Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko abuztuaren 4koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, Derioko (Bizkaia) Mantuliz sektoreko azpiegituren plan bereziaren bigarren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 190
  • Hurrenkera-zk.: 4841
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/08/04
  • Argitaratze-data: 2021/09/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko apirilaren 30ean, Derioko Udalak eskaera bat egin zion ingurumen-organoari, Derioko Mantuliz sektoreko azpiegituren plan bereziaren bigarren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa eman zezan (aurrerantzean, plana), Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz. Eskabide harekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko ekainaren 7an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei, eta espedientean bildu dira jasotako erantzunen emaitzak. Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu eta espedientean jasotako txostenak aztertu ondotik, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Derioko Mantuliz sektoreko azpiegituren plan bereziaren bigarren aldaketa; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten plan eta programak, alderdi hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin garrantzitsuak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarreko araudian ezarritako alderdiak, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana garatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Ikusirik honako lege-testu hauek: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Derioko Mantuliz sektoreko azpiegituren plan bereziaren bigarren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren jasotzen diren eduki hauek aintzat harturik:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren xedea da hiri-zerbitzuen sareen azpiegituren trazadura ezartzea (ur-hornidura, saneamendua, elektrizitatea, gasa eta telekomunikazioak), eta, horri esker, Mantuliz sektoreko hiri-zerbitzuen barneko sareen azpiegiturak lotzea haien espazio-eremutik kanpo dauden azpiegitura orokorrekin.

    2003ko martxoan behin betiko onetsitako Derioko Udal Hirigintza Plangintzako Arau Subsidiarioen Berrikuspenak lurzoru urbanizagarri gisa definitzen du Mantuliz sektorea. Halaber, zehazten du ezen, hura garatzeko plan partziala idaztearekin batera, plan berezi bat idatziko dela, zeinean sektoreko azpiegitura-sareen eta sistema orokorren arteko lotura jasoko baita, sektorearen eremutik kanpoko lurretarako. Mantuliz sektorearen Plan Partziala 2005eko urrian onartu zen behin betiko, eta 2007ko abenduan eta 2009ko ekainean aldatu zen.

    Martxoaren 16ko 476/2005 Foru Aginduaren bidez onartu zen behin betiko Derioko Mantuliz sektoreko azpiegiturak lotzeko plan berezia. Derioko Udalbatzak 2008ko maiatzaren 29an onetsi zuen behin betiko plan berezi haren lehenengo aldaketa. Aldaketa horrek saneamendu-sareari bakarrik eragiten zion, eta murriztu egiten zuen hasieran proiektatutako kolektorearen luzera.

    Ingurumeneko sailburuordearen 2006ko otsailaren 10eko Ebazpenaren bidez, Derioko Mantuliz bizitegi- eta kirol-sektoreko urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozeduran, aurretiaz kontuan hartu ziren energia elektrikoaren, gasaren, edateko uraren eta telekomunikazioen hornidura-sareak eraikitzearen ondorioz sortuko ziren ingurumen-inpaktuak, bai eta hondakin-urak saneamenduko kolektore nagusiarekin konektatzearen ondoriozko ingurumen-inpaktuak ere. Jarduketa horiek beharrezkoak ziren urbanizazioaren funtzionamendurako.

    Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 20ko 858/2005 Foru Aginduaren bidez, ebazten zen Mantuliz sektoreko azpiegiturak lotzeko plan bereziari buruzko ingurumen-inpaktuaren behin betiko txostena egitea. Foru-agindu haren baldintzen artean ageri da linea elektrikoaren proiektua idaztean linea hori lurperatzeko aukera balioestea, plan bereziaren bigarren aldaketak jasotzen duen bezala.

    Lehen aipatutako dokumentuak onartu zirenetik Derioko udal-mugartean egikarituriko hiri-garapen berriek hurbildu dituzte azpiegitura-sareak Mantuliz sektorera; beraz, aldatu egin behar dira sare horiekin lotzeko guneak, eta aldatu egin behar dira, orobat, indarrean dagoen plangintzak hasieran aurreikusitako zerbitzu-sareen trazadurak ere.

    Planak mugatu egiten ditu proiektatutako azpiegiturak hartuko dituzten tarteak, zeinak sistema orokor gisa kalifikatzen baitira. Hauexek dira:

    Ur-hornidura. Egungo biltegiaren ondoan ponpatze-estazio bat eraikitzea planteatzen da, Artebakarra errepidearen inguruan (BI-3715), sektoreko hegoaldeko sarbidearen elkargunean. Ponpatze-estazio horretatik, oinplano berriko depositu bat elikatzen da, sektoreko lurren barruan.

    Instalazio horrek apenas eragiten dien sektoretik kanpoko azalerei, eta ez du aldatzen indarrean dagoen plangintzaren soluzioa.

    Ur beltzen saneamendua. Udal-sarearekin konektatzeko kolektore bat planteatzen da, zeina 907 m luze izango baita. Azken zatia, 320 metrokoa, lurzoru urbanizaezinetik igarotzen da, Ibarrola errekaren ezkerraldean. Autobiaren enborraren azpian metalezko tinkatze-tarte bat egin beharko da, 87,00 m ingurukoa.

    Telekomunikazioak. Sektorea inguruko banaketa-sareekin lotzen da. Sektorea Derio-Mungia errepidearekin lotzen duen bidearen hegoaldeko bidegurutzean egiten da konexio horietako bat. Beste konexioa egiteko, berriz, beharrezkoa da Aldekone auzoan Derio-Mungia (BI-3715) errepidearen ertzean dagoen kanalizazioarekin jarraitzea, autobiaren adarrek eta aireportura doanarekin bat egiten duten bidegurutzeraino. Kanalizazioa 930 metroko luze izango da, eta horietatik 80 autobiaren azpian sartuko dira.

    Energia elektrikoa. Linea lurpekoa da, 30 kV-koa zirkuitu bikoitzean, eta 1.175 metro du luzean. Lehenbiziko zatian, 715 metro inguruko luzera izango du, eta saneamendu-kolektorearekin paraleloan joango da, harik eta autobia sarketa baten bidez (80 m) zeharkatu behar duen puntura iritsi arte (12+950 KP). Hortik aurrera, Ibarrola errekaren paraleloan joango da 380 metro luzean, ezkerreko aldetik, harik eta Astikeneko CMRarekin lotu arte.

    Markosenetik eta Zubiatik gertu dauden erdi-tentsioko lineekin konexioak egiteko, lurpeko kanalizazioak egingo dira, zeinak dagokigun sektoretik kanpo baitaude.

    Gas naturala. Mantuliz sektoreari zerbitzu hori emateko, handitu egin beharko da lehendik dagoen instalazioa, zeina Derio-Mungia errepidearen (BI-3715) eskuinaldetik igarotzen baita. Telekomunikazioen trazadurarekiko paraleloan eramatea planteatzen da. Trazadura paralelo horrek 920 metroko luzera izango du, eta horietatik 580 m errepidearen paraleloan joango dira. Beste tarte bat (70 m) autobiaren azpitik igaroko da.

    Proposatutako trazadurek korridorea partekatzen dute. Mendebaldeko korridorea saneamenduko eta energia elektrikoko sareek partekatzen dute. Ekialdeko korridorean komunikazio- eta gas-sareak daude. Bi korridoreak Mantuliz sektorearen inguruan elkartzen dira.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, hain zuzen ere planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      Plana zenbateraino den proiektuetarako esparrua: planak egikaritze-proiektuak gauzatzeko esparru bat ezartzen du, Mantuliz sektorea eta sektorearen kanpoaldean kokatutako sistema orokorrak lotzeko hiri-zerbitzuen azpiegituren konexioekin. Plana garatzeko, bost egikaritze-proiektu egin beharko dira, aurreko atalean deskribatutako bost sare-konexioetarako bana.

      Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      Planak zer neurritan eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei barne: planak Mantuliz sektoreari zerbitzu-sareak hartzeko sistema orokorren aurreko trazadura aldatu bakarrik egiten du, eta laburtu egiten ditu hasieran aurreikusitako trazadurak. Ez da aurreikusten planak eraginik izatea beste plan edo programa batzuen gainean, eta bateragarria da sektore- eta lurralde-plan konkurrenteekin.

      Plana egokia den edo ez ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko; batez ere, garapen jasangarria sustatzeko: ahal den neurrian, trazadurak lehendik diren bideen gainean proiektatzen dira, eta saihestu egiten dira lur-okupazio berriak.

      Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana egikaritzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta eraginpeko eremuarekin lotura duten esku-hartzeak eta jarduerak egiterakoan kontuan hartzen bada indarrean dagoen araudia segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta, bereziki, kultura-ondarearen babesari dagokienez.

      Era berean, plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:

      Planaren xede den eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, eta ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez dago jasota beste katalogo batzuetan (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekia, ezta Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko eremuen zerrendan ere), eta ez da aipatu mehatxatutako flora-espezierik dagoenik.

      Saneamendu eta energia elektrikoko sareetarako proposatutako trazadurak Ibarrola errekatik gertu daude. Erreka hori bisoi europarraren (Mustela lutreola) Bizkaiko Kudeaketa Planaren aplikazio-eremuaren barruan dago, espezie horri begira hobetu beharreko tarte gisa.

      Azpiegitura gehien-gehienak belardiak eta labore atlantikoak dira, eta, horietako batzuk Batasunaren intereseko 6510 «Altitude baxuko sega-belardi elkorrak» habitaten artean daude sailkaturik. Halaber, baratze eta fruta-arbolen unitateak ere badaude komunikazioko eta gas-hornidurako azpiegituren eremuetan. Trazadura batzuen inguruan espezie inbaditzaileen masa adierazgarriak aurkitu dira, zehazki Cortaderia selloana espeziearenak.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, ez da deskribatu uholdeengatiko arriskurik, eta ez dago jasota lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatirik.

      Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, obra-fasean gertatuko dira inpaktu esanguratsuenak, eroanbideak hartzen dituzten zangak instalatzeko hondeaketaren ondorioz. Jarduketa horien ondorioz, giza habitataren kalitatea murriztuko da (zarata, hautsa, bibrazioak, etab.) eta hondakinak sortuko dira, aldi baterako eta eremu jakin batean baino ez bada ere.

      Proposatutako garapenaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez da aurreikusten jarduketarik Ibarrola errekan. Edonola ere, beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartu beharko dira habitatari kalterik ez eragiteko, besteak beste, lur-mugimenduetan uren kalitatea murrizteagatik edo gerta daitezkeen istripuzko isurketengatik. Ildo horretan, planaren araudiak ezartzen du zerbitzu-sareak egikaritzeko proiektuek errespetatu egingo dutela jabari publikoaren babes-zortasuneko eremua, eraginik gabe eta hautemandako landaredi-tarteak errespetatuz.

      Ponpatze-estazio berriari eta saneamendu-azpiegiturarako eta energia elektrikorako azaleraren trazaduraren zati bati dagokienez, interes naturaleko landaredi-unitate baten gainean daude (harizti azidofiloa eta harizti/baso misto atlantikoa). Planaren araudian jasota dagoenez, errespetatu egin behar dira azpiegitura horien eremuan dauden landaredi-tarteak.

      Trazadurek landaredi naturalari eragiten diote 6510 habitataren barruko bi belardi-eremutan. Bi zati horiek 210 m eta 45 m luze dira, hurrenez hurren, eta trantsizioko landa-paisaiako zona bati dagozkio, Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera.

      Planak murriztu egiten du aurreko hirigintza-dokumentuetan aurreikusitako zerbitzu-sareen trazaduraren luzera, eta, beraz, urritu egiten da lurzoruaren kontsumoa eta inguruneko elementuen gaineko eragina.

      Trazadura batzuk lehendik dauden bideen gainean igarotzen dira, eta planak linea elektrikorako lurpeko trazadura bat aurreikusten du, inpaktua minimizatzeko.

      Ingurumen-ondorioak baloratzeko, erreferentziatzat hartuko da indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera. Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, planetik eratortzen diren jarduketen ezaugarriak, eta, orobat, aplikaturik neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ez dadin beharrezkoa izan Derioko Mantuliz sektoreko azpiegituren plan bereziaren bigarren aldaketaren ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egitea, betiere ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak txertatzen badira adierazitako planean.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.

      Aplikatzekoak izango dira Ingurumeneko sailburuordearen 2006ko otsailaren 10eko Ebazpenaren bidez Mantuliz sektorea urbanizatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpenean jasotako neurriak, bai eta Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 20ko 858/2005 Foru Aginduan xedatutakoa ere, zeinaren bidez ebazten baita Mantuliz sektoreko azpiegiturak lotzeko plan bereziari buruzko ingurumen-inpaktuaren behin betiko txostena egitea.

      Neurri hauek gehituko dira:

      Bizkaiko Foru Aldundiaren ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat [haren bidez Bisoi Europarraren (Mustela lutreola, Linnaeus, 1761) Kudeaketa Plana onesten da Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea den eta babesteko neurri bereziak behar dituen aldetik; BAO, 2006ko uztailaren 6koa], Bizkaiko Foru Aldundiaren aurretiazko baimena beharko du bisoi europarraren interes bereziko guneetako jarduera orok, baldin eta jarduera horrek espezieak erabilitako habitataren ezaugarriak aldatzea badakar.

      Arroko organismoaren aldez aurreko baimena beharko du planetik eratorrita jabari publiko hidraulikoari edo harekin lotura duten babes-eremuei (zortasun- eta garbitasun-eremuak) eragin diezaiokeen edozein jarduketak. Organismo horretan aztertuko dira bereziki lanen ezaugarriak eta eraginak eta, hala badagokio, dagozkion aginduak eta betekizunak ezarriko dira.

      Ingurumen-organoaren baimena beharko da obraren faseko lur-mugimenduak egitean proiektuak eragina baldin badu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak gauzatu diren edo instalazioak egon diren lursailetan eta halako eremuetan edozein jarduketa egin nahi bada, hala aurreikusten baitu Lurzoruaren Kutsadura Prebenitzeko eta Zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak.

      Garatzen diren proiektuak egikaritzean, eraginpean geratzen diren eremu guztiak barnean hartzen dituen ingurumen eta paisaia-arloko lehengoratzea egingo da.

      Modu selektiboan egingo dira zerbitzu-sareak instalatzeko zangak induskatze-jarduketak, lurzoruaren horizonteak xehetasunez bereiziz eta bilduz, gero lurzoruaren jatorrizko profila lanak abiarazi aurreko egoerara lehengoratzeko. Landare-lur hori berrerabili egingo da landaredia lehengoratzeko lanetan.

      Behar diren neurriak hartuko dira, bestalde, ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak ezabatzeko eta lur-mugimenduen bitartez hedatzea ekiditeko; orobat, kontrolatu egin beharko dira jarduketen eraginpeko lursailen lehengoratze-lanetan erabiliko diren mailegu-materialen eta landare-lurren jatorria eta osaera ere.

      Lanek iraun artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko jardueren ondoriozkoak barne.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, eta lanetako langileek erabiliko dute helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:

      Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

      Natura-interes handiko landaretza-eremuen gaineko eragina kontrolatzea.

      Ur-ibilguen eta ur-bazterreko landarediaren gaineko eraginen kontrola.

      Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramatea dela bide lurzorua eta ura ez kutsatzea.

      Planaren eraginpeko herriguneko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

      Bigarrena. Zehazten da ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak ez ezik sustatzaileak proposatutakoak ere hartzen badira betiere ez badira aurrekoen aurkakoak, ez dela aurreikusten Derioko Mantuliz sektoreko azpiegituren plan bereziaren bigarren aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez dela beharrezkoa ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egitea.

      Hirugarrena. Derioko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, nola eta ez den onartzen Derioko Mantuliz sektoreko azpiegituren plan bereziaren bigarren aldaketa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteizen, 2021eko abuztuaren 4an.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik