Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko maiatzaren 19koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazio eta foru-administrazioko enplegatuen prestakuntza finantzatzera bideratutako laguntzen deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: HAEE; Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 103
  • Hurrenkera-zk.: 3050
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/05/19
  • Argitaratze-data: 2021/05/27

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Azaroaren 9ko 289/2010 Dekretuak Transferentzien Batzorde Mistoaren 2010eko urriaren 28ko Akordioa onartu zuen. Akordio horren arabera, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen zituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizun eta zerbitzuak, azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuak ezarritako baldintzetan.

Uztailaren 27ko 16/1983 Legeak, «Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzkoak», haren xedeen artean honako hau ezartzen du: «Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta beste edozein administrazio publikok edo antolamendu juridikok bere esku utz dezakeen funtzionarioen eta kontratudunen prestakuntza eta hobekuntza». Orobat, haren xedeen artean ezartzen du «lurralde historikoekin, udalekin eta Euskadiko toki-administrazioko gainerako erakundeekin elkarlana sustatzea, langileei prestakuntza eta hobekuntza emateko».

Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrak, azaroaren 17koak eta Lege hori garatzen duen 887/2006 Errege-dekretuak, oinarrizko izaerako arauak dituzte Administrazio publikoek esleitzen dituzten dirulaguntzen araubide juridiko orokorrari buruz.

1/1997 Legegintzako Dekretuak, azaroaren 11koak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, VI. tituluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren laguntzen eta dirulaguntzen araubidea erregulatzen du.

2012. urteaz geroztik aurrekontuen legeetan egin den bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen 1/2021 Legeak zuzkidurak kontsignatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan lan egiten duten pertsonen prestakuntza finantzatzeko. Zuzkidura horiek isla dute Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) aurrekontuan. Aurrekontu honek zuzkidura espezifikoak ditu ondoko xedeetarako: Foru administrazioko prestakuntza planak (sekzioa 43, programa 1216, Zerbitzua 02, azpikontzeptua 42100, partida 001) eta Toki administrazioko prestakuntza (sekzioa 43, programa 1216, Zerbitzua 02, azpikontzeptua 42201, partida 001).

1/2021 Legearen Bederatzigarren Xedapen Gehigarriak xedatzen duenez, Euskal administrazio publikoetako enplegatuen enplegurako prestakuntzarako IVAP organismo autonomoaren aurrekontuetan agertzen diren kredituak organismo horrek kudeatuko ditu, kasuan kasuko deialdien bidez.

Deialdi hau Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko 2021eko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan gauzatzen den dirulaguntza lerro bat da; laguntzen programa honen helburua da prestakuntza-plan edo -programen ezarpena sustatzea eta finkatzea. Bestalde, aurkeztutako plan edo programak, erakunde bakoitzaren prestakuntza-beharrizanen analisi edo diagnostikoan oinarritu beharko dira.

2021eko ekitaldian, foru- eta toki-administrazioei dagozkien kopuruak, eskatutakoaren batura, aurreikusi den zuzkidura baino handiagoa denean, erakunde eskatzaile bakoitzean prestakuntza jaso dezaketen langileen kopuruaren arabera hainbanatuko dira.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea ahaleginduko da baliabideak ematen interesa duten erakunde publiko guztiei, prestakuntza-beharren analisi edo diagnostikoak efizientziarik handienarekin egiteko.

2021eko ekitaldian, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeagatiko laguntzei heldu ahal izateko baldintzari eusten zaio. 15.000 biztanle baino gutxiago dauzkaten udalerriek bakarrik izango dute laguntza horiek jasotzeko aukera, 15.000 biztanletik gorako udalerriek Prestakuntza Beharren Diagnostiko batean oinarritutako prestakuntza-plana aurkezteko baliabide nahikoak dituztela ulertzen baita. Laguntza modalitate horrek indarrean jarraitzen du mankomunitateetarako eta kuadrilletarako, arrazoi berberengatik.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen 17. artikulua betez, baldintza gisa ezarri da 15.000 biztanle baino gehiagoko toki-administrazioek berdintasun-arloko prestakuntza-ekintzak aurkeztu beharko dituztela prestakuntza-planetan. Bada, administrazio horri atxikitako langileek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan dauzkaten Prestakuntza Beharren Diagnostikoan lortzen diren emaitzetan izan beharko dute jatorria prestakuntza-ekintza horiek.

Horrenbestez, hau

Ebazpen honen aurka, ezin da errekurtsorik jarri administrazio-bidean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluak arautzen duen moduan.

Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari aurkez dakioke administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Errekurtsoa jartzeko epea bi hilabetekoa izango da jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita, aipaturiko 29/1998 Legearen 46. artikuluak esan bezala.

Hala ere, aldez aurretik, Erakunde honi errekerimendua egin ahal izango zaio, egintza ezeztatu dezan. Errekeritzeko epea bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekerimendua IVAPeko zuzendariari zuzendu beharko zaio, idazki arrazoitu baten bidez. Errekerimendua jaso eta hurrengo hilabetean erantzunik ematen ez bazaio, ukatutzat joko da (29/1998 Legearen 44. artikulua). Aurretik errekerimendua izan bada, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epea, berariazko akordioa jasotzen den edo isilbidez ezeztatuta jotzen den hurrengo egunetik aurrera zenbatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunenetik sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 19a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.

Lehenengoa. Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da hirugarren oinarrian adierazitako euskal administrazio publikoetako enplegatuen prestakuntza finantzatzera bideratutako laguntzak ematea, 2021eko ekitaldian.

Honako hauek izango dira deialdi honetan diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak:

  1. Euskal administrazio publikoek beren langileentzat onartzen dituzten 2021eko ekitaldirako prestakuntza-plan edo -programak.

    Prestakuntza-plan edo -programek, berariazko prestakuntza-eskaintzaz gain, honako ekintza hauetakoren bat edo batzuk jaso ahal izango dituzte:

    Prestakuntza-edukiak diseinatzea eta/edo prestatzea.

    Ikaskuntzako sareak ezartzea, aldi baterakoak nahiz iraunkorrak.

    Irakaskuntzako materiala diseinatzea, prestatzea eta argitaratzea, prestakuntzan erabiltzen den edozein euskarritan.

    Aprobetxamenduaren, transferentziaren edo eraginaren ebaluazioarekin lotutako azterketak, erakundeak garatutako prestakuntzari buruzkoak.

    Edonola ere, 15.000 biztanletik gorako udalerriek aurkezten dituzten plan edo programek berdintasun-arloko prestakuntza-ekintza bat eduki beharko dute gutxienez.

  2. 2021ean Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzea. Matrikulen zenbatekoa ordaintzea dakar parte hartzeak. Ordaindutako matrikulen zati bati dagokiona finantzatuz emango da laguntza.

    000 biztanle baino gutxiagoko udalerriek bakarrik heldu ahalko diote kontzeptu horrengatiko finantzaketari, bai eta mankomunitateek eta kuadrillek ere, beren langile propioei dagokienez; betiere, oinarri honen a) letran ezarritako laguntzen onuradunak izan ez badira.

    Inola ere ez dira finantzatuko joan-etorri, mantenu eta egonaldien gastuak, ez eta oinarri hauetako a) edo b) apartatuetatik eratorritako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenak ordezkatzearen gastuak ere.

    Dirulaguntza honek bete behar ditu honako arau hauetan oinarrizko izaera duten xedapenak: azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Dirulaguntzei buruzkoa, deialdiaren objektua bat baitator Legearen 2.1 artikuluak ematen duen dirulaguntzen definizioarekin; uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, zeinaren bidez onartzen baita 38/2003 Legearen Erregelamendua. Horrez gain, honako arauotan ezarritakoa ere bete behar du: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, zeinaren bidez onartzen baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, eta legegintza-dekretu hori garatzeko araudia.

    Bigarrena. Definizioak.

    Deialdi honetan ezarritakoa interpretatze eta aplikatze aldera, betiere kontuan izango dira honako definizio hauek:

  1. Prestakuntza Beharren Analisia da pertsona batek lanpostua behar bezala betetzeko jakin beharko lukeenaren eta dakienaren arteko aldearen analisia.

  2. Prestakuntza-plan edo programatzat hartzen da prestakuntza-ekintzen multzo ordenatu bat; multzo horretan zehaztuta geratzen dira helburuak, helburu horiek lortzeko edukiak, edukien garapenerako erabiliko den metodologia edo metodologiak eta ekintzen hartzaileak, bai eta ekintza bakoitzean parte hartuko dutenen gehienezko kopurua eta helburuen lorpenari buruzko ebaluazioa ere, hori egitea aurreikusita dagoenean.

  3. Prestakuntza-ekintzatzat hartzen da, oro har, langileei alderdi, eremu edo ezagutza-eremu jakin bati buruzko prestakuntza ematera bideratutako eragiketen multzoa.

  4. Erakundearen langile-kopurua: erakundearen guztizko plaza-kopurua, onartutako azken aurrekontu-plantillaren arabera.

    Hirugarrena. Laguntzen onuradun diren erakundeak.

    1. Deialdi honetan ezartzen diren laguntzen onuradun izan ahalko dira ondoren zerrendatzen diren administrazio publikoak:

      1. Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioak. Deialdi honen ondorioetarako, toki-administrazioen kategoriak udalak, mankomunitateak eta koadrilak hartzen ditu bere baitan eta ez du hartzen foru-administrazioa.

      2. Euskal Autonomia Erkidegoko foru-administrazioak.

    2. Erakunde hauek prestakuntza-plan edo -programa bana aurkeztu ahal izango dute deialdi honetarako, beren mendeko langileak hartuko dituena. Plan edo programa horrek aukeran dauka erakunde bakoitzaren mendeko organismo autonomoetako langileak ere kontuan hartzea.

      Horietaz gainera, udalez gaineko erakundeek ere haiek osatzen dituzten entitate batzuen edo guztien langileak hartzen dituzten plan edo programak aurkeztu ahal izango dituzte. Plan horiek aurkeztuz gero, beren mendeko entitate horiek ezingo dute beren kabuz planik edo programarik aurkeztu.

    3. Erakunde eskatzaileek, Ebazpen honetan deitzen diren laguntzen onuradun izateko, Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, honako hauek zehazki:

      Indarrean dauden xedapenek ezarritako tributu-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean edukitzea. Baldintza hau egiaztatzeko, IVAPek informazioa eskuratuko du dagokion Administraziotik edo interesdunak aurkeztuko du dagokion egiaztagiria.

      Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ezarritako ordainketak eginda izatea. Interesdunak aurkeztuko du baldintza hau bete izanaren egiaztagiria edo, hala dagokionean, erantzukizunpeko adierazpena.

      Laugarrena. Laguntzen zuzkidura.

      Laguntza hauen zuzkidurak, gehienez, zenbateko hauek izango ditu, erakunde motaren arabera banatuta:

      Euskal Autonomia Erkidegoko foru-administrazioak 183.556,00 .

      Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioak 408.372,00 .

      Guztira 591.928,00 .

      Toki-administrazioei esleitutako zenbatekotik 40.000 gordetzen dira lehenengo oinarriaren b) letran aurreikusitako laguntzarako (ordaindutako matrikulen zati bat finantzatzea).

      Bosgarrena. Prozeduraren hasiera.

      Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko, erakunde interesdunek eskabide-orria aurkeztu beharko dute, seigarren eta zazpigarren oinarrietan zehaztutako eran.

      Seigarrena. Eskabideak aurkeztea.

      Eskabideak aurkezteko epea 2021eko uztailaren 2an amaituko da, 24:00etan.

      Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin ahal izango dituzte eskabidea, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak. Hortaz, eskabideak IVAPen web gunean aurkeztu beharko dira, bitarteko elektronikoz, helbide honetan https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0096408, Sariak eta Laguntzak atalean.

      Erakunde interesdun bakoitzak, Ordezkarien erregistroan izendatuko ditu erakundearen izenean jardungo duten pertsona edo pertsonak, deialdi honen izapidetze eta betearazte ondorioetarako.

      Erakunde interesdunek, bitarteko elektronikoz, prozedura honetako izapide guztiak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartzen duen edozein ziurtagiri elektroniko erabili ahal izango dute. Onartutako ziurtagiri elektronikoak zeintzuk diren jakiteko, esteka honetan egin daiteke kontsulta:

      https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

      Eskabidearen ondorengo izapideak, «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

      Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete. Prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

      IVAPek egiaztatuko du, dagokion Administrazioari galdetuta, deialdi honetan aurreikusten den edozein dirulaguntza jaso dezaketen erakundeak egunean daudela Gizarte Segurantzaren eta zerga-betebeharren ordainketetan, indarrean dagoen araudiari jarraituz. Egiaztatze horren aurka dauden erakundeek eskabidean adierazi beharko dute eta dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

      2021ean Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeagatik laguntza eskatzen duten erakundeek, eskabidea behar bezala bete beharko dute, aurkeztutako datuak egiazkoak direla eta deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena barnean dela.

      Zazpigarrena. Prestakuntza-plana edo -programa aurkezten duten administrazioek eskabidearekin batera aurkeztu behar duten dokumentazioa.

      1. Laguntzak eskatzeko aurkeztu den prestakuntza-plana edo -programa. Plana edo programa Prestakuntza Beharren Analisiari lotu beharko zaio. Analisi hori, IVAPek zehaztu duen Prestakuntza Beharren Analisiaren metodologian oinarritu daiteke. Era berean, analisitik ondorioztatzen diren prestakuntza lehentasunak jasoko dira. Laguntzak eskatzeko aurkezten diren prestakuntza-plan edo -programek, gutxienez, honako eduki hau izango dute:

        Helburu nagusia(k).

        Prestakuntza-planaren edukien hartzaile diren taldeen deskribapena.

        Planean jasotako prestakuntza-ekintzen deskribapena (ekintzaren izena, parte-hartzaile kopurua, sexua, iraupena, prestakuntza-modalitatea, lehentasuna...).

        Prestakuntza-eskaintzaren egutegia edo plangintza.

        Eskaintza zabaltzeko bitartekoak.

      2. Eskabidearekin batera, indarrean dagoen aurrekontu-plantillako langile-kopuruari buruzko ziurtagiria.

      3. Eskabidea lehenengo oinarriaren a) letran aurreikusitako ekintzaren bati edo gehiagori badagokie, prestakuntza-eskaintzarekin batera, hau erantsi behar da gutxienez:

        Ekintzaren edo ekintzen deskribapena.

        Beharrizanaren edo komenigarritasunaren justifikazioa.

        Ekintzaren edo ekintzen kostua.

      4. Eskabide-ereduan biltzen diren erantzukizunpeko adierazpenak, aurkeztutako datuak egiazkoak direla eta deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla adieraziz.

        Aipatutako dokumentazioa prestatzeko, honako helbide honetan ageri den prestakuntza-planaren eredua kontsulta daiteke: http://www.ivap.euskadi.eus IVAPen webgunean, Sariak eta Laguntzak atalean.

        Eskabideak edo harekin batera aurkeztu behar diren dokumentuek deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, edo haien edukia nahikoa izango ez balitz, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio hamar egun dituela eskabidea osatzeko edo akatsak zuzentzeko, eta adieraziko zaio, horrela egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta Administrazioa behartuta dagoela eskaera horri buruzko ebazpen adierazia ematera, bai eta jakinaraztera ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorrita.

        Zortzigarrena. Laguntzen esleipena.

        Prestakuntza-plan edo -programei buruzko laguntzen esleipena Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen baten bitartez egingo da. Ebazpen horrek diruz lagundutako erakundeen zerrenda bilduko du, bai eta erakunde horietako bakoitzari dagozkion diru-kopuruak ere, eta dagozkien diruz lagundutako kontzeptuak ere adieraziko dira. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta honako helbide elektroniko honetan argitaratuko da: www.ivap.euskadi.eus

        Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari prestakuntza-jarduerengatik ordaindutako matrikulen zati bat finantzatzeko diren laguntzen esleipena ere erakunde horretako zuzendariaren ebazpen baten bitartez egingo da. Ebazpen horrek diruz lagundutako erakundeen zerrenda bilduko du, eta erakunde bakoitzari egokitu zaion guztizko zenbatekoa ere adieraziko da. Ebazpen hori aurreko paragrafoan adierazten diren bideez argitaratuko da, ematen den datan.

        Honako deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak honako printzipio eta arau hauen arabera emango dira:

      1. Lehenik eta behin, aurkezten diren prestakuntza-plan edo -programengatik eman daitezkeen laguntzak esleitzea, erakunde bakoitzari eman dakiokeen gehienezko zenbatekoari buruzko muga honekin:

        Kontzeptu horiengatik erakunde bati esleitzen zaion laguntzak ezin du gainditu erakunde horrentzat kontzeptu horiek duten kostuaren ehuneko berrogeita hamar.

        Horren ondorioz, laguntzen esleipenen prozedura era honetan burutzen da:

        Deialdian entitate mota bakoitzari esleitutako zenbatekoak aurkeztutako planen kostuaren % 50 hartzen badu, % 50a ematen zaio eta dirulaguntza ematen duen ebazpenetik aurrera ordaintzen da.

        Aldiz, eskatutako zenbatekoen baturak laugarren oinarrian aurreikusitako zuzkidura gainditzen badu, zenbatekoak esleitzeko orduan berariaz hartzen da kontuan zenbat langile dituen entitate bakoitzak, mota bereko entitate eskatzaile guztietako langile-kopuruarekin alderatuta.

        Dirulaguntzak eskatzen dituzten entitateek erantzun ahal izan diezaieten prestakuntza-planek edo -programek dakartzaten gastuei, dirulaguntzak esleitzen dituen Ebazpena ematen denean izapidetuko da dirulaguntzaren ordainketa osoa. Ordainketa hori, berriz, planaren edo programaren ordainketa aurreratutzat joko da.

      2. Bigarrenik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeagatik eman daitezkeen laguntzak esleitzea, onartutako planik edo programarik ez dagoen kasuetan, hau da, deialdi honen babesean laguntzarik jaso ez denean, honako arau hauen arabera:

        000 biztanle baino gutxiagoko udalerriek bakarrik heldu ahalko diote kontzeptu horrengatiko finantzaketari, bai eta mankomunitateek eta kuadrillek ere, beren langile propioei dagokienez.

        Laguntza hori izango da matrikularen zati bat finantzatzea, kasuan kasuko prestakuntza-ekintzagatik 2021ean sortua bada eta erakundeak ordaindua izan bada.

        Matrikula bakoitzarengatik esleitzen den laguntzak ezin du gainditu matrikularen kostuaren ehuneko berrogeita hamar.

        Ordaindutako matrikula bakoitzarengatik gehienezko dirulaguntza esleituko da, hau da, kostuaren ehuneko berrogeita hamar, laguntza jaso dezaketen matrikula guztiekin horrela jokatzea posible den heinean, laugarren oinarrian erakunde mota horretarako aurreikusten diren gehienezko zenbatekoen arabera. Erakunde mota baterako hori posible ez denean, eman daitezkeen gehienezko zenbatekoak modu zuzenki proportzionalean murriztuko dira.

        Foru aldundietarako laguntza, bere langileei dagokienez, lehenengo oinarriko a) atalean ezarritako kontzeptuengatik bakarrik eman ahal izango da.

        Bederatzigarrena. Erakunde esleipendunen betebeharrak.

        Honako hauek izango dira laguntza horien onuradun diren erakundeen betebeharrak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak ezartzen dutenaren arabera:

      1. Dirulaguntza ematea zilegi egiten duen egoeran egotea.

      2. IVAPi behar bezala justifikatzea baldintzak eta betebeharrak bete dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.

      3. IVAPek egingo dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutuko duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren laguntza edo dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudiko neurrien mende ere egon beharko du.

      4. Dirulaguntza ematen duen erakundeari, IVAPi, aditzera ematea beste zernahi administrazio, erakunde publiko edo erakunde pribaturen batek xede bera duten dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eman dizkien.

      5. Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu baldin bada, horren berri ematea IVAPi.

        Dirulaguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatzen bada, gerta liteke horren ondorioz dirulaguntza emateko ebazpena ere aldatzea, betiere, onuradun izateko gutxieneko baldintzak betetzen badira. Ebazpen hori eraldatzea eragin dezake dirulaguntza horrekin batera beste administrazio batzuen edo erakunde publiko zein pribatu batzuen dirulaguntzak eskuratzeak eta, edozein kasutan, xede bera betetzeko beste zernahi diru-sarrera edo baliabide jasotzeak; baldin eta, ebazpen honen babesean emandako laguntzarekin batera, diruz lagundu daitekeen edozein kontzepturen finantzaketan, kostuaren guztizkoaren gainetik dagoen zenbatekoa hartzen badute. Kasu horretan, laguntza murriztu eta iritsiko da, gehienez ere, kostu guztiaren zenbatekora.

      6. Legezko beste betebehar batzuk alde batera utzi gabe, onuradunek nahitaez eman behar dute jasotako dirulaguntzaren berri, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean ezarritako moduan eta baldintzetan.

        Hamargarrena. Prestakuntza-plana edo -programa aurkeztu duten administrazio publikoek laguntzak justifikatzea eta ordaintzea.

        Planaren betearazpena justifikatzeko epea 2021eko azaroaren 30ean amaituko da.

        Prestakuntza-plan edo -programak betearazteagatiko laguntzak esleitzeko den ebazpena argitaratzen denean, esleitutako laguntzaren ordainketa izapidetuko da. Ordainketa hori planaren edo programaren kontura emandako entregatzat hartuko da.

        Planaren edo programaren betearazpen-maila justifikatzeko, laguntzaren esleipendun diren erakundeek hau aurkeztu beharko dute:

        Aurkeztutako prestakuntza-planaren edo -programaren betearazpenari buruzko txostena.

        Erakundeak betetako prestakuntza-plan edo -programaren kostuari buruzko ziurtagiria, erakundeko kontu-hartzaileak edo barne-fiskalizazioaren arduradunak izenpetua.

        Ziurtagiria, ondokoa adierazten duena: planak edo programak ez duela jasotzen deialdi honetan esleitutako laguntzekin batera, gehiegizko finantzaketa dakarren laguntzarik, kostuaren edo bete den planaren edo programaren zatiari dagokion kostuaren gainetik dagoen zenbateko batean.

        Ziurtagiria, ondokoa adierazten duena: ez duela Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legearen 13. artikuluan ezarritakoaren inguruko gorabeheraren batengatik itzuli beharreko dirulaguntzarik itzuli gabe.

        Ziurtagiria, ondokoa adierazten duena: Gizarte Segurantzaren eta zerga-betebeharren ordainketetan egunean dagoela, indarrean dagoen araudiari jarraituz. Ziurtagiria aurkeztu beharko dute soilik IVAPek datu horiek egiaztatzearen aurka agertu diren erakundeek.

        Ziurtagiria, ondokoa adierazten duena: diruz lagundutako jardueretarako erabili diren funts propioen edo beste dirulaguntzen edo beste baliabideen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa.

        Laguntzaren justifikazioa «Nire karpeta» egoitza elektronikoan egin beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

        Egindako justifikaziotik ondorioztatzen bada prestakuntza-plana edo -programa ez dela bete edo zati batean bakarrik bete dela, ondorio den likidazioa egingo da, planaren betearazpen-maila eta kontura jasotako diru-kopurua kontuan hartuta. Gertatuko balitz erakundeak azkenean egokituko zaizkion zenbatekoen gainetik dauden kopuru batzuk jaso dituela, itzuli egin beharko dira behar ez den bezala jaso diren kopuru horiek.

        Ordaindutako matrikulen zati baten finantzazioari buruzko laguntza, esleitzeko ebazpena argitaratzen denean izapidetuko da.

        Hamaikagarrena. Behin-behinekoz edo behin betiko esleitutako dirulaguntzari uko egitea.

        Erakunde esleipendunek uko egin diezaiokete, osorik edo partez, esleitu zaien laguntzari. Laguntzaren uko-egitea idatziz jakinarazi beharko da, eta esleipenetik eratorritako eskubide ekonomiko guztiak edo uko-egiteari dagokion laguntzaren zatiari dagozkion eskubideak galtzea ekarriko du. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, betiere, onartu egingo du aurkeztutako uko-egitea.

        Hamabigarrena. Laguntza itzultzea.

        Dirulaguntza ematea eragin zuen baldintzaren bat ez dela betetzen egiaztatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera, jasotako zenbatekoak eta dagozkion legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, honako kasu hauetan bereziki:

      1. Gastuak justifikatzeko eginbeharra ez betetzea.

      2. Laguntza lortzea, horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.

      3. Emandako helbururako erabili beharrean, laguntza beste zerbaitetarako erabiltzea.

      4. Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluak ezartzen dituen zabalkunde-neurriak ez betetzea.

      5. Laguntzaren edo dirulaguntzaren emate-erabakian ezartzen diren baldintzak ez betetzea.

      6. Legean ezartzen diren kontrol-jardunei ezezkoa ematea edo oztopoak jartzea.

      7. Laguntza edo dirulaguntza bakoitzaren berariazko arauetan aurreikusitako gainerako kasuak.

        Emandako dirulaguntzak itzultzea, hori egitea bidezko den kasuetan, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera egingo da; dekretu horrek, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen du, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen ditu.

        Hamahirugarrena. Administrazio-isiltasuna.

        Deialdiaren ebazpena indarrean sartzen denetik sei hilabete igarotzen badira eta epe horretan deialdiaren Interneteko helbidean laguntzak esleitzeko inolako ebazpenik argitaratu ez bada, erakunde interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dute beren eskaera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1. a artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

        Hamalaugarrena. Datu pertsonalen babesa.

        Prozedura honetan jasotzen diren datu pertsonal guztiak «Prestakuntza eta hobekuntza» izeneko tratamendura batuko dira. Datu hauen erabilera eta funtzionamendua, betiere, izaera pertsonaleko datuen babesari eta titulartasun publikoko izaera pertsonaleko datuen fitxategiei buruzko legediko aurreikuspenetara egokituko da (2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena, 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa eta otsailaren 25eko 2/2004 Legea, Datu Pertsonalak Babesteko eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzkoa eta garapeneko araudia). Tratamenduaren arduraduna Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria izango da. Datuen titularrei legez dagozkien eskubideak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren aurrean baliatu ahal izango dira.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.