Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko ekainaren 25ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Sondikako SAPUR 6 bizitegi-plan partzialaren 7. aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 161
  • Hurrenkera-zk.: 4421
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/06/25
  • Argitaratze-data: 2021/08/13

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko apirilaren 5ean, Sondikako Udalak Sondikako SAPUR 6 bizitegi-plan partzialaren (aurrerantzean, Plana) 7. aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egiteko eskaera aurkeztu zion ingurumen-organoari, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko maiatzaren 17an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Sondikako SAPUR 6 bizitegi-plan partzialaren 7. aldaketa; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin garrantzitsuak ekar ditzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Sondikako SAPUR 6 bizitegi-plan partzialaren 7. aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Sondikako SAPUR 6 bizitegi-plan partziala behin betiko onartu zen apirilaren 27ko 655/2005 Foru Aginduaren bidez, eta haren edukia BAOn argitaratu zen, 2005eko maiatzaren 23an, 96. zk.

    Ordudanik, testuak sei aldaketa izan ditu, xehetasun jakin batzuk denbora horretan zehar gertatu diren agerleku-aldaketetara egokitzeko.

    Aldaketa honen xedea da etxebizitzen eskaintza merkatuaren gaur egungo eskarira egokitzea, hasiera batean diseinatutako oinarrizko parametroak aldatu gabe. C-1 Orubeko etxebizitza-kopurua 22ra igotzera (lehen 18 ziren) mugatzen da, betiere eraikigarritasuna mantenduz; era berean, hegalak diseinatzeko irizpidea ezartzen du. Horrenbestez, lau gehiago dira lurzatian baimendutako etxebizitzak; dena den, horrek ez du esan nahi hirigintza-aprobetxamendua handitzen denik. C-1 lurzati eraikigarriko etxebizitza kopurua bakarrik aldatzen da, baita (fatxaden artean) 15 metrotik gorako zabalera duten kaleetan eta lursail pribatiboan hegal-elementuak diseinatzeko irizpidea ere; hegal irekiek proiekzioan 1,60 m izan ditzakete fatxadaren lerrotik (lehen 0,80 metro ziren).

    Planak aukera bat bakarrik proposatzen du, 0 aukeraz edo ez jardutearen aukeraz gain. Hartutako irtenbidea justifikatzen du, bide-egitura hobetu beharra dela eta.

  2. Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, hain zuzen ere zehazteko ea Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak beste plan edo programa batzuetan zenbateraino eragiten duen, baita hierarkizatuta daudenetan ere: Planaren bidez aldaketa bat egiten da antolamendu xehatuan, eta etxebizitzen eskaintza merkatuaren gaur egungo eskarira egokitzea proposatzen du, hasiera batean diseinatu ziren oinarrizko parametroak aldatu gabe. Plana arkitektura-proiektu baten bidez garatuko da. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik.

      3. Plana egokia den ingurumen-arloko alderdiak barne hartzeko, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzera bideratutako ingurumen-alderdiak barnean hartzeko; izan ere, lurzoru artifizializatua areago dentsifikatzen du. Garapen-proiektuak energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak har ditzake barnean.

      4. Planarekin loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: ingurumenean nolabaiteko inpaktua izan dezaketen jardunek obra-faseekin dute zerikusia batez ere: gerta daitezkeen lur-mugimenduak, makineria-zirkulazioa, lurzoru-okupazioa, ustekabeko isurpenak, uraren kalitatearen gaineko eragina, hondakinak sortzea, soinu-mailen igoera, partikulek eragindako airearen kutsadura eta abar. Dena den, jarduketa honek ez du aldaketarik izango gaur egungo eraikuntza-premiekin alderatuta. Zaratari dagokionez, etorkizuneko egoeran izan ezik (20 urtera), trenbidera orientatuta dauden fatxadetan ondo betetzen dira, gauez, 213/2012 Dekretuak etorkizuneko bizitegi-garapenetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak (213/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoa). Bibrazioei dagokienez, ez dira betetzen ezarrita dauden bibrazioen kalitate-helburuak. Hala ere, aurkeztutako dokumentazioan zuzenketa-neurriak jasotzen dira hirigintza-garapen berrirako, 213/2012 Dekretuak bizitegi-erabilera nagusitzen den lurraldeko sektoreetarako ezartzen dituen kalitate akustikoko helburuak betetzeko (213/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoa).

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

      Azterketa-eremua Sondikako udal-mugartearen iparraldean dago, ETS Euskal Trenbide Sarearen Lutxana-Sondika trazaduratik eta BI-737 Txori Erri errepidearekiko lotune batetik gertu. Sagarreta kalean dago kokatuta, Urikarrieta bidean lehendik dauden bizitegi-eraikinen eta José Antonio Agirre Lehendakariaren Hiribideko bizitegi-eraikinen artean. Eremuak bizitegi-erabilera du, eta Sondikako hiri-lurzoru finkatuan dago. Bertan, orain gutxi eraikitako eraikinak dira nagusi, batzuk Sondikako SAPUR 6 planekoak, eta beste etxebizitza isolaturen bat dago.

      Eremuak ez du elementu natural garrantzitsurik. Ingurumen-baldintzatzaile nagusia zarata eta bibrazioak dira, batik bat handik hurbil igarotzen den trenbide-trafikoarekin lotuta.

      Aurkeztutako inpaktu akustikoaren azterketaren arabera, gaur egungo egoeran eta eraikuntza-lizentziaren agertokian, emaitzek behar bezala betetzen dituzte eguneko aldi guztietan, 213/2012 Dekretuak etorkizuneko bizitegi-garapenetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak (213/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoa), kanpoan nahiz fatxadan. Hala ere, etorkizunean (20 urtera), gauez emaitza horiek ez dira puntualki beteko trenbidera orientatuta dauden fatxadetan, sektorearen iparraldean, 3 dB(A)tik behera gaindituko baitituzte ezarritako helburuak. Kanpoan kalitate akustikoko helburuak betetzeko zuzenketa-neurria ekonomikoki gehiegizkoa dela justifikatzen dute. Edonola ere, eraikinen barnean kalitate akustikorako helburuak betetzeko isolamendu akustiko zehatzak proposatzen dira.

      Bibrazioen azterketaren arabera, bibrazioen kalitate-helburuak ez dira betetzen lurzatian.

      Ondorioz, ingurumen-agiri estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa- eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Sondikako SAPUR 6 bizitegi-plan partzialaren 7. aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dakion, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

      Planak zaratari dagokionez hartu behar dituen zehaztapenen artean, hiriko trafikoa duten kaleetara orientatutako fatxadetako logeletan eta, bereziki, trenbidera orientatuta daudenetan, fatxaden isolamendua 32 dB(A) artekoa izango da D2m, nt, Atr parametroaren kasuan. Bibrazioei dagokienez, eraikuntzak bibrazioen aurkako elementuak izango ditu. 8 dB-ko gutxieneko moteltzea izango du 31,5 Hz-ko bandan, eta 20 Hz-ko erresonantzia-maiztasuna gehienez.

      Garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin, intereseko balio naturalen babesarekin, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak gauzatzeko:

      Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, indusketetatik eratorriak barne.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.

      Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Obretan hondeaketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legediaren arabera kudeatuko.

      Sondikako Udalari eta Garapen Jasangarriaren Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea azalera iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinak iragazgaiztu gabeko eremuetan ez uzten saiatuko gara.

      Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

      Zaratak lanak egin bitartean: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Obrak egunez egingo dira.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta eraikuntza berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, etab.), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

      Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energiaren ekoizpena eta/edo energiaren kontsumoa murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Sondikako SAPUR 6 bizitegi-plan partzialaren 7. aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Sondikako Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Sondikako SAPUR 6 bizitegi-plan partzialaren 7. aldaketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 25a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik