Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko uztailaren 15ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Gamongoa-56. sektoreari lotutako Errenteriako HAPOren 6. aldaketa puntualaren ingurumen-adierazpen estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 209
  • Hurrenkera-zk.: 5341
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/07/15
  • Argitaratze-data: 2021/10/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren 2019ko azaroaren 27ko Ebazpenaren bidez, Gamongoa-56. sektoreari lotutako Errenteriako HAPOren 6. aldaketa puntualaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua egin zen, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean jasotakoari jarraikiz.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Errenteriako Udalak Planaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, plana bera eta haren ingurumen-azterketa estrategikoa 45 egunez jendaurrean jarrita (2020ko azaroaren 13ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 218. zk.), haren eraginpean zeudenek egoki ikusten zituzten alegazioak egin zitzaten, beren interesen defentsan.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Errenteriako Udalak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, zeinak aurretik ere kontsultatuak izan baitziren arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Horien ondorioak espedientean daude jasota.

2021eko ekainaren 4an, Errenteriako Udalak Planaren ingurumen-adierazpen estrategikoa eskatu zuen, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz. Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu zituzten: Plana behin-behinean onartzeko dokumentua, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta jendaurreko informazioaren izapidea eta eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.

Errenteriako Udalak ohartarazi zuenez, alegazio bat eta zenbait txosten jaso zituzten, eta horien emaitza nahiz edukia administrazio-espedientean daude jasota; gainera, aipatutako alegazio eta txosten horiek kontuan hartu dira Planaren behin betiko bertsioa idazteko orduan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie, lege-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, betiere ingurumen-eraginaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen edo lurzoru-erabileraren antolamenduari.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio bateratua egin behar da, hau da, ingurumen-ebaluazio estrategiko bat, aipatutako legearen I. eranskineko A) apartatuan jasotako planak diren kasuan, baldin eta plan horien artean badaude ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen planak.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Errenteriako Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Gamongoa-56. sektoreari lotutako Errenteriako HAPOren 6. aldaketa puntualaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela, indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola eta irismeneko dokumentuan jasotako baldintzak betetzen dituela, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta Plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; urriaren 16ko 211/2012 Dekretua, Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duena; otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

Lehenengoa. Gamongoa-56. sektoreari lotutako Errenteriako HAPOren 6. aldaketa puntualaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea (aurrerantzean, Plana), jarraian zehazten den moduan:

  1. Gamongoa-56. sektoreari lotutako Errenteriako HAPOren 6. aldaketa puntualaren (aurrerantzean, Plana) xedea da lurzoru urbanizagarri sektorizatuz osatuta dagoen 56. sektorearen egiturazko antolamendu xehatua aldatzea, hasiera batean Gamongoa muinoko gainaldean aurreikusita zegoen eraikigarritasuna kota baxuagoetara desplazatuz, sektoreko ekialdeko mendi-magalean, Errenteriako hirigunetik hurbilago. Proposatutako Planak, lurraren erabilera global eta xehakatuen atribuzioa aldatzen ez duenak, honako aldaketa eta jarduketa hauek aurreikusten ditu:

    Esparruaren mugak. Esparruari 18.3 IU: Lekuona esparruko zati txiki bat eransten zaio, baita Masti Loidi 41. eremuko eta Txirrita Maleo 42. eremuko Arramendi pasealekuko jabari publikoko azalera bat ere, Arramendi pasealekuaren ebazpen integralerako.

    Eraikigarritasuna. Sektorearen goiko zonalderako aurreikusitako eraikigarritasunaren zati handiena beheko zonaldera desplazatzen da, esparruaren ekialdera. Goiko zonaldean mantendu egingo dira gaur egun dauden baserriak, familia bakarreko / bi familiako etxeak eta ostatuzko kalte-ordainetarako behar diren eraikin berriak. Sestra gaineko eraikigarritasuna murriztu egiten da, oraingo 83.148 m2t-etatik 57.816 m2t-etara. Sestra azpiko eraikigarritasuna murriztu egiten da, oraingo 46.532 m2t-etatik 26.145 m2t-etara. Halaber, merkataritzarako eraikigarritasuna murriztu egiten da, 1.380 m2t-etatik 1.200 m2t-etara, eta etorkizuneko bizitegi-auzoko hiri-plazaren beheko solairuetan kontzentratzen da.

    Etxebizitza kopurua. 747tik 610era murrizten da; horietatik, 440 etxebizitza babestuetara bideratzen dira; 144, etxebizitza libre kolektiboetara; 26, etxebizitza libreetara, familia bakarreko / bi familiakoen motan.

    Eraikinen profila. Sektoreko beheko zonaldeko eraikuntza irekiko blokeek S/ES/SA/5S/A edo 2S/BS/SA/6S/A profila dute, eta eraikuntza isolatuek, ES/SA/1S/TP profila, sektorearen goiko zonaldeko birjarpen-etxebizitzek bezala.

    Espazio libreak eta berdeguneak. Mendi-magaleko zonalde altu eta ertainak bizitegi-erabileratik libre uzten dira eta parke publiko berde gisa erabiltzera zuzentzen dira 205.784 m2. Hartara, zonalde berde eta espazio libreen Sistema Orokorra handitu egiten da HAPOn planteatutako 83.812 m2-en aldean eta 2007an onartutako Plan Partzialean aurreikusitako 90.087 m2-en aldean. Beste alde batetik, egungo Arramendi pasealekuan zehar, 18.580 m2-ko hiri-parkea sortzea proposatzen da espazio libreen Tokiko Sistema gisa. Hala, ibilgailu-izaera desagertzen da eta zonalde hori sektoretik pasatzen den Pekin ubidearen tarte berean integratzen da.

    Errekaren tratamendua. Pekin errekak 165 metro inguru egiten ditu Gamongoa sektorearen barruan. Parke-zonalde bat sortu nahi da (irizpide hori indarrean dago oraindik), eta, modu horretan, erreka integratuta geratuko da etxebizitza kolektiboko eraikinen eremuan. Malda naturaleko ezpondak eta bioingeniaritzako teknikak erabili nahi dira erreka bideratzeko, eta ezpondak espezie autoktonoz landareztatuko dira. Erreka estali egin beharko da bidea gurutzatzeko.

    Bide-antolamendua. Iparraldetik hegoalderanzko errepide berri bat eraikiko da eraikinen atzealdean, 15 metroko zabalera eta 560 metroko luzera izango dituena. Iparraldetik gurutzatuko du Pekin erreka, eta % 3 eta % 4,5 bitarteko malda izango du. Bidea egiteko, Gamongoa muinoaren ekialdeko magala induskatu beharko da. Halaber, muinoaren goialdetik igarotzen den egungo bidea birmoldatu egingo da, nagusiki, sekzioari dagokionez, lehendik dauden baserrietarako eta familia bakarreko eta bi familiako etxe berrietarako zerbitzu-sareak kokatzeko.

    Aparkalekuak. Bi soto-solairu planteatzen dira bizitegi-eraikinetan, 912 plaza pribaturekin, guztira. Iparraldetik hegoalderanzko errepide berrian, aparkaleku publikoa planteatzen da, baterian, 177 plazakoa guztira. Plaza nagusian, sestra azpiko aparkaleku publiko bat egitea aurreikusten da, 90 plazakoa, hiru soto-solairutan, eta beste 90 plaza sestrapean, iparralderago geratzen den zatian, Arramendi pasealekuko bidebanatzetik eta hori Masti-Loiditik banantzen duen bidetik gertu.

    Eraispenak. Goiko zonaldeko baserri bat eraitsiko da, baita lehendik dauden zoladurak ere, nagusiki bituminosen eta hormigoi-zolarrien nahastearekin osatuta daudenak.

    Lur-mugimenduak. Planak urbanizazioari loturik proposatutako aurretiazko kubikazioan ez dira sartu eraikinen sotoak induskatzeko lanak. Induskatze-bolumena 223.000 m3-koa izango da. Horietatik, ia 10.000 m3 urbanizazio barruko betelanak egiteko erabiliko dira eta gainerako 213.000 m3-ak esparruaren barruan geratuko diren soberakinak izango dira, lehendik dauden ibarbideak betetzeko erabiliko direnak.

    Zerbitzu-sareak. Euri-urak kolektoreen bidez bideratzen dira Pekin errekaraino. Ur beltzak saneamendu orokorreko sarera konektatzen dira urbanizazioaren beheko zonaldean. Sare orokorretik egiten da hornidura, bi puntutan. Energia elektrikorako, erdi-tentsioko linea jartzea aurreikusten da, behe tentsioko lineen abiapuntu izango diren transformazio-zentroak elikatzeko. Gas, telefono eta argiteria publikoko sareak ere ezarriko dira. Ekialdean dagoen gas-hoditeria desbideratu egin behar da, lanek eragin egingo baitiote.

    Gamongoa-56. sektorea, 258.453 m2-ko azalera duena, Errenteriako hirigunetik hegoaldera dago. Iparraldean, GI-20 errepidea du muga; ekialdean, GI-3671 errepidea eta Masti-Loidi industrialdea; eta hegoalde eta mendebaldean, Txirrita-Maleo industrialdea. Sektoreak muino bat eta Gamongoako magalak hartzen ditu, batez ere iparraldeko eta ekialdeko magalak, hirigunerantz, malda handiekin. Muinoaren gainean, San Markosko bidean zehar dauden bizitegi-eraikin eta baserri sakabanatu batzuk daude. Halaber, sektorearen erdialdean eta mendebaldean zenbait zerbitzu-azpiegitura daude (ur-biltegia, ponpaketa-estazioa eta Gas Euskadiko erregulazio- eta neurketa-estazioa).

    Esparruan eta haren ingurunean ez dago eremu babesturik, interes geologikoko gunerik edo paisaia berezirik. Elementu eta eremu antropizatuz inguratutako landa-eremua da. Hala ere, haran atlantikoetako berezko paisaia-ezaugarriak ditu. Batasunaren intereseko habitaten EAEko maparen arabera, lurzoru horietako batzuk 6510 habitatari legozkioke altuera baxuetako sega-belardi elkorrak, harizti azidofilo solte batzuk eta baso misto-atlantikoa, batez ere eremuaren erdialdeko ibarbideetan. Faunari dagokionez, litekeena da goian aipatutako formazioei lotutako espezieak egotea. Hasierako dokumentu estrategikoak adierazten du sektorea bat datorrela bisoi europarrarentzat interes berezia duen eremuarekin, baina adierazi behar da ibai-sarearen zati hori ez dagoela sartuta Gipuzkoako espeziearen kudeaketa-planean. Bestalde, ingurumen-azterketa estrategikoan adierazten da ingurunean kiroptero mehatxatuak egon daitezkeela.

    Esparruaren ipar-ekialdean dagoen haranaren barrualdetik Arramendi edo Pekin erreka igarotzen da, sektorearen barruan 180 m-ko tartean. Hasierako agirian adierazten da erreka horrek ur-hartunea duela sektorearen ekialdean.

    Sektorean ez dago kutsatuta egon daitekeen kokalekurik; lurpeko urak kutsatzeko arriskua oso txikia da, eta ez du uholde-arriskurik. Iparraldeko eta ekialdeko magaletan, etorkizuneko bizitegi-garapenaren kokalekuan, kontrako baldintza geoteknikoak daude, higadura-arriskua dutenak.

    Kultura-ondareari dagokionez, Tobar baserriko eraikin bat bakarrik topatu da, sektorearen goiko zonaldean.

    Sektorearen egoera akustikoa txarra da, GI-20 errepidetik hurbil dagoelako. Errepide hori trafiko-dentsitate handikoa da eta sektorearen iparraldeko mugan zehar doa. Gainditu egin dira EAEko kutsadura akustikoari buruzko 211/2012 Dekretuan ezarritako etorkizuneko bizitegi-garapenetarako kalitate akustikoaren helburuak, bai eraikinen goiko solairuetako kanpoaldean, bai fatxadetan.

  2. Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da behar adina justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren 2019ko azaroaren 27ko Ebazpenean jasotako ingurumen-irizpideak txertatu izana. Ebazpen horren bidez formulatu zen Gamongoa-56. sektoreari lotutako Errenteriako HAPOren 6. aldaketa puntualaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua.

    Aipatutako ingurumen-organo horrek emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio-gradua bermatuz egin da Planaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Planifikazio-prozesua aurrera eramaten den bitartean ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, irizten zaio behar besteko zorroztasunez heldu zaiela ingurumen-izapideetan adierazitako irizpide guztiei.

  3. Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzea eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.

  4. Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.

    Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, Planetik eratorritako jarduketak gauzatzean proposamen zehatzak aztertu beharko dira, eta ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak jorratu beharko dira. Zehazki, plana garatzeko proiektuak idazten direnean, kontuan hartuko dira:

    1. Kultura-ondareari dagozkion neurriak.

    Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak ezarritako gainerako xedapenekin bat etorriz, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritzari; gero, beharrezkoa izanez gero, hark erabakiko du zer neurri ezarri.

    2. Zaraten eraginak gutxitzera bideratutako neurriak.

    Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere.

    Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

    Beste alde batetik, Plana garatzetik eratortzen diren proiektuen ondoriozko obrek sortutako soinu-mailak, obra horien eragin-eremuan, ezingo ditu gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak.

    3. Lurraldeko ekologia leheneratzeko neurriak.

    Nolanahi ere, ingurumena eta paisaia leheneratzeko lanak egingo dira, proiektuaren exekuzioaren eraginpean dauden gune guztietan, aurreikusiz landareztatze-lanetan batez ere espezie autoktonoak erabiliko direla, eta beren-beregi saihestuko dela prozesu inbaditzaileak sor ditzaketen kanpoko espezieak erabiltzea.

    Zehazki, eremua drainatzen duen erreka eta haren ingurua ekologikoki lehengoratzeko, haltzadi kantauriarreko espezieak erabiliko dira, hala nola haltza (Alnus glutinosa), lizarra (Fraxinus excelsior), sahats iluna (Salix atrocinerea) eta hurritza (Corylus avellana). Gainerako eremu libreetan, ingurumena leheneratu beharko da harizti edo baso misto atlantikoko zuhaitz- eta zuhaixka-espezieekin.

    Planeko esparruko espazio berdeak diseinatzeko hauek hartuko dira kontuan: «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua», Udalsarea 21 lan-koadernoa (20. zenbakia, 2017ko apirilekoa) eta Eusko Jaurlaritzaren «Ibaien eremuko ingeniaritza naturalistikoko tekniken eskuliburua».

    Neurriak hartuko dira ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoen zabalkundea saihesteko (Buddleja davidii, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana, etab.). Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie inbaditzailerik sar ez dadin iraulitako eta landarerik gabe utzitako lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketen babesa eta abar). Gainera, landare-lurrak modu berezituan kudeatzea proposatuko da, baldin eta lur horiek aipatutako espezieak barreia ditzaketen propaguluak badituzte.

    4. Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

    Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako beharrezko ezaugarriei dagokienez, Etxebizitzen eraikuntza iraunkorrerako gidan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

    Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

    Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

    Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

    Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

    Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

    Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

    5. Neurri orokorrak, balio naturalak babesteko aurreikusitako garapena gauzatzen den bitartean.

    Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, aurreikusitako garapenetarako ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak hartu beharko dira. Bereziki:

    Landaredia babestea: oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredia naturala.

    Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: obraren okupazio-mugak kontrolatzea, kontuan hartuz kultura-ondareko elementuak daudela (horietan, babes-perimetroa ezarriko da), lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ibilguetara isurketarik ez egitea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

    Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan eta garbiketa-kanpainan sortutako hondakinak kudeatzeko, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

    Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

    Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da (errege-dekretu hori amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitzeko eta murrizteko da), baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezarritakoa ere (amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena).

    Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dira (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

    Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

    Obretan hondeaketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legediaren arabera kudeatuko dira.

    Errenteriako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

    Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: obra-fasean beharrezkoak diren prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira, arreta handiz, ezusteko isurketen kaltea saihesteko, bereziki makineriaren mantentze-lanak egiten diren bitartean: Obrako makinen parke gisa erabiltzen den lurrazala eta horren mantentze-eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

  5. Ingurumen Jarraipeneko Plana.

    Azterketak ikuskatze-programa egoki bat deskribatzen du, Planaren aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-efektu batzuk antzemateko. Hainbat kontrol proposatu dira, «0» faserako edo lanen aurreko faserako zein plana garatzeko obren eraikuntza-faserako; kontrol horietan zenbait jarduketa egingo dira, aintzat hartuz kontrolatuko den eremuko alderdiak, jarraipenaren adierazle diren parametroak, kontrol-puntuen kokapena, maiztasuna, erreferentziako muga-balioak eta helburuak.

  6. Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.

    Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioan kontuan izan beharko dira lurraldearen baldintzatzaileak, baita Ingurumen Administrazioaren zuzendaritzaren 2019ko azaroaren 27ko Ebazpenean jasotako ingurumen-irizpideak ere. Ebazpen horren bidez, Gamongoa-56. sektoreari lotutako Errenteriako HAPOren 6. aldaketa puntualaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua formulatzen da.

    Bigarrena. Bi urteko gehieneko epea ezartzea Gamongoa-56. sektoreari lotutako Errenteriako HAPOren 6. aldaketa puntuala onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarotakoan, plana ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondoriorik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

    Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Errenteriako Udalari jakinaraztea.

    Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 15a.

    Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

    JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik