Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko abuztuaren 20koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, Vitoria-Gasteizko HAPOaren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duena, 37. poligonoko 158. eta 166. partzelen hirigintza-parametroak birdefinitzeko (Mercedes Benz).

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 189
  • Hurrenkera-zk.: 4824
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/08/20
  • Argitaratze-data: 2021/09/21

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko ekainaren 11n, Vitoria-Gasteizko Udalak eskaera egin zion ingurumen-organoari Vitoria-Gasteizko HAPOaren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, 37. poligonoko 158. eta 166. partzelen hirigintza-parametroak birdefinitzeko (Mercedes Benz), aurrerantzean Plana, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabide harekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko ekainaren 25ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdunek aukera izan zezaten ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaitu eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar adina judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Vitoria-Gasteizko HAPOaren aldaketa 37. poligonoko 158. eta 166. partzelen hirigintza-parametroak birdefinitzeko (Mercedes Benz) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edo, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Vitoria-Gasteizko HAPOaren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, 37. poligonoko 158. eta 166. partzelen hirigintza-parametroak birdefinitzeko (Mercedes Benz), jarraian jasotzen diren baldintzetan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren xedea da hirigintza-parametroak zehaztea trenbidearen lehengo ST-4 sektore iragankorraren iparraldean (P.37-158) eta hegoaldean (P.37-166) kokatutako partzeletan, Mercedes-Benz enpresaren egungo eta etorkizuneko instalazioen funtzionaltasuna eta jarraitutasuna bermatzeko gaur egun kontsolidatuta dagoen eremuaren barruan.

  2. Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Panak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak:

      Planaren arabera, okupazioa % 50etik % 80ra igoko da, eta eraikigarritasuna 0,50 m2c/m2s-tik 1,4 m2c/m2s-ra igoko da, enpresaren instalazioak handitu ahal izateko. Horren ondorioz, okupazio-azalera 136.069 m2s handituko da, eta guztizko eraikigarritasuna 419.473 m2c handituko da, honako aurreikuspen hauekin:

      Trenbidearen iparraldean (P.37-158 partzela) bi maila beharko dira, gehi beste bat ekoizpen-lerroko instalazio batzuetan; beraz, 2,25 maila kontabilizatuko dira.

      Trenbidearen hegoaldean (P37-166 partzela) instalazio gehienek maila bat baino ez dute behar, gehi beste bat logistika- eta bulego-eraikinetan; beraz, 1,2 maila kontabilizatuko dira.

      Antolamenduak ez du eskatzen hiri-lurzorua birsailkatzea, baina berekin dakar kalifikazio global eta xehatuan aldatzea 3.237 m2-ko azalera duen eremu bat P-37-158 partzelaren hegoaldean, zeina gaur egun garraio-lurzoru industrial gisa sailkatuta baitago trenbide-sarea, ekoizpen-lurzorura aldatzen dena. Aldaketa horri esker, erabiltzen ez den trenbide-eremu zahar bat gehituko zaio industria-partzelari.

      Era berean, Planak gaineko pasabide bat aurreikusten du trenbidea igarotzeko eta P37-158 eta P37-166 partzelak lotzeko.

      Partzelen okupazioa eta eraikigarritasuna handitzeak berekin ekarriko ditu eraikuntza-proiektuak, lantegia handitzeko eta, hala badagokio, ekoizpen-lerroak eraldatzeko eta/edo zabaltzeko.

    2. Eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:

      Aldaketaren eremuak 593.207 m2-ko azalera du, Mercedes Benz enpresaren instalazioek kontsolidatuta. Oto hiribidearen (iparraldean) eta Areatza kalearen (hegoaldean) artean dago, trenbidearen bi aldeetan.

      Lursail antropizatuak dira, hirigunetik urrun, hiri-ingurune industrial batean eta azpiegiturez inguratuta; beraz, ez dute balio natural edo kultural aipagarririk. Leku hori EAEn kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen inbentarioan sartuta dago, industria-lurzoruaren kalifikazioa du, eta lurpeko urak kutsatzeko arrisku handia du interes hidrogeologikoko eremu batean.

    3. Aurreikus daitezkeen ingurumen-ondorioak:

      Plana egikaritzearen ondoriozko ingurumen-ondorioak eraikinak handitzeko obren fasetik eratorritakoak izango dira (ustekabeko isurketak, hauts- eta zarata-emisioak, hondakinak sortzea) eta, hala badagokio, egungo produkzio-lerroak eraldatzetik edo handitzetik eratorritakoak (hondakinen ekoizpena, hondakin-uren bolumena, atmosferara egindako isurketak eta zarata handitu ahal izatea).

      Ondorioz, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren prebentzio- eta babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean ondorio adierazgarririk izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

      Adierazi den bezala, Planak ez dakar berekin artifizializatu gabeko lurzoruak birsailkatzea edo okupatzea. Beste plan batzuetan ere ez du eraginik.

    4. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta 37. poligonoko 158. eta 166. partzelen (Mercedes Benz) hirigintza-parametroak birdefinitzeko Vitoria-Gasteizko HAPOaren aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta esparruaren antolamendurako planetan jasotakoarekin bat etorriz.

      Plana garatzeko proiektuetan eta jarduketetan aplikagarriak diren ingurumen-arloko baimenak edo prozedurak alde batera utzi gabe, honako hauek izango dira Planaren ondoriozko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileak:

      Lurzoruaren kutsadura kontrolatzea.

      Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten partzelak daudenez, eta, beraz, ingurumenerako eta/edo lurzoruarekin kontaktu zuzena izateagatik hartzaile potentzialetarako arriskutsuak izan daitezkeenez, kontuan hartu beharko da Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta aipatutako 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan ezarritakoa. Zehazki, jarduketek partzelen barruan lur-mugimenduak egitea badakarte, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 13. artikuluan eta 25. artikuluaren 1.c) apartatuan xedatutakoari jarraituko zaio.

      Vitoria-Gasteizko Udalari eta Garapen Jasangarriko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko. Lurzoruak eta lurpeko urak babestea.

      Lurzoruak eta lurpeko urak babestea.

      Prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea azalera iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

      Hondakinak sortu eta kudeatzea.

      Obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

      Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko, Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

      Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).

      Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

      Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora. Halaber, egunez lan egingo da.

      Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

      Jasangarritasuna eraikingintzan.

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako beharrezko ezaugarriei dagokienez, Eraikuntza iraunkorrerako gidan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten 37. poligonoko 158. eta 166. partzelen (Mercedes Benz) hirigintza-parametroak birdefinitzeko Vitoria-Gasteizko HAPOaren aldaketak ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Vitoria-Gasteizko Udalari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Bosgarrena. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean ibilgailu motordunak hornitzeko instalazioak ezartzeko plan berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2021eko abuztuaren 20a.

      (Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren titularra ordezteko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren d) letran ezarritako araubidea aplikatuz.)

      Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

      AMAIA BARREDO MARTÍN.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik