Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko maiatzaren 27koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Loiolako Erriberetako aldageltokiaren informazio-azterlana».

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 126
  • Hurrenkera-zk.: 3684
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/05/27
  • Argitaratze-data: 2021/06/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Donostialdean garraio publikoa indartzeko eta ibilgailu pribatuaren erabiltzaileak garraio publikora aldatzeko helburuarekin, zehaztu da zein jarduketa egin behar diren dauden trenbide-lineak prestazio handiko metro-sistema bihurtzeko.

Premisa horiekin, Donostiako Metroaren informazio-azterlanak, zeinaren idazketa 2010eko urriaren 27an esleitu baitzen, hainbat azterlan independente dauzka:

Donostiako metroaren funtzionaltasuna eta eskaria aztertzea.

Lugaritz-Anoeta tartearen informazio-azterlana.

Loiolako Erriberetako aldageltokiaren informazio-azterlana.

Irun-Hondarribia tartearen informazio-azterlana.

Loiolako Erriberetako aldageltokiaren informazio-azterlana idatzi zenetik hamar urte igaro dira. Denbora horretan zehar, araudiaren zenbait aldaketa eta berrikuspen izan dira, azpiegitura berriak jarri dira zerbitzuan (Loiola-Herrera tartea eta Intxaurrondoko geltoki berria), eta beste batzuk lizitatu dira (Topoaren lurpeko saihesbidea). Hori dela eta, azterlana berrikusi beharra dago, alderdi berri guztiak kontuan hartuta.

Ebazpen honen bidez jendaurrean jartzen den informazio-azterlanaren xedea da ETSko E-2 Lasarte-Hendaia linea eta ADIFeko aldirietako C-1 linea lotzeko aukera ematen duen Loiolako Erriberetako aldageltokia definitzea.

Informazio-azterlanaren jarduera-eremua Donostiako hego-ekialdean dago, Euskotrenek ADIFen linearen gainean duen bidegurutzean, Loiolako Erriberak izeneko bizitegi-eremuan, Zorroaga pasealekuaren kanpoko ertzean, Amara Berri auzoaren ekialdeko muturrean eta Loiolako Erriberetako garapen berriaren hegoaldean.

Egungo egoeran, Euskotreneko E2 Lasarte-Hendaia linea, hegoaldetik iparraldera doana, Zorroaga pasealekuarekiko paraleloan dago, perpendikularki zeharkatzen du ekialdetik mendebaldera doan ADIFen C1 linearen gainean, Loiolako Erriberak izeneko bizitegi-eremuaren barruan, eta ez dago geltokirik edo geralekurik bi trenbide-lineetako batean ere.

Horrela, hurbilen dauden geltokien urruntasuna dela eta (Anoeta eta Loiolako geltokia Euskotrenen linean eta Loiolako geralekua ADIFen linean), ezinezkoa da bi lineen arteko truke-funtzioa betetzea.

Azpiegitura berri hori Euskotrenen egungo trenbidearen eta ADIFen C1 aldirietako linearen bidegurutzearen bertikalean dago, eta azken horren paraleloan, Urumeako autobidearen hegoaldeko mugan.

Loiolako Erriberetan geltoki berri bat eraikitzeak bi garraiobide bermatzen ditu: metroa eta ADIF aldirikoak. Loiolako Erribera metropoli-truke egokirako puntu kritiko nagusitzat jotzen da; izan ere, eremu horretan tren-aldaketak egiteko aukerak ahalbidetzen du Egia edo Gros auzoak metroaren linea berrira hurbiltzea.

Aldageltokia egiteko, bidaiari-eraikin bat egingo da, alboetan bi nasa izango dituena, eta, horren ondorioz, ETSren egungo bideak ekialderantz mugitu beharko dira, bai eta Zorroaga pasealekua mendebalderantz ere, eraikin horri lekua egiteko.

Lur gaineko estazio bat da, eta horrek nolabaiteko izaera sinbolikoa ematen dio. ADIFen trenbideen % 50en estaldura ere hartzen du bere nasa berrietan, geltokiari argia eta aireztapena emateko eta Barcelona hiribidetik haietarako sarbide zuzena izateko. Bigarren fasean gauzatuko da, aldageltokiaren eskariaren bilakaeraren arabera.

Aldageltokia osatu ondoren, argi eta garbi bereizitako bi zatik osatuko dute geltoki osoa: batetik, gainazalean, Euskotreni dagozkion nasa eta instalazioak, eta, bestetik, lurperatuta, ADIFeko aldirietako trenbidearen nasa eta instalazioak, eta, bi aldeen artean, dagozkien korridoreak, banatzaileak eta komunikazio-eskailerak ezarri beharko dira. Eraikuntza-proiektuan, nasak behar bezala ebakuatzeko beharrezkoak diren larrialdi-irteerak aztertu eta definitu beharko dira.

Obrak gauzatzeko hogeita hamasei (36) hilabeteko epea zehaztu da.

Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, hogeita hemeretzi milioi laurehun eta hogeita zazpi mila zortziehun eta hogeita bat euro eta hirurogeita bost zentimo da (39.427.821,65). Administrazioak jakin dezan, obra osoaren aurrekontua, BEZa barne, hogeita hemeretzi milioi laurehun eta hirurogeita hemezortzi mila ehun eta hirurogeita bost euro eta hogeita hamar zentimo da (39.478.165,30).

Trenbide Sektorearen Erregelamendua onartzen duen abenduaren 30eko 2387/2004 Errege Dekretuaren 10.2 artikuluaren arabera, informazio-azterlana behar bezala idatzita dago, eta dagokion informazio publikoa praktikatu ahal izateko legezko eta arauzko betekizun eta preskripzio guztiak betetzen ditu, behin betiko onartu aurretik.

Organo honek eskumena du Sailaren eskumenekoak diren garraio-azpiegituren obra-proiektuak idazteko, gainbegiratzeko eta teknikoki onesteko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Trenbide Sektorearen Erregelamendua onartzen duen abenduaren 30eko 2387/2004 Errege Dekretuaren 10.5 artikuluak ezartzen duenez, informazio-azterlana, behin betiko onartu baino lehen, jendaurrean erakutsi beharko da hogeita hamar egun balioduneko epean, nahi duenak alegazioak aurkez ditzan trazaduraren kontzepzio globalaz, ikusmolde horrek interes orokorreko alderdiei eragiten dien neurrian.

Beraz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau

Jendaurrean jartzea «Loiolako Erriberetako aldageltokiaren informazio-azterlana»; hartara, hogeita hamar egun balioduneko epean, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, korporazioek, elkarteek eta partikularrek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte jarduketa horren edukiaz, interes orokorreko deklarazioa justifikatzen duten gorabeherez, eta trazaduraren kontzepzio globalaz.

Epe horretan, informazio-azterlana jendearen eskura egongo da, aztertu ahal izateko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1 Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Donostiako udaletxean eta Interneteko www.euskadi.eus web-orrian, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren Garraioen ataleko Proiektuei buruzko Informazio Publikoaren atalean:

https://www.euskadi.eus/informazioa/azpiegitura-proiektuei-buruzko-informazioa/web01-a2garrai/eu/

Eta horrela jakinarazten da, jendeak horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 27a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.