestalde, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obrak gauzatzeari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak gauzatzeko:

      Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxolak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne.

      Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta Zoru Kutsatueen Legeak (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barne.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Kudeaketa arautzeko Dekretuan (ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen Errege Dekretuari (ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua) jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Obretan hondeaketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legediaren arabera kudeatuko dira.

      Vitoria-Gasteizko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko Legearen (ekainaren 25eko 4/2015 Legea) 22.2 artikulua betetzeko.

      Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Obrak egunez egingo dira.

      Euskal Kultura Ondarearen Legean (maiatzaren 9ko 6/2019 Legea) ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta handitze berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, etab.), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

      Espazio libreak lehengoratzea: eragindako espazio libreak eta landaredia lehengoratzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ondu zuen. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Lehengoratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

      Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren sorkuntza eta/edo kontsumoa murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten HAPB-15 «Bustaldea» hiri-lurzoruetan Vitoria-Gasteizko HAPOren egiturazko aldaketa puntualak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Vitoria-Gasteizko Udalari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen Ebaluazioaren Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean onartzen ez bada HAPB-15 «Bustaldea» hiri-lurzoruetan Vitoria-Gasteizko HAPOren egiturazko aldaketa puntual hori. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren Aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 28a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik