Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko ekainaren 21ekoa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez formulatu eta aldatzen baita Elmubas Ibérica SLri emandako ingurumen-baimen integratua, Azpeitiko udalerrian (Gipuzkoa) lagun egiteko animalientzako pentsua fabrika dezan eman zitzaiona.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 159
  • Hurrenkera-zk.: 4389
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/06/21
  • Argitaratze-data: 2021/08/11

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Ingurumeneko sailburuordearen 2018ko abuztuaren 3ko Ebazpenaren bidez, Azpeitiko (Gipuzkoa) udal-mugartean lagun egiteko animalientzako pentsua fabrikatzeko ingurumen-baimen integratua eman zitzaion Elmubas Ibérica SL enpresari.

2017ko abenduaren 24an, Errekuntza-instalazio ertainetatik zenbait agente kutsatzaile aireratzea mugatzeari buruzko abenduaren 22ko 1042/2017 Errege Dekretua jarri zen indarrean, zeinaren bidez eguneratzen baita Airearen Kalitatearen eta Atmosferaren Babesaren azaroaren 15eko 34/2007 Legearen IV. eranskina; izan ere, Elmubas Ibérica SLk haren aplikazio-eremuan sartzen diren instalazioak ditu.

2019ko urriaren 15ean, urriaren 10eko TEC/1023/2019 Agindua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean, zeinetan ezartzen baita noiztik aurrera eskatu ahal izango zaien nahitaezko finantza-bermea Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen III. eranskinean jasotako jarduerei ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren bidez 3. lehentasun-mailakotzat sailkatuak.

2019ko abenduaren 12an, Batzordearen 2019/2031 2019ko azaroaren 12ko Betearazpen Erabakia argitaratu zen Europako Batzordearen Aldizkari Ofizialean, zeinaren bidez ezartzen baitziren elikagaien, edarien eta esnearen industrietako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.

2020ko urtarrilaren 22an eta otsailaren 4an, hurrenez hurren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ziren: 209/2019 Dekretua, abenduaren 26koa, zeinaren bidez garatzen baita Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea; eta 2020ko urtarrilaren 23ko Agindua, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez jarraibide tekniko bat onartzen baita, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzkoa, lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotua.

2020ko urtarrilaren 27an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 4/2020 Dekretua, urtarrilaren 21ekoa, zeinaren bidez indargabetu egiten baita irailaren 25eko 183/2012 Dekretua, Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena.

2020ko ekainaren 19an, Estatuko lurraldean hondakinen garraioa arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean.

2020ko urtarrilaren 30ean, Elmubas Ibérica SLk jakinarazi zuen baimendutako proiektuan funtsezkoa ez den aldaketa bat egiteko asmoa zuela eta, aldaketa horren bidez, lehengaiak eta amaitutako produktuak biltegiratzeko ahalmena handitu nahi zuela. Horretarako, Gerrandi 1 lurzatia (lehen ISEQ enpresak erabiltzen zuena) eta I1-S4 lurzatia (Hormigones Lazcano enpresak erabiltzen zuena) gehitu zitzaizkion instalazioari. Jakinarazpen horrek AAI00335_MNS_2020_001 espedientea sorrarazi zuen, zeina Ingurumeneko sailburuordearen 2020ko otsailaren 18ko Ebazpenaren bidez amaitu zen, eta ebazpen horrek ez-funtsezkotzat jo zuen aldaketa.

2021eko otsailaren 8an, Elmubas Ibérica SLk ingurumen-baimen integratuaren funtsezko aldaketa egiteko eskabidea osatu zuen, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egin ostean, Elmubas Ibérica SLk lagun egiteko animalientzako pentsua fabrikatzeko Azpeitian duen instalazioan ekoizpen-ahalmena handitzeko proiekturako, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera honako dokumentazio tekniko hau aurkeztu zuen:

Proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana, ingurumen-baimen integratuaren funtsezko aldaketa eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko.

Laburpen ez-teknikoa.

Aurkeztutako dokumentazioaren askitasuna egiaztatu ondoren, Ingurumen Administrazioko zuzendariaren 2021eko otsailaren 24ko Iragarki bidez, Elmubas Ibérica SLk sustatutako proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana jendaurrean jarri ziren 30 laneguneko epean, egoki irizten ziren alegazioak aurkezteko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen aipatu iragarkia, 2021eko martxoaren 17an. Jendaurreko informazioaren izapidea bukatuta, ikusi da ez dela alegaziorik aurkeztu jendaurreko informazioaren izapide-epean.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 17. eta 18. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, eta ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, 2021eko martxoaren 18an, txostenak eskatu zizkien erakunde eskudunei (Azpeitiko Udala, URA-Uraren Euskal Agentzia, Gipuzkoako Urak-Gipuzkoako Ur Kontsortzioa, Ihobe, Gipuzkoako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Zuzendaritza Nagusia) eta gizarte-eragileei (Ekologistak Martxan Gipuzkoa, Eguzkizaleak eta Arkamurka Natur Taldea).

2021eko martxoaren 25ean eta 31n, eta apirilaren 6an eta 29an, hurrenez hurren, txostenak jaso ziren Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren, Ura-Uraren Euskal Agentziaren, Gipuzkoako Urak Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren eta Azpeitiko Udalaren aldetik.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikuluan xedatuta dagoena aplikatzeko, 2021eko maiatzaren 27an, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak sustatzaileari igorri zion jendaurrean jartzeko izapidearen eta administrazio ukituei eta pertsona interesdunei kontsultatzeko izapidearen emaitza.

AAI00335_MS_2020_002 espedientean, Elmubas Ibérica SLk 1042/2017 Errege Dekretuko I. eranskinean zerrendatutako informazioa aurkeztu du.

2021eko ekainaren 4an, Elmubas Ibérica SLren eskura jarri zen espediente osoa, eta bertan txertatu zen Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak prestatutako ebazpen-proposamenaren zirriborroa ere.

2021eko ekainaren 9an, Elmubas Ibérica SLk igorritako idazki batean, merkataritza-sozietate horretara bidalitako ebazpen-proposamenaren zirriborroari buruzko alegazioak egin zituen, zirriborroan aurkitutako zenbait huts eta baieztapen okerren gainekoak, eta ingurumen-baimen bateratuan aldaketa zehatz batzuk egiteko eskatu zuen.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak 1. artikuluan ebazten duenaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hura lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak 9. artikuluan xedatzen duenaren arabera, ingurumen-baimen integratua behar da haren 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozeinetan aritzen diren instalazioak ustiatzeko. 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua berau aplika daitekeen instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena ematen parte hartuko duten administrazio publikoen artean koordinatuta egongo den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzeko. Era berean, indarrean dagoen araudian jasotako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira. Elmubas Ibérica SLren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: kolektorera hondakin-urak isurtzekoa eta atmosferara emisioak egitekoa, eta, ingurumen-izaerako beste zehaztapen batzuen artean, hondakinak sortzeari eta lurzoruko eta lurpeko uretako kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Gainera, egiaztatu da espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dutela, aginduzko txostenak igorriz.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak 10. artikuluan xedatzen duenaren arabera, funtsezko aldaketa da Elmubas Ibérica SLk Azpeitiko instalazioetarako proposatutakoa; lagun egiteko animalientzako pentsua fabrikatzeko instalazioan ekoizteko ahalmena handitzea.

Era berean, Ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan sartzea, eta, aukerarik egokienak hautatzeari dagokionez, ingurumenean dauzkan ondorioen analisia egitea jarduerek eragindako metaketa- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Aipatutako abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.d artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egingo zaie.

Halaber, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) bere 11.4 artikuluan, eta Ingurumen Ebaluazioko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 14. artikuluak ebazten dutena aplikatzeko, autonomia-erkidegoek beharrezkoa dena xedatuko dute ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako jarduerak eta autonomia-erkidegoko araudian ingurumen-inpaktua ebaluatzeko ezarritako beste figura batzuk ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran txertatu ahal izateko, hala eska badaiteke eta autonomia-erkidegoak horretarako eskumena badu.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean adierazitakoari jarraikiz, ingurumen-organoak neurriak hartu ditu ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jarduerak ingurumen-baimen integratuaren prozeduran txertatzeko. Alde horretatik, aipaturiko prozedura horren izapideetan, proiektuak ingurumenean izan ditzakeen eragin guztiak batera bildurik hartu dira kontuan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren ikuspegitik, eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginean jasotako ingurumen-preskripzioen ikuspegitik zehaztearren proiektuaren bideragarritasuna zenbaterainokoa den. Bateratze hori ikus daiteke, halaber, ingurumen-baimen integratua emateko ebazpen-proposamenaren aurreko proiektuaren balioespen orokorrean. Ebazpen honetan ere sartuta dago ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aipatutako prozesuaren emaitza. Horretarako, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten du lehenengo apartatuan, aldeko irizpenarekin, eta aukeratutako kokapenean proiektua bideragarria dela adierazten du, ingurumen-ondorioei soilik erreparatuta; proiektua zer baldintzatan gauzatu behar den ere ezartzen du, eta baldintza horiek koherenteak dira abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina aplikatuz proiektuari ezarriko zaizkion neurri zuzentzaileekin.

Azkenik, adierazi behar da ebazpen honek teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak kontuan izan dituela, bai instalazioak gehienez isur eta igor ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak zehazteko, bai, ingurumen osoa ahalik eta gehien babesteko helburuz, instalazioaren ustiapenari ezarriko zaizkion bestelako baldintzak erabakitzeko. Zehazki, Europako BREF dokumentuen edukia hartu da kontuan, «Best Available Techniques (BAT) Reference Document for the Food, Drink and Milk Industries. 2019».

Orain arte azaldutakoari jarraikiz, espedienteko txostenak aztertu eta proiektuaren ingurumen-ebaluazioa egin ondoren, ebazpen hau idazteari ekin zaio, eta Elmubas Ibérica SLk sustatutako proiektuari aplikagarri zaizkion baldintzak sartu, hargatik eragotzi gabe abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan aurreikusitako entzunaldi-izapidearen ondoriozkoak.

Honako xedapen hauek ikusi dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Lehenengoa. Ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena egitea Elmubas Ibérica SLk Azpeitian duen lagun egiteko animalientzako pentsua fabrikatzeko instalazioan ekoizpen-ahalmena handitzeko proiekturako (AAI00335_MS_2020_002 espedientea), ebazpen honen hirugarren eta laugarren apartatuetan ezarritako baldintzetan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 2. taldeko b) epigrafean jasota dago proiektua: «Animalia- eta landare-produktuak ontziratzeko eta lataratzeko industria-instalazioak, lehengaia animalia denean (esnea izan ezik), egunean 75 tona produktu bukatu ekoizteko gaitasuna izanez gero (hiruhileko batez besteko balioak); landare-lehengaiak baliatzen dituzten instalazioak, egunean 300 tona produktu bukatu ekoizteko gaitasuna izanez gero (hiruhileko batez besteko balioak); edo animalia- eta landare-lehengaiak baliatzen dituzten instalazioak, egunean 75 tona produktu amaitu ekoizteko gaitasuna izanez gero (hiruhileko batez besteko balioak).

Bigarrena. Egoitza soziala Gerratxiki kaleko 6 zenbakian (Azpeitia, Gipuzkoa) duen eta B-20104055 IFK zenbakia duen Elmubas Ibérica SLri ingurumen-baimen integratua ematea lagun egiteko animalientzako pentsua fabrikatzeko instalaziorako (leku horretan bertan kokatua), ebazpen honen laugarren apartatuan zehaztutako baldintzen arabera. Jarduera jasota dago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskineko kategoria honetan:

1.b) Elikagaiak edo pentsuak fabrikatzea xede duten honako lehengai hauen aurrez tratatuak edo tratatu gabeak izan daitezke tratamendua eta eraldaketa (ontziratze hutsa izan ezik):

  1. Animalia- eta landare-lehengaiak soilik, biak konbinatzen dituzten produktuetan zein bereizita, gutxienez eguneko produktu amaituen tona kantitate hau ekoizteko gaitasunarekin:

    75, baldin A hamar edo gehiago bada, edo

    [300 (22,5 × A)], gainerakoetan, non "A" produktu amaituak ekoizteko gaitasunaren animalia-materia zatia den (pisuaren ehunekoan).

    Ontzia ez da produktuaren amaierako pisuaren barruan sartuko. Azpiatal hau ez da aplikagarria izango lehengaia esnea bakarrik denean.

Gaur egun, enpresak guztira 24.000 m2-ko azalera du oinplanoan horietatik 17.600 m2 azalera estaliari dagozkio, eta 4 eraikinetan dago banatua.

Zubiola eraikina: 3.782 m2.

Bastida-Elmubas eraikina: 5.811 m2.

Jateko eraikina: 6.000 m2.

Antzibar eraikina: 2.000 m2.

Urtean 200.000 tona pentsu ekoizten ditu maskotentzat. Aldaketa-proiektuaren bidez, urtean 400.000 tona ekoitzi nahi ditu, alegia, ekoizpen-ahalmena bikoiztu.

Enpresak bere instalazioak handitzea planteatu du, gaur egungo instalazioekin muga egiten duten bi kokalekutan. Horietako bat I1-S4 izeneko lurzatiei dagokio (6.908,48 m2-ko azalera dute guztira), eta bertan, hormigoia ekoizteko instalazio baten eraikuntza-hondarrak daude. Instalazio zahar horien zati bat eraitsi egingo da, eremu berriak gaitzeko, eta lehengaia siloetan biltegiratu eta elikagaiak ekoitzi ahal izateko.

Beste kokalekua erabiltzen ez den pabiloi industrial bat da (ISEQ pabiloia edo Gerraundi-1 lurzatia deitua), 10.386 m2-ko azalerakoa, eta produktu amaitua ontziratzeko eta biltegiratzeko eraikin gisa gaituko da. Pabiloi horren beheko solairuak 8.477 m2 izango ditu; horietatik 1.972 m2 ontziratze-prozesura bideratuko dira, 6.185 m2 biltegiratze-prozesura eta 320 m2 bulegoetara (ez dira erabiltzen).

Produktua pasabide baten bidez lekualdatuko da gune batetik bestera, enpresak Gerratxiki kalean duen lantegian bezalatsu.

Instalazio berriek 16.637,3 m2-ko azalera dute oinplanoan, eta horietatik 2.331,27 m2 I1-S4 lurzatian eraikiko den eraikinari dagozkio. Azken horretan, eraikin berriaz gain, estalitako beste eremu batzuk egokitu dira galdara-gela berrirako eta egoera likidoan dauden lehengaien deposituetarako.

Ekoizpen-prozesuak honako prozesu hauek ditu:

  1. prozesua. Lehengaien harrera eta kudeaketa.

    Gaur egun, 80 silo daude lehengaia biltegiratzeko (10-250 tona biltegira ditzakete), Bastida eta Elmubas eraikinetan dauden bi atakez gain.

    Proiektatutako handitzearekin, lehengaiak hartzeko beste eremu bat gaituko da I1-S4 lurzatian eraikiko den pabiloi berrian. Lehengaiak deskargatzeko bi ataka instalatuko dira: bata eraikinaren beheko solairuan (kamioietan soltean hornitutako produktua hartzeko) eta bestea goialdean (big-bag deituetan hornitutako produktua hartzeko). Horietatik, lehengaiak kasuan kasuko biltegiratze-siloetara garraiatuko dira. Lehengai solidoetarako 55 silo instalatuko dira, eta likidoetarako beste 16. Siloek edukiera desberdinak dituzte, 18 m3 eta 173 m3 artekoak.

    Jasotako produktua garraiatzeko erabiliko diren garraio-sistemak lehengaiaren egoeraren araberakoak izango dira. Egoera solidoan dauden lehengaien kasuan, lehengaiak hari amaigabeekin itxitako zirkuitu, kate bidezko arraste-garraiatzaile eta putzupada-jasogailuen bidez garraiatuko dira biltegiratze-siloetara. Bestalde, lehengai likidoak zisterna-kamioitik biltegiratze-silora ponpatuko dira. Garraio-sistema horiek gorputz arrotzak hautatu, bahetu eta kontrolatzeko ekipamenduak izango dituzte, produktuak biltegiratu aurretik tratatzeko.

  2. prozesua. Dosifikazioa.

    Biltegiratutako lehengaiak dosifikazio-sistema automatizatu batetik igarotzen dira, eta bertan, produktua egiteko kantitatea ateratzen da. Gaur egun, bi dosifikazio-baskula daude: bat Bastida eraikineko siloei atxikita, eta bestea Elmubas eraikinari atxikita.

    Instalazioak handitzean, I1-S4 lurzatian dosifikaziorako beste 4 baskula instalatuko dira eta, erauzgailuen bidez, dosifikatu beharreko osagaiak bidaliko zaizkie lehengaiak biltegiratzeko siloetatik. Erauzketa-hariek 40 tonako ahalmena izango dute orduko; izan ere, horixe da instalazio berriak izango lukeen orduko ekoizpena.

    Produktua kateko arraste-garraiatzaile eta putzupada-jasogailu gaindimentsionatuen bidez ateratzen da, egindako pisaldi bakoitza dagokion unean iritsi dadin erroten gaineko itxarote-gordailuetara.

  3. prozesua. Ehoketa.

    Dosifikatutako nahasketa ehotze-prozesutik igarotzen da, erabilitako lehengaiaren partikulek 1-1,5 mm-tik gorako tamaina izan ez dezaten. Prozesu hori bi fasetan egiten da: lehenengo, aurre-ehoketa egiten da bi mailu-errota horizontaletan, eta gero, beste ehoketa bat egiten da, aurreko ezaugarri berberak dituzten lau mailu-errota horizontal erabiliz; dena den, azken horiek potentzia handiagoko motorrak eta bolumen handiagoko ehotze-ganbera bat dute.

    Errota bakoitzak mahuka-iragazki bat dauka, dagokion xurgatze-haizagailuarekin, bere hedapen-toberara akoplatuta. Ehotze-prozesua amaitu ondoren, ehotako produktua 10 m3-ko itxarote-tobera batera eramaten da.

    Ekoizpen-instalazio berrian bikoiztu egingo dira lehendik dauden ekipamenduak; horrela, aurre-ehoketarako 150 KW-ko 2 ekipamendu egongo dira, eta 315 KW-ko 4 ehotze-ekipamendu.

    Instalazioak handitu ondoren, 12 ekipamendu egongo dira; horietatik, 4 aurre-ehoketara bideratuko dira, eta gainerako 8ak, berriz, bigarren ehoketaz arduratuko dira.

  4. prozesua. Nahasketa.

    Ehotako produktua helize bikoitz jarraituko nahasgailu horizontalera igarotzen da, 8.000 litroko edukiera erabilgarria duena. Nahasgailua errotetatik betetzen den itxarote-tobera batetik eta itxiera pneumatikoa duen tobera batetik elikatzen da, beharrezkoa izanez gero, mikro-osagaiak sartu ahal izateko. Nahasketa egin ondoren, lortutako produktua deskarga azkarreko itxitura pneumatiko baten bidez deskargatzen da, eta 20 biltegi-silotara igarotzen da, nahasketak biltegiratzeko.

    Instalazioak handitzean, nahasketarako ekipamendu berri bat jarriko da, gaur egun dagoenaren ezaugarri berdinekoa, eta guztira, bi nahasketa-ekipamendu izango dira.

  5. prozesua. Estrusioa.

    Estrusio-prozesuan ur-lurruna aplikatzen zaio nahasketa dosifikatuari, produktua egosi eta nahi den forma emateko, betiere presio eta tenperatura altuko baldintzetan.

    Gaur egun, 3 estrusio-lerro daude. Honako ezaugarri hauek dituzte:

    Estrusio-makina txikiak orduko 4 tona ekoizteko ahalmena izango du.

    BIKI estrusio-makina ertaina, kanoi bikoitzekoa; 10 tona orduko.

    IBAI estrusio-makina handia; 18 tona orduko.

    Instalazio berrien diseinua dela-eta, 40 tona ekoitzi ahal izango dira orduko, eta beraz, beste 3 estrusio-lerro instalatuko dira; bik 15-18 tona ekoitzi ahal izango dituzte orduko, eta besteak 9-11 tona. Lehen fasean, 2 lerro muntatzea aurreikusten da (9-11 t/h eta 15-18 t/h ahalmena dutenak), eta bigarren fasean, orduan 15-18 tona ekoizten dituen bigarren lerroa.

  6. prozesua. Lehortzea, koipeztatzea eta hoztea.

    Produktuaren estrusioa egin ondoren, materiala lehortze-, koipeztatze- eta hozte-prozesu batetik igarotzen da. Estrusio-makina bakoitzak lehorgailu bat dauka atxikita, eta, beraz, produktua 130 şC-ko tenperaturan eta % 0,1 eta 0,2 arteko hezetasunarekin lehortzen da. Lehorgailu horiek erregailuekin funtzionatzen dute, eta erregailuek gas naturala erabiltzen dute erregai gisa. Lehorgailutik irtetean, produktua bibrazio-baheketa batera garraiatuko da, finak kentzeko helburuarekin.

    Urrats horretan, koipeak eta palatagarriak gehitzen zaizkio produktuari, egin nahi den erreferentziaren arabera. Osagai horiek 50-60 şC arteko tenperaturan gehitzen dira, koipeak solidotu ez daitezen.

    Azkenik, produktua hozten da, aire hotza (zikloia) xurgatzen duen haizagailu zentrifugo batzuen bidez. Estrusio-makina bakoitzak bere lehortze-, koipetze- eta hozte-ekipamendua dauka atxikita, produktuen artean nahasketarik ez gertatzeko.

    Elmubasen gaur egungo instalazioetan 3 lehorgailu daude. Instalazio berrian beste 3 ekipamendu ezarriko dira, lehorgailu, koipeztagailu eta hozkailuekin osatuak. Beraz, guztira 6 lehorgailu, 6 koipeztagailu eta 6 hozkailu egongo dira.

  7. prozesua. Amaierako produktua ontziratzea eta biltegiratzea.

    Prozesuaren azken urratsa amaierako produktua ontziratzea, biltegiratzea eta bidaltzea da. Biltegiratze-siloetatik produktua hornituko da ontziratze-lerro bakoitzera. Gaur egun, Zubiola, Jateko eta Elmubas eraikinetan egiten da ontziratzea, eta 18 ontziratze-lerro daude horretarako. Aurreikusita dagoen ekoizpen-hazkundearekin, beste 4 ontziratze-lerro gaitu dira ISEQ pabiloian; halere, pabiloi hori 12 ontziratze-lerro hartzeko prestatuta dago.

    Produktua ontziratu eta paletizatu ondoren, bidaltzeko moduan biltegiratuko da. Amaitutako produktua Zubiola, Jateko, Antzibar eta Elmubas instalazioetako siloetan biltegiratzen da. Gaur egun, amaitutako produktua biltegiratzeko 85 silo daude (10-16 tonako edukiera). Aurreikusitako handitzearekin, amaitutako produktua biltegiratzeko beste 72 silo instalatuko dira ISEQ pabiloian.

    Horrenbestez, ontziratze- eta biltegiratze-lerroak 22 ontziratze-lerro izango ditu printzipioz; beraz, amaitutako produktua biltegiratzeko 157 silo egongo dira guztira.

    Ur-hornidurari dagokionez, Bastida eraikinean, lurpeko hargune bat dago. Ura-Uraren Euskal Agentziak hala baimenduta, urtean 27.000 m3 ur har ditzake. Handitzearen bidez, beste hargune bat gaituko da Lazkano eraikinean, modu berean baimendua. Alderantzizko osmosi bidez araztu, eta galdaretan lurruna ekoizteko erabiltzen da. Sareko ura erabiltzen da makinak eta komunak garbitzeko. Gaur egungo ur-balantzean, urtean bildutako 27.000 m3-etatik, 11.500 m3 lurrun gisa galtzen dira, eta gainerakoa produktuari gehitzen zaio. Sareko uraren 2.280 m3-k kolektorean amaitzen dute, ur beltz eta garbiketako ur gisa. Instalazioak handitzean, beste horrenbeste ur hartuko da putzutik, 54.000 m3-ra arte, sareko 500 m3 ur gehiago erabiliko da, 2.780 guztira. Kolektorera isurtzeko beste puntu bat aurreikusten da.

    Gaur egungo instalazioak 16.000 MWh energia elektrikoko eta 52.500 MWh gas naturaleko energia-kontsumoa dauka; handitzean, zifra horiek bikoiztu egingo dira. Gasolioa erabiltzen da orga jasotzaile batzuetarako, eta 10.000 litroko gordailu bat dago Antzibar eraikinaren ondoan. Lehendik dauden orga batzuek gas naturalarekin funtzionatuko dute, baita handitze-lanetarako erabiliko diren guztiek ere. 10.000 litroko gordailu bat dago erregai horretarako, hura ere Antzibar eraikinaren ondoan. Galdarak ekoizpen-prozesuan sortzen duen lurruna enpresaren berokuntza-sisteman baliatzen da. Hargune elektrikorako, bi transformadore-gela daude Elmubas eraikinean, baita transformadore bat ere, Lazkano eraikinaren handitzerako; ISEQ eraikinean dagoen transformadorea ere aprobetxatuko da.

    Atmosferara egiten diren emisio nagusiak honako hauek dira: lehengaiak ehotzean eta nahastean sortzen diren partikulak, eta gas-galderek eta lehorgailuek sortutako errekuntza-gasak. Errotek mahuka-iragazkiak dituzte, eta berreskuratutako hautsa prozesura itzultzen da. Galdarek estrusiorako ur-lurruna ematen dute; gaur egun, SINCAL galdara nagusia dago, 4.400 MW-ko bero-potentzia duena, eta YGNIS larrialdi-galdara, 1.498 MW-koa. Handitzerako, 4.400 MWt-ko hirugarren galdara bat instalatzea aurreikusten da. Estrusio- eta ontziratze-eremuetan hauts-emisio lausoak xurgatzeko sistema bat dago. Atzemandako hondakin finak ere prozesura gehitzen dira.

    Estrusio-makinak eta lehorgailuak usain-iturri handiak dira. Gaur egungo instalazioko emisioak plasmazko gailu ez-termiko bakar batekin bildu eta tratatzen dira. Handitzerako, hiru gailu independente instalatzea aurreikusten da, horiek ere plasma ez-termikokoak, estrusio-makina eta lehorgailu bakoitzeko bana Murrizketa-sistema horiez gain, bulkada-dispertsiorako turbinak (eolajea) instalatu ahal izango dira.

    Ekoizpen-prozesu nagusiak, estrusio eta lehortzekoak, ez du isurketarik sortzen; ur gehiena lurrun gisa aireratzen da (hartutako bolumenaren % 42). Alderantzizko osmositik eratorritako errefusa (hartutako bolumenaren % 18), kaltzio askokoa denez, produktuari gehitzen zaio, eta ez da isurtzen. Hondakin-urak (ur beltzak eta elikagai-makinen garbiketakoak) hiri-isuritzat hartzen direnez, Gipuzkoako Uren kolektorera bideratzen dira. Zubiola eraikinaren hegoaldean kontrol-kutxatila bat dago (PV1); hari konektatuko zaio, halaber, I1-S4 lurzatiko isuria. ISEQ eraikinak bere kutxatila izango du handitutako instalazioan (PV2). Euri-urak Ibaieder ibaira isurtzen dira.

    Prozesu nagusiak ez du hondakin arriskutsurik sortzen; horrelakoak, zerbitzu orokorretan sortzen dira, eta, zehazki, urtean 2 tona baino gutxiago dira. Elikagai-industria denez, makinak elikadura-erabilerako koipeekin koipeztatzen dira. Emisio atmosferikoen arazte-sisteman jasotako partikulen zati bat ekoizpen-prozesura birbideratzen dira; hala, hondakinen sorkuntza ekiditen da. Hondakin arriskugabeak, batik bat, hauek dira: bilgarriak, lehengaien hondarrak eta txatarra.

    Lagun egiteko animalientzako pentsuak fabrikatzeko jarduketa jasota dago 1069/2009 (EE) Erregelamenduan (SANDACH erregelamendua), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarenean, 2009ko urriaren 21ekoan.

    Elmubas Ibérica SLren jardueran, Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 Betearazpen Erabakian (EB) jasotzen diren teknika erabilgarri onenetako batzuk aplikatzen dira, elikaduraren, edarien eta esnearen industrietarako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen baititu, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera. Zehazki:

    7a) TEO: Prozesuan bertan ur-korronteak birziklatzea (alderantzizko osmositik eratorritako errefusa).

    a) eta b) TEO: Mahuka-iragazkiak eta zikloiak.

    Era berean, ebazpen honetan honako hauek preskribatzen dira:

  1. TEO: Zarataren kudeaketa-plana.

  1. TEO: Usainen kudeaketa-plana.

    Hirugarrena. Elmubas Ibérica SLk Azpeitian duen lagun egiteko animalientzako pentsua fabrikatzeko instalazioan ekoizpen-ahalmena handitzeko proiekturako egokitzapen- eta muntaketa-baldintza hauek ezartzea.

    1. Proiektua egikaritzen hasteko epea.

      Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko; ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasiko da kontatzen epea. Hori igaro, eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondorioak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren izapidea, non eta ez den erabakitzen ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren indarraldia luzatzea. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat. Horretarako, sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko dio, gutxienez hilabete lehenago, noizko aurreikusten den proiektua egikaritzen hastea.

    2. Instalazioa egokitzeko eta muntatzeko baldintza orokorrak.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera beteko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

      1. Jarduketa-eremua mugatzea.

    1. Proiektuak adierazitako esparruan egingo dira obrak eta lurzoruaren okupazioa dakarten lan osagarriak. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatutako mugetatik kanpo zirkulatzea.

    2. Aipatu esparrutik kanpo ustekabean gertatutako afektazioen kasuan, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak aplikatuko dira.

      2. Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

    1. Drainatze-sare naturalera ahalik eta hondakin fin gutxien isuriz egingo dira lanak. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta solido esekiei eusteko sistemak proiektatu eta, kasua horrela bada, gauzatu egingo dira, kutsa daitezkeen urak haietara biltzeko.

      Hormigoi-upelak berariaz egokitutako eremuetan garbituko dira. Hormigoi-esnea ezingo da inola ere isuri ibilgura. Hormigoiaren hondakinak ebazpen honetako hirugarren apartatuaren B.5 puntuan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

    2. Obratako makinak gordetzeko azalera eta horren mantentze-lanak egiteko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango dute, olioa eta erregaiak direla-eta lurzorua eta ura kutsa ez daitezen. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko ohiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

      3. Zaratak, dardarak eta horien eraginak gutxitzeko neurriak.

    1. Eraikitzeko fasean, beharrezkoak diren obrarako jarraibide egokiak aplikatuko dira, obra-makinen mantentze-lan orokorrei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

    2. Zaratari buruzko Legea (azaroaren 17ko 37/2003 Legea) garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

      4. Hauts-emisioak murrizteko neurriak.

    1. Ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira obra-guneen irteeran.

    2. Hezetasun-egoera egokietan garraiatuko da indusketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

      5. Hondakinak kudeatzeko neurriak.

    1. Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak, hau da, obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak, bilgarriak, baztertzen diren lehengaiak eta garbiketa-lanetako soberakinak, Hondakinei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikagarri diren araudi zehatzetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

      Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

    2. Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

      Aipatu 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat gehitu beharko du oinarrizko proiektuetan eta obra gauzatzeko proiektuetan; azterlan horrek, I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

      Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Plan hori obraren kontratu-agiriei erantsiko zaie.

    3. Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

      Jardueraren soberakinak betelanetarako erabiltzen badira, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutako baldintzak bete beharko dituzte betegarri horiek.

      Soilik A-EBA ebaluazioko balio adierazgarrietatik beherako eduki kutsatzaileak dituzten materialak utzi ahal izango dira lursailak betetzeko edo egokitzeko, lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean jasotakoari jarraikiz.

    4. Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte; ontzi horiek itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, substantziak isuri edo lurrundu ez daitezen.

      Aipatutako edukigailuak edo ontziak etiketatu egin beharko dira argi eta irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, indarreko araudiaren arabera.

    5. Sortutako olio erabilia industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da.

      Erabilitako olioak aldi baterako biltegiratzea, hau da, baimendutako kudeatzaileak biltzen dituen arte, ontzi edo segurtasun-sistema batean gordetako deposituetan egingo da, horrela, biltegi nagusiak haustura edo galeraren bat izanez gero, olioa sakabanatzea saihesteko.

    6. Hondakinak kudeatzeko araudia errazago bete ahal izateko, hainbat lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

    7. Aurrekoaren ildotik, gune espezifiko bat prestatuko da, eta bertan jarriko dira hondakin arriskutsuak olio-latak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar aldi baterako gordeko dituzten instalazio estaliak; horietatik bereizita, edukiontzi espezifikoak jarriko dira hondakin arriskugabeentzat eta geldoentzat. Edukiontzi horiek itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurtze edo lurruntze bidez edukirik ez galtzeko. Orobat, obrak egiten ari diren bitartean sortzen diren hondakinak biltzeko elementu estankoak (bidoiak eta abar) instalatu behar dira; elementuok hondakin moten arabera bereizi behar dira. Gero hondakinok aurrean aipatutako gune garbira eramango dira.

    8. Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten ulergarri bat egin beharko da, eta indarreko legedian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

      6. Indusketa-lanetarako eta lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko hartuko diren neurriak.

      Jarduera potentzialki kutsakorrak izan dituzten lurzoruen inbentarioaren eguneraketarekin bat etorriz, Elmubas SLk proposatutako instalazioaren handitzea aurreikusten den lurzatia 165/2008 Dekretuan adierazitako kokaleku bat da (165/2008 Dekretua, irailaren 30ekoa, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoa). Horrenbestez, aipatu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, egokia da lurzoruaren kalitate-adierazpena izapidetzeko prozedura abiaraztea, indusketa-lanak egin eta instalazioa bera ezarri aurretik. Egin beharreko lur-mugimenduetarako, ezinbestekoa izango da organo honek aurrez onartzea indusketa-plan selektibo bat, prozedura egokiaren barruan.

      Aurrekoa baztertu gabe, instalazioa ezarriko den lursailetik kanpora eramatea aurreikusten den induskatutako materialei dagokienez neurri hauek hartu beharko dira:

      Aurrez aipatutakoa baztertu gabe, instalazioa ezarriko den lursailetik kanpora eramatea aurreikusten diren induskatutako materialei dagokienez, ondoren adierazten diren neurri hauek hartu beharko dira, arau orokor gisa:

      https://www.ihobe.eus/Publicaciones/Ficha.aspx?IdMenu=97801056-cd1f-4503-bafa-f54fa80d9a44&Cod=945c8d73-130b-4e34-ac67-5ab96dfb55ae&Idioma=eu-ES:

    1. Induskatu beharreko material guztiak hondakin gisa karakterizatu beharko dira, bi helbururekin: egon daitekeen kutsaduraren ondorioak prebenitzea, eta material horiek behar bezala kudeatzeko bideak zehaztea. Materialak modu egokian bereiztea kontuan hartuko da, kutsadura desberdinei lotutako geruzak nahas ez daitezen.

    2. Materialak hondakindegietan biltegiratzea badago aurreikusita, karakterizazioa hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatua izango da. Oro har, laginketa gauzatzeko, gidaren 10.2.6 apartatuan (Induskatu behar diren lurzoruetan in situ egindako laginketa) biltzen diren induskatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideei jarraituko zaie.

    3. Aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutako A-EBA ebaluazioko balio adierazleak eta TPHtarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelan batean.

    4. Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalarekin pareka daitekeen substratu harritsu meteorizatua bada, apartatu honetan gainerako indusketa-materialetarako aurreikusitako neurri berak aplikatu ahal izango dira.

    5. Aurreikusitako indusketa-prozesuan lurpeko ura dagoela detektatzen bada, berehala karakterizatu eta kudeatu edo isuri egin beharko da, eta kasu horretan tratamendu-kontratu egokia izan beharko da, edo, bestela, isurtzeko baimen egokia, eta kasu bakoitzean ezarritako eskakizunak bete egin beharko dira.

    6. Indusketa-lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko ere, ebazpen honen hirugarren apartatuaren B.5 puntuan jasotako neurriak aplikatu beharko dira.

    7. Langile guztien laneko segurtasuna eta osasuna bermatzeko, indusketa-lanetan zehar, erakundeak bete eta betearazi beharko ditu Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeko xedapenak, bai eta indarrean dauden eta aplikagarriak diren bestelako xedapenak ere.

      7. Kultura-ondarea babesteko neurriak.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Orokorrari; gero, beharrezkoa izanez gero, hark erabakiko du zer neurri ezarri.

      8. Obraren garbiketa eta akabera.

      Behin obra amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginaren mende egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko.

      9. Jarraibide egokien kontrola obren garapenean zehar.

      Obren jardunbide egokien kontrola egingo da, eta bereziki kontuan hartuko dira honako alderdi hauek: hondakinen kudeaketa, indusketa-soberakinena ere aintzat hartuz, hautsa eta zarata sortzea eta txosten honetan adierazitako bestelako alderdiak.

      10. Obraren amaierako txostena.

      Sustatzaileak obraren amaierako txostena bidali beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari; obrak egin bitartean izan diren gertaeren berri emango du bertan, eta ebazpen honetan nahiz ingurumen-inpaktuaren azterlanean jasotako neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino betetzen diren azalduko du, eta ingurumen-organoak indusketa-materialak behar bezala kudeatzeko ezarritako neurrien berri ere emango du.

      Horrekin batera, eta hala badagokio, proiektua gauzatu bitartean sartutako aldaketak xehetasunez dokumentatu beharko dira, eta ingurumenaren gaineko eraginaren ikuspegitik duten justifikazioa azaldu. Halaber, eraikuntza-fasean ingurumen-arloan eginiko behaketa-programaren emaitzak eta indusketa-materialen erabilera zehatza dokumentatu behar dira, material horien kuantifikazio eta ezaugarriei buruzko datuak barne hartuta.

      Laugarrena. Lagun egiteko animalientzako pentsua fabrikatzeko jarduera ustiatzeko eta bertan behera uzteko baldintza eta betekizun hauek ezartzea.

    1. Administrazioarekiko harremanen arduraduna.

      Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik badago, Elmubas Ibérica SL enpresak aldaketa horien berri emango du.

    2. Neurri babesle eta zuzentzaileak.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala ezarriko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo apartatuetan ezarritakoari jarraituz:

      1. Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

      1.1. Baldintza orokorrak.

      Elmubas Ibérica SLren lantegiaren ustiapenean bete beharreko baldintzak dira atmosferara egingo diren emisioek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako baldintza teknikoak betetzea.

      Prozesuan zehar aireratzen den gai kutsatzaile oro bildu eta bide egokienetatik kanporatuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

      Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango emisio ez-zarratuak biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

      Neurri egokiak hartuko dira istripuzko emisiorik ez egiteko, eta haien efluenteek giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatuko eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

      Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan adierazitako betebeharrak bete beharko dituzte instalazioaren titularrek.

      Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

      Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako IKE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahalko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

      1.2. Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

      Lagun egiteko animalientzako pentsuak fabrikatzen dituen Elmubas Ibérica SLren instalazioan jarraian adierazten diren jarduerak garatzen dira. Urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuak atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratu zuen, eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatu. Bada, instalazioan, dekretu horretan xedatutakoaren arabera katalogatutako jarduera hauek egiten dira:

      (Ikus .PDF)

      Instalazioak honako foku kanalizatu hauek ditu: 1etik 13Dra bitarteko zenbakiek lehendik dagoen instalazioari egiten diote erreferentzia, 15etik 23ra bitartekoek lehen handitze-faseari, eta 24tik 27ra bitartekoek bigarren handitze-faseari.

      (Ikus .PDF)

      Foku ez-sistematiko horietako bat urtean batez beste hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasako balitz eta aldi bakoitzak ordubete baino gehiago iraungo balu, edo, maiztasuna edozein dela ere, emisioen iraupena orokorrean hartuta instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bost baino handiagoa bada, emisio-foku sistematiko gisa araupetu beharko da.

      Urte jakin batean foku sistematiko batek foku ez-sistematiko batek bezala funtzionatzen badu, ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan. Ondoko urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek ez badute bere horretan jarraitzen. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.

      1.3. Emisioen muga-balioak.

      Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren emisioetan ez dira gaindituko emisioen muga-balio hauek:

      (Ikus .PDF)

      Balio horiek baldintza hauekin lotuta daude: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra. Galdaren kasuan, errekuntza-gasen neurriak, NOx eta CO, % 3ko oxigenora zuzenduko dira.

      Emisio-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duena beteko da. Ikusten bada emisioen muga-balioren bat ez dela betetzen, behar diren neurri zuzentzaileak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, neurri zuzentzaileen eta haien epeen berri eman beharko zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.

      1.4. Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.

      Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximinien gailurrak ez dira egongo laugarren apartatuko B.1.2 azpi-apartatuan ezarritako goreneko kotatik behera. Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

      Emisio lausoak minimizatzeko helburuarekin, ihesak antzemateko ekipamenduak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.

      1.5. Usainei buruzko baldintzak.

      Ahalik eta usain gutxien jariatzeko moduan ustiatuko da instalazioa. Elmubas Ibérica SLk Usainen Kudeaketa Plan bat ezarri, aplikatu eta berrikusi beharko du noizean behin, eta Plan horrek honako elementu hauek guztiak hartu beharko ditu barne:

      Jarduketak eta epeak jasoko dituen protokoloa.

      Usainak monitorizatzeko protokoloa. Usainekiko esposizioaren neurketekin edo balioespenekin osa daiteke, edo usainek izan dezaketen inpaktuaren estimazioarekin.

      Usainekin lotuta identifikatutako gorabeheren aurrean jarduteko protokoloa (salaketen aurrean, adibidez).

      Usainei aurrea hartzeko eta usainak murrizteko programa, usainaren iturria edo iturriak zehazteko, usainekiko esposizioa neurtzeko edo balioesteko, iturrien ekarpenak karakterizatzeko, eta prebentzio- eta/edo murrizketa-neurriak aplikatzeko.

      Usainen Kudeaketa Planak B.1.3 eta C.1.1 apartatuetan ezarritako neurriak eta aldizkakotasunak jaso beharko ditu gutxienez. Lehendik dagoen instalaziorako, Elmubas Ibérica SL enpresak bere eskabidean aurkeztutako EMBS16A_01 txosteneko balioak eta ereduak hartuko dira erreferentziatzat. Instalazioak handitzeko, EMBS20B_01 txostena hartuko da erreferentzia gisa. Zehaztapenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

      Iturri zehaztuak eta zehaztugabeak identifikatu beharko dira, eta horien usain-jarioak karakterizatu beharko dira.

      Usain-iturri bakoitzean, usainaren kontzentrazioa, usain-jarioaren abiadura eta emaria zehaztu beharko dira.

      Laginketa, usainaren kontzentrazioa, hedatzeko abiadura eta usain-jarioaren zehaztapena arau honen arabera egingo da: UNE-EN 13725:2004 «Airearen kalitatea. Usainaren kontzentrazioa olfatometria dinamikoaren bitartez zehaztea».

      Usain-iturri bakoitzean hiru lagin hartuko dira gutxienez. Era berean, jarioen emariari, abiadurari, tenperaturari eta hezetasunari buruzko datuak emango dira.

      UNE-EN 13725:2004 arauaren araberako ziurtagiria duten erakundeek zehaztuko dituzte instalazioko usain-jarioak.

      Usain-jarioak nabarmen aldatzen badira aipatutako erreferentziako dokumentuekin alderatuta, aurrez aipatutako ikerketa olfatometrikoa osatu beharko da usainen hedapenaren modelizazioa eginez.

      Modelizazio hori egiteko eta horren emaitzak eta ondorioak aurkezteko, Sailburuordetza honek argitaratutako «Dispertsio-ereduak egiteko jardunbide egokien gidan» ezarritakoari jarraitu beharko zaio. Emaitzak bidaltzeko, ebazpen honetako C.6 apartatuan (Emaitzak kontrolatzea eta bidaltzea) ezarritako baldintzak beteko dira.

      2. Isuriak egiteko baldintzak.

      2.1. Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokapena.

      Isuria sortzen duen jarduera mota nagusia: 1092. Lagun egiteko animaliak elikatzeko produktuen fabrikazioa (EJSN, 2009).

      (Ikus .PDF)

      Ez dago baimenduta norberak bildutakoetatik datozen urak kolektorera isurtzea.

      Ez dago baimenduta ubide publikora industria-urik nahiz ur beltzak isurtzea. Euri-ur garbiak bakarrik onartuko dira Ibaieder ibaian, eta ez dira isuritzat hartuko.

      2.2. Gehienez isur daitezkeen emari eta bolumenak.

      (Ikus .PDF)

      2.3. Isurien muga-balioak.

      Isurketaren ohiko kutsadura-parametroak, kutsadura izan dezaketenak, honako hauek izango dira soil-soilik, bakoitzerako zehazten diren gehieneko balioekin:

      (Ikus .PDF)

      (Ikus .PDF)

      Taula honetako mugak hartzen dira kontuan, egindako saiakuntzari lotutako ziurgabetasuna aintzat hartuz.

      Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurketaren muga-balioak lortzeko.

      Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete behar dira. Bestela, titularrak tratamendu egokia egin beharko du, isuriaren ondorioz aipatutako arauak eta kalitate-helburuak urratzen ez direla ziurtatzeko.

      Baimen horrek ez du baldintza honetan berariaz adierazitakoak ez diren beste substantzien isurketa onartzen, batez ere maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren substantzia arriskutsuak. Errege-dekretu horren bidez, apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua aldatzen da (azken errege-dekretu horren bidez, Jabari Publikoko Urguneen Erregelamendua onartzen da, Urei buruzko abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen atariko titulua eta I., IV., V., VI. eta VIII. tituluak garatzen dituena).

      2.4. Arazketa- eta hustuketa-instalazioak.

      Arazketa-instalazioek edo hondakin-urak zuzentzeko neurriek funtsean jarduera hauek hartuko dituzte barnean:

      Ez dago baimenduta norberak bildutakoetatik datozen urak isurtzea.

      Jarduerak hainbat hargune ditu.

      Kutxatilak izango dira saneamendu-sare orokorreko harguneen aurretik; kutxatila horiek isurien lagin esanguratsuak lortzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak izango dituzte. Kutxatilak ikuskatu ahal izateko sarbide zuzena ahalbidetzen duten lekuan kokatuko dira, hala behar denean.

      Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla egiaztatuz gero, Elmubas Ibérica SL enpresak beharrezkoak diren aldaketak egin beharko ditu arazteko instalazioetan, isuriak baimendutako ezaugarrietara egokitzeko, administrazioari jakinarazi ondoren, eta, hala badagokio, baimena aldatzeko eskatuko du.

      2.5. Isuriaren kanona.

      Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren isurketak arautzeko erregelamenduan ezarritako mugak puntualki gainditzen direnean, horiek zergapetu egingo dira saneamendu-tasari dagokionez.

      3. Instalazioan ekoitzitako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

      Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, beharrezkoa bada, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helburu egokiena zehazteko.

      Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

      Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, hartarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

      Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimendurik badago hondakin zehatz batzuk tratatzeko, lehentasunez instalazio haietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

      Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek karakterizatu dira, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituen Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak xedatutakoari jarraikiz, eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako jarraibideen arabera.

      Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa ezertan galarazi gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

      Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurtzeak edo lixibatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurtzeak kanpora irten ez daitezen. Hauts-itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

      Hondakinak lehen aldiz atera aurretik, kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita 2008/98/EE Zuzentarauaren, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarenaren, III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

      Hondakinak desagertu edo galtzen badira, edo ihesen bat gertatzen bada, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan eta Azpeitiko Udalean.

      Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren Lurraldearen Barruko Hondakinen Lekualdaketa arautzen duen 553/2020 Errege Dekretua, ekainaren 2koa, eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

      Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluari jarraikiz.

      Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako eta ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

      Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, hondakinen lekualdaketak direla-eta, 1013/2006 Erregelamenduan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarenean, 2006ko ekainaren 14koan, ezarrita dagoena bete beharko da.

      3.1. Hondakin arriskutsuak.

      Honako hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:

      (Ikus .PDF)

    1. Hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa, eta baimena izapidetzean jasotzen da horiei buruzko informazioa. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko 2015-2020rako Ingurumeneko IV. Esparru Programan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onarpen-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak balorizatzeko eskatzen bada.

    2. Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

    3. Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

    4. Gainerako hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabete baino gehiagoz biltegiratu. Salbuespen-egoeretan, ingurumen-organoak epe hori aldatu ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela bermatzen bada.

    5. Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartzea. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenbizikoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa bada, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzekotan. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

    6. Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Elmubas Ibérica SLk tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo haien baliokide diren agiri ofizialak erregistratu eta artxiboan gorde behar ditu, hiru urtez, gutxienez.

    7. Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraiobideak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.

    8. Elmubas Ibérica SL enpresak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du bere enpresan erabilitako olioa.

    9. Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak besteak beste, lanpara fluoreszenteenak. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek bete beharko dute pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

    10. Elmubas Ibérica SLk PCB eduki dezaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan zehaztutako baldintzak (errege-dekretu haren bidez, poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dira) eta errege-dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

    11. 1005/2009/EE Erregelamenduak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarenak, 2009ko irailaren 16koak, ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean eman zuenak, adierazten dituen substantziak erabiltzen baditu, Elmubas Ibérica SLk berreskuratu egingo ditu, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarri den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

    12. Elmubas Ibérica SL enpresak urtero adierazi beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helburua eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

    1. Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluan zehazten denari jarraikiz, Elmubas Ibérica SLk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

    2. Uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori 3 urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumena zaintzako programaren barruan.

    1. Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, zein hondakin horiek ahalik eta gutxien sortzea baita, Elmubas Ibérica SL enpresak hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat aurkeztu beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honi, lau urtetik behin, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatu legearen garapenerako araubideak ez badu Elmubas Ibérica SL hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.

    2. Baldin eta Elmubas Ibérica SL ontziei eta ontzien hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen Lehen Xedapen Gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengatik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, ontzi hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati eman beharko dio.

    3. Apartatu honetako f) eta g) (kudeatzaileak EAEn daudenean), m), n) eta o) apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira transakzio elektroniko bidez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

    4. Amiantoa duten hondakinak daudela ikusiz gero, Elmubas Ibérica SLk bete beharko ditu Amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzko 108/1991 Errege Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako eskakizunak. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

      3.2. Hondakin arriskugabeak.

      Sustatzaileak hondakin arriskugabe hauek aitortu ditu:

      (Ikus .PDF)

    1. Laugarren apartatuaren B.3.1 azpiapartatuan, bereiztearen eta hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoen inguruan xedatutakoari jarraituz, «Zabortegirako beste hondakin batzuk» izeneko hondakinak ezingo du hondakin-frakzio balorizagarririk izan. Horri dagokionez, egungo egoeran Euskal Autonomia Erkidegoan balorizatu daitezkeen hondakin-frakzioak hauek dira: papera eta kartoia, egurra, plastikoak, metal ferrikoak eta metal ez-ferrikoak.

    2. Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu batera.

    3. Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki; hondakinen azken helburua balorizatzea denean, berriz, 2 urtez gorde ahal izango dira.

    4. Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Elmubas Ibérica SLk tratamendu-kontratuak edo agiri ofizial baliokideak erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu, nahitaezkoak badira, hiru urtez gutxienez.

    5. Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin arriskugabea eraman aurretik jarraipen eta kontrolerako agiria bete beharko da, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan (hondakinak zabortegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzekoa) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa.

    6. Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

    7. Baldin eta Elmubas Ibérica SL ontziei eta ontzien hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen Lehen Xedapen Gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengatik eskuratutako merkataritarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, ontzi hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati eman beharko dio.

    8. Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluan zehazten denari jarraikiz, Plastigaur SAk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskugabe guztien jatorria eta kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

    9. Uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori 3 urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumena zaintzako programaren barruan.

    10. Apartatu honetako d), e) (kudeatzaileak EAEn daudenean) eta f) apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira transakzio elektroniko bidez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

      4. Ontziak merkaturatzea.

      Elmubas Ibérica SL enpresak, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta bilgarriak erabiltzen dituen enpresa den aldetik, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, ontzien gaineko urteko adierazpena egin beharko du. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

      Era berean, Elmubas Ibérica SL enpresak nahitaez ezarri beharko du ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko biltegiratze- eta itzultze-sistema bat (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita). Elmubas Ibérica SL enpresak, bere produktuak merkaturatzeko industria- edo merkataritza-ontziak erabiltzen baditu, aipatu betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, Ontzi eta ontzi-hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarrian arautakoari atxikitzen bazaio; atxikimendu horren bidez, ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa pasatzeko betebeharra produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio.

      Baldin eta Elmubas Ibérica SL enpresak, urte natural batean zehar, ontziratutako produktuak merkaturatzen baditu edo, kasua bada, hondakinak sor ditzaketen industria- edo merkataritza-ontziak merkaturatzen baditu kantitate hauetan baino handiagoetan:

      250 tona, beira bada bakarrik.

      50 tona, altzairua bada bakarrik.

      30 tona, aluminioa bada bakarrik.

      21 tona, plastikoa bada bakarrik.

      16 tona, egurra bada bakarrik.

      14 tona, kartoia edo material konposatuak soil-soilik badira.

      350 tona, hainbat material badira eta, banaka, bakoitzak aurreko kopuruak gainditzen ez baditu.

      Enpresaren Prebentzio Plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta onartutako Enpresaren Prebentzio Planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko zaio urtero, martxoaren 31 baino lehen. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko dira bi agiriok.

      5. Lurzorua babesteko baldintzak.

      Elmubas Ibérica SLren jarduketa nagusia 1092. Lagun egiteko animalientzako elikadura-produktuak fabrikatzea (2009ko EJSN) ez da lurzorua kutsa dezaketen jarduketetako bat, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinaren arabera.

      Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko txostenaren gomendioekin bat etorriz, Elmubas Ibérica SLk lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu.

      Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 16. artikuluko 2. apartatuaren arabera, lurzoruaren egoeraren txostenak aurkeztu beharko dira, gutxienez, 5 urtean behin, Lege hori indarrean jartzen denetik kontatzen hasita.

      Era berean, aurreko lerrokadan aipatutako araudian, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuan ezarrita dauden lurzorua babesteko betebeharrak betetze aldera, sustatzaileak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

      Oinarrizko txostena, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 20. artikuluan aipatutako epeak eta aldizkakotasunak beteta.

      Lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-dokumentuak, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 10.2 artikuluan ezarritako epeen arabera.

      Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen diharduen erakunde ezagun batek egina, eta aipatutako txostenak jasoko ditu (lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-dokumentuak). Horretarako, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduan xedatutakoa bete beharko da, zeinaren bidez jarraibide tekniko bat onartzen baita, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzkoa, lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotua. Emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar diren bakoitzean, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

      Elmubas Ibérica SLk lehendik dagoen instalazioari dagokion oinarrizko txostena aurkeztu du (20200106 dokumentua-Elmubas Oinarrizko Txostena V01.pdf). Handitzeari dagokionez, administrazio-izapidean daude I1-S4 lurzatiaren Lurzoruaren Kalitate Adierazpena (DCS-0052/20-AE espedientea) eta Lurzoruaren Gaitasun Adierazpena (DAS-04/19-IC espedientea). Lurzoruaren Kalitate Adierazpenaren izapidetze-prozesuak Oinarrizko Txostenaren pareko ikerketa-fase bat dauka, baina ez Gaitasun Adierazpenarena. 20200106-Escrito 08-06-2021 Alegaciones EKOS.pdf dokumentuaren arabera, Elmubas Ibérica SLk ISEQ lurzatiaren Oinarrizko Txostena eta Lurzoruaren Kalitate Adierazpena egin beharko ditu. Aipatutako prozedurak amaitu ondoren, lurzoruen dokumentu bakar bateratu bat aurkeztuko da instalazio osorako, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduaren bidez onartutako instrukzio teknikoaren arabera.

      Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

      1. Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

        1. 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, 25. artikuluaren 1.c) apartatuan ebazten denarekin bat etorriz, induskatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak eta abar) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa modu egokiena zehaztearren.

        2. Jarduketa horretan aurreikusten bada induskatu beharreko materialen bolumena 500 m3-tik gorakoa dela (zolatak barne), edo jarduketa burutu bitartean gainditze hori antzemango balitz, nahitaezkoa izango da lurzoruaren kalitatea ikertzen eta oneratzen egiaztatutako erakunde batek egindako indusketa selektiborako plan bat aurkeztea. Indusketa-planak abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu beharko du hura gauzatu aurretik.

        3. Induskatu beharreko bolumena 500 m3-tik beherakoa bada, aldaketaren jakinarazpenak honako informazio hau jaso beharko du:

          Jarduketaren pertsona fisiko edo juridiko sustatzailearen eta jarduketa burutuko duen kontratudunaren identifikazioa.

          Jarduketaren xede den lekua non dagoen, baita Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroaren erreferentzia ere.

          Jarduketaren xede den eremuaren mugaketa eta azalera. Jakinarazpenean lurzatia eta jarduketa-eremua zehatz-mehatz non dauden jakitea ahalbidetzen duten planoak erantsiko dira.

          Jarduketaren deskribapen xehatua.

          Induskatuko diren materialen bolumena, baita zolatak ere.

          Ingurumen-jarraipeneko lanen eta azken txostena egitearen arduradunaren identifikazioa; artikulu honetan aipatutako kasuetan erakunde egiaztatua izan beharko du.

          Jarduketa noiz hastea aurreikusten den.

        4. Aurreko kasuetako edozeinetan, obra egin ondoren, azken txostena bidali beharko du. Bertan, lurzoruen karakterizazioaren emaitzak eta horien azken helmuga adierazi beharko dira. Horrez gain, induskatutako materiaren berrerabilera edo kudeaketa egokia egiaztatzeko txosten bat ere bidali beharko da. Indusketaren bolumena 100 m3-tik gorakoa bada, erakunde egiaztatu batek egingo ditu ingurumen-jarraipeneko lanak eta txostena.

        5. Arau orokor gisa, Kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gidan jasotzen diren irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gida:

          https://www.ihobe.eus/Publicaciones/Ficha.aspx?IdMenu=97801056-CD1F-4503-BAFA-F54FA80D9A44&Cod=945C8D73-130B-4E34-AC67-5AB96DFB55AE&Idioma=eu-ES

        6. Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak (hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, laginketa gauzatzeko, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean eta gidaren 10.2.6 apartatuan (Induskatu behar diren lurzoruetan «in situ» egindako laginketa) biltzen diren induskatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideei jarraituko zaie.

        7. Soberako materialak instalazioan bertan berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak ezarritako B-EBA (industria-erabilera) balioaren azpitikoa; horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta oneratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

        8. 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, xedatutako A-EBA ebaluazioko balio-adierazleak eta TPHtarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta beraz, onartu egingo dira baimendutako edozein betelanetarako.

        9. Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

      2. Instalazioa baimenduta dagoen lursailetik kanpo aldaketaren bat egitea aurreikusten bada (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru-arloko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

        Horrez gainera, 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, 22. artikuluaren 2. apartatuan dioenaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e apartatuari jarraikiz betiere.

        6. Zaratari buruzko baldintzak.

        1. Lehendik dagoen Elmubas Ibérica SLren instalazioaren zatian, behar diren neurri guztiak instalatuko dira indize akustiko hauek ez gainditzeko (1367/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarria):

          1. Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

          2. Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 7:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

          3. Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 metroko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik; horietan, apantailamenduak saihesteko behar den garaiera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan,

          (Ikus .PDF)

          1. taula. Industria-esparruaren kanpoaldeko itxituran eskatutako zarata-mailak.

            Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

            Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun modu bat baldin badago, jardun modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.

        2. Ebazpen hau eragin duen gaitasun-handitzean, Elmubas Ibérica SLk beharrezko neurriak hartuko ditu instalazioak urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren I. eranskineko F taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoak transmititu ez ditzan kanpoko ingurumenera, betiere horiek aipatu arauaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera ebaluatuta.

          (Ikus .PDF)

          Kanpoaldeko muga-balioek lurretik 2 metroko garaiera eta fatxada leihodunen kanpoaldeko eraikuntzaren garaiera guztiak dituzte erreferentziatzat.

          Lokal mugakideak egonez gero, lokal horien erabilera kontuan hartuta, instalazioak ezingo du aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren I. eranskineko G eta H tauletan ezarritako muga-balioak baino zarata-maila handiagoa transmititu haietara.

          Ezarritako zarata-immisioaren muga-balioak errespetatzen direla joko da baldin eta, aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera, ebaluatutako adierazle akustikoen balioek, urtebeteko epean, honako baldintza hauek betetzen badituzte:

          Urteko batez besteko balioek ez dituzte gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.

          Eguneroko balioek ez dituzte 3 dB-tan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.

          Lkeq, T indizean neurtutako balioek ez dituzte 5 dB-an gainditzen aipatutako I. eranskineko F. taulan adierazitako balioak.

        3. Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handiko guneetako zarata-maila.

        4. Elmubas Ibérica SLk Zarataren Kudeaketa Plan bat ezarri, aplikatu eta berrikusi beharko du aldian behin, eta Plan horrek honako elementu hauek guztiak hartu beharko ditu barne:

          Jarduketak eta epeak jasoko dituen protokoloa.

          Zarata-immisioak ikuskatzeko protokoloa.

          Zaratarekin lotuta identifikatutako gorabeheren aurrean jarduteko protokoloa (salaketen aurrean, adibidez).

          Zarata murrizteko programa, zarataren iturria edo iturriak zehazteko, zaratarekiko eta bibrazioekiko esposizioa neurtzeko edo balioesteko, iturrien ekarpenak karakterizatzeko, eta prebentzio- eta/edo murrizketa-neurriak aplikatzeko.

        1. Ingurumena zaintzeko programa.

          Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

          1. Emisio atmosferikoak kontrolatzea.

          1.1. Kanpoko kontrolak.

        1. Elmubas Ibérica SL enpresak emisioak kontrolatu beharko ditu, informazio honen arabera:

          (Ikus .PDF)

        2. Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako Ingurumen Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, 212/2012 Dekretuan, urriaren 16koan, ezarritakoari jarraituz, eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, bereziki honako gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

        3. Halaber, a) apartatuan azaldutako emisio-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batez besteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, emisio bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozelako maiztasunarekin, emisioaren iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori urteko ingurumena zaintzeko programan, dagokion urtekoan, justifikatu beharko da.

          1.2. Lortutako emaitzen erregistroa.

          Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako hauetan ezarritakoari jarraikiz, betiere: 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluan (100/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) eta 278/2011 Dekretuaren III. eranskinean (278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituena).

          Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

          2. Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

        1. Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, ondorengo analisiak egingo dira:

          (Ikus .PDF)

        2. Kanpoko kontrol bakoitza, bai laginak hartzea, bai ondorengo analisia, «erakunde laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du, eta goian aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.

        3. Laginketak, kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti.

        4. Isurketak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, baldin eta puntu honetako a) apartatuan ezarritako kontrol-parametro guztiek betetzen badituzte ebazpen honen laugarren apartatuko B.2.3 azpiapartatuan ezarritako mugak.

        5. Egindako kontrolen emaitzak Gipuzkoako Ur Kontsortzioari bidaliko zaizkio hilabeteko epean, laginak hartu direnetik hasita, eta ingurumena zaintzeko programari atxikiko zaizkio, ebazpen honen C.6 azpiapartatuko laugarren apartatuaren arabera. Gainera, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak egindako analitiken emaitzak atxikiko zaizkio ingurumena zaintzeko programari, eta Elmubas Ibérica SLri jakinaraziko zaizkio.

          3. Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

          Sustatzaileak ondorengo taulan agertzen diren jardueraren gaineko parametro-adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko du.

          (Ikus .PDF)

          4. Zarataren kontrola.

        1. Aintzat hartuta kalitate akustikoko helburu ezberdina duten bi gune elkarrekin izango direla instalazioan, Ld, Le, Ln ,LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo indize akustikoen lehenengo ebaluazio bat egin beharko da kalkulu-metodoen bidez.

        2. Gainera, zarata transmititzeko arriskurik handiena dagoen aldean neurketak eginez, LAeq, Ti indize akustikoaren ebaluazioa egingo da urtero; horietatik lehenengoa, handitze-fase bakoitza martxan jartzen denetik hiru hilabete igarota. a) eta b) apartatu horietan lortutako emaitzen arabera, ordutik aurrera neurketak beste maiztasun batekin egitea erabaki ahal izango da.

        3. Aurreko apartatuan adierazitako ebaluazio guztiak akustikaren esparruan laginketa espazial eta tenporala egiteko UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako ziurtagiri bat duen ingurumeneko erakunde laguntzaile batek egin beharko ditu. Nolanahi ere, ingurumen-organoak zainduko du ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.

        4. Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan eta abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren (giro-zarataren ebaluazioari eta kudeaketari dagokionez, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena) II. eranskinean ezarritakora egokituko dira.

          5. Lurzoruaren eta lurpeko uren kontrola.

        1. Ebazpen honen laugarren apartatuko B.5 puntuan eskatutako dokumentazioaren kaltetan izan gabe, hurrengo datu hauek aurkeztuko dira lurzoruan afektazio berri bat gertatu izanaren susmoa hauteman den kasuan:

          Aintzat hartutako aldian izan diren intzidentziak, substantzia arriskutsuak direla-eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura sortu ahal izan dutenak.

          Instalazioan hartutako neurrien egoera zolak iragazgaiztea, drainatzeak, kubetak eta kutxatilak, baita larrialdi-egoeran jarduteko bitarteko egokiak eta nahikoak erabilgarri daudela egiaztatzen duen adierazpena ere, teknikari eskudunak sinatua. Ekipamenduak eta gainazalak egoera onean daudela egiaztatzen, edo, hala badagokio, horietan hautemandako gabetasunak azaltzen dituen berariazko adierazpena jaso beharko du.

          Lurzorua edo lurpeko urak kutsatuta egon daitezkeela dioen adierazpena, halakorik balego, edo, bestela, horrelako aztarnarik ez dagoela egiaztatzen duen adierazpena.

        2. Halaber, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduari dagokionez jakinarazitako baldintzen analisian zehazten diren kontrolei kalterik egin gabe agindu horrek Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzko Jarraibide Teknikoa onartzen du, eta lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotuta, Elmubas SLk lurzoruaren eta lurpeko ur silikatoen egoera zehazteko oinarrizko txosten bat egin beharko du. Horretarako, gutxienez bi zundaketa egin beharko ditu uren karakterizaziorako, ateratako lurzoru-zutabearen karakterizaziorako eta piezometro bana gaitzeko, eta horiek erabiliko dira lurpeko uren kalitatearen jarraipena egiteko. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren jarioa; hala, instalaziotik gorako eta beherako uren jarioa alderatu ahal izango da.

          Apartatu honetan jasotakoa betetzeko aurkeztu beharreko informazioa lehen aipatutako urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan xedatuaren arabera egiaztatutako erakunde batek egin beharko du, hala nola organo honek horretarako onar ditzakeen jarraibideetan adierazitakoaren arabera.

          6. Emaitzak kontrolatu eta igortzea.

          Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

          https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-tramite/eu/

          Era horretan, aipatutako programak zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura eta/edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, ingurumena zaintzeko programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren.

          Ezarri diren baldintzak urratzen diren kasuetan bakarrik, gertatutakoaren berri izan ondoren, bidali beharko zaio berehalako jakinarazpena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honi, helbide elektroniko hau erabilita: ippc@euskadi.eus

          Horrez gain, urtean behin baino gehiagotan egiten badira kontrolak, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez da igorriko.

          Emaitza horiek urtero igorriko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintzeko programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozeduren kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausak eta konponbideak azalduz; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik egin ez bada.

          7. Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina.

          Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Honako alderdi hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barnean hartu beharko du.

          Era berean, Ingurumena Zaintzeko Programak jaso beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen efikazia egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

        1. Ezohiko egoeretarako prebentzio-neurriak eta funtzionamendu-baldintzak.

          1. Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

          Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, emisioen eta sortuko diren hondakinen zenbatespena egin beharko du sustatzaileak, eta dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

          Instalazioa gelditzean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak laugarren apartatuko B.3 azpiapartatuan («Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak») ezarritakoari jarraituz kudeatu beharko dira, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

          2. Jarduera etetea.

          Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Elmubas Ibérica SLk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen laugarren apartatuaren B.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

          3. Jarduera aldi baterako etetea.

          Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Elmubas Ibérica SLk, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, agiri bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

          Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen edozein isurketa edo emisio saihesteko.

          4. Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduketak.

          Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean zehaztuta dauden ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentzio-neurriez eta funtzionamendu-baldintzez gain, ondorengo apartatuetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

        1. Instalazioen mantentze-lan prebentiboak.

          Mantentze-lan prebentiboen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere istripuzko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesik izanez gero, lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.

          Aurreko lerrokadan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen ikusizko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

          Halaber, atmosfera eta ingurune urtarra kutsatzea prebenitzeko eta kutsatutakoa zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

          Pabiloien barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

        2. Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako gorabeherak jasota uzteko.

        3. Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta orokorrean, lantegian sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien gainazal guztiak iragazgaiztuko dira.

        4. Hauts-itxurako produktuak biltegiratzeko, silo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak eduki beharko dira.

        5. Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak, ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

        6. Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratzeko instalazio horiek bete egin beharko dituzte produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak.

        7. Larrialdirik gertatuz gero, berehala eta efikaziaz esku hartzeko beharrezkoak diren material guztiak edukiko dira, kantitate nahikoan: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako inguruneak isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta norbera babesteko ekipamendu bereziak.

        8. Gorabeherarik gertatuz gero, agintariei jakinaraztea.

          Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri berehala eman beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren), horretarako gaitutako helbide elektronikoaren bitartez: ippc@euskadi.eus. Jakinarazpenean alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

          Gorabehera mota.

          Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).

          Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

          Sortutako ondorioak.

          Halakorik badago, epe laburrera aurreikusitako jarduketak.

          Gorabehera edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS Deiak eta Azpeitiko Udala berehala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

          Gorabehera mota.

          Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

          Gorabeheraren iraupena.

          Istripuzko isuria izanez gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barnean hartuta.

          Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.

          Eragindako kalteen zenbatespena.

          Hartutako neurri zuzentzaileak.

          Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

          Prebentzio-neurriak benetan aplikatzeko aurreikusitako epeak.

          Baimenaren baldintzak urratzen dituen isuria gertatzen bada ibilguren batera, eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isuri hori eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS Deiak (112) Larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

          Debekatutako substantziak kolektorera isurtzeko berehalako arriskua balego, horren berri urgentziaz emango dio erabiltzaileak Gipuzkoako Ur Kontsortzioari, hark instalazioak babesteko neurri egokiak har ditzan.

        9. Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabeherak edo arazoak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari instalazioko edozein etenaldi programatu, prozesu jarraitu batekoa bada, baita aurreikusitako mantentze-lan prebentiboak ere, ahalik eta aurrerapen handienarekin.

        10. Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeriari helduko zaio, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

        1. EPTR jakinarazpena.

          Urtean behin, martxoaren azken eguna baino lehenago, Elmubas Ibérica SLk aurreko urteko emisio atmosferikoei eta uretara egindako isuriei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko 508/2007 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

          Informazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz bidaliko da.

          Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, informazioa Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko (E-PRTR-Europa erregistroa).

          Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

        2. Instalazioan aldaketak egitea.

          Babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, baita neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak ere, araudi berriak indarrean jartzeak edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharrak hala gomendatzen duenean.

          Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daitezke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

          Instalazioetan aldaketak egin ahal izateko, honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da aldez aurretik:

          http://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/eu_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc

          Erakunde honen onespena ere beharko da, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak 10. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

          Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak ezartzen ditu.

          Nolanahi ere, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak 14.2 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

          Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

          Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.

          Bosgarrena. 16-I-01-000000000335 erregistro-kodea esleitzea Elmubas Ibérica SLk Azpeitiko Gerratxiki kalean (6), E-20730, ustiatutako instalazioari. Hona hemen kokapena: UTM (ETRS89) 30T, X: 560710 eta Y: 4780030, Z: 94 m.

          Seigarrena. Agiri bidez egiaztatzea. Elmubas Ibérica SLk Garapen Jasangarriko Sailburuordetzari egiaztatu beharko dio, agiri bidez, honako puntuetan ezarritako baldintzak betetzen dituela:

          Hilabeteko epean, hautsa xurgatzeko sistemaren fluxuak, DOC.04 - Memoria Teknikoa_rev1.pdf dokumentuko 51.-53. orrietan deskribatzen dena.

          3 hilabeteko epean, Usainen Kudeaketa Plana (laugarren apartatuko B.1.5).

          3 hilabeteko epean, Zarataren Kudeaketa Plana (laugarren apartatuko B.6.d).

          6 hilabeteko epean, Lurzoruen Dokumentu Bakarra (laugarren apartatuko B.5).

          Zazpigarrena. Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da honako kasu hauetan:

        1. Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, finkatutako emisioen muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

        2. Emisioak nabarmen murritz badaitezke, teknika erabilgarri onenetan aldaketa handiak egiteko gehiegizko kostuak ezarri gabe.

        3. Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela-eta beharrezkoa denean beste teknika batzuk erabiltzea.

        4. Arroko erakundeak, urei buruzko legedian ezarritakoaren arabera, irizten badio badirela ingurumen-baimen integratua berrikustea justifikatzen duten inguruabarrak, Estatuaren Administrazio Orokorrak kudeatzen dituen arroetako jabari publiko hidraulikora isurtzeari dagokionez. Kasu horretan, arroko erakundeak, txosten lotesle baten bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen integratua eman dezan, gehienez ere hogei eguneko epean berrikuste-prozesua hasteko.

        5. Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

        6. Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

        7. Ingurunearen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza garrantzitsu berrietara egokitu beharra badago; bereziki, inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela hautematen bada.

        8. Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, egiaztatzen bada ez direla nahikoak ingurumen-inpakturako ezarritako babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak.

        9. Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen 26. artikuluko 1., 2. eta 3. puntuetan ezarritakoarekin bat etorriz egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.

          Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan.

          Zortzigarrena. Baimen hau iraungitzeko arrazoi izango da Elmubas Ibérica SL sozietatearen nortasun juridikoa azkentzea, indarreko araudian ezarritako kasuetan.

          Bederatzigarrena. Ingurumeneko finantza-bermea.

        1. Ingurumeneko finantza-bermea.

          Elmubas Ibérica SLk bere jarduera profesionalaren ingurumen-arriskuen azterketa egin beharko du, abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera (26/2007 Legea zati batean garatzen duen Erregelamendua onartzen duena), finantza-bermea eratu behar duen ebaluatzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 24. artikuluaren arabera. Bestalde, 3. lehentasun-mailako operadore gisa, ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren arabera, finantza-bermea eduki beharko dute urriaren 10eko TEC/1023/2019 Aginduaren 2. artikuluan ezarritako epeetan. Hala badagokio, finantza-bermea eratu ondoren, eta betiere adierazitako data baino lehen, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta adierazpen horrek 2090/2008 Errege Dekretuaren IV.1 eranskinean adierazitako informazioa jaso beharko du gutxienez. 26/2007 Legearen 28. artikuluko a) eta b) apartatuetan aurreikusitako salbuespenei jarraikiz, jarduera finantza-bermea eratzetik salbuetsita geratzen bada, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta hark IV.2 eranskinean jasotako informazioa jaso beharko du gutxienez. Erantzukizunpeko adierazpen hori Eusko Jaurlaritzak emandako prozedura telematikoaren bidez bakarrik aurkeztu behar da.

          Operadoreak ingurumen-arriskuen azterketa eguneratuko du egokitzat jotzen duen guztietan eta, aldiro, jardueran, instalazioan edo oinarrizko baimenean funtsezko aldaketak gertatzen direnean. Finantza-bermearen zenbatekoa urtero eguneratuko da, KPIaren arabera.

          Urteko ingurumena zaintzeko planarekin batera finantza-bermea eratu behar izanez gero, indarrean dagoen aseguru-polizaren kopia edo eratutako finantza-bermearen motaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

        2. Ingurumen-erantzukizuna.

          Jardueraren operadoreak ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartu eta betearazi behar ditu, eta horien kostuak ordaindu behar ditu, zenbatekoa dena dela, baita dolorik, errurik edo zabarkeriarik egon gabe ere, Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legearen 19.1 artikuluan adierazten den bezala.

          Hamargarrena. Elmubas Ibérica SLren errekuntza ertaineko instalazioak txertatzea EAEko errekuntza ertaineko instalazioen erregistroan, honako zenbaki hauekin:

          (Ikus .PDF)

          Hamaikagarrena. Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 5.d) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, lagun egiteko animalientzako pentsua fabrikatzeko jarduerari dagokionez, zeina ebazpen honen xede baita, gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio Elmubas Ibérica SLk Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek onar dezan.

          Hamabigarrena. Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua), eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

          Hamahirugarrena. Titularrak bere jarduera garatzean erabiliko dituen identifikazio-kodeak hauek dira:

          Hondakin arriskutsuen ekoizpena: 16-I-01-000000000335.

          Hondakin arriskugabeen ekoizpena: 2000078877.

          Hamalaugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Elmubas Ibérica SL enpresari, Azpeitiko Udalari (Gipuzkoa) eta ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei.

          Hamabosgarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

          Hamaseigarrena. Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.

          Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 21a.

          Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

          AMAIA BARREDO MARTÍN.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik