Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko maiatzaren 25ekoa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena. Ebazpen honen bidez, batera argitaratzen dira 2021eko lehiaketa arrunterako deialdiak, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostuak betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 112
  • Hurrenkera-zk.: 3278
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/05/25
  • Argitaratze-data: 2021/06/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 21eko 7/1985 Legearen (TAOL) bigarren xedapen gehigarriak ezartzen du, Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak emandako idazkeran, erakunde eskudunek izango dituztela TAOLaren 92.bis artikuluak eta horrekin bat egiten dutenek Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen arloan aurreikusten dituzten eskumen guztiak, autonomia-erkidegoko arautegiak ezarritakoaren arabera, lurraldean hutsik dauden lanpostuak betetzeko lehiaketetarako deialdiak egiteko eskumena barne, bai eta lehiaketa horietan funtzionarioak izendatzeko eskumena ere.

Hori dela eta, bigarren xedapen gehigarri hori Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzeko orduan, neurri handi batean, EAEko erakundeek unean-unean ezartzen dutenaren arabera moldatuko da.

2018ko martxoaren 19an, indarrean jarri zen Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duen martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretua. Nahiz eta errege-dekretu horrek arautu Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen lanpostuak betetzeko lehiaketen araubide juridikoa, haren bosgarren xedapen iragankorrak ezartzen du ezen, lehiaketa garatzeko agindua indarrean jarri arte, bi lege-xedapen hauek aplikagarri izaten jarraituko dutela: batetik, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeari buruzko uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretua eta, bestetik, Administrazio Publikoetarako Ministerioaren 1994ko abuztuaren 10eko Agindua, Estatu mailako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostuen horniketarako lehiaketei buruzko arauak ematen dituena.

Hori dela eta, aipatutako bosgarren xedapen iragankorrak ezartzen duenari jarraikiz, martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretua indarrean jarri aurreko araudia aplikatu behar zaio Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioei gordetako lanpostuak betetzeko 2021eko lehiaketa arruntari.

Euskal Autonomia Erkidegokoari dagokionez, Estatuko gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeari buruzko uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarrian aurreikusita dago errege-dekretu horren aplikazioa Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera gauzatuko dela. Xedapen horren zazpigarren paragrafoan ezarrita dagoenez, lurralde historikoetako foru-erakundeei dagokie Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostuak betetzeko lehiaketetarako deialdia egiteko ahalmena, beren lurraldeetarako baino ez direnean. Deialdi horiek dagokien lurralde historikoko aldizkari ofizialean argitaratzeaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratu ahal izango dira.

Hori guztiori kontuan hartuta, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-erakundeek egin eta argitaratu dute 2021. urteko lehiaketa arrunterako deialdia, lurralde historiko bakoitzean toki-erakundeetan Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostu hutsak betetzeko. Arabako Foru Aldundiak, bere aldetik, ez dio Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari jakinarazi aurtengo lehiaketa arrunterako deialdia egiteko asmoa, eta, kontuan hartuta toki-korporazioek otsailaren 10era arte zutela hutsik zeuden lanpostuetarako deialdia egiteko aukera, ulertzen da foru-erakundeak ez duela lehiaketa arruntaren deialdia egingo aurten lurralde historiko horretako toki-korporazioetan hutsik dauden lanpostuak betetzeko.

Gauzak horrela, koordinatze aldera, batera argitaratu behar dira lurralde historikoek egindako 2021. urteko lehiaketa arruntari buruzko deialdiak; hori dela eta, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 10. artikuluak ematen dizkidan eskumenez baliatuz, honako hau

Lehenengoa. Argitaratzea foru-aldundietako organo eskudunek egindako deialdiak, 2020. urteko lehiaketa arrunterako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetako toki-erakundeetan Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostu hutsak betetzeko. Honako deialdi hauetan daude lehiaketak eraenduko dituzten oinarri komunak eta toki-erakundeek onartu dituzten berariazko oinarriak:

  1. Bizkaiko Lurralde Historikoa: Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru-diputatuaren maiatzaren 21eko 4573/2021 Foru Agindua, zeinaren bidez 2021. urteko lehiaketa arrunterako deialdia egiten baita Bizkaiko Lurralde Historikoko toki erakundeetan Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostu hutsak betetzeko (2021eko maiatzaren 24ko BAO, 96. zk.).

  2. Gipuzkoako Lurralde Historikoa: Gobernantza Departamentuko foru-diputatuaren maiatzaren 6ko 886/2021 Foru Agindua, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu hutsak betetzeko 2021eko lehiaketa arrunta deitzekoa (2021eko maiatzaren 12ko GAO, 87. zk.).

    Bigarrena. Lehiaketetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    Hirugarrena. Eskatzen diren betekizunak eta merezimenduak ebazpen honen egunean bete beharko dira.

    Laugarrena. Deialdi hauetan baloratu beharreko merezimendu orokorrak izango dira ebazpen honen egunean egiaztatuta eta inskribatuta daudenak Estaturako gaikuntza duten funtzionarioen erregistroan, banakako zerrendaren arabera. Zerrenda hori interesdunen eskura dago Eusko Jaurlaritzako Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Lehiakideek ezin izango dute beste egiaztagiri gehigarririk aurkeztu, ezta epaimahaiak bestelako balioespenik egin ere.

    Merezimendu orokor horiek https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/10619 helbidean ere kontsultatu ahal izango dira.

    Bosgarrena. Foru-aldundiek egindako deialdietan daude jasota Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu hutsak, lehiaketa arrunterako deialdiaren bidez betetzekoak. Lanpostu horiek dira eranskinean agertzen direnak.

    Seigarrena. Foru-aldundiek egindako deialdietan daude toki-erakundeek onartu dituzten berariazko oinarriak. Oinarri horietan daude adierazita lanpostuen ezaugarriak eta merezimendu bereziak.

    Zazpigarrena. Lehiaketetan parte hartzeko eskabidea eta destinoak esleitzeko lehentasun-hurrenkeraren eredua argitaratuta daude foru-aldundiek egindako deialdien eranskinetan.

    Zortzigarrena. Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko probak egitea eskatzen duten lehiatzaileek, eskabideak aurkezteko epean adierazi beharko diote Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari zer hizkuntza-eskakizun egiaztatu nahi duten.

Ebazpen honetan eta foru-aldundien deialdietan aurreikusi ez diren gaietan, oinarritzat hartuko dira Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioei buruzko araudia eta aplikatu beharreko gainerako lege- edo arau-xedapenak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 25a.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,

MIREN JOSUNE IRABIEN MARIGORTA.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik