Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko ekainaren 16koa, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Amorebieta-Etxanoko UI-12 Zelata eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 150
  • Hurrenkera-zk.: 4209
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/06/16
  • Argitaratze-data: 2021/07/28

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko apirilaren 16an, Amorebieta-Etxanoko Udalak eskabidea osatu zuen ingurumen-organoaren aurrean, UI-12 Zelata eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari (aurrerantzean, Plana) buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko maiatzaren 7an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

UI-12 Zelata eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. UI-12 Zelata eremuari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren eremua UI-12 Zelata da, Amorebieta-Etxanoko Arau Subsidiarioetan zehazten dena (aurrerantzean, arau subsidiarioak). Arau subsidiario horiek uztailaren 15eko 478/1999 Foru Agindu bidez onartu ziren behin betiko, eta urtarrilaren 29ko 137/2004 Foru Aginduak behin betiko onartutako plan partzial baten bidez xehetasunez antolatuta dago (BAO, 29. zk., 2004ko otsailaren 12koa).

    Eremua garatzeko onartu diren hirigintza-agirien arabera, UI-12 Zelatak 67.799,00 m2-ko azalera dauka, baina, duela gutxi egindako jasotze topografikoaren arabera, benetako azalera 68.799,20 m2-koa da.

    Eremua guztiz hiritartuta dago, onartutako Plan Partzialari jarraikiz. 11 lurzati bereizten dira, erabilera desberdinetakoak: industriala, komertzial-soziala, kiroletakoa, zerbitzuetakoa, espazio libreak eta bideak. Industria-erabilerako lau lurzati pribatiboetatik hiru (A, B eta D) eraikita daude, eta kirol-ekipamenduko lurzatiak (E) eta erabilera komertzial-sozialeko lurzatiak (F) egikaritu gabe daude.

    Planaren xedea da indarrean dauden arau subsidiarioek mugatutako UI-12 Zelata eremu industriala berrantolatzea, errepideko zirkulazioa eta ibilgailu industrialak sartu eta irteteko maniobrak errazteko. Zehazki, arau subsidiarioetan zehaztutako 1. ardatzeko bide-azalera handitzea aurreikusten da, dagoeneko egin dena, UI-12 eremutik ondoko eremuko P-2 lurzatira (Almacenes Boroa) sartu ahal izateko. F lurzatiaren geometria aldatzea proposatzen da (erabilera komertzial-soziala), lurzatiaren 193,46 m2 inguru gaur egungo bideari emanez. Azkenik, F lurzatiaren azalera okupatua konpentsatzeko, lurzati hori hego-ekialdeko mugan 5,15 m inguru luzatzea planteatu da. Ingurumen Dokumentuan jasotzen den moduan, F lurzatiak Zelaieta errekaren zati txiki bat hartzen du barnean ipar-mendebaldeko muturrean.

    Ingurumen Dokumentuarekin bat etorriz, duela gutxi egindako neurketa topografikoarekin, F lurzatiaren mugen proposatutako aldaketak ez die eragiten hirigintza-estandarrei, sobera betetzen baitira.

    Planak aukera bakar bat proposatzen du 0. aukeraz edo ez jarduteko aukeraz gain. Hartutako irtenbidea justifikatzen du, bideragarritasuna hobetzeko premia dela eta.

    Aurkeztutako dokumentaziotik ondorioztatzen da Planak ez duela etorkizuneko faseetan garatu beharrik izango urbanizazio-proiektuekin, proiektua dagoeneko egin delako eta proposatutako bidearen luzapenaren trazadura gauzatzea bakarrik aurreikusten delako.

  2. Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, hain zuzen ere Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duenetz zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Plana bat dator UI-12 Zelatarekin. F lurzatiaren geometria aldatzea proposatzen da (erabilera komertzial-soziala), lurzatiaren 193,46 m2 inguru gaur egungo bideari emanez. Orobat, F lurzatiaren azalera okupatua konpentsatzeko, lurzati hori hego-ekialdeko mugan 5,15 m inguru luzatzea planteatu da. Ingurumen Dokumentuan jasotzen den moduan, F lurzatiaren gaur egungo azalerak Zelaieta errekaren zati txiki bat hartzen du ipar-mendebaldeko muturrean; errekak 1 km2-tik beherako isurtze-arroa dauka. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik.

      3. Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak osatzeko: Plana egokia da, garapen jasangarria sustatzeko irizpideak barnean hartzeko. Ez dakar artifizializatu gabeko lurzoru berririk okupatzea, lehendik urbanizatuta dagoen eremu batean eragiten baitu. Eraikuntza-proiektuak energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak har ditzake barnean.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana egikaritzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta, bereziki, kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eraginpeko eremuarekin lotura duten esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

      Planaren xede den eremua UI-12 Zelata da. Eremuak 68.799,20 m2-ko azalera du azken jasotze topografikoaren arabera. Industriarako eremu hiritartu gisa dago kalifikatuta. Zehazki, gaur egun merkataritza- eta gizarte-ekipamendua duen 193,46 m2-ko lurzati bat bide-sisteman sartzea proposatzen du.

      Zelaieta erreka da ingurumen-baldintzatzaile nagusia; 1 km2-tik beherako isurtze-arroa du. Bertan dagoen bidea lurpean zeharkatu ondoren, erreka F lurzatian sartzen da tarte labur batean, eta, tarte horretan, ur-bazterreko landaredia dago, Batasunaren intereseko lehentasunezko 91E0* habitataren parekoa. Gainera, bisoi europarraren interes bereziko eremuan dago, bisoi europarraren (Mustela lutreola) kudeaketa-planaren arabera (ekainaren 19ko 118/2006 Foru Aginduaren bitartez onartu zen).

      Bide-sisteman sartzea aurreikusten diren F lurzatiko lursailak erreka horren ekialdean daude kokatuta, eta itxura degradatua dute; gurpil-aztarnak nabarmenak dira, eta beraz, zati batean ez dago landaredirik.

      Eremuaren ipar-mendebaldeko muturrean, Zelaieta errekan ur-puntu bat dago identifikatuta, gainazaleko ur-hargune bat, hain zuzen ere.

      Aipatu behar da eremuaren ingurunean flora aloktono inbaditzailearen ale ugari (Cortaderia selloana) identifikatu direla.

      Ingurumen Dokumentuaren arabera, Planaren eremua ez dago jasota lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan. Dena den, haren ondoan, EKIN instalazioetan, 48003 00179 lurzatia dago, aipatutako inbentarioan jasota dagoena, eta, dirudienez, instalazio horien mugak gainditzen ditu, Planaren xede-eremuari eragiten diola.

      Ez da aurkitu bestelako baldintzatzaile aipagarririk: Planaren eremuan ez dago naturagune babesturik, espezie mehatxaturik edo hezegunerik. Ez dago interes geologikoko gunerik ere. Ez dago Korridore Ekologikoen Sareko elementurik ere. Ez dago uholde-arriskurik, eta lurzatia kalteberatasun txikiko eremuan dago, akuiferoaren kutsadurari dagokionez.

      Jarduketa-eremuko soinu-mailak Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuen azpitik daude.

      Obren fasean, bertan dagoen landaredia kaltetuko da eta aldi baterako ondorioak eragingo dira: uraren kalitatea okertuko da lur-mugimenduetan, hondakinak sortuko dira, istripuzko isurketen arriskua egongo da, eta zarata, hautsa, dardarak eta abarrak handitzeak eragindako eragozpenak, besteak beste.

      Ustiapen-fasean, bide berria egiteak eremuaren barruko mugikortasuna erraztuko du.

      Ondorioz, ingurumen-agiri estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa- eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta UI-12 Zelata eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak esandako Planean txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

      Garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin, intereseko balio naturalen babesarekin, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak gauzatzeko:

      Intereseko balio naturalak babesteko neurriak:

      Intereseko fauna-espezieen babesa: «Bizkaiko Foru Aldundiaren ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretua, zeinaren bitartez Mustela lutreola bisoi europarraren (Linnaeus, 1761) Kudeaketa Plana onesten baita, Bizkaiko Lurralde Historikoan galzorian dagoen espeziea den eta babesteko neurri bereziak behar diren aldetik» (BAO, 2006ko uztailaren 6koa); Bizkaiko Foru Aldundiaren aurretiazko baimena beharko du bisoi europarraren interes bereziko guneetako jarduera orok, baldin eta jarduera horrek espezieak erabilitako habitataren ezaugarriak aldatzea badakar.

      Obrak eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako operazio osagarriak proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak diren mozketa-lanak eta sastrakak garbitzekoak, obra-sarbideak irekitzekoak eta kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxolak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, Zelaieta errekaren erriberako bertako landarediari eragitea saihestuko da. Obrak egiten hasi aurretik, zehaztasunez balizatuko dira afektazioetatik salbu geratu behar duten landareak, bai eta inausitako zuhaitzak ere, bota ez ditzaten. Ez dira zuhaitzak moztuko, ezta belar-sastrakarik garbituko ere, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan.

      Ingurune hidrikoaren babesa: jalkitzeko eta iragazteko luzetarako hesiak jarriko dira, eta/edo beste gailu batzuk, ingurune hidrikorako ekarpen solidoak ekidin ahal izateko.

      Obrek erasandako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak leheneratuko dira, kendu diren landare-zuhaitzak birjarrita, hala behar bada. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak saihesteko eta solidoak ibilguetara ez arrastatzeko; horretarako, haltzadi kantauriarra ezaugarritzen duten espezieei emango zaie lehentasuna. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua gutxitzearren. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

      F lurzatia hiritartuz gero, ahal izanez gero ez zaie kalterik egingo Jabari Publiko Hidraulikoari eta haren babes-zortasunaren eremuari, betiere EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko lurralde-plan sektorialean, Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legean eta jabari publiko hidraulikoaren erregelamenduan (849/1986 Errege Dekretua, apirilaren 11koa) ezarritakoa kontuan hartuta.

      Beste neurri babesle eta zuzentzaile batzuk.

      Hondakinak sortzea eta kudeatzea: hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barne.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen Dekretuan (ekainaren 26ko 112/2012) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da (errege-dekretu hori amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitzeko eta murrizteko da), baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezarritakoa ere (amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena).

      Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Obretan hondeaketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legediaren arabera kudeatuko dira.

      48003-00179 lurzatian egin daitezkeen jarduketei dagokienez (lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasota dago lurzati hori), Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da.

      Amorebieta-Etxanoko Udalari eta Garapen Jasangarriaren Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea). Metatze-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinak iragazgaiztu gabeko eremuetan ez uzteko ahalegina egin beharko da.

      Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

      Zaratak, lanak egin bitartean: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Obrak egunez egingo dira.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten UI-12 Zelata eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Amorebieta-Etxanoko Udalari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, UI-12 Zelata eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 16a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik