Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko ekainaren 22koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Sabino Arana 1eko 1. exekuzio-unitateari loturiko Berangoko HAPOren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 155
  • Hurrenkera-zk.: 4295
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/06/22
  • Argitaratze-data: 2021/08/04

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko maiatzaren 21ean, Berangoko Udalak Sabino Arana 1eko 1. exekuzio-unitateari loturiko Berangoko HAPOren aldaketa puntualari (aurrerantzean, planaren aldaketa) buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egiteko eskaera aurkeztu zion ingurumen-organoari, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola planaren aldaketaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Sabino Arana 1. exekuzio-unitateari loturiko Berangoko HAPOren aldaketa puntuala abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago. Izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Ingurumen-txosten estrategiko horretan, planaren aldaketak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den Plana, ingurumena behar bezala babeste aldera.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Sabino Arana 1eko 1. exekuzio-unitateari loturiko Berangoko HAPOren aldaketa puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren aldaketaren xedea da Berangoko Sabino Arana 1. exekuzio-unitatearen eraikigarritasuna handitzea, eremuaren garapenaren bideragarritasuna ahalbidetzeko. Horretarako, 2. exekuzio-unitateko lurzati bat 1. exekuzio-unitatera igaroko da; hor ez da ezer eraikiko, baina eremu libreen tokiko sistemarako zuzkiduren estandarrak betetzeko balioko du. Horrela, eraikigarritasuna handitu ahalko da, zehaztutako eraikuntza tipologia aldatu beharrik gabe.

    Gaur egun, 1. exekuzio-unitateak 1.271,59 m2(c)-ko azalera eraikia du. Indarreko HAPOn aurreikusitakoari jarraikiz, «L» formako bloke eraikigarri bakarra ezarriko da 1. exekuzio-unitatean, eta sestra gaineko 2.385 m2(c)-ko eraikigarritasuna ematen dio gehienez. Lehendik dauden 3 eraikinak (Sabino Arana kaleko 30. eta 32. zenbakiak eta Simon Otxandategi kaleko 1. eta 3. Zenbakiak) plangintzaz kanpo daudela ebatzi da, eta horiek eraistearen ondoriozko kostuetatik sortutako kargak direla eta, eremuaren egungo azalera ez da nahikoa eraikigarritasun-bolumen errentagarri bat lortzeko.

    Hortaz, planaren aldaketarekin, 1. exekuzio-unitatearen eraikigarritasuna 4.322,60 m2(c)-ra handitu nahi da; zehazki, 2.343,91 m2(c)-tan handituko da gaur egungoarekin alderatuta, eta 1.230,00 m2(c)-tan, indarreko HAPOk ematen dion eraikigarritasunarekin alderatuta.

    Planaren aldaketak BS+5+A eraikin-profila ezartzen du, eta indarreko HAPOk, berriz, BS+3+A, eta garaje eta trasteleku gisa erabiliko diren hiru soto-solairu zehazten ditu.

    Proposatutako eraikigarritasun-handitze horren xedea da espazio libreen tokiko sistemarako zuzkiduren estandarrak betetzea. Horretarako, eremurako finkatutako eraikinen tipologiari eutsi nahi zaionez, 1. exekuzio-unitatera igaroko da 2. exekuzio-unitateko lurzati bat, 277 m2, HAPOk tokiko bide sistemara bideratzen duena, baina espazio libreen tokiko sistema gisa sartu nahi dena.

    Hortaz, 1. exekuzio-unitatea bi eremu etenez osatuta egongo da, 2.099 m2-ko guztirako azaleraz, eta 2. exekuzio-unitatearen azalera 2.912 m2-ra murriztuko da. Indarreko HAPOn eremu horrentzat finkatutako egitura-antolamenduko gainerako oinarrizko parametro guztiei bere horretan eutsiko zaie.

    Planaren aldaketa garatzeko, dagozkion Hirigintzako Jarduketa Programa, Birpartzelazio Proiektua eta horien ondoriozko Urbanizazio Proiektua eta Eraikuntza Proiektua egingo dira.

  2. Proposatutako planaren aldaketaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, planaren aldaketak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planaren aldaketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: planaren aldaketa hiri-lurzoruko bi eremuri dagokie, 1. eta 2. exekuzio-unitateei, hain zuzen ere. 2. exekuzio-unitateko 277 m2-ko lurzati bat, indarreko Plan Orokorrean Tokiko Bide Sistema gisa sartutakoa, 1. exekuzio-unitatera aldatzen du, eta espazio libreen tokiko sistemaren parte izatera. Zuzkidurak handituta, 1. exekuzio-unitatearen eraikigarritasuna areagotzea ahalbidetzen da, zehaztutako eraikin tipologia aldatu gabe, baita eremuaren garapenaren bideragarritasuna ere. Plana garatzeko, dagozkion Hirigintzako Jarduketa Programa, Birpartzelazio Proiektua eta hurrengo Urbanizazio Proiektua eta Eraikuntza Proiektua egingo dira. Eremua Gobela ibaiaren lehentasunezko fluxu-gunean sartuta dago partzialki, eta ibilguaren 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborek eragiten diote. EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialari jarraikiz, Gobela ibaia 0. mailako zati gisa sartuta dago. Planaren aldaketaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik.

      3. Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: planaren aldaketa egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Ez dakar artifizialdu gabeko lurzoru berririk okupatzea, lehendik urbanizatuta dagoen eremu batean eragiten baitu. Eraikuntza-proiektuak eraikin berrien energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak har ditzake barnean.

      4. Planarekin loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta, bereziki, kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eraginpeko eremuarekin lotura duten esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

      Planaren aldaketaren xede den eremuak Berangoko Sabino Arana 1. eta 2. exekuzio-unitateak hartzen ditu barne. 1. exekuzio-unitateak 1.822 m2-ko azalera du, 2. exekuzio-unitateak, 3.189 m2-koa; eta hiri-lurzoru gisa sailkatuta daude.

      Eremu urbanizatua da, eta ez dago interes bereziko elementu naturalik. Gaur egun okupatu gabe dauden eremuko lursailetan, lorategi eta baratzeetako berezko landaredia dago, bai eta zenbait fruta-arbola ere.

      Gobela ibaia da ingurumen-baldintzatzaile nagusia; eremuaren ekialdeko mugatik igarotzen da. Eskuineko ertzean, eremuarekin mugakidea den lekuan, ez dago ibaiertzeko landaredi garaturik, eta zuhaitz ale solteak bakarrik identifikatu dira. Gobela ibaia arrain hiruarantzarentzako Interes Bereziko Eremu gisa katalogatuta dago Bizkaiko Foru Aldundiaren abenduaren 9ko 186/2008 Foru Dekretuan, espezie horren Kudeaketa Plana onestekoan.

      Ingurumen-arriskuak kontuan hartuta, eremuak akuiferoak kutsatzeko zaurgarritasun handia du, eta eremuaren zati handi batek 500, 100 eta 10 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuak ditu. Gainera, 1. exekuzio-unitatearen hegoaldeko zatia ibilguaren lehentasunezko fluxu-gunean dago. Gobela ibaia, Simon Otxandategi etorbidearen petik igarotzen den zatitik aurrera (eremuaren hegoaldean), uholde-arrisku potentzial handiko eremu (UAHE) gisa identifikatuta dago ES017-BIZ-IBA-03 kodeaz.

      Azpimarratu behar da eremuan flora-espezie aloktono inbaditzaileetako ale ugari identifikatu direla.

      Ez da aurkitu bestelako baldintzatzaile aipagarririk: planaren aldaketak xede duen eremuan ez dago naturagune babesturik, espezie mehatxaturik edo hezegunerik. Halaber, ez da interes geologikoko gunerik identifikatu, ezta Batasunaren intereseko habitatik ere. Ez dago Korridore Ekologikoen Sareko elementurik ere. Ez dago lurzorua kutsatu dezaketen jarduerak jasan edo jasaten dituzten lurzoru inbentariaturik ere.

      Zarata-iturri nagusiak Sabino Arana kaleko errepideko zirkulazioa eta Euskotrenen trenbidea dira. Inpaktu akustikoari buruzko azterketa egin da, gaur egungo egoeran eta etorkizuneko egoera batean (20 urtera). Azterlanaren arabera, bi testuinguruetan, gainditu egiten dira Euskal Autonomia Erkidegoko Hots-kutsadurari buruzko Dekretuan (urriaren 16ko 213/2012) ezarritako Kalitate Akustikoaren Helburuak (KAH). Etorkizuneko egoeran, gainditu egiten dira bizitoki-garapen berrietarako finkatutako kalitate akustikoko helburuak, aztertutako hiru tarteetan (egunez, arratsaldez eta gauez), bai kanpoko giroan, bai eta fatxadako hargailuetan ere. Neurri zuzentzaile gisa, errepideko trafikotik datozen soinu-mailak murriztera eta eraikinen barrualdean KAHak betetzera bideratutako jarduketak zehaztu dira.

      Inpaktu akustikoaren azterlanak trenbideko trafikoak eragindako bibrazio-mailak ere aztertu ditu. Ondorioztatu da kalkulatutako bibrazio-balioek ez dituztela gainditzen urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak finkatutako mugak, bizitoki-erabilerako eraikinen barrualdeko bibrazioetarako aplikagarri diren kalitate akustikoaren helburuei dagokienez.

      Proposatutako jarduketa positibotzat jotzen da, garatutako hiri-lurzorua leheneratzea ahalbidetuko duelako, eta ez delako lurzoru berririk okupatuko eta artifizialduko.

      Ondorioz, ingurumen-agiri estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa- eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Sabino Arana 1eko 1. exekuzio-unitateari loturiko Berangoko HAPOren aldaketa puntualari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

      Intereseko balio naturalak babesteko neurriak:

      Ingurune hidrikoa babestea: Jabari Publiko Hidraulikoan eta hura babesteko zortasun-eremuan ez da eragingo zuzeneko afektaziorik, ez eta zeharkako afektaziorik ere, sor litezkeen solido esekien edo arrastatutako edo jariatutako kutsatzaileen ondoriozkorik. Beharrezkoa izanez gero, jalkitzeko eta iragazteko luzetarako hesiak jarriko dira, eta/edo dekantazio-putzuak, horien bitartez ingurune hidrikora askoz ekarpen solido gutxiago egiteko.

      Intereseko fauna-espezieak babestea: Bizkaiko Foru Aldundiaren abenduaren 9ko 186/2008 Foru Dekretuan (Bizkaiko lurralde historikoan arrain hiruarantzaren, Gasterosteus aculeatus, Linnæus, 1758, Kudeaketa Plana onetsi duena, espezie kaltebera delako eta bere babesak berariazko neurriak eskatzen dituelako) (2008-12-19ko BAO) xedatutakoari jarraikiz, arrain hiruarantzaren interes bereziko eremuetan egin behar den eta espezieak erabiltzen duen habitataren ezaugarriak aldatzea dakarren edozein jarduketa egiteko, Nekazaritza Sailaren baimena lortu beharko da aurrez.

      Intereseko landaredia babestea: Gobela ibaiaren ertzeko zuhaitz ale autoktonoei ez eragiteko ahaleginak egingo dira. Obrak egiten hasi aurretik, zehaztasunez balizatuko dira afektazioetatik salbu geratu behar duten landareak, bai eta inausitako zuhaitzak ere, bota ez ditzaten.

      Espazio libreak lehengoratzea: eragindako espazio libreak eta landaredia lehengoratzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ondu zuen. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

      Espezie inbaditzaileen kontrola: identifikatutako flora aloktono inbaditzaileko aleak kenduko dira, eta eremuan eta inguruan ez hedatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.

      Hautemandako ingurumen-arriskuak saihesteko neurriak:

      Ustiaketako zarata: Planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenek eremu akustiko horretan aplikatzekoak diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezingo da baimenik eman etxebizitzak eta ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabilerako eraikinak eraikitzeko, baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren bat gertatzen ez bada behintzat.

      Nolanahi ere, eraikinen barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzera bideratutako neurriak hartu beharko dira, eraikineko gelaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

      Uholde-arriskua: arrisku horri dagokionez, Planak kontuan izan behar du indarreko Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan eta EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuan uholdeen aurkako babesari buruz ezarritako araudi espezifikoan xedatutakoa, bai eta Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 14 bis artikuluan ezarritakoa ere, betiere alde batera utzi gabe uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak (Uraren Legearen testu bategina onartzen duenak) 25.4 artikuluan aipatutako txostenean eskumena duen administrazio hidraulikoak ezarritakoa eta Uraren Legearen (ekainaren 23ko 1/2006) 7.k) artikuluan adierazitako txostenean Uraren Euskal Agentziak ezarritakoa.

      Ez da obrako instalazio lagungarririk jarriko (batez ere makineria-parkea eta garbigunea) uholde-arriskua duten eremuetan, uholdeen errepikatze-denbora edozein dela ere.

      Beste neurri babesle eta zuzentzaile batzuk.

      Bestalde, eraikuntza-proiektuetan eta hirigintza-obra osagarrietan aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta ura, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak gauzatzeko:

      Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko Legeak (uztailaren 28ko 22/2011) araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barne.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen Dekretuan (ekainaren 26ko 112/2012) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da (errege-dekretu hori amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitzeko eta murrizteko da), baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezarritakoa ere (amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena).

      Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen Errege Dekretuari (ekainaren 2ko 679/2006) jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Obretan hondeaketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legediaren arabera kudeatuko.

      Berangoko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko Legearen (ekainaren 25eko 4/2015) 22.2 artikulua betetzeko.

      Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea). Pilaketa-guneak, instalazio lagungarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Ahal dela, makineria ez da edukiko iragazgaiztu gabeko eremuetan.

      Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

      Zaratak lanak egin bitartean: Zaratari buruzko Legea (azaroaren 17ko 37/2003) garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituena; apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Obrak egunez egingo dira.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko Legean (maiatzaren 9ko 6/2019) ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta eraikuntza berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, etab.), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

      Eraikingintzako jasangarritasuna: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, Ihobek argitaratutako «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» dokumentuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energiaren ekoizpena eta/edo energiaren kontsumoa murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Sabino Arana 1eko 1. exekuzio-unitateari loturiko Berangoko HAPOren aldaketa puntualak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Berangoko Udalari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Bosgarrena. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean onartzen ez bada Sabino Arana 1eko 1. exekuzio-unitateari loturiko Berangoko HAPOren aldaketa puntual hori. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 22a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik